Bertsoa irratian: Kazetari grina, Zubimendi eta Luzear

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2025-01-03

Kazetari grina Zubimendi eta Luzear –

Kazetari grina Zubimendi eta Luzear
Joseba Zubimendi (1898, Donostia-1939, Kanbo)

Adin berekoak ziren bi donostiarrek elkarlanean burututakoa da hurrengo ekarpenaren historia: “Zubimendi eta Arzelus, Arzelus eta Zubimendi. Bi izen horiek, elkarrekin doaz. Elkarren adiskide minak, biak aurrezki kutxetako enplegatu ziren —bata Probintzialean bestea Munizipalean—, baina beraien lan nagusia euskalgintzan egin zuten” (Ordozgoiti, 2012: 12).

Ander Arzelus Luzear Argia aldizkariaren sortzaile izan zen 1921ean Ambrosio Zatarain, Ricardo Leizaola, Gregorio Mujika, Victor Garitaonaindia, Ramon Inzagaray eta Jesus Carrerarekin batera. Euskal-Esnalearen esperientziatik abiatuz, garaiko euskarazko kazetaritzako proiekturik arrakastatsuena eraikitzea lortu zuten hainbat urtetan astean 11.000 ale banatuz, kopuru oso polita garaiko gaztelerazko euskal egunkari garrantzitsuenek, Euzkadi abertzalea eta El Liberal sozialista, esaterako, 25.000 inguru banatzen zituztela kontutan hartuz.

1929an aldizkariko zuzendari ere izendatu zuten. Ez zen luzerako izan, ordea, 1930ean Aitzolek El Día egunkaria sortu eta bertako euskarazko lanen ardura eman baitzion. Sorreratik zen baita Euskaltzaleak elkarteko idazkari ere, eta bertatik ezagutuko zuen tolosarrak. Argiako zuzendaritza utzi behar izan zuen orduan, baina ez zion aldizkarian kazetari gisa lan egiteari utzi, eta antzezlanen bat idatzi, beste batzuk moldatu eta itzulpenak egiteko ere izan zuen denbora: “Luzear euskaltzale nekagaitz eta eragile handi bat izan zen” (Mujika, 2012: 42).

Zubimendi Donostiako Orfeoiko tenor bakarlari gisa egin zen ezagun oso gaztetan, eta Eusko Abesbatzaren sorreran parte hartu zuen ondoren. Bertso-jartzailea ere bazen eta bi bertso liburu argitaratu zituen: Aberri oyuak (1932) eta Zumalakarregi (1935). Euzko Gaztediko arduradun izanik, lehen liburuari lehendakari izango zen Jose Antonio Agirrek egin zion hitzaurrea. Altzibarrek azaltzen duenez (1996: 480), garaiko euskarazko liburu arrakastatsuenetako bat izan zen, 5.000 ale salduta, eta Aitzolen laudorioak ere irabazi zituen Euzkadin 1932/VI/10 datarekin argitaratutako “De oficinista a trovador” artikuluan[1].

Kazetari grina Zubimendi eta Luzear
Ander Arzelus Luzear (1898, Donostia-1949, Baiona)

Luzearrek bezala kazetaritzaren harra euskaltzaletasuna bezain barneraturik zuen Zubimendik. Euskal Esnalean, Gipuzkoarran, Argian, El Dían eta Euzkadin kolaboratu zuen, eta 1931n El Pueblo Vasco monarkikoan euskarari tarte bat egitea lortu zuen, urteetan astero “Euskal Eresi ta Izkuntzaren Alde” atala argitaratuz: “Kazetari osoa, beti zeraman Kodak kamera aldean, erreportaiak egiteko hango eta hemengo herrietara irten behar izaten zuenean bereziki” (Izagirre, 2002: 12).

[1] Honela dio, besteak beste: “No es el mecanismo modelo de las Oficinas de las Cajas de Ahorros, campo propicio para alentar la inspiración […] Inquieto y nervioso logra, al fin, fuera de su oficina plasmar en versos euskaldunes, la idea que torturaba su mente […] ¿Cual es su mérito? […] Son más modestas sus ideas poéticas. De menos relieve, ciertamente. Pero hay en ella vibración, ideas escogidas, dulzura… Y, sobre todo, manifiéstase en ella una gran preocupación, la de amoldar la forma y el pensamiento a la inteligencia y gustos populares”.

Kazetari grina Zubimendi eta Luzear