Bertsolari&Kazetari

Bertsolari&Kazetari –

 

 

Ibarzabalek Bizkaikoa irabazi berritan, iazko abenduaren 19an, txio hori zabaldu zuen @txeramirezek. Txioari jarraiki, hari horretatik tiraka jarri gara, bi ofizioen, kazetaritzaren eta bertsolaritzaren arteko loturak topatu nahian.

@txeramirez Txema Ramirez de la Piscina da, urte luzez EHUn Kazetaritza Graduan lan egin ondoren jubilatu berri den irakaslea. Nerea, Amets, Saioa eta Beñat ikasle izango zituen, eta pozez hartu zituen haien garaipenak. Ikasketak eurak ez dira asko famatu azken urteetan, herritarrek gutxien baloratzen duten profesioetakoa omen da kazetaritza zenbait inkestatan ikus daitekeenez, eta nolabaiteko harrotasun korporatibo moduko bat ere senti zezakeen irakasleak panorama honekin. Halaxe gertatu zaigu alorrekoak garen batzuei behintzat.  

Garai batean euskal filologia egiten zuten bertsolari gazte gehienek eta erreportajea ere argitaratu genuen Bertsolari aldizkarian gai honi buruz[1]. Badirudi, ordea, azken urteetan ikasketak aukeratzerakoan lehentasunak aldatu egin direla bertso munduan, eta, herrialdeetako txapeldunei erreparatuz gero behintzat, kazetaritzara jotzen dela gehiago. Kasualitatea ote den galdetzen du Ramirez de la Piscinak eta beste hainbat galdera planteatu nahi izan ditugu guk: Zein izan da historian zehar bi ofizioen arteko harremana? Zein dira lehen bertsolari kazetariak? Noiz hasi da lotura hau indartzen? Zein dira lotura honen oinarriak?

 

 

Ofizio arrotzak luzaz

XIX. mende hasieran eman zituen bere lehen pausoak kazetaritza modernoak Euskal Herrian. Napoleon Bonaparteren aginduz 1805ean ireki zen Gazeta de Comercio, Literatura y Política de Bayona de Francia delakoa jotzen dute adituek bertako prentsa modernoaren lehen adierazletzat. Baionan eta gaztelaniaz argitaratua, lehen aurrekari horrek irekitako bideari jarraituz, bertako kazetaritza modernoaren lehen pausoak erdaraz emango dira ezinbestean. Agosti Xahok 1848an Uskal-Herriko Gazeta sortu arte ez zen euskara hutsezko agerkaririk argitaratuko, eta Resurreccion Maria Azkuek 1897an Euskalzale eta 1902an Ibaizabal aldizkariak abiarazi arte, ezin daiteke esan euskarazko kazetaritzak gutxieneko jarraitasun bat izan zuenik.

Euskaraz argitaratzen ez bazen ere, prentsak oso modu goiztiarrean erreparatu zion bertsolaritzari. Izatez, prentsan egundaino bertsolaritzaz topatu den testurik zaharrena, M. Boucherrek 1823an Parisgo Journal des Voyages aldizkarian sinaturiko Souvenirs euskaraz prentsan argitaratutako testurik zaharrena baino (El Correo del Norte, 1834ko otsaila, Erritar maiteac) lehenagokoa da. Eta hasiera batean espero zitekeena baino askoz ere bertsolaritzari buruzko testu gehiago topa daitezke XIX. horretan.

Lore Jokoen aldian, 1845etik 1917ra, gisako 1.092 testu bildu ahal izan dira. 

Testu horien sinaduretan, ordea, apenas ageri da bertsolaririk. Urte luzez kultura gizonak, filologo, folklorista eta idazleak, jite guztietako adituak nahiz sasi jakintsuak aritu ziren bertsolaritzaz; kasik edozein, bat-bateko bertsolariak izan ezik. Sinatzaileetako batzuk, esaterako Duvoisin, Otaegi, Arzak edo López Alen, bai aritzen ziren bertsoak jartzen, baina ez kantu inprobisatuan. Garaiko inprobisatzaile handienei, Etxahuni, Xenpelarri, Pello Errotari, Txirritari eta abarri ez zaio hitzik emango egunkari eta aldizkarietan, ez bazen euren bertso jarriren bat argitaratzeko.

 

Bertsolari&Kazetari

 

Lehen bertsolari kazetaria: Bilintx?

Bertsolariaren errealitate ertzekotuak zerikusi zuzena du bi ofizioen arteko urruntasun honetan. Bat-bateko bertsolari asko analfabetoak ziren, eta, beraz, nekez aritu zitezkeen kazetaritza testuak sinatzen. Bestalde, garaian nagusitu zen irudikapenak ertzekotasun hori azpimarratu egiten zuen bertsolariak baserritar parrandero tunante gisa aurkeztuz. Prentsan idazten zuen jendeak jantzia eta serioa behar zuenez, inori ez zitzaion burutik pasa ere egiten bertsolariei artikulu bat idazteko eskatzea. 

Garai hartako bi figura mediatikoenak, Jose Mari Iparragirre eta Pedro Mari Otaño, hibrido samarrak dira. Biei ere apenas ezagutzen zaie bat-bateko jardunik, baina, neurri batean edo bestean, bertsolaritzat hartu izan dira gerora. Bertsolari baserritar analfabetoaren irudikapenari ihes egiten dioten bi figura dira, biek ikasketak izan baitzituzten, eta biek baitzuten idatziz aritzeko gaitasun nabarmena. Izatez, Otañok sinatutako pare bat testu topa daitezke garaiko prentsan: fikzio labur bat eta Fernando Amezketarraren pasadizo bat. Eta Iparragirrek bederatzi testu ditu, bere itzuleraren inguruko gorabeherak edo Gernikako Arbolaren inguruko eztabaidak argitu nahian eskutitz gisa egunkarietan argitaratuak. Agerikoa da biek prentsa garai hartan hartzen ari zen garrantziaren jakitun zirela, eta euren lanaren zabalkunderako baliatu zutela hori. Biek izan zituzten harreman estuak garaiko kazetariekin, eta egunkarien erredakzioetara egindako bisiten berri ere topatu da[2], baina ez dago ez bata eta ez bestea kazetari lanetan inoiz ibili izanaren arrastorik.

Lan horietan aritu zen lehen bertsolaria Indalezio Bizkarrondo Bilintx izan daiteke. Honela idazten du Francisco Peris Menchetak La Correspondencia de Españan, 1876ko urtarrilaren 24an: “(…) Queriendo, sin duda, los artilleros carlistas de Arratsain dejar triste memoria de este día, han disparado más cañonazos que otros dias contra la plaza (…) Uno de ellos ha estallado en la habitación del poeta vascongado y corresponsal de La Correspondencia en está Sr. Vilinch (…)”. Prestigio handiko kazetaria zen Peris Mencheta, eta arraroa dirudi horrelako datu bat oker ematea. La Correspondencia, berriz, Espainian garaian tiradarik handiena zuen egunkaria zen; ez zen edozein hedabide bertsolaria korrespontsal gisa hartu omen zuena. Ez da Bilintxen sinadurarik daraman prentsako testurik topatu, ordea, baina izan daiteke testuak izenordearekin edo sinadurarik gabe argitaratu izana[3].

 

Bertsolari&Kazetari

 

Basarri eta Amuriza

Iñaki Eizmendi Basarri eta Xabier Amuriza izango dira Bilintxen balizko aurrekari horren ondotik lehen bertsolari kazetariak, eta Basarri eta Amuriza ez dira edozein izan bertsolaritzaren historian.

Basarrik 1935eko eta 1960ko Euskal Herriko txapelketak irabazteaz gain, sekulako itzala izan zuen bertsolaritzak gerraostetik 1980ko hamarkadaraino izandako bilakaeran. Itzal hori bertsolari bezala eginiko lanari zor zion, noski, baina baita kazetari bezala egindakoari ere. Gerra aurretik hasi zen kazetari lanetan, bai prentsan eta bai irratian, eta 64 urteko ibilbidean milaka testu eta ziento bat irratsaio eskaini zituen. Euzkadi, Argia, El Día, Euzko-Deya, La Voz de España, Aranzazu, Vida Vasca, Mundo hispánico, El Diario Vasco, Zeruko Argia, Principe de Viana, Goiz-Argi eta Hoja del Lunes de San Sebastiánen argitaratu zuen, eta Radio San Sebastian, La Voz de Guipuzcoa eta Euskadi Irratiko irratsaioetan hartu zuen parte. Bere ekarpenik ezagunena euskal gaiak, herri kirolak eta nagusiki bertsolaritza jorratzen zituen Mi Atalaya Montañera eta Nere Bordatxotik zutabea izan zen. Frankismoaren hamarkadarik ilunenetan erabat erreferentziala bihurtu zen Basarrik hedabideetatik bertsolaritzari buruz esaten zuena. Bera izango da historian zehar bertsolaritzaz prentsan gehien argitaratu duen sinadura.

Basarri oso gazte batek 1935eko txapela irabazita bertsogintzara eta bertsolaritzara ekarritako astinduari ez dio inolako inbidiarik Amurizak 1980ko txapela irabazitakoan ekarri zuenak. Errezildarrak bezala, Euskal Herriko bigarren txapel bat irabazi zuen Etxanokoak, eta, esan bezala, haren ondoren bera izan zen zutabegile bezala funtzionatu zuen bigarren bertsolari handia. Eginen hasi zen kazetari lanetan, 1978an, egunkaria ireki berritan: “Ni kazetari moduan hasi nintzen Bilboko egoitzan egun osoko lanean; titulurik gabe, baina kazetari lana egiten nuen. Herrietako orrialdeak zeuden nire kargu”[4]. Eta zutabegile izatera pasako zen gero: “(…) ekonomia aldetik oso larri zebilen proiektua eta nik egunkaritik kanpo ere bizimodua atera nezakeela esan nien arduradunei, neure burua ateratzeko boluntario gisa aurkeztuz. Orduan proposatu zidaten astean hirutan edo Semaforo gorria idazteko eta, gerora, eguneroko zutabe bihurtu zen”. Gerora Arrano Beltza zutabea ere eskaini zioten, hedaduraz zerbait luzeagoa, eta biak tartekatuz hogeita bost urte egin zituen jarraian egunkari berean zutabegintzan. Amurizak zutabegile gisa ere oihartzun polita izan zuen urte luzez, eta gaitegia zabaldu egin zuen Baserrirekin alderatuz: normalean gai sozialak eta politikoak lantzen zituen, bertsolaritzari buruzkoak gutxixeago.

 

 

Arg: Baleike

 

 

Bertsolari zutabegileen booma

Antonio Zavalak El Diario Vascon 1983tik aurrera bertsolari klasikoenekin osatutako sareak ekarri zuen fenomenoaren lehen orokortze bat. Tolosarrak Txomin Garmendia, Mariano Ostolaitz, Martzelino Manterola, Manuel Lasarte, Joxe Mari Lertxundi, Teodoro Mujika, Bixente Barandiaran eta beste hainbat bertsolari jarri zituen zutabegintzan, gutxiago edo gehiago Baserriren bideari jarraipena ematen ziotenak bai tonuan, bai estiloan eta baita posizionamenduetan ere. Haietako asko ordura arte apenas ezer idatzi gabeak izan arren, bertso munduaren baitako publiko kontserbadoreenak oso gustura irakurtzen zituen euren kontuak, eta arrakasta izan zuen formulak. 

1990eko hamarralditik aurrera, Euskaldunon Egunkariaren sorrerarekin, ate garrantzitsua ireki zitzaion bertsolarien zutabegintzari, eta pixkanaka, bertsolaritzaren prestigioak eta bertsolarien kultura mailak gora egin ahala, biderkatuz joan dira euskal egunkari edo irratietan diharduten bertsolari zutabegileak. Kazetaritza ikasketak burutu eta ofizio horretan aritu den Amets Arzallusen hitzek erakusten dute fenomeno honek azken urteetan hartutako dimentsioa: “Agian errazagoa da ibili ez direnen zerrenda bat egitea, ibili direnena egitea baino. Nik Peña ere irakurri dut, derby batean iritzi emaile… Egongo dira bakar batzuk salbatu direnak, baina esango nuke ia denok egin izan dugula noizbait”.

Zerbait motelago, baina zutabegintzaz harago kazetari lanetan sartu den bertsolarien kopuruak ere gora egin du etengabe. Asko oso maila onean dabiltza gainera. Honen erakusgarri, lortutako sariak: Jexux Mari Irazuk 2001. urtean Hernaniko Kronikako kide bezala irabazi zuen Argia Saria; Amets Arzallusi 2003an Rikardo Arregi Sariketako Kazetari Berria saria eman zioten Euskadi Irratiko Goizean Behin programako kolaborazioengatik; 2007an Rikardo Arregi sariketako Sari Berezia Josu Martinezi eman zioten Euskadi Irratiko Uhinetan Kantari programagatik; Agin Rezolari Info7 irratian eskaintzen zuen Bostetako Diligentzia magazinagatik eman zioten Argia Saria 2010ean, bertatik 2009ko Txapelketa Nagusiari egindako jarraipena espresuki aipatuz; 2017an Rikardo Arregi Sari Nagusia Sustrai Colinak irabazi zuen Argiako elkarrizketengatik; Uxue Alberdik eta Aitzol Barandiaranek 2018ko ikus-entzunezko saria eskuratu zuten 2017ko Txapelketa Nagusiari ETBn eginiko jarraipenagatik; edota Felix Zubiari 2020ko Rikardo Arregi Saria eman zioten Euskadi Irratiko Osasun Etxea irratsaioko kolaboratzaile bezala, eta bereziki pandemiaren inguruan eginiko dibulgazio lanagatik.

 

Bi ofizioen ahaidetasunak

Ez da Txema Ramirezen txioa bertsolari eta kronista hitzak elkarren ondoan jarri dituen lehena. Duela ia 180 urte bertsoak ‘menditarren gazeta’ zirela aipatu zuen Xahok (1844/08/11, Trilby, ‘Chants Basques’), eta geroztik makina bat aldiz esana da bertsolaria herriaren kronista dela. Gerraurreko pizkundean, esaterako, honela zioen Jose Ariztimuño Aitzolek: “Ha sido el improvisador-poeta, el analista, el cronista, el pregonero, el periodista y noticiero de los mil sucesos variadísimos” (1935/01/12, Euzkadi, ‘Una nueva institución. Los cantores del pueblo’). Eta honela berresten zuen Esteban Urkiaga Lauaxetak: “Son los cronistas no únicamente de las grandes hazañas, sino de los pequeños sucesos de nuestras aldeas, que a la postre deben de constituir nuestra historia interna y verdadera” (1935/01/20. Euzkadi. ‘Ante la fiesta de hoy. ‘Maestro de bertsolaris’). Euskal Herriko kazetaritzaren historiaren inguruko aditu ezagunenak, Javier Diaz Nocik, bertsolaritza euskarazko protokazetaritza gisa seinalatzen badu, zilegi dirudi bi ofizioen artean egiten den loturak.  

Andoni Egañak bere Hogeitabina laneko hainbat orrialde eskaintzen dizkio zutabegintza eta bertsogintzaren arteko parekotasunak topatzeari. Badu horretarako zilegitasunik, zutabegile gisa ibilbide oparoa izateaz gain, Rikardo Arregi Sarien lehen edizioan, 1989an, Sekziorik Onena saria eman baitzioten El Diario Vascoren Zabalik gehigarriko Zimurdurak zutabeagatik. Honela, bateko nahiz besteko testuaren laburtasuna aipatzen du, zutabeak ere nahikoa presakako lana izan ohi direla, bigarren ahozkotasunak ahozkoa eta idatziaren arteko mugak lausotu dituela, hartzaileak antzeko denbora eskaintzen diola zutabe bati eta bertsoaldi bati, antzeko eskemak jarraitzen direla bien sorkuntzan eta bateko entrenamenduak besterako ere balio izaten duela. Parekotasun horiek direla medio bertsolari zailduari erraza suertatuko litzaioke zutabe txukunak sortzea, eta emaitza txukun horrek esplikatuko luke bertsolari zutabegileen booma.

Arzallus bat dator Egañaren planteamenduarekin, eta gehiago ere badio: “(…) polita da bakoitzaren zutabegintza eta bertsogintzaren artean antzekotasunak atzematea. Unairen bertsoak beti bere firma darama eta bere zutabeetan ere ikus daiteke. Maialenen bertsorako pintzela ere nabari da bere zutabeetan. Edo Egañaren bertsogintzaren estrategiak hartu eta bere zutabegintzan ere erabiltzen dituela ikusten da”.

 

Ahalduntzeak ekarritako aukerak

Garai batean beste batzuk ziren bertso mundua antolatzen zutenak, eta, egun, Bertsozale Elkartean antolaturik, bertsolariak dira mugimendu gisa egin nahi duten bidearen gidari. Ahalduntze hori euskararen eta euskal kulturgintzaren ahalduntze prozesuaren eskutik eman da, eta hainbat adiera ditu, tartean, kazetaritzaren eta bertsolaritzaren arteko harremanari eragiten diona.

Garai batean beste batzuk ziren bertsolaritzari buruz kontatzen zutenak, eta egun bertsolariak eurak dira kontakizun horren zatirik handiena ebazten dutenak. Euskarazko hedabideen garapenak erraztu die sarbide hori, baita bertsolaritzaren prestigiatzeak ere, edo bertsolariek kolektibo gisa maila soziokulturalean izandako garapenak.

Bertsolariek egindako kazetaritzaren loraldiak aukera berriak irekitzen ditu. Honela, bertsolaritzari buruzko kazetaritzan, bestelako formatuetan (liburuak, hitzaldiak eta abar) garatu ahal izan den barne begirada sendotzeko aukera, esaterako. Edo sorkuntza partekatzeak dakartzan ezagutza, konplizitate eta enpatia berezitik kontatu ahal izatea. Ez dira alferrik galtzen uzteko moduko kontuak.

 


 

[1] Agirre, A. (2003). ‘Euskal Filologian lizentzia eta bertsolaritzan masterra’. Bertsolari, 51. zkia. 4-38 or.

[2] Iparragirrek Argentinako El Correo Español egunkarira egindako bisitari buruzko testua (El Correo Español, 1877ko abuztuak 21) eta Otañok herrialde bereko La Baskoniako erredakziora egindakoari buruzkoa (La Baskonia (La Baskonia, 1909ko martxoak 30). 

[3] Diario de San Sebastianen urte artako uztailaren 26an argitaratutako testu hau ere zantzutzat har daiteke nahi izanez gero: “(…) el Director-propietario de La Correspondencia de España, D. Manuel María de Santana (…) en cuanto tuvo noticia de la muerte de Vilinch, se ha prestado generosa y espontáneamente ha publicar la coleccion de sus poesías vascongadas (…)”. Izan ere zergatik horrelako eskuzabaltasuna ez bazen Bilintx bere egunkariko korrespontsala zela?

[4] ‘Bertsolaritzaren historia soziala’ (2021) lanerako egindako elkarrizketa pertsonaletatik atera dira hitzok, baita aurrerago azalduko diren Amets Arzallusenak ere.

 

Bertsolari&Kazetari Bertsolari&Kazetari Bertsolari&Kazetari Bertsolari&Kazetari Bertsolari&Kazetari Bertsolari&Kazetari Bertsolari&Kazetari Bertsolari&Kazetari Bertsolari&Kazetari Bertsolari&Kazetari Bertsolari&Kazetari Bertsolari&Kazetari Bertsolari&Kazetari Bertsolari&Kazetari Bertsolari&Kazetari Bertsolari&Kazetari Bertsolari&Kazetari Bertsolari&Kazetari Bertsolari&Kazetari