Bertsolari Guduak: Lore Jokoekin jarraidura

Gerraren eta gerraostearen eraisketa eta Frankismoak ekarriko duen negu gorria gora behera, Euzko Pizkundeak bertsolaritzaren inguruko proiektu bat garatu zuen, burua makurtuta edo ez, zutik eutsi ziotenengan bizirik iraun zuena, eta, batzuk nabarmenago eta besteak lausoago, bost ardatz garrantzitsu markatu zituena.

Lore Jokoekin jarraidura –

Lore Jokoekin jarraidura

Euskal Pizkundearen bigarren olatuaren ekarpenari eskainitako artikuluan, landu ziren alorren errepasoa egiten du Zalbidek (1988: 399-400). Horrela, Historiaurrean eta Antropologian Jose Migel Barandiaranen, Telesforo Aranzadiren eta Enrike Egurenen lanak aipatzen ditu; euskal dantza-molde, musika-tresna, aho-literatura eta herri-kanten bilketa eta lanketa (Azkueren eta Aita Donostiaren kantutegiak, galbidean ziren txistu, alboka, txalaparta eta abarren berreskurapena eta hainbat dantzaren inguruko lanak); herri-kirolei eman zitzaien bultzada berria eta horien inguruan Anuario de Euskofolklore edo Yakintza gisako aldizkarietan eraiki zen esangura; elementu sinpleenetatik hasita forma osatuenetaraino, herri-arteaz egin ziren bilketa eta azterketak; edota deitura-lanketen eta heraldiken inguruan egin zen lanketa.

Lehen olatuaren hainbat oihartzun suma daiteke zerrenda honetan. Herri-kirolei emandako bultzada, esaterako, aipatu den gisan, Lore Jokoetan bertan abiarazi zen. Eta XIX. mende bukaerako kultur aldizkarietan murgilduz gero, erraz samar topa daitezke euskal kanta zaharrei, musika-tresnei, heraldikari, deiturei, edo antzinako arkitekturari buruzko testuak. Jorratu zen gaitegiaren inguruan, bada, jarraitutasun bat zegoen XIX. mende bukaerako Pizkundearen lehen olatuaren eta XX. hasierako bigarren olatuaren artean, bigarren horrek lanketa zientifikoago bat, mugimendu egituratuago bat eta proiektuaren janzkera nazionalista bat ekarri bazituen ere.

Zalbideren zerrendan ez da falta bertsolaritza ere, eta horren modernizaziorako lanketa ere XIX. mendeko Lore Jokoetan abiarazi zen. Aitzolek berak, Euzko Pizkundeko eragile garrantzitsuena, aitortu zuen aurrekari horren garrantzia 1930ean proba gisa Toribio Altzagaren omenaldian egin zuten saioaren ondoren argitaratutako artikuluan. Bertan, Manterolaren Lore Jokoei egiten zien erreferentzia: “Cuando los primeros iniciadores de nuestro renacimiento literario en Donostia trabajaban por hacer brotar las primeras floraciones literarias del euskera, comprendieron, sin duda, el valor y la significación literaria del ‘bertsolari’”. Euzkadi (1931/I/10), ‘Concursos de bertsolaris. Renovando costumbres de antaño’. Ariztimuño, Jose Aitzol) . Iraganetik etorkizunera luzatzen den bidea marraztuz biribildu zuen testua: “Después de muchos años ha vuelto a resurgir el ‘Bertsolarien Gudea’ […] merced al dinamismo del vigoroso ‘Euskaltzaleak’. Se han instaurado las normas tradicionales. El protocolo de antaño será en adelante el de hogaño.”

Bertsolarien arteko lehiari gogotsu eutsiko zaio bada proiektuaren ardatz garrantzitsu gisa, formatuan aldaketa batzuk egingo badira ere.

Lore Jokoekin jarraidura