Bertsolaritza ikur eta eroale
Bertsolaritza ikur eta eroale –
Lore Jokoen zikloan Agosti Xahok jarri zuen bertsolaria euskal nortasunaren ikur gisa zirkulazioan, Iparragirrek haragitu eta ezagutarazi zuen ikur hori, Pierre Lotiren Peru Abarkak ere erantsi zion bere ñabardura, eta foruzaleek gogo honez hartu eta zabaldu zuten. Eta Euzkal Pizkunde honetan ere ongi funtzionatuko du ikur honek, euskal komunitatearen antzinatasuna, originaltasuna eta ertzekotasunaren marka gisa. Ikur izaera horri baino kasik arreta gehiago jarri zitzaion, ordea, ideologia abertzalearen bozgorailu gisa bete zezakeen paperari. Honela zioen, esaterako, Lauaxetak:
“Bertsolariak euren barruko sua agertzen dabenean, erria bizkor daroe. Igandean Elorrion ikusi genduan zelako indarra daukoen bertsolariok abertzaletasuna ereiteko, Euzkadiren maitasunean jentea piztuteko. Bertsolariak ez daukoe uriko ederkariak daukozan zidorrak. Jentearen aurrean soinutsik paraten dira, gogo utsik. Eta euzko gogoan indarrik asko dago, edertasunik lar, entzuleai zirkin eragitako.” (Euzkadi, 1931/V/26, 1. or., “Azalpenak”)
Eta bide horretan egindako ekarpena dela medio Enbeita jarri zuten eredu gisa.
Gerora hainbat bertsolari belaunaldi eman dituen klan garrantzitsuaren lehen katebegia da Kepa Enbeita (1878-1942) muxikarra. Abertzaletasun jeltzalean militatu zuen lehen bertsolari ezaguna izan zen, eta lotura horrek erabat markatu zuen beraren bertso ibilbidea[1]. Mitinetako saioetan espezializatu, eta bestelako saioak alde batera utzi zituen eta 1935eko nahiz 1936ko Bertsolari Guduetan ez zen parte hartzera iritsi. 1935eko finalaren egun berean, ordea, esan bezala, eredu gisa aldarrikatu zuen Lauaxetak, bere militantzia jeltzalea eta fede kristaua seinalatuz. Edo beste olerkari garaikide garrantzitsu batek ere, Nikolas Ormaetxea Orixek, beste bertsolari guztien gainetik nabarmendu nahi izan zuen Enbeita 1927an argitaratu zuen Euskal literaturaren atze edo edesti laburra lanean bertsolaritzari eskaini zion ataltxoan: “Gaurko bertsolarien artean aipagarri dugu Enbeita Muxikarra” (1991: 17).

Bertsolaritzaren instrumentalizazio hori ez da berria, Zavalak kontatzen duen bezala (1980) gerra karlisten testuinguruan bando bataren nahiz bestearen propagandarako bitarteko gisa lehertu zen bertso-paperen fenomenoa, baina abertzaletasunaren bulkadarekin beste dimentsio bat hartuko du kontuak.
Dorronsorok honela dio txapelketak abiarazi zituen mugimenduaz: “[…] EAJ-PNVren presentzia garbi sumatzen da bertsolaritzaren berrikuntza horretan, Aitzolen eraginaz gain, Euskaltzaleak elkartea tartean zebilen, eta EGI. Bi erakundeok Bertsolari Egunaren antolaeran parte hartzen dute eta, gero, epaimahaian ere bai. Ez da dudarik, hor EAJ-PNVren pentsaera dabilela.” (Dorronsoro eta J.M. Lekuona, 1987: 10). Eta txapelketak ekarritako aldaketen eta bertsolaritzaren instrumentalizazioaren arteko lotura egiten du Fredi Payak: Desafioekin alderatuz gai-jartzailearen figurak hartzen duen garrantzia eta bertsolari bakoitzak eskain dezakeen bertso kopuruaren murrizketa aipatzen ditu, biak ere bertsolariaren mezuaren kontrolerako mekanismo gisa (2011: 104).

Bestalde, Lasak bertsolariek EAJren propaganda ekitaldietan jokatu zuten paperaren garrantzia azpimarratzen du, 1936ko otsaileko hauteskunde kanpainari erreparatuz: “Bertsolariak Gipuzkoako EAJren ia agerraldi politiko guztietan parte izan ziren; 28 bertsolari ibili ziren denera, harat-honat politikoen bidaide, botoa eskatze lanetan. Hona zenbait, denak ere finalistak: Nekezabal, Zepai, Txapel, Basarri, Ezeiza, Uztapide, Kortatxo, Iñaki Alkain, Etxeberria Mendillegi…” (2008: 597). Bat-bateko saioak propaganda politikorako horrelako modu masiboan baliatzea berritzailea izan zen, Lasaren iritziz: “[…] Inoizko kanpaina politiko batean gertatu ez zen berrikuntza deigarria izan zen horiena. Bertsolarien presentziarekin, helburu bat baino gehiago lortu nahi izan zituen nazionalismoak: ekitaldi politikoari kutsu kulturala itsatsi, bertsoa eta abertzaletasuna identifikatu, bozka euskalduna eta baserritarra erakarri…” (id.: 597).
Gerora ere, hainbatetan gertatu dira gisako fenomenoak. 1960-70eko hamarkadetan, esaterako, “bertsolaritza sozial” deritzon fenomenoa agertuko da, bertsolariak frankismoaren kontrako protestaren bozeramaile papera hartzen duenean. Edo 1980ko hamarraldian, eta hurrengoetan ere, oholtza gainean egiten duten jardunean ezker abertzalearen posizioekin lerrokatuko dira bertsolari asko. Jeltzaletasunetik hurbil dauden zenbait sektorek planteamendu politiko jakin batzuen menpeko instrumentalizaziotzat salatuko dute egoera. Norbait izatekotan, ordea, Jeltzaleak izan ziren bide hori estreinatu zutenak.

[1] Lehen aldi batean Txirritaren gisako bertsokera zirtolariarekin puntako izatera iritsi zen, 1903an Getxon jokaturiko lehiaketa batean Pello Errota edo Txirrita bera garaitzea lortzeraino. Sabinoren doktrinak ezagutu ondoren, ordea, erabat aldatu zuen bere bertsogintza. Garziaren aburuz, freskotasuna galdu zuen bere instrumentalizazio ideologikoarekin, baina, aldi berean, bertsolaritza modernoaren aurrekari bat izan zen horren indar komunikatiboaren inguruan egin zuen lanketa kontzientean (2007: 90).