[Bertso beef III] Zuberoako txikitoak
Zuberoako txikitoak –
Zuberoa famatua da Euskal Herri osoan, maskarada, pastoral eta baita kantu eta dantza xarmagarriengatik ere. Zuberera bera ere bitxi samarra, exotikoa, egiten zaigu gainerako euskaldunoi. Altxor ederra, beraz, euskaldunok Zuberoan daukaguna. Baina aipatu ditudan horietaz gain, Zuberoan badira bestelako kontuak bigarren edo hirugarren maila batean gorderik gelditzen zaizkigunak. Horietako bat, txikitoak.
Baina, zer dira txikitoak? Txikitoak edo xikitoak, bere adiera afektiboan, Bortuetako artzainek elkarri, zirikan, norgehiagokan, erabiltzen zituzten erramolde errimatu lizun eta bortitzak ziren.
Allande Sokarrosek aditzera eman zidanez, mendi mazela batetik bestera, ola batetik bestera, oihukatzen omen zituzten. Batzuek desafio modura jaurtitzen zituzten eta besteek erantzun egiten zieten. Zenbat eta urrunagotik botata, orduan eta gordinagoak izaten ziren. Erramolde errimatu horien ondoren, Txikito!!! (edo Xikito!!!) erraten zuten, eta Sokarrosen aburuz, horrekin Orai hik errak! aditzera ematen zioten entzuten zuenari.
Artzainen arteko maleziak eta izterbegien (edo arerioen) arteko norgehiagoka ulertu behar dira txikitoka horretan, horrela aritzeari txikitokan aritzea deitzen baitzioten. Txikitoetan lizunkeriak, emakume kontuak eta itsuskeriak azaltzen ziren.
Jean Mixel Bedaxagarren ustez, desafioa izateaz gain, txikitoek bazuten balio iniziatiko bat, lehen aldiz artzain ibiltzen ziren hamabi-hamahiru urteko muttikoentzat, pitoa, alua, uzkia… eta horrelako hitzak erabiltzean, muttiko horiei gizon helduen munduaren berri ematen baitzitzaien.
Bedaxagarrek garbi adierazi zidan txikitoak bortuetan, gizonen artean, soilik, erabiltzen zirela. Emakumeen aurrean inoiz ez. “Hire arreba nahi nikek nire pitoa sartzeko” eta horrelakoak oso ohikoak ziren txikitoetan, eta, jakina, horrelako probokazio bortitzak bere neurriko erantzun gordina jasotzen zuen, eta, azkenik, horrelako mezu gogorrez osaturiko kate luzea osatzen zuten. Denetik erraten zioten elkarri eta, aunitzetan, horrek artzain horien arteko etsaitasuna areagotzen zuen. Txikitokan aritzea sua pizten edo probokaziotan aritzea zen.
Gaur egun, txikitoak galdu dira, gaur inork ez baitu horrelakorik erabiltzen. Iragan hurbilaren oroitzapena dira. Euskararen gibelatze traumatikoak eta gizarte aldaketa lasterrak, beste gauza askorekin batera, txikitoen desagerpena ekarri dute.
Jon Mirandek eta Txomin Peillenek txikito paketa argitaratu zuten 1962 eta 1963 urteen artean Parisen plazaratu zuten Igela izeneko aldizkari heterodoxo ospetsuan. Nik dakidala, inprimatu ziren lehenak. 1991n, Etor argitaletxearen bitartez, Patri Urkizuk bi liburukiz osaturiko Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako bertso eta kantak izeneko bilduma ederra plazaratu zuen. Bigarren liburukian txikito mordo bat plazaratu zuen. 2009an, Allande Etxartek Txikito!!! izeneko liburuxka kaleratu zuen, eta bertan aipatu bi iturri horietan azaltzen ziren txikito guztiak bildu eta plazaratu zituen. Baina Etxartek ekarpen handi bat egin zuen bere liburuxkan, txikito horiek guztiak gaurko grafia normalizatuan eta alfabetikoki antolaturik ezarri baitzituen, eta gainera, txikito guztien ondoan, frantsesezko itzulpena eman zuen. Horiek dira nik segidan, zubereraz eta batuan, emanen ditudan hogeita hamasei txikitoak.
Jean Mixel Bedaxagarrek aipatu didanez, baliteke artzain ibilitako gizon zaharrek oraindik horrelakoak gogoratzea. Baina tamalez, lekuz kanpo, hau da, Bortuetako artzain txaboletatik kanpo, eta txikitoek berez dituzten gordintasuna eta lizunkeria direla eta, inoiz ez diote inori aditzera emango. Hor badago autozentsura moduko bat. Ikus ditzagun, bada, ezagutzen ditugunak. Hasieran Allande Etxartek erabilitako gaurko grafian emango ditut eta, gero, nik batuan egindako moldapena.
Ahari beltxa errekan, pitoa xutik bragetan,
jokatzen diat ekarten ez diala pintoaren saria sakolan. Txikito!!!
Ahari beltza errekan, buztana zutik bragetan,
Jokatzen diat ekartzen ez duala sakelan pinta bat ordaintzeko adina. Txikito!!!
Ahüntzaren büztan txüta, haren peko xilo hütsa,
sar ezak, sar südürra, ezkapa ez dakian hütza. Txikito!!!
Ahuntzaren buztan tentea, haren beheko zulo hutsa,
sar ezak, sar sudurra, ihes egin ez dakian putza. Txikito!!!
Altxa ezak eria, hunk ezak zelüa,
gero ükenen dük üzküan ene ziria. Txikito!!!
Altxa ezak hatzamarra, uki ezak zerua,
gero izanen duk uzkian nire ziria. Txikito!!!
Arraultzea bilo gabe, apoa buztan gabe,
Hebentik horra ikusten deitzat koskoilak batere bilorik gabe. Txikito!!!
Arrautza ilerik gabe, apoa buztanik gabe,
Hemendik koskabiloak ikusten ditiat batere ilerik gabe. Txikito!!!
Aihen Buen hen-doi, gure ahüntza aihenkoi,
mendi hortan txikitokan ari direnak oro pixapotetik ardokoi. Txikito!!!
Ongi haientzat tokian (mahastian), gure ahuntza mahasti zale,
mendi horretan txikitoka ari diren guztiak pixontziko arnoaren maitale. Txikito!!!
Astoa zelatürik, hi hortan gainen muntatürik,
ikusi behar haigü, orano ikusi, alu biloz ürkatürik. Txikito!!!
Astoa zelaturik, hi horren gainean muntaturik,
oraindik ikusi behar haugu aluko ileetatik urkaturik. Txikito!
Balü ere berrehün haboro, bat aski dik beretako,
besteak oro hiri üzkütik sartzeko. Txikito!!
Berrehun gehiago balitu ere, bat aski dik beretzat,
beste guztiak hiretzat, uzkitik sartzeko. Txikito!!!
Banoak bai aitzina, ez beti düt egoiteko aizina,
Horaren üzküan sar hadi, südürraz aitzina. Txikito!!!
Banoak bai aitzina, ez baitut egoteko astirik,
sar hadi zakurraren uzkian, sudurraz aitzina. Txikito!!!
Belea doa hegalez, bere bizi beharrez,
ehün ürtez bizi behar dakiala haren kaka mokorrez. Txikito!!!
Belea doa hegalez, bere bizi beharrez,
ehun urtez bizi beharko dik haren kaka mokorrez. Txikito!!!
Bertzaren üzkü beltza, kanfrearen tinta beltza,
ütz nezak ixilik, hizan bezalako mütür beltza. Txikito!!!
Pertzaren ipurdi (hondo) beltza, alkanforraren (kanfrearen)
tinta beltza, mutur beltz hori, utz nazak isilik. Txikito!!!
Bestaberri Mauleko, Jundane Juhane Lextarreko,
ehün ürtez bizi behar dakiala emazte baten alüari belaünko. Txikito!!!
Bestaberri Mauleko, San Joan Lextarreko,
ehun urtez bizi beharko duk emakume baten aluaren aurrean belauniko. Txikito!!!
Eraikak eria, hunk ezak zelüa,
ordüan ükenen dük bai gure zerrama zaharren alüa. Txikito!!!
Altxa ezak atzamarra, uki ezak zerua,
orduan izango duk, bai, gure txerrama zaharren alua. Txikito!!!
Erbiak lau zanko, lauak kako,
kako badütü, kako, kaka dela hiretako. Txikito!!!
Erbiak lau zango, laurak oker,
laurak ongi okertuta, eta kaka hiretzat. Txikito!!!
Erregeren idiak üztartürik, üztar hedeak gorriz tintatürik,
ehün ürtez bizi behar dakiala haien adarrak üzkütik sartürik. Txikito!!!
Erregeren idiak uztarturik, uztar-hedeak gorriz margoturik,
Ehun urtez bizi beharko duk haien adarrak uzkitik sarturik. Txikito!!!
Gaztañatzea hon dük kolte gei; gerezitzea ere bai taula gei,
hi ere arraostatzeko beno alorreko küso gei. Txikito!!!
Gaztainondoa ona duk taketak (hesolak) egiteko,
gereziondoa ere bai oholak egiteko, ez haiz erantzuteko modukoa
baina bai soroetan txorimalo izateko. Txikito!!!
Gerezi beltz jan diat, kakeria badiat,
ixilik egoiten ez bahiz ahoala egiten deiat. Txikito!!!
Gerezi beltza jan diat, kakeria badiat,
isilik egoten ez bahaiz ahoan egingo diat. Txikito!!!
Gure artzain hor zaharrak baditik ehün kana berga,
berarentako besteak oro, hiri üzkütik sartzeko. Txikito!!!
Gure artzain-zakur zaharrak baditik ehun taket beretzat,
beste guztiak, hiri uzkitik sartzeko. Txikito!!!
Gure etxean badük lau ardi, lauek zortzi beharri,
ez nük ssekulan izan, orai bezain egarri. Txikito!!!
Gure etxean badituk lau ardi, laurek zortzi belarri,
ez nauk sekula izan orain bezain egarri. Txikito!!!
Haintiko hegila, honaintiko nabata,
errabia dakiala zanko arteko kahaila. Txikito!!!
Haraindiko mendixkara, honaindiko haranera,
zango arteko ziria beti gustagarri izan dezaan! Txikito!!!
Haixtür eta kako, horiek dendarientako,
hire hortz handi horiek hon lütükek bürdüin arrestelütüko. Txikito!!!
Guraizeak eta jostorratzak jostunarentzat,
hire hortz handiak ongi lirateke burdinazko eskuare batentzat. Txikito!!!
Hamar eta sei hamasei, gure labeko bi sukei,
txikitoka beno hobe hintzate alor bazterreko küsogei. Txikito!!!
Hamar eta hamasei, gure labeko bi su-egur,
txikitoka baino hobe hintzateke inguruko soroetan txorimalo. Txikito!!!
Hebentik hara, bi mendien artekotik,
ostadarra sar dakiala gibeleko xilotik. Txikito!!!
Hemendik hara, bi mendiren artetik,
ortzadarra sar dakiala atzeko zulotik. Txikito!!!
Haxeria badoazü bere xilotik, jarrai zakitzo ondotik,
Haboro jakin nahi badüzü, sar zakitzo üzkü xilotik. Txikito!!!
Azeria badoa bere zulotik, jarrai zakizkio bertatik,
gehiago jakin nahi baduzu, sar zakizkio zulotik. Txikito!!!
Hur bazterrean harria, haren gainen txoria,
ikusten deiat hebentik horra kintaleko zorria. Txikito!!!
Ur bazterrean harria, haren gainean txoria,
hemendik horra ikusten diat kintaleko zorria. Txikito!!!
Kanfrearen tinta beltza, bertzaren üzkü beltza,
ez hiz aurten ezkontüren hizan bezalako mütür beltza. Txikito!!!
Alkanforraren (kanfrearen) tinta beltza, pertzaren ipurdi (hondo) beltza,
mutur beltz hori, aurten ez haiz ezkonduko. Txikito!!!
Madalena gainean lano, guree baratzean porrü eta oino,
hebentik horra ikusten deiat koskoiletan ehün gunka morpiu. Txikito!!!
Madalenaren gainean lainoa, gure baratzean porru eta tipula,
hemendik ikusten ditiat ehun potrozorri-bartza koskabiloetan. Txikito!!!
Madalena gibelean, baita ere aitzinian,
kaka ezkapa dakiala mündü ororen aitzinian. Txikito!!!
Madalenaren atzeko aldean, baita aurrekoan ere,
kaka atera dakiala jende guztiaren aurrean. Txikito!!!
Oihaneko haltza, haren peko hartza,
harek elkiko deik bai, koskoiletako hatza! Txikito!!!
Oihaneko haltza, haren azpiko hartza,
horrek igoaraziko dik koskabiloetako atzamarra! Txikito!!!
Orhi püntan lano, gure baratzean porrü eta oino,
hebentik eta horra ikusten deiat ehün mila morpiu. Txikito!!!
Orhi puntan laino, gure baratzean porru eta tipula,
hemendik ehun mila potrozorri ikusten ditiat. Txikito!!!
Organtzarrak errekan, huren beharrez marrakan,
entzün diat, entzün, barda hintzala alü beharrez marrakan. Txikito!!!
Orga handiak errekan, uren beharrez marrakan,
entzun diat, entzun, bart hintzela alu beharrez marrakan. Txikito!!!
Satineta zeta hari pasajanta honarat beha hadi,
korajerik balinbadük txikitoka has hadi. Txikito!!!
Zetazko soineko dotore hori, pasatzean begira ezak hona!
adorerik baduk txikitoka has hadi! Txikito!!!
Sohütan da Üdola, atzaman dü alorra,
hebentik hara ikusten deiat ontsa mardo mokorra. Txikito!!!
Sohütan da Üdola, atzeman du alorra,
hemendik ikusten diat taket (mokor) handi ederra. Txikito!!!
Ürrützezko pertika, lexarrezko makila,
jokatzen deiat, jokatzen, ez dakiala nondik xiko neskatila. Txikito!!!
Urritzezko pertika, lizarrezko makila,
jokatzen diat, jokatzen, ez dakiala neskatilari nondik sartu. Txikito!!!
Xikito, diok ala xikito, ez hiz ez hortan kito,
gure artzain horak badik ehün kana pito. Txikito!!!
Xikito diok, xikito, ez haiz ez horretan kito,
gure artzain-zakurrak badik ehun kanako pito. Txikito!!!
Zibitze, oi Hegiapal o, merkat bideak ere talo,
aisa izanen dütük haurrak ere katalo. Txikito!!!
Zibitze, oi Hegiapal o, merkatu bideak ere talo,
aisa izanen dituk haurrak hiretik zintzilik. Txikito!!!
Zinka düana, zinka, hasi zaina loditzen pantza,
ohart noiz jauzarazi heitan pito mútürreko tzintza. Txikito!!!
Eskaka bahabil, eskaka, laster handituko zain sabela,
ohar hadi nire taketako hazia isurtzen delarik. Txikito!!!