Bertso Udalekuak – ORIO
Jada kurtsoa hasi dugun honetan, inoiz baino gehiago oroitzen gara udaz eta udalekuez. Ni gaurkoan ez naiz salbuespen bat eta ireki berri zaidan leiho honetatik barren-husteko asmoa dut. Hala ere, aldez aurretik garbi utzi nahi dut ez dudala bertso udalekuen eta bestelako udalekuen arteko konparaziorik egiteko asmorik: ezberdin bizi izan ditudalako, gehiegitan egon ez naizelako eta horretarako lekurik egokiena ez dela uste dudalako, besteak beste.
Haur nintzela ez nintzen udaleku askotan ibili. Herrian uztailean zehar goizeroko udaleku irekietan bai, baina pixka bat koxkortu ahala tokatzen ziren udaleku itxietan, hiru bider bakarrik egon nintzen. Gainera, hiru txanda horiek elkarren artean erabat ezberdinak izan ziren jende, hizkuntza eta helburu aldetik. Sekula ez naiz egindakoaren edo egin gabekoaren damu izan, baina aitortu behar dut inoiz sentitu dudala urtez urte leku berera eta lagun berdinekin joaten ziren kideekiko inbidia pixka bat, dena hutsetik hasi gabe jarraipen bat egiten baitzuten. Aldiro berritik hasteak ere erakartzen ninduen, baina lagun berri gehiago eginez. Bestalde, udalekuen ondoren, jarraipen gisa “kedadak” (barkatu baina bila ibili arren ez dut hitz egokirik topatu) egiten dira. Batzuek porrot egiten dute eta beste batzuek ez. Ez dute udalekuetakoaren antz pittin bat ere, baina harremanak estutu eta bidea emanez gero, ederra da Euskal Herri osoan zehar lagunak izatea. Eta are gehiago frikismo bertsukoak badira.
Tira, badirudi udalekuetan aditua naizela, aditurik bada, eta lehenago esan bezala, hirutan soilik egon naiz. Horietatik bakarrak ziren bertso-udalekuak. Hemezortzi urte bete berritan (2013) joan nintzen begirale eskaintza bati muzin eginez begiratua izateko azken aukera aprobetxatzera. Aurten, berriz, beste fazeta bat izan dut. Begirale titulurako praktikak gauzatzera hurbildu naiz Orioko Itsaspe baserrira. Astebetetxo bat izan da nire herritik ordu erdi eskasera, baina denbora ez omen da ordutan neurtzen, ezta distantzia kilometrotan ere, eta nahikoa izan da beste planeta batera salto egiteko. Urteroko kontua izango den arren, egunak falta izan zaizkit, beste mila ekintza egingo nituzkeen taldearekin. Kexuak kexu, lehendik ere ez dugu egitarau makala izan: Zarautzera egun-pasa, Orio ezagutu, hondartzan ibili, Onintza Enbeita eta Odei Barroso ezagutu, Oskarrekin kantuan ibili, Josurekin lanketa egin, frontoian ibili, portuan bainatu, tailerrak inprobisatu, janariaz kontzientziatu …
Begiratuez ere zer esan, potentzial handiko taldea dela argi geratu da. Ez dira ardi otzanak izan, noski, baina oso ondo jasan dituzte gure txantxa eta eskakizunak. Pentsa, baserritik atera garen bakoitzean (ia egunero) hogei-bat minutuko paseotxoa nahitaezkoa izan dugu, bai joanean eta bai etorrian, eta espero zitekeena baino oposizio apalagoa izan dugu! Azken egunean ere besarkada, muxu eta agur ugari partekatu ditugu: begiraleen artean, begiratuen artean, begirale eta begiratuen artean… horrek zerbaiten erakusle behar du derrigorrean.
Abentura honetan bidaia-kide bikainak izan ditudala ere ezin esan gabe utzi, lortu baitugu gure tresna eraginkorrena bihurtu den halako konplizitate gradu bat. Zazpi egunak airean pasatu zaizkigula esango nuke. Egunak diot gaueko batzarretan betazalek karga izugarria hartu digutelako eta komeria galantak izan ditugulako batzuek hauei eusteko garaian. Zazpi begiraleak eta bi sukaldariak, izatez, lanera joandako bederatzi kide soilik gara, eta paperetan ere hala jarriko du agian, baina lan sentsaziotik dezente urrundu da. Minimotik aldenduz, bakoitzak beretik emanez, askoz eramangarriagoa eta gertukoagoa egiten da dena, eta horren adibide garbiak izan dira tailer inprobisatuak eta sukaldarien jarduna.
Ezin esan dena aurreikusi bezala joan zaigunik, arazorik eta gatazkarik izan ez dugunik, kopeta zimurtu behar izan ez dugunik, baina Orio 2014 txandako (ia) ezer ere ez nuke aldatuko, dena nahi bezala atera balitz magia edo xarma osoa galduko bailuke.
Orokorrean, Orion bizitakoaren ispilu ederrak dira egin ditugun kantuak. Bizipen eta emozio ugari daude bertan, eta luze geratuko zaigun oroitzapen bat da, gugandik eta guretzat sortua.
Nire partetik, begirale lanetan “berria” izan arren, ez naiz taldearen hankamotz sentitu (gainontzeko begiraleei galdetu behar) eta, hein handi batean, begirale eta begiratuen arteko harremanari esker izan dela esango nuke. Istripu larriren bat gertatuz gero (asma, zauri larriak…) ondo erantzungo nukeen jakin gabe joan naiz Oriotik; baietz espero dudan arren, konfirmatu gabe utzi nahi dudan zalantzen kutxan gordetzeko beste bat gehiago. Baina tira, dena ez da bizipenak bakarrik. Titulazioei begira izugarrizko aurrerapena egin dut eta lankideak ados egongo direlakoan nago. Astebetean, begirale tituluaren amaieraz gain farmaziako adituaren titulu ofiziala! Marka da gero, hori da hori alergia pila!
Txantxak albora utziz, gustura geratu naiz osatu dugun txandarekin. Etxeratu bezain laster sentitu nuen halako etxe-min bat (itsaspe-mina ote da?) gaueroko piropopostez, ipuinez eta muxu-errondaz goxatu nahi nuena. Nire ustekaberako, ez nituen denak atzean utzi, izan ere, gurasoen piropoposta dexente jaso ditugu, eta egindakoaz seguruago, lasaiago eta harroago utzi nau.
Honaino nire berriketaldia. Beste mila istorio eta anekdota ekarri ditut Oriotik, baina ez dut astuna izateko batere gogorik. Besterik gabe, eta berriz diot ez dela propaganda egiteagatik, gogoa duen gazte orori udalekuetara joateko gonbita luzatzen diet. Gogoz kontra ez, noski, ezta derrigorrean Bertso Udalekuetara ere, baina lagun berriak egin eta oporrak beste era batera gozatzeko aukera ederra da. Gureak bertso udalekuak dira, bai, baina ez pentsa bertsoa besterik ez dugunik buruan, gure helburua gazteek bertsoen inguruan, hezkidetzan eta euskaraz ondo pasatzea baita, ez etorkizuneko BEC-eko finalistak heztea.
Eli Pagola Apezetxea