Bertso eguna - Gaua
Gaua
Bertso Eguna transformatu egiten da iluntzean. Ahaztu Donostiako alde zaharraren xarma, Kursaalaren glamourra eta gainerako “postureo” eta fintasunak. Zer da gelditzen dena Bertso Egunari “Eguna” kentzean? Ba, gaua, Manteo kiroldegia, gehiegi argiztatzen duten argi fluoreszenteak, sagardoa eta bertso-friki asko. Zaletasun bera duten pertsona piloa eraikin batean sartu zortzi orduz eta alkohola eman. Esperimentu soziologiko bat egin daiteke gurekin.
Arratsaldeko saioan kantatu genuenok berandu iritsi ginen Manteora, eta ordurako jendeak lekuak hartuta zeuzkan mahaietan. Hartuta, baina gutxi zeuden bertan eserita. Txaketek, poltsek eta bufandek betetzen zituzten kupeletatik sagardoa edaten ari zirenen hutsuneak. Izan ere, bada estres txiki bat Bertso Egunean, azken lau urteetan afaldu gabe utzi nauena (neure borondatez): kupelak itxi egiten dituzte afalostean. Inoiz ez naiz izan “afaldu, denbora galdu” esaeraren jarraitzaile, baina batzuetan lehentasunak hautatzen jakin behar da.
Aurten ere, bakailao eta haragi gisatu punta bat jan eta eskuan ogi pusketa bat hartuta, kupelen zaindari nekaezinak izan gara gainerakoek afaldu bitartean. Hain nekaezinak, non une batez gu (hiru pertsona) baino ez geunden zutik kiroldegi osoan. “Postrean jogurta jatera gerturatuko gara”, esan genuen. Esan genuen, bai.
Txotx garaia hastean bertsolariek zabaltzen dituzte kupel asko, baina egun honetan kupelak itxi egiten dituzte kantuan hasterakoan, (merezitako) jendearen arreta berenganatu dezaten. Ane Labaka, Fredi Paia eta Xebastian Lizaso igo ziren oholtza txikira afaria amaitutakoan, Alaitz Rekondoren esanetara. Umoretik ibili ziren hirurak, bakoitza bere moldean, eta bertsoei adi geundenok barre batzuk egin genituen beraiekin; zaila izango da gaueko saioan kantatzea, jendearen zurrumurrua ia etengabea delako eta batzuek nahiago dutelako afalosteko tertulian jarraitu beste bertso dosi bat jaso baino. Bai, Bertso Egunean bertsolariak ere lekuz kanpo sentitu daitezke; beharbada horregatik entzun genituen inoiz baino arreta handiagoz.
Oskar Estanga igo zen gero, beste musikari batzuekin, eskuan gitarra hartuta. Beñat Gaztelumendik eta biek egin zuten bertsotan, oso ondo oroitzen ez ditudan doinu ederrak erabiliz. Lastima, barra zabaldu baitzuten une hartan, eta ziur merezi baino jende gutxiagok entzun zituela behar bezala bertsolariak.
Gauak aurrera egin ahala, mikrofonoak itzali eta musika jarri zuten. Orain Madonna, gero Gozategi, Michael Jackson edo Gatibu hurrena. Ez dakit dantzan egiteko gogoa orokorra zen edo bakarrik gurea (hiru pertsona, lehengo berak), baina bareak heldu zigun lau bat aldiz, mugitzearen mugitzeaz. Han geunden denok ginen denon lagun edo ezagun, ezezagunak oso gutxi, gutxiegi aukeran. Barraren orbitak harrapatuta, goizeko 6ak aldera arte ibili ginen bueltaka sateliteak, translazioaren (edo erakarpen indarraren) arabera, batekin edo bestearekin hizketan.
Metaforak amaitzen dira mozkortuta gaupasa egin genuela esateko. Goizaldean nabaritu genuen jan gabeko jogurtaren falta, eta kolakau bero baten bila ihes egin genuen etxera. Beste batzuk tabernaren bat zabalik aurkitzeko esperantzan atera ziren urtarrileko haize ufada izoztuen lurraldera. Eta gainerakoek ba… ahal zutena, edozein parrandatan bezala.
Hala ere, maite dugu urtean behin giro sektarioan gozatzea, bertso gaindosi bat jasatea eta nazka pixka bat ematea, horretarako propio asmatutako 24 orduetan.