Bertso ibilbidea: IRUÑEA

Ander Perez-(r)en argazkia Ander Perez 2023-10-09
Argazkiak: XDZ eta Iker Moreno

Bertso ibilbidea: IRUÑEA –

Bi modu egon daitezke hiri bati buruz idazteko. Bata da kanpo behatzailearena, bertakoa izanagatik, kontakizunetik urruntzea hautatzen duena, ahalik eta zorrotzen, ahalik eta dokumentatuen, hiri horren berri emateko. Baina konta daiteke hiri bat norberaren bizitza kontatuz ere, edo oinarrituz, esan dezagun, norberak hiri horretako txokoekin izandako harremanetan. Bi bideak nahasiko dira orriotan, baina bigarrena gailenduko da, ez naizenez nor Iruñeko bertso ibilbidea modu objektiboenean kontatzeko, bertsolaritzarekin nik bizitako tokiak aipatu gabe. Horregatik geldituko dira kanpoan, adibidez, Gaiarre Antzokiko garai bateko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalak, bertsolaritzaren historia liburu batean toki nabarmena luketenak dudarik gabe, baina ez nituenak bizi. Esan dezagun, beraz, ibilbide garaikidea dela hastera goazena.

Iruñeko Hegoalde Udal Ikastolan izan nuen lehen kontaktua bertsolaritzarekin. Soinketa gelako jaialdiez oroitzen naiz, Estitxu Arozena gazte eta Julen Zelaieta oso gazte bat haur mordo bati kantari. Hogeita bost bat urte joan dira ordutik, eta izan dut aukera bertsolaritza beste toki askotatik bizitzeko, eta Iruñeko beste toki askotan. Baina gauzak zer diren, Hegoalde Ikastolako soinketa gelan egon ginen duela bi hilabete eskas, Nafarroa Arenako finaleko eguerdian, bertsolariek atseden har zezaten, ikastolakoek utzitako koltxonetak hartzeko. Biribildu da haria.

Zorionez, bertso plazak ez dira bakanak Hiri Buruzagian, nahiz eta hemen denentzat tokirik ez izan. Burura datozkit, adibidez, Arrotxapeako Errotaberri elkarteko bertso afariak auzoko festetan, edo Iturramako Civivoxean festen ataritan antolatzen zituzten jaialdiak, edo Bollo Bertso Saioak Descalzos karrikako Erraldoien Txokoan, bertso otorduak Irrintzi Peñan edo Arrano Elkartean, balkoitik balkoirako saioa Unika peñan, Takonera parkeko Nafarroa Oinez txokoan sanferminetan antolatzen dituztenak, Sarasate pasealekuko oholtza handia, Txantreako Euskaldunon Biltokiko bertso eskolak eta saioak, eta beste hainbeste. Tamalez, ez dira horiek denak sartuko hemen hastera doan ibilbidean. Baina ez litzateke justua Iruñean bertso ibilbide bat abiatu, eta horiek behintzat aipatuta ez uztea. Goazen bada.

 

  1. GELTOKIA: ZALDIKO MALDIKO

Bertso ibilbidea: IRUÑEA

 

Zaldiko Maldiko Elkartea da Iruñeko bertsolaritzaren Meka. 1981ean sortu zenetik, etengabe aritu da bertsolaritzaren sustapenean. Antsoleaga karrikako bederatzigarrenean dago, San Saturnino eliza inguratu ahal izateko kaleak bihurritzen diren tokian –kasualitatez, kaleari izena ematen dion Florencio Ansoleaga arkitektoa, euskal kultura bultzatzeko 1877an sortutako Nafarroako Kultur Elkargoko fundatzaileetako bat izan zen–.

Eusko Ikaskuntzak deituta, Xabier Amurizak 1981ean Iruñean emandako hitzaldi batean finka ditzakegu hiriburuko bertsolaritza garaikidearen zimenduak. Diotenez, arrakastatsua izan zen solasaldi hura, eta ezinbesteko akuilu izan zen, han ibilitako gazte batzuk –tartean Lontxo Aburuza edota Mikel Taberna– elkartu, eta Iruñeko lehen bertso eskola sortzeko, non eta Zaldiko Maldikon. 1982an antolatu zituzten lehen eskolak, Amurizaren hitzalditik urtebetera. Geroztik, bertsoak ez du etenik izan Zaldikon.

Mota guztietako saioak izan dira gainera: bertso afariak mahai bueltan, Bertso Eskoletako topaketak, Bardoak taldekako txapelketako saioak, Nafarroako Eskolartekoko finala 2015ean –Joanes Illarregik jantzi zuen txapela–, hitzaldiak, eta, zertan ezkutatu, gau osoko bertso parrandak ere bai.

Azken urteetan, Zortziko Maldiko ekimen berritzailea da aipagarri. Iruñerriko hainbat bertsolari eta bertsozale gaztek bultzatuta, mota askotako saioak antolatu dituzte, arrakastaz. Bereziki gogoangarria da 2022ko urtarrilaren 13an antolatutako bertso afaria, Saioa Alkaiza eta Nerea Ibarzabal kantari, biak txapela jantzi berritan –Nafarroakoa bata, Bizkaikoa bestea–. Tamalez, ez da posible izan orduko grabaziorik topatzea, ez eta beste Zortziko Maldikoko saioren batekoak ere. Zaldikon gertatzen dena, nonbait, Zaldikon geratzen da.

Baina ez beti. Izan ere, badira Zaldikon sortu, baina hiri osoan barreiatzen diren bertsoak ere. Santa Ageda bezperako koplak dira horietako batzuk, urtero paperean jarri, eta kalerik kale kantatzen direnak. 2021ean, pandemiaren erruz, urteetako ohitura ospatzeari utzi behar izan zion elkarteak, hain justu 40 urte egiten zituenean. Abesbatzarik ez zen irten orduan, baina koplak bai, jarri jarri ziren, eta sare sozialetan hedatu. Orduko horiek dira gaur hona dakarzkigunak.

 

 

  • Aurten, Zaldikok berrogei urte
    ez da itzali sugarra,
    Pandemia guztien gainetik,
    marka ospatu beharra.

 

  • Pinpinela bikotea dira
    Maya jauna ta Esporrin.
    Haserre plantak egin ta gero
    euskararen kontra egin.
  • Hiriko euskal haur eskoletan,
    nabarmen atzera goaz.
    Gure oihua entzun dezaten:
    “auzo orotan euskaraz”
  • Hamabi gazte joan behar dira
    Madrilgo auzitegira
    Ea laster erran dezakegun:
    “Monarkia erori da”
  • Hitzaldiak, kontzertuak, dantza
    xurrupa eta otamen,
    oraindik kide egin ez denak
    ez daki zer galtzen duen.
  • Pandemia aitzakia dela
    toki orotan terrazak,
    izurria pasatuta ere,
    akabo bai gure plazak.
  • Bertze birus bat ere badabil
    txit zitala alafede;
    euskarafobia izena du,
    bain txertatuak gaude.
  • Konparazio batera, alkatea
    kutsatua dago larri,
    Zaldikoren ziztada beharko
    diogu ipurdian jarri
  • Milaka lagun euskal mundura
    hirian ditu ekarri,
    Arturo Campionen bidea
    benetan gogoangarri
  • Birus kaxkar honi ez diogu
    besta zapuzten utziko,
    berrogei urte bete ditugu
    biba Zaldiko Maldiko!

 

 

  1. GELTOKIA: SANTA ANA PLAZA

Zaldiko Maldikotik atera, San Saturnino elizako atari ederra gurutzatu, eta Jarauta kalea hartuz gero, laster iritsiko gara Santa Ana plazara. Urte askotan itxita egon ostean, orain urte gutxi batzuk ireki zuten plaza berriz ere, inguruko auzokideen ekimenez. Bertan kokatzen da Piparrika baratze komunitarioa, eta Alde Zaharreko egitasmo askoren topalekua da, auzokide askorentzat txoko kuttuna izateaz gain.

2019an sortu zenetik, hura da ere Iruinkokoa, Iruñeko inauteri euskaldunaren emanaldi nagusirako agertokia. Zaldiko Maldikotik abiatzen da urtero inauteria, kokobeltz, kokoxuri eta musikariekin, eta hainbat asaldu egiten dituzte Alde Zaharreko hainbat tokitan. Eguerdi partean, Santa Ana plazara agertzen da segizioa, eta han eskaintzen dute libertimendua.

Bertsolaririk ere ez da falta izaten, eta ez dute ardura txikia. Kokobeltzen eta kokoxurien arteko xextran lekuko dira, lehen lerrotik entzuten dituzte zirtzilen trufak eta burlak, azken urtean Iruñean eta Euskal Herri osoan emandakoei buruzko iruzkin garratzak, eta haiei dagokie, bertsoz, parodia osatzea, edo plazan ikusitakoari buruzko gogoeta kantatzea.

Inauteria bukatzen denean, ohiko patxadara bueltatzen da Santa Ana plaza. Bere huntz eta bere arbola, itzala eta freskotasuna eskaintzen du, adibidez, uda arratsaldeak pasatzeko. Haiei jarri zizkien bertsoak Irati Majuelok, Santa Ana plaza, 2020ko udan izeneko sortan.

 

Bertso ibilbidea: IRUÑEA
Arg: Iker Moreno

 

(Doinua: Ihes betea zilegi balitz)

 

1.
Kanika batek jauzi egin du
azkazaletik lauzara
kristal barnean igar daiteke
mundu latz baten dardara
haur musugorri baten eskuek
gidatua herrestara
oharkabean erori dena
zalantzaren estoldara

2.
Amona ez den emakumeak
soinekoa du eskegi
mundu zaharraren abail-unea
ikusiz beren-beregi
iraganean errukitzeko
ez dituenez bi begi
nahiago sobran dituen gauak
eguzkitan jartzen segi

3.
Soinekoaren mahukatik behera
huntzaren itzal freskora
babesten dira auzokideak
aita, alaba, iloba
izar azpian kiribilduko
dira hitzak horman gora
opor gabeko udako gauek
berpiztu dute agora

4.
Zine-areto izan nahi zuen
hormak bere irudian
baina ametsak zapuzten dira
maskarape urdurian
mintza daitezkeen hormak ez dira
sartzen hiri-araudian
argi urdinak baino ez ditu
islatu bere zurian

5.
«Kalea ez da poliziarena»
pintada bat da agertu
hatz puntak zikin ditu gazteak
ta adrenalina gertu
plaza bat izan litekeena
hark duenean ulertu
intentsitate baxuko uda
eskuetan zaio lehertu

6.
Iraila usain daiteke arin
mahats ubelduen brisan
hiru hilabete zer dira baina
plaza zahar baten bizitzan
uda joan da despistearen
ta beldurraren gerizan
hurbildu ahala ihesi doan
sugandila bat bailitzan

 

 

 

  1. GELTOKIA: ANAITASUNA

Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken finaletako kokalekua izan da Anaitasunako kiroldegia. 1971n eraiki zuten pabiloia, Anaitasuna kirol elkarteko eskubaloi taldearentzat jokalekua izan zedin. Takonera parkeko mutur batean dago, hiri zaharra amaitu eta Donibane auzoa hasten den tokian.

2013an egin zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finala Anaitasunan. Xabier Silveira atera zen orduan txapeldun, bere zazpigarren txapela eskuratuta. “Seinalea jaso duzu, orain ez dago atzera bueltarik” kartzelako gaia entzuteak segidan darama oroitzapena final horretara.

Orduan hasitako bideak ez zuen segida zuzenik izan, 2015ean, Iruñeko Udalak ekitaldia diruz laguntzeari uko egin eta, ondorioz, Elizondora eraman zuelako finala Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Baina berriz itzuli zen txapelketa Anaitasunara 2017an, eta han egin dira azken hiru finalak. Lehen bietan, Julio Sotok irabazi zuen txapela. Azkenekoan, 2021ean, Saioa Alkaiza atera zen txapeldun: bakarkako ariketan gasolindegi bateko langilearen ahotik kantatutako bertsoak dira hona ekarri ditugunak.

Bertsolari Txapelketa Nagusiarentzako geltoki ere izan da Anaitasuna kiroldegia, bitan. Areto horretako bertso hitzorduetara lotuta gelditu dira, adibidez, 2009an Julio Sotok eta Unai Iturriagak mitin batean dauden entzule aspertuen paperetik kantatutako koplak, edota Aitor Sarriegik, 2017an, enpresako nagusiari botatako gintonica.

 

Bertso ibilbidea: IRUÑEA

 

Saioa Alkaiza:

(Doinua: Goizean altxatu eta)

 

N-121A
aurrean dudan paisaia
Ultzama aldean nago
eskutan diesel usaia.
60 urte ia
jubilatzeko garaia
baina zimurrak pilatzen
hementxe daukat bisaia.
Uztea nahiz ta litzakeen
arimak leukakeen nahia
gaua gasolindegian
ez baita gauza alaia (bis)
nire bizitza delako
saltzen dudan erregaia. 

 

Berrogei urteetan ni naiz
hemen egon den pertsona
depositoa betetzen
edota saltzeko horma.
Beti diskretu etorri naiz
ez makillaje, ez gona
arriskupean baitago
mostradorean dagona.
Baina hala´re beldurrez
dabil nere zoriona
aizto bat zait bihotzean
kamioneroaren broma (bis)
zein desberdina litzakeen
izanen banintz gizona.

 

Prekario izatea
hori da nere desditxa
hutsaren hurrena baita
hemen dudan lan baldintza
“Kaixo, egun on”, “Kaixo, guapo”
gainera jatorki hitza
eta otso begiz haiek
neri so egiten dabiltza.
Hala’re bueltatuko naiz
nahiz eta hau dudan bortitza
bihar ere argituko du
aterako da argi printza (bis).
tamalez horrela baita
langilearen bizitza

 

  1. GELTOKIA: LABRIT

Erreferenteak ez dira beti errepikatzearen errepikatzeaz sortzen. Labrit pilotalekuak, adibidez, behin bakarrik jaso du Nafarroako Bertsolari Txapelketako final bat, eta, txapelketaz harago, ez zaizkio ere bestelako bertso hitzordu asko ezagutzen, mitinen bateko bertso solteren bat edo beste. Eta hala ere, askori datorkio frontoia burura, Iruñea eta bertsoa, bertsoa eta Iruñea, lotu dezaten eskatutakoan.

1952an eraiki zuten, izen bereko kalean, Alde Zaharra hegoaldetik finitzen den tokian. Bombonera izenez ere ezaguna da, Buenos Aireseko Boca Juniors futbol taldearen estadioari –eta bertan sortzen den giro beroari– keinu eginez. Ezinbesteko erreferentzia da pilota munduan, baina bada ere memorian iltzatutako toki bat bertsozale askorentzat.

2011ko Nafarroako finalak du errua. Lepo betetako pilotalekuan –lepo kantxa, lepo harmailak- jokatu zen azken hamarkadetako final gogoangarrienetako bat, apirilaren 9an, urte hartako Korrikak Iruñea zeharkatu zuen egun berean. Julio Soto eta Xabier Silveiraren arteko buruz buruko berri bat utzi zigun final hark, eta bigarren txapela Sotorentzat. Egun hartako kokalekuari keinu eginez, hala paratu zuen Alaitz Rekondok kartzelako gaia: “Pilotaria zara. Buruz buruko finala jokatzen ari zara. 21na dago partida. Azken sakea egitera zoaz”. Sake eta erremate, hona ekarri ditugu buruz buruko hartako bertsoak, bai eta Estitxu Arozenak, haurdun zela, Labriteko oholtzatik kantatutako azken agurra ere, bere azken txapelketa –oraingoz? – izan zen hartan.

 

Bertso ibilbidea: IRUÑEA

 

Julio Soto:

(Doinua: Munduko ilunabarra)

Ni Irujoren gorpuan,
txapel bat dago jokuan.
Tanto lortu hemen lortu han
ta indarrak akorduan
Aimar eta ni, ni eta Aimar
aldiro juntu-juntuan.
Miribillako frontoizar hontan
presioa hartuta kontuan.
hogeina berdin hogeitabana,
artekariak kantuan.
pilota eskutan hankak dardarka,
ezin eutsi talentuan.
Beldurrak zertaz agertzen dira
azkeneko momentuan?

Miribillan jende pila,
emakumezko, mutila.
Biok txapel baten bila
ta pelota borobila
Banoa pausoz tipi ta tapa,
estutu dut ukabila,
atzera bista gero goruntza,
aurpegi zurbil-zurbila.
Txapela dago aldi berean
urruna eta hurbila.
Egin dut bote kolpe eman diot
bueltan dihoa gurpila.
Kale edo bale, bale edo kale
Baina bukatu dadila.

 

Xabier Silveira:

(Doinua: ETAren su-etenetik)

Gaztetan hasiko nintzen
joaten entrenatzera,
frontoira asteartero
eskuak hola jartzera.
Denborarekin ohituta
egin nuenez hobera,
heldu nintzen profesional
maila hontan jokatzera.
Abel Barriolaren aurka
dut lehen txapel aukera,
ta puntun nago sake hau
botatzeko txapapera,
ea behingoz iristen den
txapelduna izatera

Txapeldun izateko ere
sekula ez da berandu,
eta Abelek ez du hau
nik baino guttigo landu.
Bera lanaren ondorio
nik zorte pila izandu,
orain ez dakit txapela
oparitu edo saldu
Serio bera izan dedin
txapeldun nik orain malgu
jokatu behar dut, berdin zait
Irabazi edo galdu.
Pertsonak bizitza hontan
zoriontsu izan behar du

 

 

Estitxu Arozena:

(Doinua: Gai horrek badu mamia)

Hiru hilabete t’erdi
ez ahots ta ez izen,
tabladuan egoteko
ze txikitxoa naizen.
Amonak ez baina aittonak
nahi zuena hori zen.
Aupa denei pozik egon
naiz saioa aditzen,
ea harro erraten dudan
joan ahala handitzen:
“nere amaren sabelean
Labriten izan nintzen”.

 

 

  1. GELTOKIA: GURUTZE PLAZAKO INSTITUTUA

Iruñean Bertsoaroa bete-betean gaudela iritsi zait lerro hauek idazteko eskaera. Eta ez dira gutxi egunotan gugana hurbildu direnak, garai bateko Gurutze Plazako saioak gogoratuz, nola ote zen posible astetartez ia 600 lagun biltzea saio baten bueltan. Teorien artean batek konbentzitzen nau gehien: garaiotan –eta ez nabil hain aspaldi– urte osoko jaialdi handi bakarretakoak izaten ziren Bertsoaroakoak. Gaur egun, zorionez, ugaritu dira bertso plazak Iruñean, eta urte osoan zehar izaten da eskaintza.

Edonola, ezin da izan hori Gurutze Plazako institutuko aretoan bizitako bertso festei garrantzia kentzeko motibo. 2018an antolatu zen bertan bertso saio bat azkenekoz, eta, hala ere, askorentzat eskutik doaz oraindik Bertsoaroa eta Gurutze Plazako institutua.

Hiriburuko ikastetxe zaharrenetako bat da Gurutze plazakoa. 1944koa da egungo eraikina, eta garaiko arkitekturaren kutsu frankista dario. Ez da alferrik kokatzen hiriaren bigarren zabalgunean, tradizionalki, eta salbuespenak salbuespen, hiriko sektore espainolista eta kontserbadoreenen auzune izan denean. Alde horretatik, transformazio ederra bizi zuen tokiak urtero, Bertsoaroak hara bisita egiten zuenean.

Niretzat, Ainhoa Aranburu gai-jartzailearekin lotzen dira saio horietako une gogoangarrienetako asko. Txapelketako egitura zurrunetik kanpo, molde berriak proposatzen, eta bertsolariak jolas xelebreetan kantari jartzen asmatu zuen Aranburuk jaialdi horietan, publikoarentzako gozagarri.

Hona dakarzkigunak, ordea, Fernando Anbustegik 2008an paratutako gaiari Jon Barberena zenak eta Sustrai Colinak kantatutako lehen lau bertsoak dira. Eguzkia zen Jon, farola Sustrai, eta elkarrizketa ederra osatu zuten bien artean.

 

Bertso ibilbidea: IRUÑEA

 

(Doinua: Lagundurikan danoi II)

Sustrai Colina:

Kale ixkin batean
ninduten ipini
argi ditzadan heldu
gazte eta nini
baina guztiei ezin
argirik eskeini
biok baitabilkigu
nahiko zeremoni.
Irtetzen zarenean
alferrik nago ni.

Jon Barberena:

Ez zaite gutxietsi
oraindikan aizu!
Eta nere aurrean
ez zaite jarri zu!
Ni nauzu hori-hori
ta garretan sutsu
nere hortan baditut
hainbertzeko luxu
zuk mozkorrak eusteko
soilik balio duzu!

Sustrai Colina:

Nahiz entretenigarri
naizen mozkorrentzat
beste funtzioak dauzkat
horrela deritzat.
Beroa izan neike
eskale batentzat
aterpea ez bada
euskarri bat behintzat
etxerik ez daukaten
maiteminduentzat.

Jon Barberena:

Ni naiz alderdi hori
eta zeru urdin
ni naiz maiteminduen
zorion eta min
ni naiz landarearen
indar urrezko fin
ta zu berriz hor zaude
altzairutan gordin
farolaz poesia
ezin leike egin!

 

 

  1. GELTOKIA: NAFARROA ARENA

Nafarroa Arenak ezin zuen Iruñeko bertso ibilbide honetatik kanpo gelditu. Bertsolaritzaren mugimenduarentzat Txapelketa Nagusia baldin bada egitasmo handiena, finala da txapelketa horren gailur. Eta aurten, sorionekuak gu, Iruñean izan baitugu finala. 2022ko abenduaren 18an egin zen, 13.000 lagun baino gehiago bertan zirela.

Iruñeko finalak bazuen kutsu sinboliko nabarmena. EAEtik kanpo egiten zen lehena zelako batetik, lehen aldiz hiru emakume zirelako oholtza gainean, zortzitik hiru bertsolarirentzat lehena zelako… Aldaketa horiei erreferentzia egin zion bertsolari batek baino gehiagok lehen agurrean, eta baita ñabardura ederra jarri Maialen Lujanbiok ere (gauzak gertatu daitezkeenean gertatzen direla nago / beti gertatu behar zuketena baino beranduxeago).

Zaila da zazpi ordu baino gehiagoko bertso jario batetik ale bakan batzuk aukeratzea. Baina hautatu beharra zenez, buruz burukoan, zortziko txikian, Amets Arzallusek eta Maialen Lujanbiok kantatutakoak ekarri ditut nik hona, goi-goian bukatu dadin ibilaldi hau, goi-goian bukatu zen bezala Iruñeko final hura. Nahi duzuenera arte!

 

Bertso ibilbidea: IRUÑEA

 

Gaia: Maialen, zuri buruzko pelikula biografiko bat egin behar dute. Amets da zure rola jokatuko duen aktorea.

(Doinua: Gizona da zoroa)

Maialen Lujanbio:
Nik bai zerbait nuela
androgino kutsu
norbait aukeratuko
eta hautatu zu!
Kortxo puntari eman
metxeroakin su
betartea pixka bat
belztu beharko duzu! (bis)

Amets Arzallus:
Lasai, ni ere banaiz
mira beltzekoa
ta hemen sentitzen naiz
aski etxekoa
errea egiteko
zure antzekoa
nahita hautatu naute
Iparraldekoa. (bis)

Maialen Lujanbio:
Bastante ona zara
errean kopian
nere kolorerik ez
dezu bekokian.
Burua nola jarri
pinta egokian?
Ilea dugu justu
kontrako tokian! (bis)

Amets Arzallus:
Bai gure lepo gainak
nolako kulunka!
Zu sotana bat zara
ni elur maluta
kostako da berditzen
zuk daukazun looka*
ez dakit nork egin behar
didan ba peluka! (bis)

Maialen Lujanbio:
Filmari aukera bat
emango diogu
gero beharko ditu
atrezzo ta koru
extra batzuk ere bai
eta hor gero gu
Amets Arzallusena
zeinek egingo du? (bis)

Amets Arzallus:
Ba doble baten bila
hor hasi naiz soaz
hautagairen batzuk jo
ditut lehen pausoaz
Egaña, Mendiluze
aukeretan doaz
ta beste batzuk ere
bidean gogoaz. (bis)

 

Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA Bertso ibilbidea: IRUÑEA