Bertso ibilbidea: Ataun

Aitzol Barandiaran-(r)en argazkia Aitzol Barandiaran 2023-11-28

Ataun –

Testua: Aitzol Barandiaran

 

Ataun

 

Txindokiren gaina agertu orduko ohartu zara ez zabiltzala oso urruti. Beasaindik Nafarroarantz doan bidea hartu, Lazkao iragan eta konturatzerako iritsi zara, Agauntza ibaiaren ibilguak bidea erakutsi nahi balizu bezala. Bertso ibilbide berriari ekiteko prest? Ongi etorri Atauna: bederatziko txiki bat bezain luzea, estua eta bihurria den gure herrira.

“Izena don guztie omen da”; bada, izena baino zaharragoa du izana Ataunek. On Joxemiel Barandiaranek zioen ―aztertu ostean leize, koba eta trikuharrietan aurkitutako arrastoak― gizakiak bizi zirela inguru hauetan orain dela 4.000 urte ere. Batek daki noiz eta nola hasi ziren hitzarekin jolasten gure arbasoak; apustu egingo nuke, ordea, gure ibilbideko lehen geltokian entzungo zirela Ataungo lehen proto-bertsoak.

 

  1. JENTILBARATZA

Ataun

 

Ataun izenak bailarako atea edo pasabidea esan nahi du; ez da harritzekoa, beraz, Haitzarte inguruan egotea herria babesteko helburuz eraikitako Jentilbaratza gazteluaren arrastoak. Uste da, Ataungo armarrian ageri den gaztelua dela. Hemen egingo dugu lehen geldialdia. Kondairak dio Jentilen baratzean ―edo hilerrian― lurperatuta daudela azken jentilak (kristautasunaren etorrerak izututa alde egin zuten azken paganoak).

 

Urte luzez horien berririk gabe egon ostean, berriro kalera jaisten hasi ziren orain 30 urte, Jentilen etorrera deituriko herri-ikuskizunari esker. Mikelats, Alarabi, Torto, Marimunduko eta bere sorginak… bi urtean behin etortzen dira, herritarrei kontuak eskatzera Putterriko urreagatik edo lapurtutako gariagatik; pregoilariak merezitako agurra egiten die, hitz joko errimatuz beteriko alkatearen bandoa ozen irakurriz:

 

Bando, bando, bando,

alkatek esan do,

jentillek emen diela

urtero bezela,

ta beti bezain narrats

ean buru Mikelats.

 

Bando, bando, bando,

alkatek hau’re esan do
apaizea falta dala

ta gauza onik eztala,
ta mendin txekor gorrie

suzkoa dona gorputz erdie.

 

Ataun

 

Ataundarren nortasunaren zati dira ahoz aho pasatako kondairak eta legendak. 1981. urtean egin zen Jentilen etorreraren lehen ekitaldia. Lehen urte horietan, bertsolariak arduratzen ziren gauerdira arteko giroa berotzeaz, eta, horren lekuko, Joxe Migel Iztueta Lazkao Txikik udaletxeko balkoitik botatako bertsoa, Herri baten arima liburuan jasoa:

Kristauak hemen gaude herrian

ta zuek Aizkoatean,

jentil maiteak zuen zain gaude

kale guztiak betean.

Bi kulturaren eztabaida bat

daukagu gure artean,

biok euskaldun geran ezkero

konpon gaitezen pakean.

 

 

  1. PASKUAL-ITTURRIKO BERTSO POLITIKOAK

 

Ataun

 

Jentilek emandako pausoei segituko diegu, Haitzarte aldetik jaitsi eta Paskual-itturrin bigarren geldialdia egiteko; leku hori izan baitzen bertso bikote mitologikoenetako baten jaiotzaren testigu. 1964. urtean, herriko antolatzaile batek Jon Lopategi eta Jon Azpillaga gazteen aditzera izan omen zuen ―artean oso gazteak eta elkarrekin saio bakarra eginak―, eta ez zuen biak Atauna ekarri arteko onik izan. Ez zen orain bezain erraza izan. Autoz Mutrikuko Kalbariora joan eta bertan galdetu behar izan zuen; Lekeition arrasto okerrari segika zebilela ohartuta, azkenean, Meñakan itxi omen zuten Atauna etortzeko tratua.

 

Estanko zaharreko balkoitik abestu zituzten ordukoek oraindik ahaztu ez dituzten bertsoak. Hala dio mutrikuarrak Hasi, Azpillaga! liburuan: «Orduan Ataun herri famosua zen jai haundiak egiten zirelako (…) Han ere oso saio ederra egin genuen. Politikan dezente sartu ginen eta hura izan zen gure konsagrazioa (…) Hurrengo urtean Ataunen 5 aldiz kantatu genuen elkarrekín. Gero Goierrin ibili ginen Zaldibia, Idiazabal, Ordizia, Legazpi, Zerain, Zegama… Hortik zabaldu ginen Tolosaldera eta abarrera, baina gure hasera hori izan zen.»

 

Ataun

 

Lerro horietan onartzen du Azpillagak Ataungo saio horren ostean hartu zutela fama eta indarra; gerora, herriz herri ibiliko ziren ―isun eta debeku artean― Frankismoaren aurkako ikur bihurtuta. Bikote gisa ―eta Joxe Rezola antolatzailea lagun― 2003an kantatu zuten azkenekoz Ataunen, lehen saio hura egin zuten balkoi beretik. Gu gauden lekuan, alegia.

 

 

  1. ELBARRENA AUZOAN

Ataun

 

Elbarrena auzoan egingo dugu hirugarren geldialdia, San Martingo elizaren parean. Eliza honek ere badu bere kondaira: esaten denez, kristauek asmoa zuten eliza mendi gain eder batean eraikitzeko, eta baita lan horiei gogotsu ekin ere; makroproiektu haren kontra zeuden jentilek, ordea, gauez, harriak lekuz mugitzen omen zizkieten ibaiaren ondora. Egunak joan eta etorri. Gau batean leiho izkinatik zelatan zegoen emakume batek salatu omen zituen jentilen ezkutuko lanak; txutxumutxua garesti atera zitzaion, ordea:

 

Aida zurie, aida gorrie,

zelatan dagon andra horri

atakiok ezkerreko begie!

Emakumeari jazotakoa ikusita, kristauek onartu egin zuten eliza gaur egun dagoen lekuan eraikitzea. Geroztik, zenbat bertso entzun ote dituzte elizako horma zahar horiek? Meza ondorengo Kalostrako saioak, Santa eskeko koplak, Oargi elkarteko bertso afariak…

 

Ataun

 

Bada Arantzazuko fraideen egutegian hemen botatako bertso berezi baten aipamena. Honela dio egutegiak: «1960 aldera Uztapide eta Xalbador bertsolariek Ataungo San Martin festetan egin zuten saio batean jasotako bertsoa da hau. Gai hau jarri zieten: “Zu, Uztapide, hemen, Espainian bizi zara; zu, Xalbador, han, Frantzian”. Xalbadorren bertsoa da ondokoa».

 

Zutik jarrita otoika nago

ene jauna zerura.

Handien mende dagon ttipiak

beti badu arrenkura.

Eskatzen dautzut izan

zazula herri ttipien ardura

eta xukatu mendien negar

den Bidasoako ura.

 

Lehen hotzikara bertsoaren edertasunak eta esan-indarrak sortutakoa da; bigarrena, egutegiaren azken apunteak eragina: «Entzuleek ez zioten bertso honi txalorik jo, euskalkiaren arazoa nonbait». Hainbestean pozik, txisturik jo ez genionean.

 

 

  1. ATAUNGO ALPERRAK

 

44 urte geroago joko dizkiogu Xalbadorri merezitako, Helbarrena atzean utzi, eta, herri bideari jarraituz, Agauntza haranean barneratuko gara, Ataungo domoaren begiradapean. Belarriak zorroztuz gero, Joxemiel Barandiaran ikastetxeko haurren kopla kantuak entzungo ditugu Astigarraga auzotik igarotzean. Goazen aurrera, Arrondo auzora iritsi arte. Gaur bake santuan dagoen arren, ez sinestekoa izango zen duela mende gutxi arte inguru hauetako martxa bizia; Arrondoko baserri bakoitza lanbide bati lotua zegoen. Denetik zeuden hemen: errementariak, zapatariak, botikariak, tabernariak, dendariak edo harginak. 

 

Ataun

 

1915ean, Hernaniko mutil bat iritsi zen Arrondoko Anbune (Aranburuenea) baserri-tabernara. Tabernako nagusia zen Jose Antonio Arruabarrenak ekarri omen zuen sororako harrizko alperrak egiteko. 35 urteko mutil handi hura bertsotan iaioa zela zioten. Artean, ez zen oso ezaguna. Jose Manuel Lujanbio Txirrita omen zuen izena.

 

Txirrita hargina zen, eta lanak hara eta hona zerabilenez, ahal zuen lekuan jartzen zen apopilo. Anbune tabernan ordu txikiak arte aritzen omen zen Inazio zapatagilearekin bertsotan; jende asko inguratzen zen bere kontu eta txisteak entzutera; eta, tarteka, jasotzen zituen bertsoak jartzeko enkarguak ere. Inguruko herri batetik etorritako gizon batek eskatuak, esate baterako, mutilen batek iraindu zuen bere alabaren izen ona garbitzeko. Baita Txirritak sorta idatzi ere, bederatzi duroren truke.

 

 

Zortzi mutillek neskatxa bati

jarri dizkate bertsuak,

oietatikan deskuidatuak

egongo dira batzuak;

danen Jabia or dago beira

zabaldurikan besuak,

komeni bada barka ditzala

Jaungoiko amorosuak.

 

Intxixu batek esan omen du

neregatikan sorgiña,

ez naiz munduan zenbait bezela

pikardi asko egiña;

zuk erosiko ninduzun pozik

merkiak izan bagiña,

juiziorikan eztezun txoro

arlote buru ariña.

 

Lotsa gutxiko kopetarekin

neri konduta galtzera,

dantza-kontua nola izan zan

gogoratutzen al zera?

Pauso bat aurrera egiten zendun

eta bestia atzera,

mutil bizkorra etorri ziñan

sorgiña arrapatzera.

 

 

Arrazoi gabe mintzatutzea

emen alfer-alferri’ta

motibo gabe nabilkizute

munduen autan jarrita;

Gaztelu orrek bai omen daki

kaso orien berri-ta,

oien ordañak juango zaizka

bizirik bada Txirrita.

 

Denboraldi bat hemen emanda, Txirritak alde egin zuen Ataundik beste norabaitera. Tamalez, ez da agertu orduko bere bertso idatzi askorik; Arrondoko baserri bat baino gehiagok izango du, ordea, Txirritak egindako sororako alper-harriren bat oraindik.

 

 

  1. BEGIRISTAINI BISITA

Gu gauden lekuan ―Agauntza eta Hartzate errekak bat egiten duten puntuan― hasten zen, garai batean, Aia izeneko auzora zihoan gurdibidea. Garaiz gabiltzanez, proposatu nahi dizut Urkillaga mendi lepora igotzea, handik Aiara jaisteko. Auzo txikia da, baina eskasa ez; ezta aiarrak ere. Zirtorako berezko joera zirikatzailea izan dute, betidanik.

 

Ibondo baserrira inguratuko gara, Juan Inazio Begiristain bertsolaria zenaren omenezko oroitarria bisitatzera. 49 urteko bertsolari ataundarra bere artzain txabolan aurkitu zuten hilda Mañukortak eta Xabier Zeberiok, bihotzak huts eginda. Begiristain umoretsua bezain maitatua zen Goierrin, eta ataundarrok oraindik famatzen ditugu bere bertso eta ateraldiak. Esate baterako, 1989an, Xabier Zeberio eta biek Maizpide euskaltegian egin zuten ofizio sonatua, mexikarrez mozorrotuta:

 

Ataun

 

 

Zeberio I
Con capa y sombrero

haze mucho calor,

y para cantar bertsos

hay que tener valor,

Mejikotik euskera

ikastera nator,

beste melokotoi hau

zerta ote dator?

 

Begiristain

Trenez etorri gera

handikan eskapo,

ta Lazkao honetan

egin degu topo,

aurrean dituzute gaur

bi gaztetxo flako,

hizkuntza hau ikasi

nahi genduelako.

 

Zeberio I

Mejikon jakin gendun

euskararen berri,

gero han kantatzeko

herririkan herri,

zuek ikaratuta

ez zaitezte jarri,

pistolarikan behintzat

ez degu ekarri.

 

Begiristain

Ni nago gaur gaztea

sasoi latzekua,

era laguna ere

nere antzekua,

guk degun bizioa

degu jatekua,

nun dago Lazkaoko

txuleta-lekua?

 

Zeberio I

Be(g)iristain pistolan e(re)

ez da aldrebesa,

Mejikon egina du

bere linpieza,

lastima da holako

tiporikan eza,

baina harrigarria

dauka rapideza.

 

Begiristain

Zortzi egunekin ginan

joateko etxera,

baina Dionisiok

egin du papera,

ondo ikasi arte

jarraitzeko aurrera,

ta hurrengo urtera arte

geldituko gera.

 

 

 

  1. BESTE IZAR BAT ATAUNEN

 

Aio, Aia! Plaza ezkerretara utzi, Errondoko sakanean behera abiatu eta Lizarrustiko malda luzeen oinetara iritsiko gara. Zubi honetatik pasatakoak dira, besteak beste, Tomas Zumalakrregi jenerala eta Santa Kruz apaiza. Baita nafar erreketeak ere 36ko gerran ―bidea oztopatzeko ataundar gazteek zubia lehertu arren―. Beste bat da, ordea, Kaxeta baserriaren parean geratzeko gure arrazoia: bertsolaririk handienetako batek gure herrian egindako egonaldi luzea: Manuel Olaizola Urbieta Uztapidek, hain justu ere.

Kaxetatik gora, Lizarrustira doan aldapa hori, Markesaren Basoa deritzan pagadi batetik igarotzen da ―Valmedianoko markesaren jabetzagatik―. Han pasa zuen Uztapidek 1930eko uda, basoko lan gogorretan. Artean, 21 urte zituen eta plazan estreinatu gabea zen. Ez zen pagadian lanean ziharduen bertsolari bakarra, antza. Lengo egunak gogoan liburuan kontatzen du nola egin zuen topo Kaxetan Akilino Izagirre Zepairekin.

 

 

Zepai
Nere gustora asiko naiz ni,

ez nua derriorrian;

saio koskor bat egingo degu

ta patxara ederrian;

nere barrena barrundatzen det

sekulako indarrian,

dozen erdi bat kanta ditzagun

lengo oitura zarrian.

 

Uztapide
Zuk bota dezu zuria eta

neria’re badijua,

lotan daudenak esnatutzeko

ederra dezu ujua;

gorputza dezu indarrian da

sasoia ere majua,

zuk asi biar baldin badezu

ni’re astera nijua.

 

Zepai
Beraz zu ere asiya zera

bertsuari erantzuten,

ia ba Zepai gizon bezela

errespetatzen dezuten;

nik e goguan detan guziya

esplikatu nai nizuten,

baldin benetan asitzen banaiz

ia damutzen zaizuten.

 

Uztapide
Baldin benetan asitzen bada

Zepai onek ala diyo,

baña apenas egingo dezun

uste dezun baño geiyo;

gizonak ez du ibili biar

orrenbeste desapiyo,

otsak ederrak joko dituzu

baña enaiz oso piyo.

 

 

6 hilabete pasata, udazkenean hartu zuten etxerako bidea Uztapidek eta kuadrillak: «Bein etxea akordatzen asi ezkero, basoan egunak luzeak joaten dira. (…) Ataungo Kaxetara jetxi ta artu genduan autobusa ta Beasainen trena; ta Zumarragan ganbiatu ta Iraetara; andik etxera ta orduantxe kontentu: ‘Kaixo, mutillak, emen gaituk!’».

 

 

 

 

  1. MURKONDO

Uztapide agurtu eta bere autobusaren noranzko berean abiatuko gara. Honezkero ohartuko zinen ez dagoela baserririk Kaxetatik Ergoiena auzora bitarteko tarte luzean. Urbitarte sagardotegiak tentatu arren, Lauztierreka aldera jarraituko dugu. Segituan iritsi gara Murkondo auzora. Begi aurrean duzun Perune-zahar baserrian jaio zen ataundar ospetsuena: On Joxemiel Barandiaran antropologoa, etnografoa eta apaiza. Guk, zorionez, berak baino azkarrago egingo dugu hil arte bizitoki izan zuen Sara izeneko etxetxora arteko distantzia laburra ―izenez eta arkitekturaz, Lapurdiko herriari omen egiten dion eraikin ederra―. Izan ere, frankismo garaian, 17 urtez egon zen erbesteratua Barandiaran.

Itzulitakoan, han eta hemen egin zizkioten omenaldiak ataundarrari. Bertsozale porrokatua omen zen, eta bertsolariek ere estimu handia zioten berari. Horren adibide dira Lazkao Txikik 1982an osasunez pattal xamar zebilen On Joxemieli kantatutako hiru bertso hauek.

 

 

Nere tokaio, entzun dedanez,

or dabil naiko lanean;

segurantzirik ez du personak

pixka bat zartzen danean.

Aingeru eta Jainkoak berak

nai dute beren artean,

eskatzen dizut: gurekin utzi

zaiozu pixka batean.

 

Gizon bat askoz bizkorragorik

ez da nere iritzian;

sortu zitzaigun Ataungo herrin,

barrio txiki batian.

Hainbat liburu bere buruan

dabilzki bere artian,

hainbeste nola jakin lezake

horren terreno txikian?

 

Nik Joxe Miel beti izan det

nere tokaio ta lagun,

ez dakizute Goierri hartan

zer estimatua degun.

Aurrera ere opa nizuke

gaur dezun hainbat osasun,

Euskalerriko etorkizuna

pixka bat ikus dezazun.

 

 

Bistakoa da Jainkoak aintzat hartu zuela Lazkao Txikiren eskaria: luzapena onartu, eta 101 urterekin hil zen On Joxemiel Barandiaran, Sara etxean.

 

 

 

  1. ARRATEKALE

 

Ez zaigu azken geltokia besterik geratzen. Errepidez San Gregorioko eliza eta Bikario-etxea pasa, eta Arratekalen ―gehiengoarentzat, San Gregorion ―emango diogu ibiliari amaiera. Arrate mendi lepoaren magaleko haran honek ere badu bertsoaren berri. Maiz izaten dira festetako jaialdi edo mahai bueltako saioak, auzoko elkarte bat baino gehiagotan.

Beste guztien artean, ordea, bikote bat apartatu behar da sailetik: Manuel Lasartek eta Lazkao Txikik osaturikoa. Lasartek aitortu izan du ―bere umiltasunean― biak izango zirela auzo honetan saio gehien egindako bertsolariak: «San Gregorion, urteko jai nagusietan, zenbat aldiz kantatu genduen Lazkao Txiki zanak eta biok? Ez daukat seguru esaterik; baiña sarritan jardunak gerala ere ezin nezake ukatu. (…) Bi saio jartzen zizkiguten: eguerdian bat eta arratsaldean bestea. Bazkaria, berriz, erriko agintariekin batera. Urte mordoskan alaxe ibiliak gera».

Ondo baderitzozu, Manuel Lasarteren bi bertso hauek kantatu nahi dizkizut gure herriko bertso ibilbidea amaitzeko. Zaila da erakustea, hain lerro gutxitan, herri eta bertsolagun batekiko hainbeste maitasun. Nahi duzun arte!

 

Manuel Lasarte

Joxe Migelek kantatzen zuen

goxo, bizi ta egoki,

bere doairik aberatsenak

oiek ziran bereziki.

Nere gustoko bertsolaria

izan zan Lazkao Txiki,

guk alkar zenbat maite genduen

geronek bestek ez daki.

 

Kantatzen gendun San Gregorion,

San Martiñen eta Aian,

plazan bezela bazkari eta

afalondoetan maian.

Saiatzen giñan bertsozaleak

pozez atsegindu naian,

ta ori ere lortzen genduen

sasoi gendukan garaian.

Ataun Ataun Ataun Ataun Ataun Ataun Ataun Ataun Ataun Ataun Ataun Ataun Ataun Ataun Ataun Ataun Ataun Ataun Ataun Ataun Ataun Ataun