Bertso ibilbidea: Lekeitio

Argazkiak: Aissa Intxausti

Bertso ibilbidea: Lekeitio –

Postaletako herria da Lekeitio: irla, itsasoa, hondartza, portua… Donostia txikia ere deitzen diote batzuek. Milaka pertsona etortzen dira herria bisitatzera, baina inor gutxik ezagutzen du beste Lekeitio. Hasi aurretik, gomendio bat: KONTUZ, ez etorri kotxez udan, ezin izango duzu aparkatu.

Leku bat ezagutzeko ezinbestekoa da jendea ezagutzea; izan ere, berezi xamarrak omen dira herri honetakoak: Kanpora doazenean beti esan behar dute nongoak diren eta herri-harrotasun larregi dutela ere esan daiteke “benetako” lekeitiarrek (zergatik ari ote naiz hirugarren pertsonan hitz egiten?); hala ere, jende jatorra, langilea eta kantaria da hemengoa. Gure hobe beharrez, gaur ez gara sartuko beraneanteen gaian.

“Paparduak esan eutzan/ kolaijo kumiari/ gaur daukagula Lekitton/ bisigua ugari” kantatzen dute herritarrek. Egia esan, bisigu asko dago Lekeition, baita bi hankadunak ere, eta bisigu itzela harrapatzen dute askok bertako jaietan; beraz, bisigua ugari Lekitton.

Beste kantu bat ere famatua da lekeitiarren artean, eta herria zein herritarrak nahiko ongi deskribatzen dituela esango nuke:

 

Bertso ibilbidea: Lekeitio

 

“Hasi talatik eta

portaleraino

ez dago besterikan

tabernia baino

nor ez da mozkortuko

hainbat tabernakin

baita islako akerra

edaten baleki”.  

 

Orain bai, prest gaude Lekeitiotik ohikoa ez den ibilbidea egiteko, eta postaletako herria beste tour baten bidez ezagutzeko. Bihurgunez beteriko errepideetatik iritsiko gara, bestelako biderik egon ere ez dago eta. Arropaineko biribilgunea pasa, zaharren egoitza, ikastetxeak eta anbulategia atzean utzi eta herriaren erraietan sartuko gara. Behin hona helduta, non aparkatu? Bidaian baino denbora gehiago kotxea uzteko lekua bilatzeko egon ostean, lortu dugu. Kotxetik irten, eta goazen lehen geltokira.

 

PORTUA

Portura jaitsiko gara lehenengo: azken mendeetan arrantzaleen topagune izan den lekura, gaur egun asteburuetako marianitozale eta rabajaleen bilgune bilakatua. Lehen zeuden hainbat baporetatik gutxi batzuk ikus daitezke: baxurakoa bakarra, Kalamua, eta lauzpabost legatzontzi. Hala ere, tradizio batzuk mantentze dira: kanaberarekin arrantzan gazte pila dabil eta baita abadeen moilatik zein tinglatutik saltoka ere.

Neguko aste barruan arimarik ez da ikusten hemen, ez bada jubilatu kuadrilla bat txikiteoan edo betiko tabernan betiko gazte batzuk. Udaberriko asteburuetan, eguzkiarekin batera hasten da jendea pilatzen, eta udan gainez egiten du portuak.

Guk 1999ko udaberrira egingo dugu salto. Susmoa dut garai hartan bisitari gutxiago pasatzen zirela hemendik, azken hamarkadetan turismoa hauspotzeko hamaika politika egin direla ikusita. Gitarra eskuan iritsi ziren Unai Iturriaga eta Jon Sarasua Lekeitioko kaira, eta urte luzez gogoratu den saio musikatua eskaini zuten bertako Willows irlandar tabernan.

 

Bertso ibilbidea: Lekeitio

 

Sarasua

Oihaneko pagoak blai

aideratuz hiru elai

Unai ez al duk Lekeition

koplarik kantatu nahi?

 

U.Iturriaga

Oi Lekitto lekitto

behin etorri eta kitto

15 urte bakarrik eta

hemen zerbezatan itto.

 

Sarasua

Ai Unai lagun hori

ez zabiltz zuzen kantari

Lekeitiora etortzekotan

kresaletan ito adi.

 

Iturriaga

Nik berba eitten dot benetan

minik ez dot bihotzetan

garagardotan itto ta gero

itto nintzen kresaletan.

 

J.Sarasua

Gaua daukagu epela

eta hustu zen kupela

iruditzen zait Euskal Herriak

nora joan ez dakiela.

 

Iturriaga

Ez zabiltza zuzen oso

zabiz nahiko kurioso

isla batean bakarrik al zauz

ai gure Robinson Crusoe.

 

Sarasua

Armarik ez zaigu falta

hori da egi galanta

baina pirata bihurtu zaigu

Europako demokrata.

 

Iturriaga

Hori betiko mitina

baina erantzuna gordina

korsarioa eta pirata

ez dira gauza berdina.

 

Sarasua

Ze Euskal Herri txepela

europearren hotela

eskerrak laster afrikakoek

abordatuko dutela.

 

Iturriaga

Sarasuan hainbat hautu

guk ezin doguz ulertu

naci en el mediterraneo

kantatuz joango jaku.

 

Sarasua

Mediterraneo edarra

urak badauka aparra

lurrak ez dira gehiegi baina

itsasoa da bakarra.

 

Iturriaga

Berba horrek dira jakinak

aspalditxotik eginak

itsasoan be marraztu dabez

lurreko muga berdinak.

 

Sarasua

Arimak badu gloria

ardoa ezta ogia

haizea dabil epela eta

bukatu da istoria.

 

Iturriaga

Pazifikoan Mururoa

Kuba be beherantza doa

Lea ibaiko ur freskotan

galdu da gure gogoa.

 

 

 

GALARRENA KULTUR ELKARTEA

Portutik gorantz egiten duten kale paralelo horietako batean dago Galarrena Kultur Elkartea, eta berau da Poto bertso eskolaren elkargunea. Bertso eskola 70eko hamarkada bukaeran sortu zuten, baina urte luzez geldirik egon ostean, 2014an berriro hasi zen martxan. Galarrenako goiko pisuan hasi ziren lagunarteko bertso afarietatik sortu zen Galarrena Kopla Txapelketa. Lekeitiar bat baino gehiagok kantatu du bertan, eta plazan ibili ohi ez den jendeak kantatzeko aukera bikaina bilakatu da.

2016an antolatu zuten lehen edizioa eta herritarrak zein kanpotarrak batu izan ditu kopla txapelketak ordutik. Lehenengo txapelduna Lander Ibarluzea Aitxulua izan zen, eta geroztik Asier Galarza Muxi, Oihana Bartra, Xabat Galletebeitia eta Koldo Muñizek izan dute txapel hau janzteko ohorea.

Ariketa mota anitz eta giro apartagatik nabarmentzen da ekitaldi hau; izan ere, ikusleak hondartzako motxilarekin egon ohi dira garagardo fresko bat hartzen, eta, horrela, ezinezkoa da saio paregabea ez izatea. Umorea gailentzen den arren, denetik egon ohi da, eta nabarmentzekoa da buruz burukoan izaten den zailtasun handiko ariketa bat: bakarka hitz bati bi minutuz kantatzea, ahal beste kopla sartuz denbora barruan.

Ariketa horri honela erantzun zion Oihana Bartrak 2018ko udan, “justizia” berba gaitzat hartuta:

 

Bertso ibilbidea: Lekeitio

 

Justizia berba zintzilik

ai zenbat pertsona hilik

agian egon beharko nuke

bi minutuak isilik.

 

Justiziak zenbat bide

zenbat jende ez da libre

hemengoek be badakizue

Galarrena adibide.

 

Ta herriko zenbat bazter

ta borrokalari eder

Lekitxon ere adibideak

dira Pototo ta Liher.

 

Ta emakumeak erduz

gabaz beti gure kabuz

eta bueno zer esango nuke

orain manadari buruz.

 

Epaia irten da ta klaro

ez da bortxaketa, raro

lehen gutxi-gutxi sinesten nuen

eta orain gutxiago.

 

Justizi hortan apurka

non hasi eta non buka

zoritxarrean ohituta gaude

injustizietan sartuta.

 

Horrez gain, 2021ean lehenengoz bertso saio literarioa egin zen Galarrenan; bertan, Miren Agur Meabek, Miren Amurizak eta Uxue Alberdik hartu zuten parte. Aurreko urteko arrakastaren ostean, aurten ere egingo da saio literarioa. Nortzuk izango ote dira protagonistak?

 

 

MALEKOIA, K13 eta SAN JUANEKO TXIRINGITOAK

Bi geltoki pasatu ditugu, eta Galarrenako kantoia igo ostean, egarria nabaritzen hasi gara; beraz, behin Lekeitiora etorrita, nola ez dugu zerbait hartuko txiringito batean? Bakarraren faltan, hiru ditugu aukeran.

Egun euritsuetan itxita egon ohi diren hauek ezinbesteko bilakatzen dira eguzkia atera bezain pronto. Kontzertuak, antzerkiak… eta nola ez, bertso saioak ere egin izan dira azken urteetan. Gaur, hiru txiringito bisitatuko ditugu, nahiz eta denak ez dauden zabalik. Txankletekin zein oinutsik, gona batekin zein bainujantzitan; hemen ez dago araurik: sartu eta gozatu.

Txiringitoa eta bertsoak, beste zerbait behar al da zoriontsu izateko?

 

Bertso ibilbidea: Lekeitio

 

K13

Aste Santuetan hasten da Lekeition bisitarien denboraldia, eta, ondo hasteko, ezin da bertso saio bat falta herriko plazan dagoen txiringito honetan. Sustrai Colina etortzen zen urtero, beste bertsolari batekin normalean.

Antolatzaileen azken urtea izan zen aurreko denboraldia, eta agur on bat egiteko Azken Guda Dantza izeneko ekitaldia antolatu zuten. Bertan Josune Aramendi eta Sustrai Colina aritu ziren txiringitoa agurtzen:

 

Colina

Egon litezke mila

despedida klase,

baina nire partetik

azkena da hauxe:

adio txiringito

ta Xabi belaxe

segi zazu ba libre

umore ta haize

Sutagarren kantako

Mari bezalaxe.

 

Aramendi

Nahiz eta egoerak

sarritan gogaitu

zuek esperantzaren

bueltan hor jarraitu

bizitzak alde eder

pila bat hor baitu

nahiz azken guda dantza

gaurkoan amaitu

lasai musikak berriz

elkartuko gaitu.

 

Bertso ibilbidea: Lekeitio

 

SAN JUAN

Ilunabarra kaipirinha batekin ikusteko leku bikaina da San Juan. Ermita zaharra almazen bezala erabilita, Atabaka kultur elkartekoek kudeatzen dute txiringitoa. Herriko ondare historiko eta kulturalaren babestea eta hedatzea oinarri duen elkartea da hau, eta sarri antolatzen dituzte arratsaldeak alaitzeko ekitaldiak. Bi bertso saio antolatu dituzte gaur arte, eta arrakasta itzela izan dute. Jarraian, Garazi Navarrok kantatutako agurra dugu. Gainera, Garazi ez da bertsolaria bakarrik, txiringitoko barra atzean ere ibili izan da lanean uda bat baino gehiagotan!

 

Iluntzetako lagunarteak

begi ondoko kresala

badakigu hau postal bat baino

zeozer gehiago dala

zapore on bat utzi nahi dugu

azken agurrek bezala

ta udazkenak doinu ta neurri

berriak ekar ditzala.

 

 

MALEKOIA

Eraitsitako eraikin bat besterik ez da gelditzen, duela ez hilabete asko malekoian txiringitoa zegoen lekuan. Udako iluntzeetan sortzen zen giroaren usain nostalgikoa nabari daiteke oraindik. Egitarau oparoa zegoen lekuan, hutsune nabarmena.

Bertan ospatzen zen 2017tik “Beach bertso party” ekimena. Hemen duzue Xabat Galletebeitia lekeitiarra gai jartzaile ibili ostean, Onintza Enbeitak eta Sustrai Colinak egin zuten libreko saio baten aletxoa:

 

Colina

Ta nun ibili zara aurten oporretan

 

Enbeita

Uda dana daroat nk herrian bertan

 

Colina

Tekilak ba al daude ai Muxikan bertan

 

Enbeita

Egon badaude baina eskasak benetan

 

Colina

Askoz hobeto zaude zu hemen gurekin

 

Enbeita

Etorriko naz bueltan eta lehengo berdin

 

Colina

Holako bistarik ez al duzu atsegin

 

Enbeita

Baina bat nekatzen da postal berdinekin

 

Colina

Ta ze iruditzen zaizu gaurko panorama

 

Enbeita

Etxera eroateko modukoa dana

 

Colina

Ba hau dugu jende bat etxerik ez daukana

 

Enbeita

Ta arratsaldea hementxe darama

 

Colina

Hotza ez da existitzen bilbainoentzat

 

Enbeita

Hemen bilbainoak gitxi dagoz behintzat

 

Colina

Batzuk ikusten ditut aztertuta ertzak

 

Enbeita

Nik be jertse bat daukat poltsoan neuretzat

 

Colina

Ondarrutar bazina ez zenuke hotzik

 

Enbeita

Enaz ondarrutarra eta nago pozik

 

Colina

Hori esaten baduzu ez duzu bihotzik

 

Enbeita

Ni hotzez nago eta jendea ortozik

 

Enbeita

Ondarrutarren kontra berez eztot ezer

 

Colina

Baina mintzatu zara euren kontra laster

 

Enbeita

Rima ona zalako eskuin eta ezker

 

Colina

Kontra egonda ere ez da pasatzen ezer

 

Colina

Ta jaietara arte geratu behar zara

 

Enbeita

Bota dut begirada lehen ere islara

 

Colina

Libre daukazu eta joan zaite lotara

 

Enbeita

Jaietan berriz ere bikotea gara

 

Enbeita

Hilaren bian berriz omen gatoz hona

 

Colina

Esan nahi du garela oso tandem ona

 

Enbeita

Bastante pekuliarrak andra ta gizona

 

Colina

Bilboko turista ta Muxikako amona

 

Colina

Señora esan nahi nuen baina etzun rimatzen

 

Enbeita

Ta nik aguantau behar dana ondo hartzen

 

Colina

Klaro nahi dan guztia ez zait ta rimatzen

 

Enbeita

Kostako zaizu amona hori orekatzen

 

Colina

Bueno ederra izan da hemen egotea

 

Enbeita

Ba bai ederra izan da rimak emotea

 

Colina

Nahiz eta paisajeak jo duen topea

 

Enbeita

Hau aurrean daukanak zertako dotea

 

Enbeita

Marea bajatu da astiro-astiro

 

Colina

Honi esaten zaio todo inkluido

 

Enbeita

Oraintxe bajatu ta gero berriz igo

 

Colina

Ta gu hemen topatu behar gaitu berriro

 

Colina

Gustora gaudelako joan gabe aparte

 

Enbeita

Zabaldu dira hemen leiho eta ate

 

Colina

Beraz agur entzule jator eta maite

 

Enbeita

Mosu bana danori ta irailerarte.

 

Iraila aipatu dute Sustraik eta Onintzak baina, zer dago irailean? Lekeition, behintzat, festa: San Antolinak. Eta, noski, festa dagoen lekuan, bertsoak daude. Zer egiten den jaietan ezagutzeko, joan gaitezen udaletxeko plazara.

 

UDALETXEKO PLAZA

Balkoiak eta balkoiak daude: txikiak, hutsak, estaliak, koloretsuak, terrazak, altuak, segurtasun handirik ematen ez duten horietakoak… baita lore ederrak dituztenak ere: geranioak, petuniak, huntza… Herri gehienetan bezala, gurean ere etxe adina balkoi mota daude, baina, 1995etik, herriko jaietan, Lekeitioko balkoietan bertsolariak ere azaltzen dira noizean behin.

Lehenengoz, Peru Aranburuk eta Xabier Amurizak kantatu zuten, Lekeitioko bertso eskolak antolatuta. Gaur egun, urtero, hiru bertsolarik zapaltzen dituzte plaza honetako balkoiak. Udaletxeko eskailerak jendez gainezka egoten dira eta plaza beteta: batzuk lurrean eserita eta asko zutik. Bertako hiru balkoi izaten dira irailak bateko biharamuna kentzeko erremedioa: Enrike pasteleroarena, Udaletxekoa eta Recreativa elkartekoa.

Duela 20 bat urte, Oier Azula lekeitiarra izan zen protagonistetako bat, eta gaur egun ere ez du ahazteko gazteagoa zenean egin zuen saio hura. Andoni Egañarekin eta Unai Iturriagarekin kantatu zuen, eta honela oroitzen du saioa Azulak:

 

 

Kantatu behar nuen

izen handiekin

aurreko asteetan

prestaketa ekin

baina nola ez irten

kuadrillakoekin

irailak 1 “bajada”

eta noski ezin

galdu herriko jaiak

hogei urterekin.

 

Jaietako kontua

ez da nobedade

hurrengo eguna ez da

sekula debalde

nork ez du izan inoiz

eztarria grabe?

Iturriaga ta Egaña

biak parez pare

eta kantatu nuen

ia ahots gabe.

 

Garai batetik saio

asko egin dira

ta lekeitiar asko

ez da igo, tira

plaza ederra dugu

balkoitik balkoira

bertsolariak gora

jendea azpira

orain nahiago egon

behetik begira

 

ABAROA PARKEA

Itsasoa atzean utzi eta barrura egingo dugu ibilalditxoa. Herri erdian dago Abaroa jauregia, 1891n eraikia, Parisen bizi zen lekeitiar batentzat. Eraikin erraldoia da, eta, garaiko handikien artean ohikoa zen modura, eraikina bi zatitan banatu zuten: zati nagusia eta zerbitzariena. Kanpoko aldean lorategi zoragarri bat dauka, eta lehen lorezainaren etxea zena, gaur egun gaztetxea da.

Herritarrentzako parkea da orain lehen jauregiko lorategia zena: zuhaitzak, esertzeko bankuak eta katuak dira bertako protagonistak. Nahiz eta lehendik ere ekimenak egiten ziren, pandemia garaian areagotu egin dira, eta lehen beste leku batzuetan egiten ziren saioak Abaroan egin dira.

Horietako bat Iparraldeko Haizeak egitasmoaren barruan egiten den bertso saioa da.  Aittitta Txiki elkarteak antolatzen duen ekimena da hori, eta iparraldeko jendearekin harremana estutzea da helburu nagusia. Iparraldetik Baigorriko dantza taldea, Larzabaleko ikastolako gazteak, herri-kirolari taldeak eta beste hainbeste etorri izan dira Lekeitiora hainbat urtetan.

Bertso saioari dagokionez, 2000. urtean ospatu zen lehenengoz, eta Amets Arzallusek eta Sustrai Colinak hartu zuten parte Beitia hotelean egin zen bertso afarian. Ordutik, formatu eta leku desberdinak probatu dira, baina beti etorri izan dira Amets eta Sustrai. Konturatuko zineten, dagoeneko, Sustraik asko kantatzen duela gure herrian, batzuek erdi lekeitiarra dela diote eta!

Zineman, Konpainiako elizan eta beste zenbait lekutan ospatu ostean, azken urteetan Abaroan egin da Iparraldeko Haizeetako bertso saioa.

2021ean Xabat Galletebeitia, Sustrai Colina, Onintza Enbeita eta Amets Arzallusek kantatu zuten, eta Ametsen bakarkakoa dugu jarraian datorrena, gai honi erantzunez: Zuk Kutxa Bira ekimenaren harira idatzi zenuen: “Hizkuntza da oraingoz munduak eskaini digun bizileku bakarra”. Zuk kutxa horretan mezu bat sartu zenuen. Zer mezu espero duzu kutxa horretatik ateratzea?

 

 

Pentsatzen dugu: herri aske bat

ez al da inoiz posible?

Herri aske bat munduan zutik

zapalduekin sensible

ta hizkuntza da oinarri orotan

egin gaituna haurride

ideia horiek nahiz eta kutxa

barrenean egin bide

nahiago ditut handik aurrera

kutxatik kanpora libre.

 

Abiapuntu baino ez da kutxa

ez helmuga, ez gailurra

handik aurrera haizean gisan

dezala bidea urra

politikakin azken urteetan

daukat sinesmen apurra

baina hala ere landu dezagun

hasitako bidetxurra

ta ametsak ez betetzeari

gal diezaiogun beldurra.

 

Epe motzean nahiz libre bide

ez egin Euskal Herriak

oraindik ere iraun dezake

jarritako oinarriak

hizkuntzak ere segitu dezan

hautsi gabe lokarriak

belaunaldiei lekuko hori

pasaz eskura harriak

geure amets zahar urratuetan

txerta ditzaten berriak.

 

MENDEXAKO FRONTOIA

Lekeitio bisitatzen duten guztiek, normalean, ondoan dagoen Mendexa ere bisitatzen dute. Zubiaren erdian dago muga: erdia Lekeitio da eta erdia Mendexa. “Lekeitioko hondartza” entzuterakoan askoren iruditegian Karraspio hondartza dago, baina mendexarrek behin eta berriro errepikatzen dute: Karraspio Mendexa da!!

Nahiz eta herrixka honetan famatuena hondartza izan daitekeen, herrira igoko gara gu azken geldialdia egiteko. Izenak berak adierazten duen bezala, mendixka baten tontorrean dago herria, Lekeitiotik hiru bat minutura kotxez. Mendexako frontoia esanguratsua da eskualdeko bertsogintzan, hainbat jaialdi, txapelketako saio zein sariketa egin izan baitira han.

Bertan antolatu zuten, 1987ko irailaren 19an, Lea-Artibai eskualdeko lehen bertso ligako finala, eta eskualdeko bertsozale nagusi guztiek gogoratzen dute egun hura. Markinako taldeak eta Lekeitiokoak kantatu zuten, eta saioa ongi joan omen zen: Sei bertsolari kantuan, hiru gai jartzaile, aurkezle bat eta lau epaile, denak gizonak. Sari banaketa iritsi zenean, aipatutakoak eta oroigarriak ematen igo ziren beste zenbait gelditu ziren oholtzan, eta bat-batean… danba! Oholtza eta gainean zeuden hamalau gizonak lurrera erori ziren. Ez dakit nolakoak izango ziren garai hartako oholtzak, baina espero dut egun hartatik apur bat ikasi izana! Gutxik daukate ahazteko egun hartako gertakaria. Baina tira, istorio zaharretatik bertso berriagoetara etor gaitezen, geu ere oholtzatik jausi barik!

Jo dezagun 2007ko martxora. Iratxe Ibarrak ondorengo gaia jarri zien Sustrai Colina eta Aitor Mendiluzeri: “Aitona-bilobak zarete. Lekeitioko eskolapean jolasean ari zaretela KORRIKA pasatu da. Sustrai bilobak aitonari hau galdetu dio: ‘Nora doaz hain azkar?’”.

 

 

Mendiluze

Ene iloba galdezka zatoz

bertatik aldamenetik:

nora dihoaz hauek guztiak

nora doaz ta zergatik?

Nik zergatia eta norantza

zein den ederki badakit

urruti doaz oso urruti

bertako izateagatik.

 

Colina

Beraz helmuga omen daukate

Nueva York edo Parisen

urruti nun den nik ez dut eta

oso ondo entenditzen.

Begira nola denak grinatsu

eta sasoian doazen

benga aittitta utzi bastoia

ta eurekin joan gaitezen.

 

Mendiluze

Nola diozu bastoia utzi

ta abia gaitezela?

Ondo dakizu ezin naiz jardun

korrika hoiek bezela.

Lehen ez det esan beren helmuga

hizkuntza indartzea zela

beraz beraien pausoak nere

hitzak izan daitezela.

 

Colina

Begira nola korrika baten

dihoan herri osoa

hemen aitona zaharrena ere

hain dago animosoa

baina zuk beti esan didazu

eta hau ez da kasoa:

poliki egin behar direla

bai hitza ta bai pausoa.

 

Mendiluze

Bai baina mantso abiatzeak

denetan ez du balio

hau da Korrika miragarria

aidea dela medio

ez da korrika denak bezela

alderantziz da propio:

honek arnasa estutu ordez

arnasa ematen dio.

 

Colina

Zertan aipatu baina arnasa

hauspoa ta pausokera?

Nik zazpi urte ditut bakarrik

eta ez dira sobera.

Benga aitona joan gaitezen

korri pixkat egitera

eta korrika ezin baduzu

txutxeriak erostera.

Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio Bertso ibilbidea: Lekeitio