Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra

Beñat Hach Embarek eta Antxoka Agirre-(r)en argazkia Beñat Hach Embarek eta Antxoka Agirre 2024-09-18
Argazkiak: Joxan Goikoetxearen artxiboa

Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra –

Testua: Beñat Hach Embarek

 

Demografia munduan igo eta gurean jaitsi egin zen garaikoak gara 80ko hamarkadako uztakoak. Asko, gure gisan, bi anai-arreba gara; gure amaren aldeko samalda, ordea, zazpikoa. Zazpi senideko familia batean karrozeroa (autobusgilea, alegia) zen gure aitona, gure herriko alkatea izan arren lan egiten zuena. Eta gure familia bazkarietan, bazkariak baino, bazkalosteak garrantzitsuagoak izan direla esan daiteke (sukaldariekiko errespetu osoz).

Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra

Musikari eta musikazalea da gure sendia, eta tartean, bere haizezko instrumentuekin haize berezi bat sortzen zuelako nabarmentzen zen Alan Griffin. Osaba. 1952an Ennisen jaioa, Irlandan, duela 40 urte lurreratu zen Euskal Herrian. Literatura alorreko doktoretza bat zela-eta etorri zen, baina, besteak beste, musikarengatik geratu. Euskal musika tradizionalera hurbildu eta sekulako ekarpena egin zuen: batetik, beste musikari batzuekin kolaboratuz (Txomin Artola, Amaia Zubiria, Benito Lertxundi, Olatz Zugasti, Gorka Knörr, Juan Mari Beltran…), eta bestetik, bere musika taldeekin: lehenik Alboka, eta ondoren Aintzina. Baina ez zen soilik jotzera mugatu, euskal musika, baladak eta bertsoak ere sakonki ikertu baitzituen azken hatsa eman aurretik. Alanek iragan abenduaren 5ean utzi gintuen.

Edozein bertsozaleri gomendatuko nioke musikari eta ikerlari honen lana ezagutzea. Alanek egindako lan eskerga lau kategoria handitan banatu daitekeela iradoki digu bere adiskide eta bidelagun izan den Joxan Goikoetxeak.

Lehena, balada eta kantu zaharren errekuperazioa. Aintzina taldearen Kosinatik Kanberalat (Aztarna, 2011) albumean hainbat bertso edo kopla zahar topa ditzakegu. Pare bat aipatzearren, has gaitezen Artzain Nindagoenian sortatik (aurretik Hiru Trukuk ere argitaratua). Hitzak Aita Donostiaren eskuizkribuetatik jasoak dira, eta doinua P. Modesto de Lecumberrik 1920an Leitzako Bordaberri delako bati jasoa:

Artzain nindagoenian

mendi gorenian,

gogoetan jartzen nintzen

ni haur nintzenian.

 

Artzainak gogoeta

denbora joan eta,

antxurik ederrena

bordatik gal eta.

 

Joaten naiz elizara

mezaren entzutera,

ene maitea ikusi

niri so zagoala.

 

So eiten diot hari

hark ere bai niri

gero biek irri

nik nere buruari:

marka ona duk hori

 

Aitak alabari:

“Zer deurra dun hori?

Ez niganat ekarri

arima galgarri

 

Artzainak alferrak ditun,

Ase eta ongi nahi,

hobe dun bertzetarik

Edozein nahi

 

Album berekoa da Bertsolari aldizkariaren 127. alean (2022) hizpide izan genuen bertso sorta, Estudiante Kondenatua izenekoa. Bi urte lehenago plazaratu zuen Aintzina taldeak Suitian (2009) diskoa, eta bertan topa dezakegu, besteak beste, Yolanda, hiru oineko zortzikoa, edo baita ere Arantzazura Nijuanian izeneko sorta:

Adios orain dama gaztia

Arantzazura tarteko

Han egongo naiz besoak zabalik

Zatozanian hartzeko

 

Arantzazura erromerian

nahi dezunian etorri

Amodiozko begi ederrak

erakutsiaz alkarri

 

Pamplonan behera banua eta

Zer gura dozun esaizu

Zinta eder bat bidali ezazu

Borondaterik badezu

 

Urdina beraz zelosa eta

Berdeak esperantzia

Gorri ederrak signifikatzen

Bihotz kariñoz betia

 

Hau da jentia kanta bat

Duena bakarrik falta bat

Bertso gutxitxo daduzka eta

Gehitu behar zaio pare bat

 

Arantzazura nijuanian

ez neban besteik goguan

Nola juan ta nola etorri

kristau fidelen moduan

 

Bigarren kategoria Alanek berak ingelesez sortu eta ondoren Mikel Markezek eta Juan Garziak euskaratutako abestiek osatzen dute: Hariztarren balada, Lau anaiak, Bihotzeko Peru Gorri, Luma Txurikoa naiz, Hiru Piztiak… batzuk aipatzearren. Kantu horiek Alboka taldearen zenbait lanetan topa daitezke. Aipa dezagun hona Luma Txurikoa naiz (Alboka, 2001). Alanek honakoa utzi zuen idatzita[1] kantu honi buruz:

“Joxanek erlazionatutako bi doinu aurkitu zituen, bistan denez, bertsolariek iraganean erabiltzen zituztenak, baina ohikoak izateari utzi diotenak, eta hitz berriak jartzea erabaki genuen, andre exotiko baten eta bere pretendiente lurtarragoaren arteko elkarrizketa moduan, Márta Sebestyénen ahotsari egokituko zitzaiolakoan. Abesti osoaren prosako bertsioa egin zuen batzorde batek (Alboka + Mikel Fernandez, gure ingeniaria) eta Mikel Markezi ipuina bertso aurkezgarri batean jartzeko enkargua eman zitzaion, bertso metrika eta estilo tradizionalean oinarrituta. 24 ordu baino gutxiago behar izan zituen. Pozik geratu ginen emaitzaren kalitatearekin, eta balentria Guinness Errekorren Liburuan sartzea proposatzen dugu”.

Jarraian Alanek idatzitako jatorrizko bertsioa, ingelesez, eta Mikel Markezek euskaratu zuena.

 

‘I Am a White-Plumed Bird’

 

I am a white-plumed

Bird of passage.

Thus I left Hungary

Behind me.

Wanderlust has brought me

To this land.

The country I see before me,

Which one can it be?”

 

She: “Valley of oakwoods,

Streams and white houses,

I come to these lands

With the aid of fair winds.

But now weariness

Hinders my wingbeats;

I must rest

For a short while.”

 

He: “O whited-plumed bird,

Joy is me!

Your loveliness

Melts my heart.

Since first I heard

Your voice

I have been ashamed

To sing myself”.

 

She: “O gallant, fair of ha

ir and fair of face,

Fair too is your speech,

Though oft-times the fairest words

Are the emptiest.

With silver-tongued gallants

One must be careful:

Pray, allow me one moment

To catch my breath”.

 

He: “O whited-plumed bird,

I am in your thrall.

Your dart has reached

My heart of hearts.

Many birds there are

Who sing gracefully,

But your voice is

Beyond compare”.

 

She: “O gallant fair,

Say in truth

If your heart is

By me ensnared.

Or if it is a trick

To win s

ome prize.

For it is my suspicion

You are a hunter”.

 

He: “O whited-plumed bird,

It is no lie,

I am a hunter,

Indeed it is true.

But I also have estates

That are not few,

Lands that join

Irati to Aralar”.

 

She: “O gallant fair,

To you

r honour and fame

I see you have

Such estates as you say.

But I am a flighty creature:

Think not to

Ensnare me with

Lands and wealth”.

 

He: “O whited-plumed bird,

As white as snow,

None in song

Can outdo you.

Tarry here with me,

Do me the

honour,

And you shall have from me

A comely nest”.

 

LUMA TXURIKOA NAIZ

Luma txurikoa naiz

txori migraria

hargatik utzi nuen

atzean Hungaria

bidai egarriak nau

honantz ekarria

zein ote da aurrean

dakustan herria?

 

Haritz, erreka, etxe

txuriko bailara

haizeak lagundurik

lurralde hontara

hegaletan hasi zait

nekearen traba

instant bat pausatzeko

unea heldu da.

 

Txori luma txuria

hau da nire poza

zure edertasunak

urtu dit bihotza

aditu dudanetik

nik zure ahotsa (zure kantu hotsa)

kantuz hasteak ere

ematen dit lotsa.

 

Galai bilo horia

hitz ederra duzu

ederregiak hutsak

bihurtzen dira usu

mintzo errazekoekin

eman behar da kasu

pixka bat arnas hartzen

arren utz nazazu.

 

Txori luma txuria

naukazu etsia

barne-barnera sartu

didazu gezia

txori askok badauka

kantatzen grazia

baina zure ahotsa da

zinez berezia.

 

Galai bilo horia

esazu egia

benetan ote nauzu

hain laudagarria?

Ala horren trukean

nahi duzu saria

susmoa dut ez ote

zaren ehiztaria.

 

Txori luma txuria

ez da ez gezurra

ni ehiztaria nauzu

hori da segurra

baina ondasunik badut

eta ez apurra

Aralar ta Irati

lotzen ditun lurra.

 

Galai bilo horia

ohore eta ospe

beraz lurrak dituzu

nahi bezainbeste.

Hegalaria naiz ta

etzazula uste

hartu ahalko nauzunik

ondasunen truke.

 

Txori luma txuria

elur kolorea

ez da inor kantuan

zu baino hobea

nirekin geldi zaitez

emaidazu ohorea

ta nik egingo dizut

kabi dotorea.

 

Askatasuna oso

maite dudanez, bai,

berriro behar diot

bideari jarrai

nire kantua noizbait

baduzu entzun nahi

leiho parean egon

zaitez goizero zai.

 

Hirugarren kategoria da balada eta kantuen jatorria ikertzea. Duela 40 urte Euskal Herrira etorri zenean, gure izeba Txitxik eta bere lagun Irenek euskal kantu ugari zituen disko bat oparitu zioten. Tartean zen Arrosa xuriaren azpian kantua, Azkuek Donapaleun jaso eta 1922an Cancionero Popular Vasco-n argitaratua, 1977an Haizea taldeak ezagun bihurtu zuena (Txomin Artola eta Amaia Zubiria tartean). Kantua entzun eta segituan hasi omen zen esaten hori ez zitzaiola ba juxtu-juxtu hemen sortutako kantu bat iruditzen, beste nonbaiteko balada ote zen… 1984rako bueltaka zebilen kontu horrekin, eta, lau hamarkadaren ondoren, forma eman dio La puerta abierta. Baladas vascas e internacionales (Aztarna, 2023) liburuan. Lan hori euskal balada herrikoien eta beste hizkuntza batzuen artean dauden loturak aztertzen dituen lehen ikerketa monografikoa da. Lehen aldiz sasibalada edo pseudobalada direlakoen jatorrizko iturriak zehaztu ditu, nahiz eta euskarara itzulitako baladak izan egileak herrikoiak balira bezala zabaltzen zituenak, hain zuzen ere. Talde ezberdinetan sailkatu ditu Griffinek liburuan bildutako baladak: beste hizkuntza batzuetan idatzita dauden baladen erabateko kopiak direnak lehenik (Errege Jan, Arrosa xuriaren azpian, Etxera itzuli soldadua…), oso antzekoak direnak jarraian (Neska ontziratua, Ene mutilik ttipiena, Iturrira goizean…), harremanak demostratu ahal direnak ondoren (Testamentuarena, Goizian goizik, Astoa eta otsoa…), ahaidetasunen bat izatea posible dutenak segidan (Frantziako anderea, Jose ekarri zazu, Zeta haria…), eta, amaitzeko, antzekotasunak bai baina ahaidetasuna frogatzerik ez dutenak (Urrutiako anderea, Soldadu sartu nintzen, Deserturra…). Jabier Kaltzakortaren hitzetan tradizio ezberdinetako Europako kantutegi marasmaren artean euskal balada baten jatorria aurkitzea, urrezko orratz bat lastategi erraldoi batean topatzearen parekoa da. Liburu honek aise betetzen du xede hori, Kaltzakortaren ustez. Animaleko lana da, eta herri honen kantu herrikoietan eta ahozkotasunean interesa duen orok badu sobera bazka Griffinek zabaldutako larreetan.

Amaitzeko, laugarren eta azken kategorian, aurreratu dezakegu aurten Alanen azken liburua aterako dela, berak bildutako 50 sasibaladekin. La puerta abierta-rekin atea irekita utzi du, beraz, handietan handienek bezala, hil ondoren ere liburuak publikatzen jarraitzeko.

Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra
Alboka Terlizzi 2010

13 urte eskaseko mutikoa nintzela hilabete igaro nuen Irlandan bere senideekin, eta itzulerako bidaia elkarrekin egin genuen, bere C15 zuri zaharrean. Pentsa, autopistarik gabeko Irlanda aldenik alde zeharkatu, nire bizitzan lehen aldiz ferry batera igo, eta gero Normandiatik etxeraino buelta (C15aren martxan, berriz diot, badaezpada). Hitz aspertuan aritzeko nahikoa tarte izan genuen, ala(n)fede. Bidaia horretatik gorderik dudan oroitzapen kuttunetako bat soinu banda izan zen. Su ta Gar, Berri Txarrak, Joxe Ripiau, Kortatu… entzuten hasiberri zen eta mundua deskubritu zuela uste zuen mukizu hura Bulgariako emakume koruen ahotsak, Irlandako musika taldeak edo Maliko bluesa entzuten jarri zuten lehen aldiz, osabak kaseteari buelta ematen zion bakoitzean arrastoa utziko zioten azalpenei adi. Horren ondoren nola ez nuen ba jarraituko eta maitatuko bere lana? Baita, ondorioz, hilobiren batetik atera eta bere inteligentzia musikalaz biziberritzen zituen bertsoak ere.

Zeren Alan oso musikaria zen. Ezagutu dudan musikaririk musikariena. Musika espero ez zenuen uneetan azalera zitekeen. Behin, familiako bazkaloste horietako batean, senide batek zeraman makulua jo zuen. Gaizki ulertuak saiheste aldera, ez zuen ez inor makuluarekin jo, ez makulua ostikoz jo, makulua jo zuen zeharkako txirula balitz bezala. Beste behin, sukaldeko erauzgailu (extraktorean) barruan euli, mandeuli, erlamando edo ez dakit ba nik ze zomorro sartu zitzaien, sekulako zarata egiten zuena, etengabea, deserosoa erabat, eta gainera ez zuten trastea irekitzen asmatu. Halakoren batean azaldu zen langile bat trastea zabaltzeko asmoz, eta esan omen zuen:

—Egia, a zer-nolako zarata ateratzen duen zomorro horrek!

Eta Alanek, segidan:

—Bai, eta gainera la-n dago.

Izeba Txitxik kontatzen duenez, ikustekoa omen zen morroiari gelditu zitzaion aurpegia.

Euskal Gaizkileak podcastean Euskal Herrian gertaturiko krimenak kontatu eta horien inguruan sorturiko bertsoak izan ditugu hizpide, eta atalak prestatzeko sukaldeko lanetan aholkulari eta informazio iturri izan nuen osaba behin baino gehiagotan.

Gaur da abenduaren bosgarrena, bi mila eta hogeita hirukoa, melodien errepublikatik partitu da maisua. Balada zaharren pentzean edo paradisuko lehen pubean, non entzungo ote da orain, haizea zilarrezkoa. Zer egin dezakegu artista jaio edo bilakatu ez ginenok, artistak imitatzen saiatu baino.

Go raibh maith agat, Griffin.

Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra

[1] Alan Griffin: Joxan unearthed two related melodies which were obviously used by ‘bertsolaris’ in the past, but which seem to have fallen from currency, and we decided to put new words to them in the form of a dialogue bet ween an exotic lady and her more earthbound suitor, which we thought would suit Márta’s voice. A prose version of the entire song was drawn up by a committee (Alboka + Mikel Fernandez our engineer) and Mikel Markez was commissioned to put the story into presentable verse based on traditional ‘bertsolari’ metre and style. It took him under 24 hours. We were delighted with the quality of the result and are proposing the feat for inclusion in the Guinness Book of Records.

 


 

Testua: Antxoka Agirre

 

Amona oso umetan jarri zitzaigun etxean bizitzen. Horrelakoetan gertatu ohi denez, lehenengo berak zaindu gintuen, eta gero guri tokatu zitzaigun bera zaintzea. Luxu bat izan ziren bai bata eta bai bestea, kasta eta umore oneko emakumea baitzen Maria Luisa.

Kontalari bikaina ere bazen, bestalde, baina, deigarria oso, gerraurreko kontuak bakarrik kontatzen zizkigun, 36tik ondorengo guztiak ahaztu eta borratu nahi izan balitu bezala.

Bere haurtzaro eta gaztaroko Ormaiztegira eramaten gintuen behin eta berriro, eta, esan bezala, hiztun aparta zenez, guretzat Obaba moduko batean bihurtu zen herri hura. Aipatzen zituen pertsonaiek, halaber, Garcia Marquezen errealismo magikotik hartutakoak ziruditen: Luixa Kantiña, Lehen Mundu Gerran ejertzito italiarrarekin kantinera izan ondoren zaku bat jantzita ibiltzen zena, eta herriko umeek benetako sorginaren traza hartzen ziotena; lepoan zeukan arazo bat zela medio beti gora begira ibiltzen zen Miracielos; Matista eta Malen, herritik zerri handi bat paseatzen zuen neskazahar parea… Ezkion Ama Birginaren agerpen entzutetsuak izan ziren garaian bere ahizpa gazteena, Katalina, etxeko behi baten errapeetan Niño Jesus de Praga ikusten zuela esanaz azaldu eta aitak milagroa zaplasteko batekin uxatu zuenekoa ere askotan kontatzen zuen algara artean…

Gidatzeko baimena atera genuenetik, urtero amonarekin Ormaiztegira joaten hasi ginen, bere ahizpa Kontxaren familiarekin sanandresetako bazkaria egitera. Bidaia horietan ez genuen amonaren Obabaren arrasto handirik topatu, baina bai ziento bat ahaide, erdiak artista amateurrak eta beste erdiak juergista profesionalak. Eta sanandresetako bazkalondoak, familian zuzenean jotako musika nahiz dantza saio amaigabeekin, amonaren istorioak bezain mitiko bihurtu ziren berehala. Amona hil zen, bere ahizpa ere bai, baina urtero joaten jarraitu dugu gaurdaino.

Bazkalondo horietan ezagutu genuen Alan, beti irribarrea ezpainetan eta begiradan. Familia erdiak jotzen zuen instrumenturen bat, baina irlandarrak distira berezi bat zuen hatzak dantzan jartzen zituenean. Beñatek, aupa primo, jada kontatu ditu bere biografiaren eta ibilbide profesionalaren zertzelada nagusiak, eta ez naiz horretan luzatuko, baina ezin azken sanandresetan egindako oparia aipatzeke utzi: berak ezin izan zuen etorri, hil urren zegoen, baina bere liburu argitaratu berria bidali zidan, ingelesez idatzitako eskaintzarekin.

La Puerta Abierta oso edizio ederreko liburua da, baina horrek ez dio itzalik egiten atzetik nabari zaion lanketa erraldoiari. Euskal baladaren inguruan aztertu den guztiaren bilketa, sailkapena eta interpretazioa dakar, Alanen begiradak iradokitzen zuen intuizio finarekin harilkatua. Lehen aldiz bere osotasunean azaldu nahi izan da alor hau, eta ez da badaezpadako ahalegina, euskal baladaren inguruko ikerketak bi mende pasatxo egin baitiitu hainbat maisuren eskutik.  

Euskal nortasun modernoa europar mugimendu Erromantikoak taxutu zuen neurri handi batean, eta mugimendu horren ideologo nagusiak, Johan Gottfried Herder alemaniarrak (1744-1803) egindako euskal baladaren bilketaren deiak abiarazi zuen hau guztia. Herderren deiari erantzunez, Karl Wilhem von Humboldt (1767-1835) alemaniar hizkuntzalari eta politikariak bi egonaldi egin zituen Euskal Herrian: 1799an eta 1801ean. Leloren kantua topatu zuen eta Euskal Herria garaiko europar hizkuntzalaritza eta antropologiaren ikergai gogokoena bihurtu zuen teoria planteatu: euskara Europako hizkuntzarik zaharrena zatekeen eta, ondorioz, jatorrizko hizkuntza izan behar zuen. Von Humboldten atzetik Francisque Michel (1809-1887) etorri zitzaigun bisitan, hainbat balada aurkitu zituen frantziarra, eta horren atzetik beste hainbat ikerlari atzerritar, aurkikuntzen zerrenda luzea osatzen joan zirenak.

Alan Griffin ere kanpotik etorri zitzaigun euskal kultura popularraren peskizan, baina Von Humboldtek edo Michelek ez bezala bertakotzea erabaki zuen, euskaraz edozein ormaiztegiarrek bezala egiten ikastea. Eskaintzan idatzi zidan bertsolaritzaren inguruan ikertzen ibilia nintzela enteratu zela, eta jarraitzeko bide horretan, baliatzeko bere liburua bidelagun gisa. Thank’s, Alan. Segiko diogu bideari ahal dugun neurrian, eta bertso zaharren inguruan zerbait gehiago jakin nahi duen edonori zure liburua biziki gomendatuko diogu ahal dugun guztietan.

Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra  Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra  Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra  Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra  Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra  Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra  Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra  Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra  Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra  Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra  Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra  Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra  Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra  Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra  Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra  Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra  Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra  Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra  Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra  Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra  Bertso zaharrak irakatsi zizkigun irlandarra