Bertso ibilbidea: Lesaka

Estitxu Arozena eta Eneko Fernandez-(r)en argazkia Estitxu Arozena eta Eneko Fernandez 2024-05-10

Lesaka –

Herriko bestak beti izaten dira

gazte guztientzat gozamena

goratu dezagun denok Lesaka

herri polit eta txukunena

 

Lesakari, herri maiteari

txoko politagorik ez dugu ikusi

Agur beti, gure Lesakari

denok aitortzen dugu maitasuna zuri

 

Eneko Fernandez

80ko hamarkadako dantzaldi taldeek euren errepertorioan zuten kanta. Herriz herri, herri bakoitzean bertako izena sartuz abesten zen, noski. Olentzerorena ez ezik, abesti honen originalaren jabetza aldarrikatzen dugu lesakarrok.

Harro erran genezake, bertso ibilbide batek ere abiatoki parrasta lituzkeela Lesakan, oraindik geltokirik gabekoak, aunitz. Bertso ibilbide baten lehen ideia (dokumentatua) hasi zen 2021eko Nafarroako bertso eskolen egunean fisikoki ibilbide bat egin beharrarekin. Bertsoarekin lotura estua duten toki esanguratsuenak mapa mutu batean kokatu eta ibilbidea egin genuen. Harriondoa kultur etxetik hasi, landazelaietan barrena, Zanbra zenaren ataritik pasa, Otsango aldera hartu, Bikaizti baino lehenxeago bidaxka hartu eta Nabazera. Auzoko errepidean beheiti, Linddurrenborda sagardotegi aldetik herrira itzuli eta Bittiria karrikan barna, herriguneko puntu esanguratsuak bisitatu genituen. Harriondoara bueltan, ibilbidean zehar emandako azalpenekin gurutzegrama bat osatu zuten taldeka.

Bertso Eskolen egun hartan egindako jolas hura baliatuz, Lesakako bertsolaritzaren historia islatuko duen mendi ibilbide interaktibo bat osatzeko proiektua martxan jarri zuen Irain eskolak. Horrela, Lesakako bertsolaritzaren ibilbide interaktiboa proiektua eskola komunitate osoak, Bortzirietako bertso eskolarekin lankidetzan, landuko duen proiektua izanen da; hau da, ikasle, ikasle ohi, maisu-maistra eta familiak.

Lesaka
Lesaka. Arg: Santi Agirre

Proiektuak hainbat zati izanen ditu:

  1. Ibilbidea osatuko duten puntuen deskribapenak osatuko dituzte. Puntu horiek Lesakako bertsolaritzarekin hertsiki lotutakoak dira.
  2. Lesakako bertsolari guztien biografiak idatziko dituzte ikasleek.
  3. Bertsolari bakoitzari, biografiaz gain, bere bertso sorta bat atxikiko zaio (Ahal den neurrian, beraiek aukeratutakoa).
  4. Bertso sorta horiek grabatu eginen dira (ikasle, bertsolari eta musikarien artean).
  5. Egindako lan guztiak webgune batean egonen dira ikusgai.
  6. Mendi ibilbidea osatuko da, bere seinale eta guzti
  7. Seinaleetan webgunearen QRa egonen da, biografiak, deskribapenak eta grabazioak ikusgai eta entzungai egonen direlarik. Ibilbidearen Trackaren QRa ere ibilbidearen seinaleetan egonen da eskuragai.

 

Aurrekari horiekin jaso genuen Bertsolari aldizkariko bertso ibilbide bat prestatzeko enkargua. Honatx, Lesakara etortzen bazarete egin dezakezuen bertso ibilbidea:

 

  1. Plaza Zaharra:

Lesakako Plaza Zaharra herriaren erdigunea da. Lesakara inguratzen den pertsona oro bertatik pasako da momenturen batean. Hainbat bertso saioren testigu izan da Plaza Zaharra, sanferminetako urteroko bertso saioa bertan egiten delako, bai eta Ferietako urteroko bertso saioa ere. Plaza eta bertako kioskoaz gain, urteek zizelkatutako etxe dotoreak daude han, Herriko Etxea barne. Eta Herriko Etxe horretan eman zitzaion hasiera aro modernoko Nafarroako Bertsolari Txapelketari, bere aurrekaria izan zen Paulo Yanci sariketarekin. Paulo Yanci Lesakako bertsolaria izan zen XX. mende hasieran, sortzez igantziarra izan arren. Hamaika bertso idatziren egilea, bere lanak Antonio Zavalak idatziriko Paulo Yanci eta bere lagunen bertsoak liburuaren bidez ezagutu ditugu, haren seme Pepito Yanci akordeoilari ospetsuak (bere garaian “munduko akordeoilaririk onena” izendatua) hala kontatuak. Orotariko bertsoak aurkitu ditzakegu liburu horretan, doinu, neurri eta gai askotarikoak jorratzen dituztenak. Horien artean, Afrikako gerrarenak, ondoren Xabier Lete, Antton Valverde eta Julen Lekuonak ezagun egin zutena.

1922an Afrikan gerra eta herriko gazte aunitz joan omen ziren bertara. Paulo Yancik, hori ikusita, bertsoak jarri zituen gerrari buruz eta militarren aurka. Hori horrela izanik, militarren belarrietara ailegatuta, debekatu egin zioten bai bertsoak zabaltzea, bai bertsoak kantatzea ere. Paulok hala eginen zuela erran zien. Baina etxean kantatzen zituen, baita jendeak ostatuetan ere. Eta, tarteka, bertsopaper horiek inguruko herrietan agertzen ziren, arratsetan gordeka norbaitek zabaldurik.

 

Lesaka

 

1-

 Bertsuak jartzen naiz asi

kopiatuaz ta guzi,

nai ditubenak ikasi;

Afrika aldera oraingo aldiyan

gazteri aundiyak duazi;

diote adiderazi,

ez deIa juan biar igesi;

amak negarrez daudezi.

 

2-

Erriyetan jarri nota

esperuan dagola flota

enbarkatutzeko tropa;

deitu dituzte lizenziatuak,

excedente ta kuota;

eman fusil eta arropa,

balaren artera bota,

etzaizkiyo asko gosta.

 

3-

Artu manta ta motxilla,

juana bada asko milla

moru artera Melilla;

eben burúan defenditzeko

rnatxetia ta fusilla;

76 ogei urtetan mutilla,

obediente ta umilla,

bizi jokatzen dabilla.

 

4-

Asiya naiz adbertitzen

gaxuak nola dabiltzen

atakian elkar iltzen;

soldado oien ama tristiak,

egon zaitezte aditzen:

gaba eta egun sufritzen,

nola zeraten aritzen

gerrako seme azitzen?

 

5-

Gaxuak balan artian,

gaur Afrika’ko partian,

moruekin atakian;

pena aundiyak utzita juanak

bakotxak eben etxian;

dabiltza malamentian

gostiak ogei urtian,

ez ortarako ustian.

 

6-

Españi’ko soldaduak,

zuri, seme onraduak,

leialak eta brabuak;

zer defenditzen den jakiñ gabe

Afrika’ra bialduak,

an gerrillan zabalduak,

gose-egarriyak aulduak,

asko betiko galduak… *

 

* Bertso sorta hau 25 bertsoz osatuta dago

 

 

  1. Arrano.

Arantzako Ekaitza elkartean hasi zen Bortzirietako Bertso Eskola. Haiziak edo ekarriko zuen handikan honuntza, baina urtebete baino lehenago Lesakako Gure Arrano elkartean pausatu zen. Ordurako sanferminetan urtero bertso saioa antolatzen hasia zen Arrano. Manolo Arozena eta Bittor Elizagoien izan ziren lehen irakasleak. Bittor, Paulo Iantzi sarian aritua zen 80ko hamarkada hasi baino lehen. Ondotik plazak eta Nafarroako txapelketak. 1988an plazaratu zen Manolo, Goizuetatik Mutrikun barna Lesakara etorritako garraiolaria. Gazteak Bittorrekin, bulegoan eta gazteagoak Manolorekin, gela handian. Horrela joan ziren 90eko hamarkadako Arranoko urte haiek.

Geroztik, milaka bertsoren habia izan da Arrano. Gazte zein helduen bertso eskolak, euren kabuz elkartzen diren bertsolariak, lehengo mendeko bertso tramak, Kurtso bukaerako bertso besta, bertso afariak, Bortzirietako Bertso Eskolaren taldekako lehiaketaren finala… zerrenda amaigabea. Ostatuko jangelan Iker Zubeldiak 2008an Igor Elortzarekin egindako saio baten bila aritu gara. Garai bateko bideoak, formatuagatik, non ikusi ez ditugula gelditu gara ordea. Moldatze bidean da arazoa baina… Dena den, bada non aukeratua. Azkeneko edizioetan, aipatu taldekako finalek ederki berotu dute txoko gastronomiko bihurtua dagoen bertso eskolaren erdiko gela hura.

Honatx 2021eko finaleko Arroxalia taldearen agurra (buf arroxa egokitu eta jarri zioten izena taldeari): Taldekide Iratxe Muxika, Ekhiñe Zapiain (biak Arranoko zerbitzariak garai hartan), Maddi Ane Txoperena eta Aner Peritz. Bertze taldea, aipamenak baitaude agurrean, Laranja zukua (buf laranja zutenak): Josu Sanjurjo, Josu Txoperena, Kattin Madariaga eta Jon Gurrutxaga. Gitarrarekin musikaturik abestu zituzten kopla hauek Rosalia abeslariaren doinu batekin eta errepikapen bakoitzean publikoaren laguntza ozenarekin.

Lesaka

 

Ekhiñe:

Gabon arrano zer moduz

egin dezagula topa (bir)

gorde gose pixko bat ze

heldu da etxeko kopa (bir)

Iratxe:

Ekhi gaur larunbata da

baina ez da tokatzen lana (bir)

probextu dezagun behingoz

gaur libre utzi izana (bir)

Maddi Ane

Hok Arranoko langile

ni duela hamar urte (bir)

martxa hontan Aner ere

agudo hartuko dute (bir)

Aner:

Behin honaino iritsita

behar dut denon arteko (bir)

ez naiz Zarauztik etorri

bigarrena izateko (bir)

 

Laranjaren zukuari

gure arrosen arantzak

taldekakoa busti dezala

bertsoaren dantzak.

 

Ekhi:

Ai, Josu ai lorazio

finalista ohi duguna (bir)

baina Arranon ondoan

ttiki da Anaitasuna (bir)

Iratxe:

Gaur irmo eginen diot

zure dentistari uko (bir)

aranztar batek ez baitu

Lesaka konkistatuko (bir)

Maddi Ane

Txoperenatarrek inoiz

ez dute negar egiten (bir)

gure attak hala dio

baina inoiz ez da jakiten (bir)

Aner

Gurru nahiz hiztegiz landu

nahiz dotore adarra jo(bir)

ez du aspaldi kantatu

ta igerri egiten zaio. (bir)

 

Laranjaren zukuari

gure arrosen arantzak

taldekakoa busti dezala

bertsoaren dantzak.

 

 

Lehiatik kanpo gozatu

nahi dugu bertsolaritza (bir)

kantatuz politagoa

delako gure bizitza.(bir)

 

  1. Tantirumairu Ikastola

 

Lesakar aunitzen bertso ibilbidearen abiapuntua da Tantirumairu, zalantzarik gabe. Etxean zaletasuna jaso genuenak ere, ikastolan egin genituen lehen urrats sendoak, bertso zaharrak abestuz eta ikasiz (markesaren alabarenak, hamasei), Txoko txiki lehiaketarako bertsoak eginez, sari banaketan Millan Telleria eta Mikel Mendizabalen saioa eta txisteak entzunez… Oraindik gogoan ditugu txorizo gelan gu kantuan jartzeko Lontxo Aburuzaren saiakerak. Ekintza osagarri horiek ahanztezinak izanagatik, ezin aipatu gabe utzi bertako irakasleen eskutik ikasgai gisara, astero-astero jasotzen genituen bertso eskolak. Urte osoko ordutegian, bere tarte ofizialarekin landu izan da bertsolaritza. 2010ean Nafarroako txapela jantzi zion Julio Sotori Tantirumairu ikastolako Kontxi Erro irakasleak. Hainbertze urtez hainbertze ikaslerekin bertsolaritzaren transmisioaren alde egindako lanarengatik. Bertako ikasle izan diren bertsolarien zerrenda ere ez da motza, adinaren arabera: Iban Garro, Estitxu Arozena, Iñigo Olaetxea, Estitxu Fernandez, Xabier Silveira, Eneko Fernandez, Jon Silveira, Alaitz Rekondo, Xabier Terreros, Erika Lagoma, Ioar Tainta, Josu Sanjurjo, Iratxe Muxika… ziur bakarren bat ahanzten zaigula!

Bertso ibilbide hau egiterakoan gibelera begiratzea sahiestezina da. Dena ez da lehenaldia, ordea. Gaur eguneko proiektu batean, ikastolen sorreretako Sagutxo batzuekin doinuan abesten du Ttirriki ttarrakak. Neska-mutikoengan ohitura osasuntsuak sustatu bidenabar, ikastetxeetarako sarrera-orduan sortzen diren auto pilaketak eta trafiko arazoak saihesteko asmoz sortutako proiektua da. Egitasmoaren helburua, goizero ikastolara ahalik eta ikasle gehien oinez hurbiltzea da, horretarako bi zutabe osatuz: Ttirriki eta Ttarraka. Honatx musikatuta abesten diren bertsoak:

 

Lesaka

 

Doinua: Sagutxo batzuekin

 

Zergatik kotxez bete

 

 

goizero Lesaka

ez dago hain urruti

begiratu mapa

gurekin baditugu

sasoiko bi hanka

lagunak ere bertan

joanen dira ta

goazen ikastolara

Ttirriki-ttarraka.

 

 

Bat da aintzineskua

bat da arduradun

aldatuko duguna

egunikan egun

Ttirriki Bittiritik

horiaren lagun

Ttarraka urdina da

biltzen da Antoiun

mundu berdeago bat

eraiki dezagun.

 

 

  1. Mikelainea etxea

 

Bittiria karrikan dago Mikelainea. Bertan jaio eta pasa zuen haurtzaroa Mikel Arozamena Larraldek (1930-1976). 14 urte zituela kantatu omen zuen lehen aldiz plazan. Nafarroako Bertsolari Txapelketa hirutan irabazi zuen, 1962an, 1963an eta 1966an. Hagitz gaztea zela Astigarragara joan zen bizitzera, han badu kale bat bere izenean. Lesakako sagardotegian kupel batek ere bere izena darama.

Lesaka

Hementxe, Mikel Arozamenak, Iruñean, 1963ko Nafarroako txapeldun gisara kantatutako agurra:

 

Goizian jaiki Iruña aldera

lendabiziko jokera,

maitetasuna izango zala

ematen nion tankera;

len larrugorrin bizittu eta

gaur badaukagu jazkera

pixkana pixkan indartutzeko

ikasi gendun izkera;

danon artean maita ditzagun

Fueroak eta Euskera.

 

Agur honetan ez ezik, Lesakari ere jarri zion sortan, euskararen erabilerak kezkatzen zuela bereziki nabaritzen da:

 

NERE JAIOTERRIA

1-

Naparrua’ko erri bateri

jartzera nua bertsuak,

danak merezi ditun erria,

ain ditu txoko goxuak;

pake santuan bizitzen dira

lau aldetako auzuak,

baña- zer pentsatutzen ote du

Ama Euskara gaxuak?

 

2-

Izenez deitzen zaio Lesaka

esan nai nuen erriya,

dana mendiaz inguraturik

ortxe daukagu jarriya.;

bertan jaiua dan batentzako

ikustia pozgarriya,

nik ere ortxe ikusi nuan

lendabiziko argiya.

 

3-

Zazpi urtekin aldegin nuan

ezagun danak utzita,

baña ni sortu nitzan erriaz

beñere ez nago antzita;

gure euskera ordun zegoan

guztia lorez jantzita,

baña negarra gaur egin leike

ainbat erdara ikusita.

 

4-

Lengo batian izandua naiz

ni sortu nintzan erriyan,

eta bakarrik aiton batzuak

gure euskera garbiyan;

gazte guziak erdaraz berriz

gu sortu giñan kabiyan,

izugarrizko pena artu nun

nere biotzan erdiyan.

 

5-

Mutil koskorra nitzan garaian

eunero Eskol’ko zubira,

ni bezelaxe geiago ere

an ibiliak badira;

pentsarnentuan jarri ezkero

zer datorren rnemorira:

ia erria biurtu leiken

lengo izkuntza garbira.

 

6-

Ai, agintari agurgarriak,

ementxe nator eskian:

ardiak ere banatzen dira

artzayik ez ikustian;

gero negarra alperrikan da

denbora asko juatian,

euskaran alde saia zaitezte

zuen bizitza guztian!

 

 

8-

Pabrika aundi bat egiteko

nola, artu zuten idia,

ogia etxera ekartzezkero

olakuak bear día;

bertan naikua osatzen ez ta

kanpotik dator jendia,

erdara ona oientzat baña

guk rnaita zagun guria·.

(…)

 

12-

Lesakar batek bertso batzuek

guztizko borondatian,

berriz bisita bat egingo det

orrelakoren batian;

nere kabia ikusitzen det

Lesaka aldera juatian,

ordu goxuak pasatzen ditut

nere sorterri maitian.

(Príncipe de Viana, 1972, VD)

 

Nere aldia izena du sorta hau jasotzen duen Mikel Arozamenaren liburuak. Gure alditik ez dago hain urruti baina… Haurtzaroan Lesaka utzi zuelako, gazte hil zelako… aitortu beharko da gure belaunaldiak ez duela bere aldiari buruz aunitzik jaso.

 

Mikelainea etxearen eskuineko sotoan ostatua egon da urte luzeetan. XX. mendean Iparhaize zena Haizegua bihurtu zen XXI. mendean. Taldekako lehiaketaren azken finalerdia hartu du edizio aunitzetan ostatu ttikiak. Lehiaketa horretan Kotto saria ematen zaio urtero, bertso gogoangarri edo lan interesgarriena egiten duenari. 2005. urtean kartzelan hilik agertu zen Kotto Altzuguren beratarra. Josu Goiak egin zuen egurrezko eskultura bat. Artelan hori etxera eramaten du urtebeterako irabazleak. Urtea betetzear dela bueltatu eta oinarrian bere izena jartzen zaio. 2015. urtean Alazne Untxalok irabazi zuen Kotto saria, Haizeguan objektuari kantatutako bertso honekin.

 

Alazne Untxalori objektua: sorgina

Doinua: Gure herri ttiki hau da.

 

Emakumeak barnean

bere sorgina darama

ni erdi sorgina naiz ta

sorgina da nere ama

belarrak biltzea beti

izan da gu bion plana

ukendu ta balsamoak

burutzea bere lana

eta gaur denen aurrean

hau da erran nahi dudana

sorginei zor diegu

gure izen izana.

 

 

  1. Basurdeko gaztainak

Saski Berri gisara ezagunagoa da agian, elkarte bihurtu den ostatua. Xabier Silveira, bertzeak bertze 7 aldiz nafarroako txapeldunak kudeatu zuen taberna, mende aldaketako urte haietan. Saski Berri saria, bertso desafio, taldekako lehiaketa, jaialdi… bertso saio aunitzek bete zuten saskia.

Gaztain jatera hurbildu zen bertso eskola Basurde elkartea bihurtu zenean. Azken 10 urteetan bederen egin dugu gaztain jatea bertan. Giro berezia sortzen da urtero. 2012-2014 ingurukoak izan ziren agian magikoenak. Josu Goikoetxeak baliabidez aberastutako gaiekin abiatu eta entzuleen plazera lortzerainoko bertso saio ederrekin. Haietako bat gelditu da aunitzen gogoan. Antolatzen diren bertso saio gehienak grabatzeak lana dakar. Baina kantatu eta 10 urtera, ofizio hau transkribatzeko zortea izateak konpentsatzen du grabatutako saio bakoitza.

Lesaka

2014ko azaroaren 8an, gaztain jatera Jon Maia eta Sustrai Colina etorri ziren Basurdera, Goikoetxearekin batera. Librean aritu eta 2 ofizio abestu ondotik, horrela mintzatu zen Josu:

 

Maitasunak denok dakigu dena dezakeela, dena sortu ahal duela eta halako batean lortu du zumaiar bat Lesakara etortzea, ekartzea. Jon zumaiarra Lesakara ezkondu da, Susanarekin, ezkondu. Maistra da Susana Lesakan. Susanaren etxea ez dago Lesakako herrigunean. Pixka bat baso ertzean dago. Egunak badoaz aurrera. Saiatu da Jon Lesakara moldatzen, baina Susanak ere ikusi du mutil-laguna pixkanaka zimeltzen. Zerbait falta du. Triste dago, hitz gutxiko. Gaua da, biak daude ohean. Basoa ondoan, baina halako batean Jonek esan dio Susanari:

—“Ixo, ez al duzu entzuten?”.

Susanak ez du ezer entzuten.

—“Ez al duzu entzuten? Itsasoa entzuten da”.

 

Doinua: Dama gazte xarmanta

 

(…)

Sustrai

Zure gaitza ez al da

ezin konprenia

neri dantzan ipini

dit begi ninia

itsas soinu bat hara

zuri eskainia

zurea ez ote da

eskizofrenia

 

Jon

Ni ere kezkatzen naiz

neu hola ikusita

ta aitortuko dizut

Susana polita

gauak pasatzen ditut

sillan eserita

Atun Calvoren latai

begira jarrita.

 

Sustrai

Ta egiten diozu

latari xuxurla

pentsa andrearentzat

zer-nolako burla

behingoz atun Calvoa

ahaztu dezazula

pentsa ohean sirena

bat zain daukazula.

 

Jon

Sanferminetan ere

ni ze inutila

hor zeuden dantzariak

salto ta makila

eta haiei begira

kriston jende pila

ta ni errekatxoan

olagarro bila.

(…)

 

 

  1. Huartea:

Txakain deitzen den eremuari eskainitako bertsoaldia da David Aranbururen hau. David, Lesakako eta inguruko hainbat gazteren antzera, 1936ko altxamendu faxistaren ondoren, urte luzeetan pairatutako lan falta eta miseria egoerak bultzaturik, Ameriketara artzain joandako gazte haietako bat izan zen. Handik igorritako eskutitzetan, aunitzetan bazegoen tarte bat bertso sortaren baterako. Zonaldeko bertsolarien artean ere horrela harremantzen ziren, eskutitz bidezko bertso sortekin. Bertso sorta honetan bere jaiotetxearen, Huartea baserriaren, inguruan dagoen eremuari eta bertako jendeari egiten dio erreferentzia, Txakain, eurekin zenbat akordatzen zen agerian jarriz.

Lesaka

1-

Mila bederatzireun

berrogei ta emezortzi

nolanai aztutzea

nik ezin det utzi

zoko polit orretan

zeratenak bizi,

agurtutzen zaituztet

bertso eta guzi

  

2-

Ermitatxu orretaz

oroitu naiz orain,

maite bear gendukela

geuren buruak ain;

orko iturri freskuak

iduri du txanpain,

aupa oju eginez

gora zagun Txakain!

 

3-

Alkarrengandik gaude

oso apartian,

gañera itsasua

alkarren tartian;

baldiñ ongi bagabiltz

danok bitartian,

alkartutzen al gera

egunen batian!

 

4-

Zuengandik aparte

gertatzen naiz aurten,

baiñan oitura zarrak

nik ez ditut uzten;

nai nuke egotia

nonbaitik ikusten

nere biyotzak nola

maitatzen zaituzten!

 

  1. Linddurrenborda:

Hamarkada luzeetan bertsolaritzak habiarik eduki badu Euskal Herrian, hura sagardotegia izan da. Han elkartzen ziren garai bateko bertsolariak, kupelaren epelera, orduak eta orduak bertsotan pasatzeko. Eta noski, Lesakak ere bere eremua, non bertsoa eta sagardoa hain hertsiki uztartzen diren, Linddurrenborda sagardotegia. Nola ez da ba izanen, bertan Juan Mari Lopez bertsolari oiartzuarrarekin topo egiten badugu? Bertara sartu eta segidan konturatzen gara bertsolaritzaren mistikak, urteetako bilakaerak… azken finean, bertsoak, jatetxe guztia zipristintzen duela. Trago bakarrean Xalbadorrengandiik Txirritarengana pasatu gaitezke. Edo Lazkao Txikirengandik Mitxelenarengana. Ez dira bakanak bertan izandako bertso saioak. Gogoan dut 2011n egindako Bertso Eskolen Eguna. Edo Agirre anaiek emandako emanaldia, Covid neurriak oraindik indarrean zeudenean. Bortzirietako taldekakoak ere bertan izan du finala behin baino gehiagotan. Azken finean, Linddurrenborda sagardotegiak bertsoaren habia izaten jarraitzen du, urteetan sagardotegiak izan diren bezala.

Sagardotegitik Oiartzun aldera joan eta han dago Arritxulo. Bertan gerraondoan bertso giroa azpimarratzekoa izan zen, batez ere Uztapide eta Basarriren eskutik. Sanferminetara egin omen zuten bueltan, ez zuten aunitz pentsatuko Nabazen beheiti heldu zirelarik, han sagardotegi batean euren izenarekin kupel beteak egonen zirenik!

 

LESAKA’KO PESTETAN

Lesakan izana naiz

aurten San Fermiñez,

Atxulei’ko puntatik

joanak giñan oñez.

Guri zer gerta zaigun

askotxok jakiñ ez…

Bertsotan jarriko dut

guzizko atsegiñez

 

«Lesakan pestak dituk»

-zioten poz aundiz

iru-lau duro giñun

patrikan izerdiz.

Etxean gelditzeko

txarrak gera berriz,

joana damutu zaigu

berrogei milla aldiz!

 

Bi orduko bidean

estutuz arnasa,

noizpaiten jo genduan

Lesakako plaza;

ango neskatxekin guk

egin nai ba dantza,

kolpez artu ditugu

iru kalabaza!

 

(…)

Oi billa egin gendun

alegiña pranko,

goizeko ordubietan

pesta dana akabo!

Guretzat beste ezertxo

iñon etzalako,

txerritegi batean

egin genduan lo!

 

Gorputzari ez giñun

deskantsurik utzi,

alperrik ez genduan

eman pauso gutxi!

Atxulei’ri ez diot

aiñ urre iritzi,

amaiketan asita

seiretan iritxi.

 

Au esan dit, Isasti,

nere lagun piñak:

«Donostiar geienak

gaituk kaxkariñak!

Lesaka’ko pakeak

dizkiat egiñak,

nigatik libre dituk

ango sanpermiñak!».

 

Basarri’ren bertso sorta, Zarautz, 1950.

 

Edozein urtaro garaitan egiteko moduko ibilaldia hauxe. Proposamen bat baino ez da izan. Bertze geltoki batzuk ere izan zitezkeen abiapuntu: Zanbra aretoa, pilotalekua, Bittiriko plaza, Ziobi, Harriondoa, zubi konkorduna, arkupeak… Plazer baduzue, Lesakan egonen gara zuen zain.

Lesaka  Lesaka  Lesaka  Lesaka  Lesaka  Lesaka  Lesaka  Lesaka  Lesaka  Lesaka  Lesaka  Lesaka  Lesaka  Lesaka Lesaka