[Bertsoa eta punka II] BAP! eta Ximorra
BAP! eta Ximorra –
[Bertsoa eta punka I] Andoaingo herritik dator notizia (1985)
Gaztetxean bertsozaletasun giroa zegoen, eta hori islatu egiten zen garai berean Andoaingo entsegu lokaletan jo eta ke ari ziren musika taldeen artean. Horixe izan zen urte haietan erabateko erreferentzia bihurtutako Bap! eta Ximorra taldeen kasua. Ez kasualitatez, fanzinetan jasota dago horien testigantza ere.
1984-85 urteetan, Bap!-ek lauko txiki bat kantatuta hasten zituen beti kontzertuak, Txirritak Pello Errotari botatako ale ospetsua beren erara moldatu eta jatorrizko “ari naizela, ari naizela” hura “ari gerala, ari gerala” bihurtuta, Andoaingo Gazte Asanbladari keinu egiten zioten:
Ari gerala, ari gerala
ari gerala egiten
biharko partez, etziko partez
datorren urtera arte
Ez hori bakarrik: 1985ean bertso idatzien lehiaketa antolatu zuten gaztetxean, eta Bap!-ek irabazle gertatutako bertsoak baliatu zituen urteekin oso ospetsu bihurtutako “Atzera begira” kantua egiteko. 1986ko maketan eta 1989an “Bide huts, etxe huts” lehen diskoan plazaratu zen abestia. Josu Olazabal “Lupax” eta Juan Joxe Petrikorena dira bertsoen egileak. Abesti horretako lehen bertsoa da hauxe:
Milaka preso, kartzela mila
daude oraintxe galduta,
horrek inoiz ez du esan nahi
gaudela menperatuta.
Egurrak latzak, bortxakeriak
hartan aspaldi ohituta,
berrogei urte pasatu dira
zapaldu nahiez ostika.
(…)
1985ean, Tolosako “Pakean utzi arte” fanzinean aitortu zuten Bap!-ekoek bertsoak atsegin zituztela, elkarrizketatzaileak beren zaletasunez galdetuta. Gustuen zerrenda egiten hasita, laburra izan zen andoaindarren erantzuna: “ska, regea, trikitixa (deskojonorik gabe), bertsoak, eta noski jarkorra”. Erne, gero: garai hartan ez zen batere ohikoa punk eta hardcore talde batek horrelakoeak esatea.
Ximorra taldeak ere merezi du aipamena. Bap!-en lagun koadrila berekoak izan arren, erabat ahaztuta geratu dira bere garaian grabaziorik kaleratu gabe banandu zirelako. Bap!-ekoek ez bezala euskara hutsez kantatu zuten hasieratik, bertsoak punk erara kantatzea zen beraien ezaugarririk nabarmenenetako bat, eta nola egingo zuten bestela? “Gazte talde bat gera” zen beren abestirik ezagunena:
Gazte talde bat gera
etorkizun gabe,
inora ezin joan
ta kalean gaude.
lanarik ez baitegu
inor gure alde,
udaletxeko jaunak
ez dira debalde
Baina gazteria
ez dago konforme
Andoaingo herrian
zergatikan gaude,
Goazen-goazen hemendik
sobrante baikaude
Ximorrak 1985ean Oiartzunen emandako kontzertu bat entzungai dago interneten. Urte berean, Donostiako Destruye! fanzineak beren bertsoak kaleratu zituen. Hor geratu da haien lekukotza.