Bertso ibilbidea: Ondarroa

Iñaki Lersundi-(r)en argazkia Iñaki Lersundi 2023-02-03
Argazkiak: Iñaki Lersundi

Bertso ibilbidea: Ondarroa –

Ondarrutarrok bereziak garela esaten da. Agian kresalaren gatz horrek eduki dezake errua. Agian gure herrira iristeko pasatu behar diren errebuelta guztiek izango dute errua. Edo agian guk, ondarrutarrok dugu errua. Erruak erru, gure izanaren berezitasun pixka bat erakutsi nahi dizuet hurrengo sei geltokietan.

 

 

 

  1. Geltokia: Zubi Zahar ikastola

 

Bertso ibilbidea: Ondarroa

 

Gure lehendabiziko geltokia, Zubi Zahar herri ikastola izango da. Zubi Zahar ikastola, Kamiñazpi auzoan dago, Artibai errekaren ondoan. Herri ekimenetik eta auzolanean sortutako ikastola da.

1983an, Joxemari Urteagak aterrizatu zuen Zubi Zahar ikastolan: Lazkaon jaioa, Goierritik Bizkaiko kostalderaino Aralarko haizea ekartzera. Gipuzkoan jada urte horretan hasita zegoen bertsolaritza proiektu bat, ikastoletatik bertsolaritza bultzatu, formatu edo eta zabaltzeko asmoarekin.

Bizkaiko Ikastolen Federazioak, Gipuzkoako proiektuari jarraipena eman  nahi zion Bizkaiko ikastoletan. Zubi Zahar ikastolan, Joxemarik hartu zuen lan eta ardura hori. Horrela, ikastoletako arduradunak hilean behin edo, kurtso hasieretan sarriago, Gernikan batzen hasi ziren Jon Lopategirekin. Honek ematen zizkien zantzuak: zer egin, nola egin… etab. Horrekin batera etorri zen Jon Lopategi bera ikastoletara maisu bezala joateko aukera. Zubi Zahar ikastolak, noski, baietza eman zuen.

Hori dena kokatuta, ni agertzen naiz. Hamaika urterekin, 1989an Zubi Zahar ikastolan 6. mailan. Ez gara sartuko ikasle bezala nolakoa nintzen. Despistatu xamarrean utziko dugu. Bat-batean, euskarako irakaslea sartzen da gelara. Gizon periladun bat, esku batean bere karpetatxoa eta bestean gitarra batekin. Nire arreta guztia bereganatu zuen, baina deskolokatuta geratu nintzen. “Euskarako klasea eta gitarra? Ze jolas da hau?”. Euskarako irakasle hori Joxemari Urteaga zen. Orriak banatzen hasi eta nigana heldu zenean, irrikaz beterik hartu nuen nirea. Irakurtzen hasi eta hara:

 

            “Ama begira zazu

            leihotik plazara

            ni bezalakorikan

            plazan ba ote da?

 

Joxemarik gitarra jo eta orduan kantatu nituen nire lehen koplak. Mundu berri bat deskubritu nuen. Txundituta eta kantari joan nintzen etxera, nire amari papera begiratzeko esatera, zer gertatu zen esatera.

Bertsozale gehienok gogoratuko duzuenez, 1989an Jon Lopategik irabazi zuen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapela. Imajinatu dezakezue hamaika urteko nerabe bat, bere bertsolaritza irakaslea txapeldun, “munduko txapelduna”. Bertsolaritzako “Pele” nuen irakasle. Eta gainera, txapela ekarri zigun erakusteko. Momentu eta garai haiek gogoratzean, beti sartzen zait halako zirrara bat gorputzean, oilo-ipurdiarekin batera. Nostalgia goxoa.

 

Sekula ez da izan niretzat

Ikastea erosoa

baina Zubi Zahar herri ikastolan

ze tratamendu gozoa

guk bagenuen irakasle bat

“Akerman” gisan jasoa

bere gitarraz klasean sartu

pixka bat zen kuriosoa

baina jolasten eman genuen

ikasketen lehen pausoa

Joxemari gaur, zuregatik dut

hainbeste maite bertsoa          (bis)

 

Istorio hau hasi zitzaigun

astillerun oholetan

ta lehen esan duten bezala

indarra familietan

ahal zutela sinistu zuten

aurrera egitekotan

euskal nortasun euskal eskola

egonkortzeko asmotan

eta Txirritak esan bezala

esango dut plaza hontan

zure izena ea entzuten den

beste laurogei urtetan              (bis)

 

Zubi Zahar ikastola

50. urteurreneko ekitaldia

Iñaki Lersundi

 

  1. Geltokia: Ondarroako Bertsozale Taldea

Bertso ibilbidea: Ondarroa

 

Gure bigarren geltokia, Ondarroako Bertsozale Taldea izango dugu. Ondarroa, nire ustetan, bertsozalea gehiago izan da, eta da, bertsolaria baino. Horrek ez du esan nahi ez dela bertsolaririk sortu. Agian aurpegi eta izen ezagunena Leire Bilbao izan dugu. Baina Ondarroako kaleetan eta elkarteetan ibili dira herriko bertsolariak kantari. Herri kantaria dugu Ondarroa.

2003ko uztailaren 4an, lagun talde bat elkartu eta Ondarroako Bertsozale Taldea sortu zuten.

Lagun talde hura:

           

            Jose Maria Aranbarri Etxaburu

            Francisco Maria Etxaburu Urbieta

            Jose Artetxe Arrizabalaga

            Liborio Urrutia Atxurra

            Jon Arrizabalaga Basterretxea

 

Talde eta elkarte honen helburua honako hau zen: euskararen erabilera eta euskal kulturaren zabalkundea buruan, euskal bertsolaritza eremuan jardutea. Kuriositate gisan, elkarte honen egoitza Ondarroako herrian ezarri zuten. Herritik herrira sortutako talde bat izan nahi zutelako. Egoitzaren kokapen zehatza, Unanue enparantza z/g (Udaletxe zaharra) da.

Lagun talde honek aurretik ere bertsoarekin loturiko ekintzak egiten zituen, baina taldea sortu beharrean aurkitu zen ofizialtasun bat emateko. Gerora egiten ziren ekintzak justifikatu ahal izateko.

Talde honek urte askotan eraman du bertsoaren ardura Ondarroan, bizitzaren legea izan ohi da belaunandien arteko erreleboa ematea. 2013an Ondarroako Udalak, bertsoa sustatzeko ahaleginetan, bertso ikastaro bat atera zuen. Ikastaro horretara, lehengo taldeko Jon arrizabalaga Arri eta Jose Maria Aranbarri Botx, hauetaz gainera beste sei lagun animatu ginen:

 

            Gotzon Iparragirre

            Ander Badiola

            Eñaut Lertxundi

            Bikain Urkiri

            Alexander Idoeta

            Iñaki Lersundi

 

Talde honen gidaritzapean, Eneko Abasolo Abarkas egon zen lehen urtean. Gero, Oihana Enbeita, Eneko Arrate eta Onintza Enbeita etorri ziren. Izenak izen, babes ederra jaso genuen guztiengandik. Ekimen honen xedea ongi pasatzea izan da beti, baina denbora aurrera joan ahala, gure lotsak, beldurrak eta ezinegonak aireratzen eta kontrolatzen ikasi genuen. Horrela bakoitzak bere garapen pertsonaletik amets txikiak ipini eta gauzatzera arte. Abididez, taldeko bik, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan parte hartu dugu. Eta Bizkaiko Taldekako Bertsolari Txapelketan ere parte hartu genuen. Pandemia madarikatuak, gure ibilbidea bat-batean moztu zigun, baina berriro taldetxoa batzeko gogoz eta ilusioz gabiltza.

 

  1. Geltokia: Errege eguneko bertso saioa

Bertso ibilbidea: Ondarroa

Gure hurrengo geltokia bertso saio bat izango da eta, konkretuki, data bat. Urtarrilaren 6an, errege egunean ospatzen den bertso saioa. Ondarroako Bertsozale Taldearen ekintzetako bat izan da errege eguneko bertso saioa antolatzea urteetan zehar.

Urteetan atzera bota eta 2003an jarriko ditugu belarriak. Nik ikusi dudan dokumentazioaren arabera, lehen aldiz bertso saio hau, data horretan izan zela esango nuke.

Dataren berezitasuna eta eguerdian egiten dela jakinik, bertso saio berezia izaten da urtero-urtero. Udalarekin elkarlanean urte guzti hauetan, Ondarroako Bertsozale Taldea antolakuntza eta gai jartzailetza lanetan aritu da. Saioa normalean lau bertsolariz osaturikoa izaten da. Saioaren jokalekua urteetan desberdina izan arren, azken urteetan lehen Kafe Antzokia eta orain Beikozini aretoa izaten da. Beste jokaleku batzuk ere izan ditu, adibidez Bide Onera zinema edo eta Antiguako Ama taberna.

2019ko saioan Andoni Egañaren bakarkakoa, lagin gisa:

 

Gaia: Zer praktikatzen duzu?

 

Zenbat galdera interesgarri

hiru minutuan barna

neronek ere aterea dut

ni naizenaren aztarna

jende aurrean ta plazaz plaza

egiten dut nere lana,

gaurko mundua pentsatzen jarriz

ez ahal da aldatu dana?

irekitasun mentala da nik

maiz praktikatzen dudana.”

 

Praktikatzen dut goizero jaiki

ta gosariko pakea,

praktikatzen dut zutabetxo bat

idaztearen nekea

praktikatzen dut ahulagoekin

daukadan borondatea

praktikatzen dut orain Amari

maite zaitut esatea

hola bakarrik lortu dezaket

zoriontsu izatea.

 

Praktikatzen dut hitzaren lurra

mihia dela goldea

praktikatzen dut Aita-Amengandik

ikasitako moldea

praktikatzen dut gorria eta

ikasi nahi dut morea

horrela nahiko hots politeko

irteten zait akordea

seme-alabei utzi nahi diet

zeozer pixkat hobea.

 

2021 eta 2022an ez zen errege eguneko saiorik antolatu, pandemia zela eta. 2023an Bertsozaleak berriro batuko gara urtarrilaren 6an, saioaz gozatzeko.

 

  1. Geltokia: Guzur Etxea

Bertso ibilbidea: Ondarroa

Guzur Etxea, gure herriko eraikin esanguratsuenetariko bat izan zen. Gaur egun sormengunea duguna, antzina beste jarduera batzuetarako erabiltzen zuten.

Guzur Etxearen albo batean, Itziarrek erabiltzen zuen soroa zegoen. Beste alderdian, Zelaianeko arraina gazitzeko fabrika izan zena lehenik eta gerora Bide Onera zinema  bihurtu zena zegoen. Arta-Bide kalean dago.

Guzur Etxean sareak konpontzen ziren. Beheko solairuan aterpe handi bat zeukan, frontoi txiki batekin. Arrantzaleak hantxe batzen ziren bertatik portuko sarrera ikusten zelako. Egonaldiak luzeak izaten ziren aterpe hartan, berbaldi amaigabeak egiten zirela esaten da eta berbaldi horietan gezurrak ere kontatzen zirela: “Guk 500 kilo hegaluze arrapatu ditugu”. “Guk 450 kilo”. Bakoitzak berea ezkutatu nahian gezurrak esaten zituztela esaten da. Hortik datorkio Guzur Etxea izena. Gezurrak esatea ere sortzea dela esango nuke. Egonaldi horiek errazago eramateko, aterpeko atzealdean ate bat zegoen eskailera batzuekin. Eskailerak igota, Pepeneko sagardotegia zegoen. Sagardotegian Ramon Artolaren bertso hauek sarritan kantaten ziren.

 

            Lenengo sartu tabernan eta

            ateratzen naiz azkena,

            egun guztian zurrutian da

            etzait betetzen barrena;

            hau da edari maitagarri bat,

            erraz piztuten nauena,

            Joxepa Karmen biotzekoa

            bete amabigarrena.”

 

            Kentzen du egarriya,

            alaitzen du oso,

            jartzen daki kantari

dantzan ta garboso,

            urrezko edariya

            edaten da gozo,

            bañan ukalondorik

            ez geiegi jaso.

 

Laurogeiko hamarkadan Ondarroako Udalak, herrian kultur etxe baten premia zegoela eta, Guzur Etxea kultur etxe bihurtu zuen. 1983. urtean, seiehun mila pezetatik gora gastatu zituen Udalak liburu berritan, Udal Liburutegia ere bertan baitzegoen.

Orain hamar bat urte herriko sortzaile, artista eta boluntarioek, Kultur etxea azpierabilita zegoela eta, Guzur Etxi Sormenguni proiektua ipini zuten martxan. Herriko sortzaileentzako lanerako eta sormenerako gune autokudeatu bat izateko asmoarekin. Batez ere auzolanean eta Ondarroako Udalaren laguntzarekin martxan jarri zen proiektu hau.

Ondarroako Bertsozale Taldearen oinarrizko kanpamendua izan dugu Guzur Etxea ordutik.

 

  1. Geltokia: Gaztetxea

 

Bertso ibilbidea: Ondarroa

 

Ondarroako Gaztetxea 1988an sortu zen. Urtebete arinago, Gazte Asanbladak Udalarekin estatutuak onartzea lortu eta Zaldunbideko fabrika zahar bat espazio autogestionatua bihurtu zuen. Bertan esparru askotariko gaiak lantzen ziren: euskara, ekologia, antimilitarizazioa, sozioekonomia… eta batez ere musika taldeen entsegu eta elkargunea izan zen. 1998an ertzainak Gaztetxean sartu eta miatu egin zuten. Hor hasi zen Gaztetxea ixteko asmoa. Gaztetxea, eraikina, egoera txarrean zegoela argudiatuz, Udalaren aginduz itxi egin zuten. 2000. Urtean, errepide berria egiteko, bota egin zuten Gaztetxea.

2003. urtean Udalak astillerun eraikitako eraikineko lokal bat, Gazte Asanbladaren eskuetan utzi zuen. Gaur egun oraindik martxan jarraitzen duen espazio autogestionatu bat da Gaztetxe berria. Herriko gazteen beharrizanak asetzeko gunea da. Era berean, herrian beharrezkoak diren ekintza soziokulturalak egiten laguntzen duen kolektiboa da.

Gazte Asanbladaren bertsoarekiko konpromisoa ederra da. 2016tik 2019ra, urtero, Plazatik Gaztetxerako zirkuituan egon da antolakuntza lanetan. 2018an XVI. Plazatik Gaztetxerako finala, Ondarroako Gaztetxean jokatu zen. Ikaragarrizko giroa izan eta bertso saio ederra entzun ahal izan genuen. Jokin Bergara bertsolari eibartarrak irabazi zuen “txapela”. Hemen berak botatako azken agurra:

 

Lehendabiziko besarkada bat

etorri zaretenentzat

Eibarko peña ezagunak ta

kuadrillako guztientzat

txapel hau doa txapelikan ez

dagoen txapelketentzat

egia esan gogoa daukat

handia denez niretzat

bertso mundutxo honetan pixkat

gehio jarraitzeko behintzat.

 

Horretaz gain, 2017an egin zen Bizkaiko Taldekako Txapelketan, Ondarroako Bertsutan bertsozale taldeak parte hartu zuen. Kanporaketa bat Ondarroan jokatu zen eta Gaztetxea izan zen saio baten testigu. Hurrengo urtean, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako saio bat Ondarroako Gaztetxean burutu zen. Ofizialtasunetik harago, bertso afariak, lagunarteko bertso saioak eta berez sortutako saioak ere aipatzekoak dira. Bertsoa eta Gaztetxea eskutik helduta dabiltza eta ibiliko dira.

 

 

  1. Geltokia: Arri-Botx Binomioa

 

Bertso ibilbidea: Ondarroa

 

Gure azken geltokia Arri-Botx binomioa izango da. Geltoki honetatik, Jon Arrizabalaga Arri eta Jose Maria Aranbarri Botx nahi nituzke omendu. Ondarroan bertsoaren sinonimoa da bikote (binomio) hau.

Arri eta Botx kuadrillan, lagunartean, familian…. hasi ziren kantuan. Hasieran kantu eta bertso zaharrak kantatuz jarduten zuten edozein txoko edota tabernatan. Geroago bertsozaleak izanik, pixkanaka-pixkanaka, euren sormena erabiliz, bat-bateko bertsoak kantatzera jo zuten. Ikusirik gustura aritzen zirela, eta bat-bateko bertsoak ematen zien betekada ederra zela, gero eta sarriago aritzen ziren bertsotan. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan ere parte hartu zuten. Beren bertsotarako trebetasuna azaleratu zenean, herrian bertsolariak behar zirenean Arri eta Botxi deitzen zitzaien. Hauek, ezin esan ezetz eta herriko ekintza, omenaldi eta saio gehienetan kantatzen aritu izan dira azken lau hamarkadetan.

2017an egin zen Antxoa Egunean, Ondarroako Udalak Zilarrezko Antxoarekin saritu zituen Arri eta Botx. Urteetan egin duten bertso ibilbidea eta herrigintzarekiko izan duten konpromisoa eskertzeko.

 

Gaur zilarrezko antxoa ere

etorri da paparrera

eskertzekoa degu benetan

egin dezuen harrera

bertsolariak lehen baginen

jarraitu degu aurrera

kultura, kirol, hileta, ezkontza

kantuz zuen esanera

etorkizuna hementxe dago

bertso eskola bat gainera. (bis)

Jose Mari Aranbarri Botx

Antxoa Eguna 2017ko maiatzak 13

 

Esan behar da gaurko antxoa

ohorea da guretzat

urteetan eindako lana

hartu duzue ta aintzat

aurrera segi egingo degu

dudarik ez euki behintzat

zuen txaloak guretzat eta

gure bertsoak zuentzat

Jon Arrizabalaga Arri

Antxoa Eguna 2017ko maiatzak 13

 

Arri eta Botx bertsolariak

bikote paregabea,

behin hasi ziren bertsotan eta

ezin gelditu ordea. (bis)

Bertso eskolan kantatzea guk

zuekin da, ohorea.

Herri honetan zaretelako

bertsoaren zutabea

ahotsa ta kolorea

ikaragarri ederra baita

jaso dugun ondarea. (bis)

Iñaki Lersundi

Antxoa Eguna 2017ko maiatzak 13

 

 

2015ean, Ondarroako Bertsozale Taldeak ekimen bat ipini zuen martxan, Ondarroako Udalarekin eta Bizkaiko Bertsozale elkartearekin batera. Ekimen hau, Arri-Botx Bertsopaper Lehiaketa izan zen. Arrik eta Botxek urteetan egindako lanari eskerrak eman eta utzitako ondarearen jarraipena izateko asmotan. Bertsopaper lehiaketa hau, hezkuntza arautuan bertsolaritza ematen duten umeei zuzendua dago. Harrobia ereiteko asmotan.

Bukatzeko, hitz hauek erabili nahi dituk soilik. Eskerrik asko, Arri eta Botx.

 

Bertso ibilbidea: Ondarroa Bertso ibilbidea: Ondarroa Bertso ibilbidea: Ondarroa Bertso ibilbidea: Ondarroa Bertso ibilbidea: Ondarroa Bertso ibilbidea: Ondarroa Bertso ibilbidea: Ondarroa Bertso ibilbidea: Ondarroa Bertso ibilbidea: Ondarroa Bertso ibilbidea: Ondarroa Bertso ibilbidea: Ondarroa Bertso ibilbidea: Ondarroa Bertso ibilbidea: Ondarroa Bertso ibilbidea: Ondarroa Bertso ibilbidea: Ondarroa Bertso ibilbidea: Ondarroa Bertso ibilbidea: Ondarroa Bertso ibilbidea: Ondarroa Bertso ibilbidea: Ondarroa Bertso ibilbidea: Ondarroa Bertso ibilbidea: Ondarroa Bertso ibilbidea: Ondarroa Bertso ibilbidea: Ondarroa