Bertso ibilbidea: Markina-Xemein
Markina-Xemein 1952. urtean sortu zen Markinako hiribilduak eta Xemeingo elizateak bat egitearen ondorioz. Artibai eta Urko ibaiek topo egiten duten herri menditsu honen izenaren lehen zatiak asko esaten du bere kokapen geografikoaz. Izan ere, zenbait teoriaren arabera, Markinak “marka” edo “marra” hitzetan dauka jatorria. Hainbat udalerri ditu mugakide: Amoroto eta Berriatua iparraldean, Etxebarria eta Mendaro ekialdean, Eibar eta Mallabia hegoaldean eta Aulesti eta Ziortza-Bolibar mendebaldean. Hala ere, mugak aipatzekotan 70eko eta 80ko hamarkadetan apurtutakoak aipatuko lituzke hemengo askok. Ehunka izan baitziren Pilotaren Unibertsitatea goitizenez ezagutzen den frontoitik amerikak egitera joan ziren gazte zestalariak. Asko joan ziren Filipinetara, Kubara edo Estatu Batuetara Jai Alaiaren urrezko hamarkadetan, baina ez pentsa gutxi direnik Done Jakue bideari jarraiki gure herria igaro asmoz etortzen diren erromesak ere. Gaur, makilarik eta maskorrik gabe, baina bertsoak gurean duen bideari jarraituko diogu.
Kalamuatik Santa Eufemira
bitartin dago Markina
oraintxe dala seirehun urte
edo aurretik egina
jaiotakoak eruten dira
bautizatzera Xemeina
heriotzia datorrenian
daukagu bide berdina (Juan Ibarzabal Buztarri)
Markina-Xemein –
1.BIZENTA MOGEL PARKEA
Gure lehen geltokia Bizenta Mogel parkea izango da, karmeldarren komentuan erromesentzako dagoen aterpetxearekoa hain zuzen. A, eta egon lasai, ez gaude Lekeition edo Ondarroan, eta bertan dagoen aparkalekuan aparkatzea nahiko erraza izango da. 2019ko apirilean zabaldu zuten parke hau, udaletxe ostean dago arbola mota askotarikoz eta umeentzako jolasgune batez hornitua. Parkearen erdian, argi eta ur txorroten artean, Bizenta Mogelen berbak jasotzen dituen plaka dago; honela dio:
Asi bear da ta jarraitu
aurreratuco bada.
Asieran ez dira gauzac
osotuac ecusten.
Geldica egiten dira
aurrerapenac. (Ipui Onac, 1804)
Bizenta Antonia Mogel Elgezabal Azkoitian jaio zen 1782an. Gaztea zela aita hil zitzaion eta, ondorioz, Markina Xemeinen zeukan osaba Juan Antonio apaiz idazlearekin bizitzera etorri zen, nebarekin batera. Osabarengandik jaso zituen ikasketak eta, behin eta berriro, hark animatu zuen iloba idaztera. Bizenta animatu bakarrik ez, are gehiago, euskaraz idatzi zuen lehen emakumetzat hartu izan da, eta emakume idazle eta ikasia izateagatik azalpenak eman behar izan zituen. Idazlea izateaz gain, itzultzailea ere izan zen, eta emakumeen hezkuntzarako eskubidea aldarrikatu zuen. 22 urte zituela, 1804an argitaratu zuen Ipui Onac alegia bilduma, eta garai hartako emakumeenganako ustearen adierazgarri dira liburu honen sarreran agertzen diren hitzak:
Badakit, enzunaz beste gabe, neskatx gazte baten izena dagoala itxatsirik liburutxo onen aurrean, jardungo dutela siñuka ez gutxik, diotela beren artean, iñoren lumaz janzi nai duela bela txikiak; au da, besten bearrak artu nai ditudala neretzat: ez dagokiola neskatxa bati bururik ausitzea liburugiñen: asko duela gorua, naiz jostorratza zuzen erabiltzea.
Alegialaria izateaz gain, bertso jartzailea ere izan zen Bizenta. Erlijioa, morala eta ohitura onak ziren mintzagai bere bertsoetan eta foruen zein euskararen defentsa ere egin zuen. Hurrengo bertso sorta bizkaitar ona izateari buruz idatzitakoa da, zurruteroei eskaintza eta guzti: “Bizkaiko nekezalientzat Gabon jaietan kantetako arratsetan pitxerraren aurrian”.
Lengua da mundua
lengo ekenduak
ohitura txarrak beti
ondo sakonduak
Lur atxurtuan daukez
erruak botarik
ez ditut aterako
inolaz sustraitik
Ardaua ta pipia
dabiltzan artian
bakia faltako da
etxe ta kalian
Txakolina morkuan
okela erria
emazte ta umiei
erremuskadia
Gizon gazte bat bada
biargin zintzua
elexa zalia ta
ez tabernakua
Neskatillak darue
esan lotsa barik
“ez dot ez neuk hartuko
holako txaldanik”
Ze lagun hartzen dozun
ondo begiratu
gero noraezian
ez dedin damutu
Munduko esamesei
ez arren jarraitu
ta argitu zaitzala
Jaunari eskatu
Berrehun urtetik gora igaro dira Bizenta Antoniak Euskal literaturaren historian arrakala sortu zuenetik, eta, neurri batean, iraganeko arrakala horietatik loratu zen ondorengo mende eta urteetako bertsolaritza. Seguru nago Bizkaiko bertso munduko emakumeen* lehen topaketan elkartu ginen 60 kideek bere eskulturaren aurrean ateratako argazkiak pozik jarriko lukeela Bizenta.
2. PLAZABARRIPEA
Bizenta Mogel parkea atzean utzi eta, udaletxe ertzetik, Goiko Portala zeharkatuko dugu. Bertan dago herriko ikurretako bat, historikoki Karmengo iturri gisa ezagutu dugun Goiko Portaleko iturria. Mugikorrik gabeko garaietan lagunak non zeuden jakiteko bertara 16:30ean hurbiltzea aski izaten genuen. Zebrabidea pasatu eta gure hurrengo geltokira ailegatu gara: Plazabarripea. Kultura aretoa eta frontoi txikia daude han. Hala ere, toki honetan historiaren parte handiena bere hormek biltzen dute edo zuten. Urteetan zehar herri mugimenduek ereindakoaren fruituak pareteko muraletan aurkitzen ziren. Herrigintzak emandakoaren erakusleiho nagusia zen Plazabarripeko horma. 2020an, ordea, Udalak guztia berritzeko ardura eman zion kanpoko bati. Horrek herriko eragile askoren haserrea piztu zuen eta mural zaharkituak modu kolektibo batean berrizteko aukera ukatu.
Ohikoa da euria ari duenean aterpe honetan jubilatuak aurrera eta atzera paseoan ikustea edo gaztetxoak neguan litxarkeriak jateko igandeetan bertan elkartzea. Gazte eguneko edo greba feminista eguneko bazkariak ere egin izan dira bertan. Urrutira joan gabe, iazko maiatzean, Gazte Asanbladak antolatutako Gazte Eguna bertan ospatu zen eta kaferako orduan bertsoek lekua eduki zuten.
Hala ere, toki honetan bertsoaldi gogoangarriren bat egotekotan Justo Alberdik Kristina Mardarasi eskainitako maitasun aitortza da. Zuzenean bizi izan genuenok seguru memorian iltzatuta daukagula lau oinak emanda iurretarrak 2017an Bizkaiko Taldekako Txapelketaren lehen edizioko finalean bota zuen ondorengo bertsoa:
Gaur oinak kantatzeko
doinuan beharra
Kristinak emon deusta
albotik indarra
bene-benetan dot nik
berori izarra
eta neure bizitzan
behar dodan iparra
Final eta urte hartatik Kristina Mardarasek bukaerako puntua emanda osatutako bertsoa ere ekarri nahiko nuke gogora:
Gabriel Arestik modernizatu
zuen aspaldiko laia
eta herrian aldaketa asko
ekarri edo usaia
aspaldi baten itxuraldatu
ikuspegi edo bisaia
gaurko egunez ikus daiteke
anitza dala Bizkaia.
Kristinak miresmenez egin zion erreferentzia XX. mendeko Euskal literaturaren berritzaile nagusienetako bati, baina Kristina bera ere erreferente garrantzitsua da bertsogintzan, euskalgintzan eta herri mugimenduan oro har. Izan ere, Bizkaiko bertsogintza anitza da 1982an 34 urte zituen Kristina Oromiñoko San Marko jaietan gizonez inguratuta bere lehen plaza egitera animatu zelako. Emakumeen ahotsa plazara eraman zuen, kalean prakak janztea eta oholtzan gonekin kantatzea aldarrikatu, eta emakumeak etxean josten aritzetik plazan jostera atera zituen. Bere atzetik eta bere babespean igo ziren emakume gehiago oholtzara. Hain zuzen, erreferenteez eta belaunaldiartekotasunaz jardun ziren Onintza Enbeita, Enare Muniategi eta Aissa Intxausti Bizkaiko bertso munduko I. Emakume* Topaketetan Plazabarripean egin zen bertso saioan. Aurreko belaunaldiei zer eskertuko lieketen galdetu zien Ainhoa Urienek, hemen eurek esandakoak:
Onintza Enbeita:
Ez geneukan norantza
bota begirada
Kristina agertu zan
eta danok hara
Iratxegaz plazetan
be ibili gara
ezerezean sortzen
horrenbeste traba
existitzea ere
eskertzekoa da.
Enare Muniategi:
Geur eskertzeko bada
egunen harira
ta eskualdean be
batzuk ai badira
Bi herri harantza ein
ta Muxiken tira
Ta gaurko kili-kili
ta tripan distira
orain zugaz kantuan
lehen zuri begira.
Aissa Intxausti:
Izan zarete ia
gure bertso ama
ai errez ez duzuenak
izan panorama
eta guk jaso dugu
hor zuek emana
ta nola ez eskertu
egindako lana
batez ere bidea
xamur utzi izana.
3. UNI PILOTALEKUA
Bidea zabaldu dutenez ari gara, baina bidean oinez segi beharko dugu gure hurrengo geltokira iritsi nahi badugu behintzat. Ez gara asko nekatuko, hiruzpalau pauso eman eta UNI pilotalekuko atea parez pare aurkituko dugu. Hasieran aipatu bezala, askorentzat Markina-Xemein puntisten herria da, eta Nerea Ibarzabalek 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan jokatu zen finalaurrekoan oso ondo deskribatu zuen frontoi honek barnebiltzen duen giroa:
Ze harrera beroa
ze giro atsegin
etxean jokatzea
inoiz ez da berdin
lotsaz nator kolorau
ta nerbioz urdin
ttik-ttaka nahiz rebesa
oinak beti arin
gaur saio estelar bat
nahi genduke egin
bertsoa jai alai bat
bilakatu dadin.
Pilotaleku honetan bertsoa jai alai bat bakarrik ez, aldarrikapen, omenaldi, txapelketa, poz eta min izan da. Ameriketaraino agian ez, baina, puntuz puntu, asko bidaiatu dugu toki honetan aditutako bertsoaldietan. Jo dezagun 2001era eta ekar ditzagun Aitor Mendiluzek bikote drogazaleari eskainitakoak. Ziur nago oraindik ere azala oilonarrutzen zaiola asko eta askori. Honela zioen Markina-Xemeinen jokatu zen finaularrekoan Mendiluzeri egokitu zitzaion gaiak: “Erabat maiteminduta zaude neska bategaz. Badakizu droga arazo larriak dituela berak. Ezin duzu burutik kendu”.
Mendiluze
Sudurzulotik sator-zulora,
hilkutxa, meza, malko ta lora;
laburtuz zoaz horretarako
geratzen zaizun denbora. (bis)
Behin lortu zenuen droga,
egin zenuen aproba,
eta orduan gustora;
baina konforme ez eta hortan
jarraitu dezu gerora;
arrisku hori merezi badu
oso ona izango da. (bis)
Guraso jator batzun alaba,
daude ez irri ta ez algara,
gogorregia egiten ari
baitzaie azken bolada. (bis)
Ta inor kezkatzen bada,
berandu omen da jada;
betiko aitzakia, hara.
Saiatu egin omen zera ta
ezin omen duzu laga;
maite zaituzten guztien mina
baino gehiago al da ba? (bis)
Jada ez zaude zeure onean,
pozoia dezu zainen barnean
ta sinistu nahi ez duzun arren,
hilko zaitu azkenean. (bis)
Gainditu behar denean,
saiatu gogor lanean
lagun denen izenean;
eta ez zazu beldurrik izan
larritzen zeran unean,
zure ondoan egongo bainaiz
hala behar nauzunean. (bis)
Txapelketa kontuak utzita, gure herrian bertsoa eta pilotalekua gauza batek lotzen ditu guztiaren gainetik: urtero egiten den Kontzepzio eguneko bertso jaialdiak. Bertako eta inguruetako herritarrek gure iruditerian dauzkagu Durangoko Azoka garai bueltan abenduaren 8ko jaialdiaren berri ematen nonahi aurki ditzakegun kartel fosforitoak, urtero letra berdinez, urtero formatu berean, baina urtero berezi. Agendan markatuta daukagun data da, bertsozaleak eta ez hain bertsozaleak biltzen dituena. Amaiur elkarteak antolatzen du eta puntako bertsolariak aritzen dira kantuan. 40 urteetan behin baino gehiagotan geratu dira kantxa eta harmailak txiki, eta azkena, 2023ko abendukoa, ez zen izan salbuespena; 1.000 entzule inguru elkartu ginen bertan. Hainbeste izan dira bertan abestutakoak, ez naizela gai izan bat hautatzeko. Horren ordez, atera agenda eta biribildu 2024ko Kontzepzio eguna, zita bat daukagu UNI frontoian.
4. UHAGON
Pilotalekutik aterako gara orain. Markina-Xemeingo zelaian behera abiatuko gara eta Alde Zaharrean murgildu ordez, aurrera egingo dugu 1925ean zabaldu zuten Esperanza y Cia S.A armagintza enpresa dagoen noranzkoan. Orain arte ez dut aipatu baina herri honetan hainbat jauregi eta dorre daude. Gaytan de Ayalaren Patrokua jauregira iritsi gara. Gaur egun Amankomunazgoa dago bertan. Bere parean Uhagon kulturgunea dago, garai batean kuartela izandakoa. 2005ean zabaldu zituen ateak Uhagonek eta, ordutik, kultur eskaintza zabala jarri du herriaren eskura. Eraikinaren barruan hainbat gela eta kafetegia daude. Hala ere, toki honen parte ederrena kanpoan duen lorategi zabala da. Hor ospatzen da Karmen egunez uztailaren 16an urtero egiten den bertso saioa. Gurea tradizioan errotutako herria izanik, egun horretan ohikoa da familia giroan bazkaltzea. Askok eta askok igandetako arropak ateratzen dituzte armairutik. Arratsaldean agenda soziala erdibitu egiten dela esan genezake: bertsotara edo zesta partidara. Inor eta ezer gutxietsi gabe baina… galtza motzetan hurrengo argazkian ikusten den parajean, zerbeza eskuan, belarriak bertsoz goxatzea baino plan hoberik ba ote? 2022ra joango gara eta Alaia Martinek eta Igor Elortzak terraza horretan abestutakoek konbenzituko zaituztetelakoan nago. Amaia Errastik eurek egindako edo esandako zertaz damutzen diren galdetzean, honela kantatu zuten:
Alaia Martin
Zail dira esaten mila bizipen
ta sentimendu ulergaitz
gure barruan zenbat zalantza
ta zenbat ideia ekaitz
hanka sartu dut ta ateratzen
nahiz ta ez asmatu garaiz
damutzen naizen kasu askotan
damutzeaz damutzen naiz.
Igor Elortza
Gauza konkretu batzuk esaten
ia saiatu gaitezan
nik bertso maisu Jon Lopategi
euki neban lehen ehizan
niretzat maisu ta bizitzako
ia aita bera hura zan
Uste dot berak baekiela
baina esan ez neutson esan.
Alaia Martin
Nahiz maitasuna adierazteko
egon itxaropenean
maiz gordetzen da esan indarra
gure barren-barrenean
nik alderantziz jokatu izan dut
amorruaz gehienean
enaiz ezertan kexatu izan
min egin didatenean.
Igor Elotza
Esanbakoen luzera dauka
esanen damu zerrendak
amarengana joaten naz ta
ez dakizue ondo zenbat
Esan gura ez ta urteten jat
beti txarto esanen bat
ta damutuarren hurrengoan be
barriro be urteten jat.
Alaia Martin
Izaten dira maiz amodio
erakustaldi barauak
edo luzatu egiten dira
nahi ez genituzken gauak
Baina batzutan zurrunegiak
dira barruko arauak
Kulpa, damua ta hoiek dira
nahiko sentipen kristauak.
Igor Elortza
Eginbakoen damuetara
oin begirada bat jaso
Txapelketetan sarri pentsau dot
eraso ein behar dot, eraso!
Doinu gatxenaz topera jo ta
gero hara ailegau ta paso…
Igual niretzat ja berandu da
zuretzako ez akaso.
Alaia Martin
Ez dakit beti gorpuzten dugun
txapelketaren mamua
bihur daiteke eztarri bueltan
trabatzen zaigun amua
baina nahiago ez ihes egin
ta esan nigandik banua
ez damutzeko akuilu gisa
bizi behar da damua.
Igor Elortza
Libre izan gura dogula baina
ba ete gara libreak
esan ta eginaz ipini doguz
gaur biok adibideak
baina hori bai, ez dodaz damu
bertso plazako bideak
ondo eginak, txarto eginak
guztiak dira nireak.
5. GAZTETXEA
Damuak lekurik ez duen tokira eramango zaituztet orain. Uhagonetik irten eta aldapan gora jarraituta, Xemeingo eliza ezkerrean utzi eta Akerbeltz gaztetxera sartuko gara. 2008an ireki zituen ateak Akerbeltzek. 15 urte luzetan, gazte asanbladako kideek okupazioz, autogestioz, feminismoaz, iraultzaz, konpromisoz eta militantziz blaitu dituzte bertako hormak. Ametsak egia bihurtzeko eta mundu grisa koloreztatzeko ahaleginean, bertsoek leku berezia izan dute akerbidean. Azken urteetan dataren bat aldatu arren, urtarril bukaera inguruan Akerbeltz Bertso Txapelketa ospatzen da. 2009an gazte asanbladako zenbait bertso zaleren ideia izan zen ekitaldi hau sortzea. Lehenengo biak txapelketa arruntak izan ziren, baina harrezkero etorri direnak bakarrak eta bereziak izan dira; tematika bati lotuak, bertsolariak mozorrotuta igotzen dira oholtzara, afariak ere gaiarekin bat egiten du eta gaztetxea goitik behera eraldatzen da bertso showak eskatzen duen girora egokitzeko. Asko izan dira Akerbeltzen ospatutako txapelketak: Bertso Boxeo Izarrak, Amaiurko Bertso Guda, Boiseko Euskal Etxea, Bertso Zirkua, Olinpiadak, 12 Bertso Probak, Markinaldeko Merindadearen Historia, Bertso Indusketa, Urrezko Akerbeltz, Kabareta, Euskobision… Saio honek gauza berezi asko ditu, baina bereziena agian da, normalean plazan kantuan aritzen ez den jendea kantura animatzen dela. Badaude bakarrik saio honetan abesten dutenak edo saio honetan lehen plaza egin dutenak.
Memorian eta bihotzean mila momentu eta bertsoaldi dauzkagu grabatuta bertan kantuan zein entzule gisa egon garenok. Askotan ikusi dut gaztetxea barrearen indarrez eztanda egiteko puntuan. Une gogoangarri horietakoa da Lander Ibarluzea Aitxuluak botatako bertso estratosferikoa. Martxoaren 8a zen eta Nerea Ibarzabalen eta Aitxuluaren emazteek greba egitea erabaki zuten. Etxean ezer gutxi egiten dakiela ikusita, Aitxulua Nerea lagunarengana joan zen laguntza eske eta Lili Marlene doinuan publikoa lurretik irrintzika utzi zuen:
Martxoak zortzi heldu
da gure aproba
etxean bakarrik ez
andre ta ez loba
zeuri galdezka noa
nik daukat ganora
“estarlusa” botata
hil dut labadora.
Joseba Sololuze ere txapelketa honen hasieretatik buru-belarri bertsolari eta antolatzaile gisa inplikatu den horietakoa izan da. Zaila da publikoki beste plaza batean bera aditzea, baina urteroko zita honetan asko izan dira oparitu dizkigun bertsoaldiak. 2016an garaipenaren atxurra eskuan zuelarik honako agurra eskaini zion berak hain gertutik bizi izan duen eta egun hau posible egiten duen lan taldeari:
Hasiera hartako hazi
hura noraino zen hazi
erdi txantxetan zen hasi
ta hau AkerBEC da kasi
Gau honi esker jende ezberdin
askorekin naiz nahasi
ta orain dena denean poza
euforia ta extasi
jende horrek egin duen lan dena
nahi nuke gogorarazi
atxurra eskuan daukagu baina
gaur ere eurek irabazi.
6. ARRETXINAGA
Etorri garen bidetik, herria inguratuz, Arretxinaga auzora joango gara. Auzo berezia eta izaeraduna da. Etimologikoki Arretxinagak “harriak dauden edo harriak botata dauden lekua” esan nahi du. Bertan San Migel baseliza dago eta, barruan, 40 milioi urte inguru dituzten hiru harri erraldoi. Hipotesi zabalduenaren arabera, harriek jatorri geologikoa dute eta baseliza horiek babeste aldera eraiki zen. Harri horien artean aritu ginen bertsotan Xabat Galletebeitia eta biok 2019an. Eregiz doinuak lana ardatz, herri kultura, folklorea eta artistak bat egiteko ekitaldiak antolatu ziren herrian. Oholtza emanaldiaren barruan, eskultura eta bertsoa uztartu ziren. Beñat Krolemenek argi eta baliabide desberdinekin eskulturak egin ahala, Galletebeitiak eta biok gure sentipen, postura eta emozioetatik abesten genuen.
Kuriositate horretaz harago, Arretxinagak bertsoarekin lotura handia dauka. San Migel jaiak ospatzen dira bertan, eta bertso bazkari, bertso poteo eta bertso ekitaldiek tartea izaten dute egitarauan. Iazko jaietan adibidez, Ez Da Kasualitatea bertso saio musikatua egin zen eta, beste behin, jendeak bertso gosez dagoela erakutsi zuen. Giro aparta sortu zen.
Dena den, tradizioak garrantzi handia dauka auzo honetan, eta ondo dakigu bertsoa eta dantza tradizioaren parte direla gure kulturan. Arretxinagaz hitz egiten dugunean ezinbestekoa da irailaren 29an, santuaren egunean, gaueko 12etan, herriko Zerutxu Dantza Taldeak Mahai Ganekoa dantzatzen duela aipatzea. Momentu berezia da eta hainbat jende biltzen da bertara une horren testigu izateko. 2022an, lehen aldiz, emakumeek ere egin zuten dantza mahaiaren gainean. Dantzariak biribilean egoten dira eta erdian mahai luze bat ipintzen da, puntan alkatearen papera betetzen duen pertsonaia dagoela. Dantzariek, banan-banan, alkateak emandako ardo kopari tragoa eman eta dantza egiten dute mahaiaren gainean; lehenengo, bakarrik, eta gero, atzetik bere ondora datorren hurrengo dantzariarekin. Dantza eta antzerkia bertsoek laguntzen dute. Honela dio dantzaldiak iraun artean denok batera abesten dugun sortak:
- Horra hor goiko arestitxu baten
kukuak umeak egin dozak aurten
Kukuak egin amilotxak jan
axe bere kukuaren zoritxarra zan.
- Amilotx horri kukuak dirautzo
ezauat itxiko gaur hazur bat oso,
umejaleak erantzunentzat
diño hire ardurarik etxaukat.
- Neska mutilak gogor dantzan egin
mahai honen gainean izterrari eragin.
bihotz alaia beti geuria
zirkin eta zirkin arduratzen ez bada
- Kukua dabil zuhaitz artetik
amilotxa minaz minaz beterik.
Amilotxak diño zuhaitz zulotik
ez haiz hi sartuko nire lepotik.
- Ezin neikela hire lepotik
txitxal gaiztu horrek ondo dakik hik.
Baina irteten bahaiz zulo horretatik
ez haiz aldenduko heriotzatik.
- O txori bihotz zomorrekua
ondo samindu dok neure barrua.
Baina eginda daukat juramentua
hiri emateko bien bien pagua.
7.BUZTARRI
Honezkero, hainbeste kanturen ostean, egarrituta egongo zaretela imajinatzen dut baina lasai, gure azken geltokian barra dago eta nahi duzuena eska dezakezue. Herriaren alde zaharrerantz abiatuko gara, Okerra kalerantz hain zuzen (bai kalearen izenak berak pista dezente ematen ditu bertako giroaz). Kale erdia pasatuta, Buztarri tabernan sartuko gara, Mikel eta Kepa egongo dira bertan, gure herriko kamarero finenetakoak, alegia. Taberna hau langile askoren eskuetatik pasatatukoa da, baina beti bere esentzia mantendu izan du eta horregatik da herriko gazteen artean hain maitatua. Bertso saioak bertan egitea proposatu izan den bakoitzean pozik hartu dute gonbidapena, hartu eta antolatzen lagundu. 2015ean, adibidez, Orioko eta Markina-Xemeingo bertso eskolen arteko desafioa jokatu zen bertan; 2017an, hernaniarrekin berdin egin genuen. Bizkaiko taldekako kanporaketak ere egin izan dira hemen. Bertsoak taberna honetan irudi nagusi bat dauka, ordea: errege bezperako bertso poteoan bertsolariak barra barrutik kanpora abesten eta taberna txikia gainezka, poxpolo kaxa bat bailitzan. Ez dakart une horretako bertsoaldirik, badakizue… taberna barruan ordu horietan gertatzen dena bertan geratzen da eta listo.
Dena den, tabernara itzulita, ziurrenik bati baino gehiagori Buztarri izena esanguratsua egingo zitzaion. Juan Ibarzabal Buztarri 1924an jaio zen Markina-Xemeingo Erlatx baserrian, eta egungo Buztarri tabernaren jabeak bertsolariaren oinordekoak dira. Juan Ibarzabali ezizena uztargile ofizioak eman zion eta bere bizitzak buztarria (uztarria) eta bertsoa izan zituen ardatz. Bizkaiko Txapelketan ere parte hartu zuen zenbait alditan, eta, 1977an, Markina-Xemeingo bertso eskola sortu zuen Justo Zabalarekin batera. Bertsozaletasuna txikitatik jaso zuen: aitak bertsotan egiten zuen gabonetan eta gari-jote sasoian, eta bere ama zenak juizioko bertso zaharrak abesten zizkion. Eta, hain zuzen, amaren heriotza goiztiarrak markatu zuen Buztarriren bizitza. Berak 18 urte baino ez zituen ama galdu zuenean. Hurrengo bertso sorta hari eskaini zion:
NIRE AMAREN HERIOTZA
Mila bederatzirehun
berrogeita bata
otsailak hogeita bi
eta larunbata
hamarrak baño leno
bederatzik jota
goiz hartan hartu gendun
disgustu galanta
hura baizan negarra
amatxo hil zan ta.
Ama maitegarria
juan zinan mundutik
ia entzuteidazun
zagozan lekutik
horra bertso batzuek
semian agotik
beti zugaz pentsatzen
goizean goizetik
nik etzaitut ahaztuko
mundukuakaitik.
Azkeneko arnasa
eman zendunian
hantxe egondu nintzan
ohian barrenian
nik ahal izan nuenik
modu onenian
otoitz egiten nuen
zure izenian
ama zeruratzeko
bide zuzenian.
Bular ganin harturik
esku ta besuak
tristiak izan ziran
orduko pausuak
aitak amarentzako
malko ta mosuak
hori ikusi gendun
fameli osuak
hor azken partiera
gure gurasuak.
Kanposantuan sartu
igande goizian
entierrua egin
lenako klasian
senidiak guztiak
hara batu zian
lerrak egin genduzen
ama hil ostian
neri etzat ahaztuko
bizitza guztian
Amaren figura oso presente egon zen Buztarriren bertso ibilbidean. Bere ofizioak hala eskatuta, etxerik etxe jarduten zuen, eta bere hitzetan, ama eta amama on asko zeuden munduan eta batik bat Euskal Herrian:
Gure aurreko amonak
gugaz munduan egonak
hainbat izardi bere denboran
lanian emonak
bardin ondorengo amak
merezi dituzte famak
bizirik geratzen zaretenoi
nere partez zorionak (bis)
Buztarrik guztion amei egindako omenaldiarekin heldu gara bukaerara. Zorionez, bertsoak askoz leku gehiago izango ditu Markina-Xemeinen, baina azken hau ez da txarra gaurko ibilbidea zarratzeko. Bertsoak tragoak gisan behar du, azkena inoiz ez. Beraz, espuela nire kontu eta hurrengo bertsoaldia zuek jarri.
Ibilbide hau osatzeko hainbat iturri erabili ditut:
https://bdb.bertsozale.eus/uploads/liburutegia/xdz5_ld_000067.pdf
https://pmb.ldd.fr/estekak/ikas/Berria/201001/20100102_05_Buztarri.pdf
http://www.euskara.euskadi.net/appcont/sustapena/datos/bizenta.pdf
https://markinaxemeinturismoa.eus/
https://eu.wikipedia.org/wiki/Azala
https://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/