Bertsoaren arnasa: Yoga eta Bertsolaritza (edo alderantziz)

Alaia Martin-(r)en argazkia Alaia Martin 2021-01-07
Argazkiak: Andoni Lubaki

Yoga eta Bertsolaritza –

Sanskritoz batu adierazten du yogak eta horretan arituko gara ondorengo hizki zopan —yoga eta bertsolaritza batzen saiatuko gara—, gorputzaren eta buruaren arteko uztarketaz. Horretarako, lau pertsonarekin batu naiz, bakoitzak bere yogarekiko asanaz (posturaz) eta arnas erritmoaz hitz egiteko. Ane Zuazubiskar Iñarrarekin, Arrasateko Monterron parkeko belarretan egongo zarete; Malen Amenabar Larrañagarekin, Andoaingo Martin Ugaldeko banku urdin batean; Jon Martin Etxebesterekin, Oiartzungo Kastroko iturriko zipriztinen ondoan; eta Iban Garro Alzurirekin, Lesakako Ekaitza tabernaren baretasunean.  Lau begirada, sormenaren hirugarren begitik.

 

Elkarrizketaturiko laurek ez zuten yogarekiko atxikimendu berezirik klaseetara joaten hasi aurretik. Iban Garro Alzurik garai bertsuan gonbidatu zituen bertsolaritza eta yoga bere bizitzara: “2007an izan zela uste dut. Bertso eskolan afizioz hasi nintzen, eta yogan, ezintasunak bultzatuta. Kirolaria nintzen, mendian lasterka ibiltzen nintzen, baina fisikoki beti arazoak izaten nituen; belaunak beti gaizki… Kirol mota hori utzi egin behar izan nuen. Inguruan, jendeak yoga egiten zuen eta haiek animatuta ekin nion, baina ez zen nirez egin nahi nuena. Patxi izeneko irakasle batekin hasi nintzen, bera ere mendizale porrokatua izandakoa, eta gerora bere irakasle izandako batekin jarraitu dut nire praktika eta formazioa. Fede gehiegi gabe hasi nintzen, baina ohartu nintzen fisikoki halako gozotasun bat ematen zidala, ongizate moduko bat. Geroztik, hamahiru bat urte igaro dira eta yogari lotuta jarraitzen dut”.

Ane Zuazubiskar Iñarrak orain bi-hiru urte zabaldu zizkion ateak yogari eta azken asteetan ordutegi kontuengatik klaseetara joaterik izan ez baldin badu ere, berriz heltzeko irrikaz dago. Bere hasiera ere ez zen konbentzimenduzko hasiera izan: “Ama aurretik yoga egiten hasia zen eta hark aholkatu zidan praktikatzea, mesede egingo zidalakoan. Ilunkeran egiten nuen gustuen, 19:30ean normalean; yoga egitea modu ona da eguna amaitzeko… Goizetan egitea ez da aukera txarra izango, baina nik gorputza gogortuta igartzen dut goizetan eta erosoago egiten zait beste ordutegia. Yogaz hitz egitean lotsaz ere hitz egiten du Zuazubiskarrek, oraindik kosta egiten baitzaio bere alderdi horrekin erabat eroso sentitzea. Amarekin batera klaseetara joaten hasi zenean harritu egin zuen taldearen profilak: “Talde berezia iruditu zitzaidan, espero ez nuen jendea topatu nuen: mendian korrika ibiltzen den jendea, nire adin bueltako mutilak, 70 urte inguruko pare bat klasekide… Lotsa handia eman zidan hasieran, denen aurrean om luze bat esan beharrak eta nire ohiko irudi zurrunaren partez beste alderdi bat ikusgai jartzeak… Badakizu, azkenean yogan une batean ipurdia goian, hankak batek daki non, burua behean… eta ezezagunen aurrean horrela egoteak erreparoa ematen zidan”.

Malen Amenabar Larrañagak Perura egindako bidaia bateko maletan ekarri zuen yogarekiko jakin-minaren harra. Azpeitiar bat ezagutu zuten mendi ibilaldi batean eta hark izugarri ongi hitz egin zion yogaz, kristorena zela eta probatu egin behar lukeela esan zion. Amenabarrek ere ez zuen munduko ziurtasunik handienarekin egin lehen urratsa: “Aurretik, noizbait, esan izan balidate inoiz yoga egingo nuela barre egingo nukeen ziurrenik. Ez nuen uste egiten dudan hau yoga zenik eta onerako harritu nau. Aurten, lehen aldiz, bakar-bakarrik bizitzen hasi naiz eta egoera honetan errutina bat markatu beharra sentitzen nuen. Eta, justu, nire izeba yoga egiten hasi zen, Mirarirekin, ezagutu genuen azpeitiar horrek aholkatutako toki berean. Izebak esan zidan oso fisikoa zela eta amu horiekin probatzera joan nintzen. Lehen egunetik oso gustura sentitu nintzen eta hantxe geratu naiz”. Lotsa aipatu du larrabetzuarrak ere, kirola egitean beti sentitu izan duen lotsa, eta uste du lagungarri egin zaiola taldeko denak neskak izatea eta inor begira ez sumatzea: “Inoiz ere ez naiz izan kirola egitekoa; gaizki pasatu izan dut jendaurrean kirola egiten, begiradek ezeroso sentiarazi izan naute, eta ispilu aurrean egin beharrak are gehiago blokeatu izan nau, baina yogan, agian bakoitza berera dagoelako-edo, eroso sentitu naiz eta gustura nabil”. Orain artean astean behin joan izan da, astelehenetan, baina aurrerantzean, bitan joaten hasteko asmoa omen du.

Jon Martin Etxebestek lanean aurkitu zuen atsedena. 2003an, Oarsoaldeko Hitzan lanean zebilenean, yogari buruzko albiste bat egin zuen, Oiartzungo Surya yoga-zentroan, Pilar Barroso eta Nora Barrosorekin. Hara heldutakoan klasearen berri jasotzeko modurik onena klasea bera bizitzea zela esan zioten eta hala egin zuen. Arreta eman zion eta lilura puntu hura sentitu eta urtebetera hasi zuen bere yoga ibilbidea, zeina orain arte luzatu den, gorabeherak gorabehera: “2007an Indiara bizitzera joan nintzen garaian izan nintzen konstanteena yogan. Nire lankide batek eta biok astean bi-hiru egunetan yoga klaseak jasotzen genituen. 2008an ere Indiara itzuli nintzen, Ganges itsasoratzen den lekutik sortzen den lekura arteko bidaia egitera, eta bidaia hartan ahalik eta maizen egin nuen yoga. Rishikesh (yogaren hiriburuetariko bat) eta antzeko guneetan kurtso intentsiboak egin nituen, ashram ezberdinetan egon nintzen. Halako zentroetan egitarau trinko-trinkoa izaten dute, egun osoko yoga, meditazioa… klaseekin, eta egun bakoitzerako nire errutinak antolatzen nituen. Meditazio aktiboa ere egin izan dut; gorputzaren nekearekin eta luzaketekin ere lotuta dagoena, Osho izeneko guru baten ashram batean ere egon nintzen… Halako egonaldi laburrak egin izan ditut; asko interesatu izan zait”.

Ariketak eta arinketak

Leku eta denbora ezberdinetatik bizi dituzte bai yoga eta baita bertsoa ere lau protagonistek, baina guztiek sumatu dute euren bizitzetan onuraren bat yogari esker. Jarraitzeko grina hori hartu dugu hizpide. “Ez dut denborarik hartu izan neure buruarekin egoteko eta yogan nagoela niretzat denbora hartzen ari naizela sentitzen dut. Aitzakia ona da. Klasea emateko modua, gure kasuan, oso fisikoa da: arnasketa pixka bat egiten dugu hasieran, gero ariketa fisikoa, banaka eta binaka (hasieran asko kostatzen zitzaidan binakako zati hau) eta, gero, erlaxazio pixka bat. Lehen aldiz, klasera joan eta irakasleak esan zuenean ‘Bueno, orain argiak itzali, etzan eta egon…’, mundiala izan zen. Modu batean, hori lortzeak engaiatu nau, patxada horrek, patxada hori lortzeak”, dio Amenabarrek. Bizkarreko minak ere leundu dizkio, askatzen lagundu dio eta izugarri ondo egiten omen du lo astelehenetan, yoga egin ondoren.

Martini bi alderdi ematen dizkio: yogak gorputza mugiarazten dio eta ohikoan ez du horretarako ohitura handirik, eta bestetik, bere espiritualtasunari lekua ematen dio: “Nire alderdi espirituala ez nuen ezagutzen yogan sakondu aurretik. Ez dut komunioa egin eta hinduista ere ez naiz, baina Indian nenbilela ikusi eta ikasitakoak zirrikitu bat zabaldu zidan. Eta nahiko serio aukeratu behar izan nuen, une batean, nire bizitza posible guztietan zein nahi nuen. Zori on edo txarrez, 2007-2008 urteetan oraindik bertsoari oso lotuta nengoen eta euskaraz bizitzen irudikatzen nuen nire burua, eta itzultzea erabaki nuen, baina, aldi berean, asko gustatuko litzaidake Jon Martin bat Indian utzi izana, eta, hamar urtera, itzultzeko eta pertsona horrekin hitz egiteko aukera izatea”. Bidaia hartan ezagutu zituen bizimodu hori aukeratu zuten pertsonak, eta harrigarria egin zitzaion lortzen zuten gaitasuna. Ezagututako batek 10 urte zeramatzan meditazioan trebatzen eta guru baten erronkei erantzuten, eta haietako bat Himalaiara joatea zen, han biluztera, elurrez estaltzera eta meditazioaren indarrez gaineko elurra urtzera… “Jakin-min handia sortzen dit gorputz barnean daukagun energiak eta horren gaitasunak. Uste dut erabat ikertuta ez dagoen energia horrek gaixotzen eta sendatzen gaituela batzuetan, eta indar horrekin konektatuago bageunde osasuntsuago eta zoriontsuago biziko ginatekeela. Hori bai, konektatuta eta orekan bizitzea ia ezinezkoa da jendarte honetan”.

Arrasatearrak bere ohiko zurruntasuna eta buru lan etengabea leuntzen omen ditu yogaren bitartez. Gauza guztiak ongi egin zalea da eta bere ohiko jarduerek lotura handia daukate buruarekin, beraz, gorputzera itzultzeko tresna da beretzat. Pazientzia gutxikotzat dauka bere burua eta, zentzu horretan, hasiera batean, zaila egiten zitzaion irakaslearen patxada eta oharrak bereganatzea. Garrantzitsuena saiatzea zela eta baliozkoena ariketa guztiak egitera ez iritsi arren bidean egoten jakitea zela entzuten zuenean, ez zen oso ados egoten, baina pazientzia hori lantzeak on egiten diola uste du: “Hasieran, pentsamendu zerrenda luzea etortzen zitzaidan burura, baina pixkanaka baretuz joan zait. Agian, kuadrillako hirurekin zunban izena eman izan banu ere lortuko nuen tarte horretan deskonektatzea, baina yoga azaldu zitzaidan parean eta, oraingoz, horrekin lortzen dut. Egun osoa egiten dut buru lanean, eserita, erredakzioan eta ez zehazki entretenimendu gaiak lantzen… Handik irten eta bertso eskolara joaten nintzen hasi nintzen garaian. Handik itzuli eta koadernoari beste tarte bat eskaintzen nion batzuetan; beraz, denbora guztian burua martxan izaten nuen… Hori da ikasi nuena: burua etengabe martxa horretan ez izaten”. Itxialdi garaian ere, tarteka, amak xaxatuta, egin du yoga Zuazubiskarrek. Barrura begiratzeko tartea ematen dio ariketa mota honek, zurrunbilotik irteteko aukera.

Lesakarrak bizimoduaren zati du yoga, azken urteetan. Yoga egiteaz gain, yoga klaseak ere eskaintzen ditu eta garapen pertsonalerako tresna bezala darabil. Gidari lanetan dabilenean, klase guztiei norabide bat ematen ahalegintzen da, zerbait indartzen, alderdiren bat, jarreraren bat…: “Hatha yoga da nik landu nahi dudana; alderdi fisikoaren bidez kontzientzia orokor bat lortzeko modua da. Ariketa fisikoak dira: gorputzaren kontzientzia hartu, arnasa gorputzaren leku ezberdinetara bideratu… Badira yoga debozionalak, errezoen bidez, kantuaren bidez, meditazioan oinarritzen direnak… Nik lantzen dudana irisgarriagoa da; fisikoa-edo. Arnasketa eta gorputza dira ardatzak”. Lanketa handia egin du, eta azken urtea eszedentzia hartu eta bere baitara begira pasatu du, bere yoga formakuntzaren baitan proiektu bat ontzen, yogaren eta sormenaren arteko loturak bilatuz ere biziz. Sormenerako jarduera osagarri egokitzat du yoga: “Yoga egiteko gorpuzkera guztiak dira idealak. Lasai bazaude eta zure baitako espazioa handitu nahi baduzu, lagunduko dizu. Urduri bazaude laguntzen ahal zaitu lasaitzen. Baxu bazaude, altxatzen, altu bazaude jaisten… Edozein sari irabazi duzula edo saio bat ongi egin duzula, egoa altu baduzu, mendira joan eta han meditatzeak, oinutsik jarrita ibiltzeak mesedez egingo dizu, kristorena da lurrera itzultzeko. Eta kontrakoa, azpian bazaude pentsatuko duzu: “Zertan ari naiz? Mendiaren gibelean ez nau inork ere ezagutzen eta…”.

Zuazubiskarrek saio handien aurretik ez du yogarako joerarik. Bezperetan arnasketa bereziak egiten saiatu izan da, baina egunean bertan ihes egin izan dio lasaitasuna bilatzeari, ez topatuz gero gehiago larritzeko ikaraz: “Mendira joaten naiz horrelakoetan, korri egitera, dudan energia mailari eusten saiatzen naiz. Uste dut tentsio pixka bat izateak lagundu egiten didala adi egoten. Normalean, bakarrik joatean naiz mendira edo noan tokira, egoera kontrolatzen saiatzen naiz eta, norbaitekin egotekotan, bertso munduko norbaitekin elkartzen naiz, nire egoera ulertuko eta ongi kudeatuko duen norbaitekin. Saioetarako bidea ere bakarrik egitea gustatzen zait, mimatutako agurren bat errepasatuz eta neure buruarengana gerturatzen saiatuz”. Inertziei ihes egiteko on egiten dio bide tarte bakarti horrek, Anek benetan zer-nola kantatu nahi duen gogoratzeko. Deserosotasun pixka batek on egiten omen dio.

Amenabarri gorputzaren kontzientzia izaten eta bere buruarekin ziurrago sentitzen irakatsi dio yogak: “Gertatu izan zait, txapelketako saioetan batez ere, han egon izan ez banintz bezala sentitzea saioa amaitutakoan, eta Bizkaiko azken txapelketan, dela bi urtekoan, lehen aldiz oso ondo pasatu nuen, han sumatu nuen nire burua, eta ingurukoek ere esan zidaten inoiz baino presentzia handiagoz ikusi nindutela. Aurten, hein batean, horregatik egin dut astean bi klasetara joateko apustua, sentsazio horiek berreskuratzeko”. Orokorrean, lan edo sormen prozedura kaotikoa omen du larrabetzuarrak, sormen plastikoan dabilenean ere beti omen dauka serieren bat jarrita, arreta zarata artean hobeto finkatzen du nonbait. Edonola, buruaren jarioa geratzeko eta baretzeko arnasa ematen dio arnasak. Akroyoga bereziki gustatzen zaio, askagarria egiten zaio eta geroz eta kontzientzia errealagoa du bere gorputzaz: “Bertsolariaren figura hain da zurruna, arrazionala, harrizkoa… Azken batean, bertso eskolatik ikasi duguna hori da, ozen kantatzen eta aurrera egiten. Orain arte ez dut alde hau landu eta horregatik pasatu dut askotan gaizki, egoera kudeatzen ez dudalako jakin. Ez dut aztertu nire gorputza nola sentitzen den jende aurrean… Asko mugitzen nintzen eta ez nekien horrek nire zein irudi proiektatzen zuen…”. Lantzen jarraitzeko gogoz dabil.

Martinek interes handia du bertsoaren sortze unean gugan ematen diren prozesuekiko, eta yogarekin lot litekeen galdetu diot: “Yoga egin osteko argitasun mental hori, nahiko egokia izan daiteke bertsotarako, nahiz eta erlaxatuegi izan zenezakeen gorputza, agian. Orekan asmatuz gero, txapelketetarako-eta prestakuntza ona izan daitekeela uste dut. Programazio neurolinguistikoak edo meditazioak eragin baikorra izan lezakete. Gorputzean ainguraketa batzuk izateak, mudra batzuk jartzeak eta arnasketa kontrolatzeak gorputzaldi egokia inbokatzeko balio lezaketela uste dut; gorputza urteetako entrenamenduz koka zenezakeela komeni zaizun gorputzaldian. Ni, eskala txikiagoan, txapelketa garaietan saiatu naiz egoera aurre-irudikatzen; bertsokideak, oholtza… Hara iritsitakoan erosoago sentitzeko”.

Garrok ere txapelketa garaian bilatu izan du barne bakea yogaren bitartez: “Iaz Nafarroako txapelketarako, dezente entrenatu nuen, baina nire saioa baino bi egun lehenago buruan aktibitate mental izugarria neukan, iluntasun bat… Ez nuen saioaren egunera neke horrekin heldu nahi, baina, aldi berean, fidagaiztasun hori agertzen zitzaidan, prestatu beharrarena. Azkenean, bi egun horietan mendira joan nintzen meditatzera, martxoa zen, eguraldi ona… Argitasun hark, iluntasuna kendu zidan, energia eman zidan, deskantsua. Egun horietan ez nuen ia ezer egin, argiari begira egon nintzen argitzeko… Izugarri lagundu zidan.  Etxeko leihoan ere egin liteke, argiari begira jarri, begiak itxita, baina mendian oraindik indargarriagoa da, mendiaren energiak kargatu egiten zaitu… Ezinbestean, bertsotarako behar duzu maila bat eta beste kontu batzuk… Baina lagun lezake. Zentzumenetatik jasotzen dugun informazio horri jaramon gehiago egin behar genioke, ez bakarrik adimenetik jasotzen eta ulertzen dugunari; zentzumenetatik sormenerako material bikaina pila liteke”. Martinek ere lotzen du burua gorputzarekin. Askotan ikusi omen ditu bertsolariak, saio baten aurretik jauzi txikiak ematen edo gelaren alde batetik bestera ibiltzen: “Bertsoak oso bibrazio ezberdinak ditu; oso estatiko aritzen gara, aktibitate fisiko oso baxua dugu, baina aktibitate mental oso-oso azkarra. Bi bibrazio horiek aldi berean kudeatzea zaila da. Bestetik, bertsolari bakoitzak kantatu aurretik dauzkan maniatxo txiki horiek ere interesgarriak dira, bakoitzak gorputzaldia kokatzeko egiten dituen keinuak… Askotan mikrofonoa kokatzen ari garenean, geure burua ari gara kokatzen”.

 

Geratzean mugitzen denaz

Zuazubiskarrek ez du bere burua yogaren defendatzaile sutsutzat eta ez du argi zenbateraino zaion onuragarri bertsotarako, baina bere beste alderdi bat indartzen laguntzen diolakoan, jarraitzeko asmoa du. Postura bat proposatzeko eskatu eta enbrioiarena nabarmendu du: “ Edozein unetan esterilla atera nezake eta postura horretan lasai-lasai egon, ingurukoen harridurarako. Gainerakoan, buruz beherako posturak gustatzen zaizkit. Umetan ere halaxe egoten nintzen, sofan buruz behera askotan. Gerora jakin dut horren atzean teknika bat eta esanahi bat badagoela. Lepoko pisua arintzeko ariketa ederrak dira”. Pisu horri buruz aritu da Amenabar ere…: “Nik bizkarrean arazo handi bat daukat istripu bat dela eta. Bizkarra indartzeko eta burua arintzeko ariketek egiten didate mesede. Lepoaldea askatzea gustatzen zait, edozein karga hortxe pilatzen zait. Inguru hori askatuz, akroyogan-eta lasaitu handia hartzen dut. Urduri nagoenean, tentsioan, beti egiten ditut keinu jakin batzuk lepo sorbalda inguruan. Eta, orain, keinu horiez jabetu egiten naiz behintzat. Lehenago egiten nituenik ere ez nekien”.

Aipatu bezala, Garrok proiektu bat egin du yogaren eta sormenaren arteko loturaz eta, testu honen azken arnas bezala, mamia laburtzeko ariketa eskatu diogu. Naturako elementuak eta gorputzeko gune energetikoak uztartuz osatu du bere lana. Lurra, ura, sua, haizea eta espazioa oinarri hartu eta, gu ere naturaren zati garenez, elementu horien ezaugarriak gugan bilatu ditu. Iruditzen zaio, elementu horiek guztiak orekan izanez gero bertsotarako gorputzaldi ederrean geundekeela: “Lehen elementua lurra da; oinarria, sustraiak, eskuzabaltasuna, gauzei denbora ematea, egonkortasuna eta onartzeko gaitasuna… Lurraren berezko ezaugarriak. Gure lurra gure gorputza da eta lantzeak konfiantza eman diezazuke. Bestetik, onartzeko gaitasuna dago. Zauden tokian zaude, beraz, hasi zaitez leku hori onartzen. Hori ez baduzu onartzen, hasten zara Habaneran kantatzen, zortziko txikian aritzen jakin gabe… Onartzea, gainera, ez da hor geratzea. Lurrak aukera ematen dizu hortxe geratzeko, baina bide bat ere ematen dizu, nahi izanez gero, abiatzeko”. Bigarren elementua ura da, zilbor inguruan kokatua, eta emozioekin lotzen du. Gardena da, sakontasunarekin lotura du: “Emozioekin konektatzea lor liteke yogaren bidez… Bide hori aurrez landua, erraztua, baldin baduzu, pentsa oholtza batean zein onuragarria izan daitekeen, gai baten aurrean adibidez: ‘Haur bat zara, telebistari begira eta kanala aldatu dizutelako triste jarri zara’. Konektatzen baldin baduzu tristuraren emozio horrekin, ez burutik baizik gorputzez, eta haur horrekin… Abiapuntu bikaina da. Gero, beste guztia behar da, noski, baina laguntza bat da. Urak egokitzeko gaitasuna ere badu beregan. Oholtza batera zoazenean, ikusi non zauden; txapelketan goitik ari zara, ostatuan behetik… Egokitzea eta ingurunean urtzea komeni da”. Martinek ere, flow egoera aipatzean, antzeko erreferentziak egin ditu, eta egoera horretara heltzeko tresna egokitzat dauka mindfullnesa. Horretarako bide bat da yoga, eta azken urteetan esanahiz hustu dela eta kirol izaera eman zaiola uste du; eta, salgarriagoa izateko bidean, mami pixka bat galdu duela.

Elementuetara itzuliz, hirugarren elementua sua da. Argia. Begirada garbitzea almazena betetzeko era bat dela uste du: “Epaitu gabe begiratzen baduzu, argi bazaude, bat-batean, saio batean etortzen zaizu batek daki nongo ideia bat, irudi bat eta handik ari zara sortzen… Pentsamendurik gabeko begirada lantzea da kontua. Sua ekintza da, inertziak xehatzeko bultzada. Adibidez, errimak egiteko ohatzetik jaikiarazten zaituen indarra… Ariketak norabide honetan eginez gero, botere pertsonala eta norberarenganako sinesmena sendotu litezke”. Laugarren elementutzat haizea hautatu du. Bihotzaren parean kokatzen da energia gune hau, eta pisua arintzen laguntzen du lanketa honek: “Bertso on bat bota duzula? Ahantzi. Bertso txar bat bota duzula? Ahantzi lehenago… Haizeari bezala, joaten utzi”. Sorbaldak lantzeko ariketa aproposak omen dira sail honetakoak, naizenetik onena ematen dizut esateko modu bat.

Azken elementu gisa espazioa aukeratu du; lekua hartzen jakiteko eta lekua uzten jakiteko trebezia fintzeko baliagarria. Barruan espazioa egitea garrantzitsua dela uste du eta arnasketak berak lagun lezakeela horren kontzientzian: “Laguntzen dizu gauzei bere tokia uzten, zure baitan espazioa egiten. Zugan huts hori baduzu, gai baten aurrean, adibidez, pertsonaia horri errazago egingo diozu lekua, sartzeko lekua utziko diozu”. Ez zaio gehiegi interesatzen hau guztia egia edo gezurra den, ipuin bat bezala hartzeko gonbidapena egiten du, eta egin duen bitartean ikasi eta gozatu duenari ematen dio garrantzia.

Yoga eta Bertsolaritza
Yoga eta Bertsolaritza
Yoga eta Bertsolaritza
Yoga eta Bertsolaritza
Yoga eta Bertsolaritza
Yoga eta Bertsolaritza
Yoga eta Bertsolaritza
Yoga eta Bertsolaritza
Yoga eta Bertsolaritza
Yoga eta Bertsolaritza
Yoga eta Bertsolaritza
Yoga eta Bertsolaritza