[BERTSO BEEF I] Anakronismo baten une gorenak
Anakronismo baten une gorenak –
Orain hilabete batzuk ‘Zubia–Silveira’ afera jarraitu zuten klase guztietako grinatsuen artetik, auzia bertsozaletasunetik bizi izan zutenen egarria asetzeko bilketa xumea egin nahi luke erreportaje honek: “Gutxienez bertsotan ari dira, bada esperantzarik!” deiadarka jardundakoez ari gara, noski. Sobera funtsatua dute bozkarioa: Pizkundeaz gero aski fenomeno urritua bazen, 80ko hamarkadatik gaurdaino –bertso mugimendua kolektibizatzen hasten denetik, eta tonu erasokorra eta argudio zanpatzailea auzitan jartzearekin bat– are bakanago bihurtu da beef publikoa hitzaren kirol nazionalean, dema dialektiko zakarraren lekukotza Chill Mafia eta Kai Nakai bezalakoei utziz. Ez da beti hala izan; XIX. mende amaiera arte aise topa daitezke oholtzako lehia performatutik harago doazen konfrontazio gordineko uneak –eta gerora, bakar batzuk gehiago ere bai–, dela bi bertsolariren artean, dela bertsolari batek norbaiten aurka erreakzioz botatako purrustada bidez –ahoz zein idatziz–. Hautaketa bat bildu dugu hemen.
Olatu bitsetan darrai lehiak bertso munduan. Kirol Jokoa lehenbizi, txappela.eus ataria berriki: Joseba Zulaikak jokoa bertsoaren aberraziotzat jo zuenetik hiru hamarkada baino gehiago igaro diren honetan, ez du ematen konplexu handirik dagoenik kinielak kantu errimatuarekin lotzeko –eta, zer esanik ez, sailkapenak, kanporaketak, puntuak eta puntu erdiak–. Besterik gertatzen da, ordea, hitzezko lehiarekin. Ahozko inprobisazioak bere-bereak ditu konfrontazio dialektikora daramaten mekanismoak, baina beste kultura batzuetako inprobisatzaileen aldean aski zibilizatua izan da bertsolari jendea, oro har. Maltako għana kantarien modalitate lehiatsuena, esaterako, poliziak jazarri du urte luzez, ahozko demek borroka bortitzetan amaitzen zutela eta. Regueifeiro galegoak ere ezagunak dira ukabila mihia bezain azkar dantzatzeagatik, eta kantuan hasi orduko mutur joka amaitu izan dute sarri –inoiz batak bestea akabatu ere bai–. Bertsolaritzan ere agian izango zen gisako pasadizorik –hor dira Zuberoako txikitoen dema zakarrak–, baina Pizkundetik egundaino nabarmen urritu dira desafioak eta bertso paperak, eta horiekin batera baita beefak ere, izan moral katoliko zorrotzean kabitzen ez zirelako, izan abertzaletasunari enbarazu egiten ziotelako, izan maskulinitate okaztagarrienaren adierazpide desfasatuak zirelako.
‘Silveira-Zubia’ aferak beef handien elementu guztiak zeuzkan: gizarte egoera tentsiozkoa, bi pertsonaia antagoniko, detonatzaile indartsu eta, aldi berean, tradizio handikoa –“txakurra!”–, eta bakoitzaren groupie kuadrilla. Beroketa osagaiak hain ziren puntakoak, funtsezko gertakaria, bertso trukea bera, ezinbestean izan baita dezepzionagarria –beef gehienetan bezala, bestalde–. Nolanahi den, gertakaria rara avis erabatekoa izan da bertso mundu garaikidean –Txomin Garmendiak eta Unai Mendizabalek orain sei urte Aiurri aldizkarian izandako norgehiagoka gerturatzen zaio gehien, ziur asko–. Hitzezko lehia dialektikoa oholtzako antzezpenera mugatu ohi da, jaialdi estandarretako ofizioetako ariketara, otordu bueltara edo libreko saioetara. Denetan ere konfrontazio performatua izan ohi da, funtsean kooperatiboa, bertso esperientziak funtziona dezan baitezpadakoa, baina erabat domestikatua: lehia bai, baina bertsoaren zerbitzura –beefetan, aldiz, bertsoa dago lehiaren zerbitzura–. Horregatik dira bertsolaritzaren historian ezagutzen diren beef gehienak idatzizkoak, gatazka publikoak mamitzeko denbora eta distantzia behar duelako –eta, ziur asko, aurrez aurreko norgehiagoka gehienak ez direlako ezagutzera eman taberna girotik kanpora–. Beef guztiak ez direnez berdin bortitz, difamatzaile edo eztenkari, irizpide zabal samar bat erabili da ondorengo hautaketarako: ustez behintzat antzeztu gabeko tentsioren baten lekukotza izan daitezela –gisa berean, aldebakarreko zenbait bertso ere ontzat jo dira, istorioak merezi bazuen–. Orobat hautsi dugu bertso ikerkuntzaren urrezko legea: bat-batekoa eta idatzia, biak nahasi ditugu. Baina beste hark esango zukeen bezala: “beefa genero berezia da, eta, hortaz, azterbide berezia behar du”.
1.- Lehen beefa: Milia Lasturkoaren ahizpa vs Santxa Ortiz (XV. mendea, datarik gabe)
Bi emakumeren arteko dema batek abiatzen du bertso beefen hautaketa hau. Jakina da azken 40 urteotatik atzerako bat-bateko bertsolaritzaren historia ia osoa gizonen artekoa dela –salbuespen gutxi batzuk salbu, XIX. mende amaierako lore jokoetan Mariana Hargainek eta Aña Etxegaraik izandako norgehiagoka sutsuak, kasurako–. Alta, bertsolaritzaren aurrekaritzat jotzen diren profazoak eta eresiak emakumeen arteko jardunak zirela ematen du. Aski desberdinak ziren biak: klase baxukoak eta fama txarrekoak ziren profazadoreak, beren ipuin eta katramilekin ingurukoak zirikatzen trebeak; eresiak, ostera, emakume aristokraten arteko heriotza-intziriak ziren, hiletetan abestu ohi zituztenak, sarri elkarren arteko demak piztuz. 1452ko Bizkaiko Foruek debekatu egin zituzten batzuk zein besteak, eta, hortaz, pentsa daiteke ondorengo kontakizuna urte hori baino lehenagoko eresiaren bati buruzkoa dela –Bereterretxen khantoriaz geroztik ezagutzen den zaharrena–.
Debako Lastur Etxeko Milia Arrasateko Pedro Garcia jaunarekin ezkondu zen oso gazterik, familia aristokratikoen arteko ohiko hitzarmenez. Umeren bat edo beste izan zuten, baina Milia ostera erditzen ari zela hil egin zen ustekabean. Zerraldo ingurura batu ziren senitartekoak, eta eresiak kantatzeko garaian, Miliaren ahizpak hartu zuen hitza. Orduan lehertu zen dena. Ahobizarrik gabe, salatu zuen Pedro Garciak ez ziola tratu onik eman bere ahizpari –uler daiteke tratu txarrak eman zizkiola–, haren heriotzak merezi zuen errespeturik ez zuela erakutsi, eta horren erakusgarri zela askoren belarrietara iritsi zen zurrumurrua: emaztearen dolua egin beharrean, lehendik ere maitale zuen Marina de Arrazolarekin ezkontzeko asmoetan zeukala Garciak burua. Ahizpak garbi zeukan: onartezina zen Milia Arrasaten hilobiratzea. Lasturrera behar zuen.
Lastur-era bear doçu, Milia.
Ayta jaunac eresten dau elia
Ama andreac apaynquetan obia.
Ara bear doçu, Milia.
Familiaren ohorea ezbaian ikusirik, Pedro Garciaren arreba Santxa Ortiz sartu zen deman, eta kantatu zuen anaiak ez zuela Miliaren heriotzaren errurik –zeruko mandamentua izan zela–, eta, bidez batez, anaiaren bertute fisikoak goraipatu zituen: gizon txikia zela, bai, baina ongi egina, eta aurpegi ederrekoa. Gainera, gehitzen zuen Milia ederki asko bizi izan zela ate zabaleko etxe handi askoan, giltza sorta handi baten jabe.
Guiçon chipi sotil baten andra çan,
Ate arte çabalean oy çan
Guilça porra andiaen jabe çan,
Onrra andi asco cumplidu jacan.
Eresietan arrunta denez, bataren zein bestearen ahotsak sorta berean gorde dira. Edonola ere, pentsatzekoa da aurrez aurreko norgehiagoka puskaz luzeagoa izango zela –eta ahoz aho igarotakoa besterik ez dela gorde–. Miliaren ahizpak ematen dio beefari amaiera: Garciaren familiaren aurka egin ondoren, okasioa aprobetxatzen du Arrasateko herria salatzeko: andre gipuzkoarrak gaizki hartu dituen herria dela, eta badirela gutxienez hiru bertara gaizki ezkondutakoak –berriz ere, uler daiteke senarrek tratu txarrak emandakoez ari dela–: “Iturriotz kalean, andra Maria Baldako; Arte kalean, Otsanda Gabiolako; Errebalean, andra Milia Lasturko”.
2.- Beef desinkronizatua: Fernando Amezketarra vs Azpeitiko koldarra (1799)
Bertsolaritzaren historiako lehen mitoa da Fernando Amezketarra, eta halakoetan ohi denez, zail da jakiten hari buruz kontatzen direnetatik zer den gari eta zer lasto –berari gertatutakoei besterenak erantsi zaizkionez gero–. Edonola ere, 1799ko San Sebastian egunez Azpeitian gertatu omen zitzaiona aproposa da bertso beef-en historian sartzeko. Beefa baino, desinkronizatutako desafio baten istorioa da.
XIX. mende hasieran bertso desafioak ohiko jarduna ziren: bi bertsolari, plaza batean, nork nor mendean hartuko. Han ez zen lehia antzezturik, parekoa zanpatuz soilik irabaz zitekeen, eta gisa horretara ematen zitzaion herriari atsegin ere. Fernando bertsolari azpeitiar baten aurka desafioa jokatzekoa zen. Iritsi zen herriko plazara, baina han ez zegoen inor. Puska batean zain egon ondotik, ostatu batera erretiratzea erabaki zuen, etsiak jota. Ez zuen berehalakoan usteko kontrarioa azalduko zitzaionik, baina ez plazara, ezpada ostatuko atarira, gauez eta azpikeriaz, deiadar betean, kuadrillaren babesean. Fernando kolpetik esnatu eta, gertatzen ari zenaz ohartuta, bitan pentsatu gabe, erantzutera abiatu zen. Adiskide batek geldiarazi zuen, ordea. “Ez estutu, Fernando. Bihar ere Jaungoikoak eguna zabalduko dik bizi denarentzat”. Mozkor kuadrilla kanpoan aupadaka utzita, izarapera egin zuen, zentzuzkoena zelakoan.
Biharamunean, Amezketara abiatu aurretik, Azpeitiko kaleetan barna ibili zen pixka batean, lagunaren esanak gogoan. Halako batean, gorpuzkera ezagun bat bistaratu zuen urrutira. Bera ote zen? Pauso batzuk aurrera eman bezain pronto jakin zuen baietz. Huraxe zuen aukera. Kontrarioa konturatzerako bere mutur parera agertu eta, ez bat ez bi, bezperan isildutako zortzi puntukoa bota zion:
Lagunak arturikan,
guzizko tirrian,
nere billa enbillen
bart gau erdian;
erronkak botatuaz
prestuezkerian,
ez dik ongi ematen
nork bere errian;
egunazko argian,
euskara garbian,
jokatu nai nian;
bañan ez nauk ipini
iñon premian.
Eta garaile erretiratu zen, harainoko alfer bidaiak zerbaiterako balio izan zuelako sentipenez.
3.- Beef elizkoia: Etxahun vs bi apaizak (1860)
Adinean aurrera egin ahala pertsonak otzantzera egiten duelako ustearen kontra ez dago Pierre Topet Etxahunen bizitza errepasatzea bezalakorik. Barkoxeko koplaria alderrai ibili ohi zen Zuberoan zehar, eskale eta begibakar, baina bizialdi guztian bezain hezigaitz jarraitzen zuen 74 urterekin, Schmarzow erretore alemanarekin sesioa izan zuenean –Zenmartzo deitzen zion Etxahunek burlaizez–. Itxuraz, aberatsekin gozo eta pobreekin zital jardun ohi zuen Schmarzow delakoak. Elizan bertan ere VIP gune moduko bat gordetzen zien herriko handikiei, organoaren azpialdean. Etxahun, Besta Berri egun batez, erretoreak debekatutako tokian eseri zen bere trapu zarpail eta guzti, boteretsu jendearekin aldakaz aldaka. Azkar ohartu zen Schmarzow aldaretik, eta elizatik kanpora zezaten agindu zuen. Etxahunek ez zuen oztoporik jarri. Baina meza bukatzean kanpoan jarraitzen zuen, upel baten gainean eserita, jendea noiz aterako zain. Eta erretorea kanporantz sumatu orduko, 19 ahapaldi bota zizkion, bata bestearen segidan. Tartean hauxe:
Jinkua zelin bada
Zü elizan bezala,
Lekü ederren haitatzez,
kargüdünak gora,
Gü taulapetan girateke,
jente gradoz apala.
Jon Etxaiderentzat zipo-bertso horiek dira euskal poesiaren sorta bikainenetakoa. Edonola, Etxahunen arazoak ez ziren hor bukatu. Behin apaizari epelak botata, norengana jo konfesatzera? Elizari zion erraietarainoko gorrotoa kontuan izanik, pentsa daiteke ez ziola lo handirik kenduko zalantza horrek, baina ondoko herriko apaizarengana joan zen, bazterrak nahastera beste ezertara baino gehiago. Bai baitzekien zer-nolako jende modua zen Eskiulako Musde Tiraz erretorea ere: tipo zitala eta bihozgabea. Herriko biolin jotzailearen hiletan bota zituenak horren lekuko: denak dantza miserablean jartzen zituen gizon haren arima pozoituta zegoela, eta herritarrek bekatuan jarraitzen bazuten haren patu bera izango zutela. Pentsatzekoa zenez, Etxahuni aitortza ukatu zion Musde Tirazek. Honek, orduan, apaizen kontrako bigarren round bat bota zuen, ondorengo bi ahapaldiak biltzen dituena:
Sei hilabete dizü egin
Eskiulara zirela jin;
gerozti sei barrika ardü
edan tüzü ordanari:
beste sei ukhen bazüntü,
bardin edan beitzuntukin.
Eskiulan Musde Tiraz.
Barkoxen Musde Zenmartzo,
hurak biak perfeit dira,
bai herri aizuentako,
bena Jinkuk lagün bitza
hoiek, nik maitha artino.
Handik bi urtera hil zen, Barkoxen bertan. Ez dago garbi hileta meza zein apaizek eman zuen.
4.- Xenpelarren antibeefa (XIX. mende erdialdera, datarik gabe)
Gipuzkoako ahoz ahoko usadioaren erakusgarri gailentzat jotzen da Xenpelar, argia eta zorrotza bat-batekoan, izugarri emankorra bertso paperak jartzen. Bere bizialdi laburrean –1869an 34 urterekin hil zen, nafarreriak jota– ez zuen erronka faltarik izan. Diotenez, behin Donostiako kuadrilla bat gerturatu zitzaion, desafio susmagarri samar batekin: aurrez aurreko erantzunean abila zela, bai, baina beti doinu bertsuan kantatzen zuela, eta ea zenbateraino zen gai doinu berrietan kantatzeko, Iparragirre bezala. Noski, Iparragirre aipatu zioten Bilintx ez aipatzeagatik, amuari kosk eginez gero Donostiako urretxindor mokokerraren izena atera eta berari komeni zitzaizkion baldintzetan desafioa taxutu ahal izateko. Xenpelar ez zen makala, ordea, eta inoiz erabili gabeko doinuan kantatu zizkien bi bertso, gerora Iparragirre abila dela izenez ezagun egin direnak. Belarriak jaitsita erretiratu ziren donostiarrak. Beste behin, Lezoko Santa Kruz jaietan, herriko bertsolari traketsenaren aurka aritu zen lehian. Juxto eta Lonjinos izeneko parea aritzen omen zen garai hartan herriz herri kantuan, nor baino nor baldarrago, baina txalo zartak jotzen zizkietela eta lainezak hartuta zebiltzan. Juxtok erronka bota zion Xenpelarri: ea nork bota bertso aldrebesagoak. Jendetza bildu zen plazan. Lehia hasi, eta Xenpelarrek ustez aldrebesena zen bertsoa ere dotore botatzen zuen, nahi gabe. Egun hartan Juxtorentzat izan ziren txalorik handienak.
Xenpelarren antibeefa errege egunez gertatu zen. Garai hartan ez zen giro oiartzuarren eta errenteriarren artean, eta Oiartzun inguruan ezezagunik sumatu orduko harrikadaka eta makilkadaka hasten omen zitzaizkien. Iluntze aldera, Xenpelar Ugaldetxo inguruan zebilela, lagun batek abisatu zion: “Hobe duzu etxe aldera goiz abiatu, susmoa dabil Palazio baserriko bileraren kontrako bertsoak zuk jarri dituzula, eta bidean zain dauzkazu batzuk”. Xenpelarrek, kontzientzia lasai, betiko orduan erretiratuko zela erantzun zion. Iluntzean abiatu zen Errenteriarantz, eta Palazio baserrira gerturatu ahala bertso kantari hasi zen, egurtzeko guardian zeudenek entzuteko moduan. Bat bota zuen aurrena, bigarrena gero, eta hirugarrena amaitzerako atera zitzaizkion bidera, garrasi betean: “Hik jarri hituan bertso horiek!”. Xenpelarrek ezetz. Besteek baietz. Azkenean, hiru bertsorekin konpondu zuen eztabaida Xenpelarrek. Horietatik bi hauek:
Errenteriya’n esan omen du
larogei urteko atsuak:
“Orroko orretxek para zituen
Palaziyoko bertsuak”.
Gazte bat balitz eman niozkake
belarrondoko batzuak,
konfesakizun aundiyak
ditu testimoniyo falsuak.
Bertsolariya engañatzeko
eskuan madamusela,
uste al dezu orrenbestekin
engañatutzen naizela?
ume txikiyak engañatzeko
nola egiña dan pastela,
kulparik gabe saldutzen naute
Kristo Judasek bezela.
Besteak konbentzituta, joaten utzi zioten azkenean. Lehiaz lehia ibili zena berak egin gabekoengatik egurtu zuten kasik, eta bertsotan eskuratu zuen barkazioa.
5.- Gauzatu gabeko beefa: Bilintx vs Hondarribiko Joxepa (XIX. mende erdialdera, datarik gabe)
Donostiako kale izendegiak justiziarik egiten ez badio ere jakina da nor izan zen Bilintx. Bertso jarrietan nabarmenduagatik, badirudi gai zela bat-batean aritzeko. Domingo Kanpainari buruzkoak bat-bateko bertsoaren itxura guztia dauka. Zenbait bertsioren arabera, Izturin gaineko sagardotegi batean afari-merienda prestatzen ari zen Bilintx –arrain gorria, zehazki– mando gainean Domingo bistaratu zuenean. Lehendik ere biak teman dezente aritutakoak izaki –eta Domingo Bilintxen bizkarretik barre egin zalea zenez–, ez zuen erasorako aukera galdu:
Mando baten gañian
Domingo Kanpaña,
ez dijoa utsikan
asto orren gaña;
azpian dijoana
mandua da, baña,
gañekua ere bada
azpikua aña:
mando baten gañian
bestia, alajaña!
Itxura batean, gizon arteko demako bertso erabatekoa da, Bilintxen ohiko estilotik asko urruntzen dena. Baina badira bat-batekoa ote den zalantza egiten dutenak, hain denez egoki josia. Are, zantzuak badira pentsatzeko Bilintx ez zela aurrez aurreko inprobisazioan oso solte aritzen. Behinola, dozena bat donostiar Hondarribira gerturatu ziren, emakume bertsolari ezagun bat ezagutu asmoz. Joxepa izena zuen, eta ahoz aho zebilen sekulako maila zeukala. Joxepari buruzko daturik apenas dagoen, baina itxura guztien arabera, lore jokoetan behin baino gehiagotan parte hartutako Joxepa berbera da Bilintxek eta lagunek bisitatu zutena. Elkarren artean bertsotan aritu bai, baina Bilintxek ez zituen aurreikuspenak bete –edo ez zuen eztarria askorik urratu–, laster jakin baitzuen Joxepari ez zitzaiola aski bertsolari iruditu. Minduta, ohorea lokaztuta, sei bertso jarri zizkion. Berak gogoa duenean soilik kantatzen duela arrazoitu ondoren, desafioa luzatzen dio:
Arkitzen baldin banaiz
orduan umorez,
proga emango dizut
lehenagoko ordez,
beste iñori baiño
gustorago doblez,
gero juzga dezagun
ezaguera hobez,
ia bertsolaria
al naizen edo ez.
Pentsa daiteke desafio hura ez zela inoiz gauzatu, bertso sorta hori Bilintxen idazki argitaragabeen artean topatu zenez gero. Edonola ere, emakume batek bere ekimenez gizon bat desafiatzen duen kasu dokumentatu bakanetako bat da –gainontzeko beefetan gizonek esandakoei erreakzionatuz baizik ez dute parte hartzen–.
6.- Beef Handia: Udarregi vs Pello Errota (1893-1895)
Bertsolaritzaren historiako beef handiena diru kontuek eragin zuten. Anton Abadiak 1893an Azpeitian antolatutako lore jokoetan bertsolari sorta eder batek eman zuen izena. Saria ez zen nolanahikoa: urrezko ehun libera. Udaletxeko balkoitik aritu ziren bertsolariak, parean ia 5.000 entzule zituztela, eta epaimahaikoan hiru izen handi: Resurrección Maria Azkue, Txomin Agirre eta Felipe Arrese. Laster asko nabarmendu ziren hiru bertsolari besteen gainetik: Joxe Bernardo Otaño –Pedro Mariren osaba–, Udarregi –gerora ezagun egin dena analfabetoa izanagatik bertsoak oroitzeko bere alfabeto propioa sortzeagatik– eta Pello Errota. Saioa izugarri berdindua zihoan, edonola ere: Otaño eta Udarregi nekazariak Pello Errota errotariaren aurka ari ziren herio batean, baina hark sendo eutsi zien, entzuleak erabat poltsikoratuz. Epaileek ez zekiten saria nori eman, baina ikusirik jendea “biba Pello!”-ka zebilela, hura izendatu zuten garaile –ez Otañoren eta Udarregiren aipamen berezia egin gabe–. Denak gustura erretiratu ziren, itxura batean. Handik gutxira, ordea, Udarregik eta Pello Errotak Usurbilen egin zuten topo. “Zer berri Azpeititik?”, galdetu zion errotariak. Udarregik galdera isekatzat hartu, nonbait, eta, erabat minduta, bertsopaper batzuk argitaratu zituen. Orduan hasi zen Beef Handia.
Premiyua eman zioten
Pello Errotari,
ez dan gauzik esaten
ez gerade ari,
zerbait luzatutzeko
bere lagunari,
Juan Jose Alkain edo
Jose Bernardori,
gezurra ugari
sakatu dit neri,
triste Udarregi,
deskubritu bedi,
asko partitu gabe
juana da ori.
Zein zen afera? Pello Errotak saria Otaño bere auzoarekin elkarbanatu zuela, Udarregiri ezer eman gabe. Horretarako arrazoirik ote zuen edo ez, hor dago eztabaida. Itxuraz, saioaren aurretik, zerbaiten kexuz zebilen Udarregi, eta Pello Errotak lasaitzeko esan zion, jakitera emanez saria beraiek irabaziz gero elkarbanatuko zutela: “Ez hadi kexa, motel, elkar behintzat ez diagu galduko eta!”. Udarregik erantzun omen zion: “Zuek nahi izanagatik nik galtzen erraza dela uste al duk?”. Pello Errotari komentarioak graziarik egin ez, eta gero, saioa berak irabazitakoan, Otañorekin bakarrik partitzea erabaki zuen. Edo hori dio, behintzat, haren sokakoen bertsioak.
Kontua da Udarregiren bederatzi puntuko hogei bertsoek eztandarazi zutela guztia. Pello Errotak erantzun zion. Gero, Udarregirik kontraerantzun. Otaño ere tartean sartu zen une batez. Udarregik bien kontra jo zuen orduan. Pello Errotaren semea, Migel Anton, sartu zen gero. Udarregik laugarren sorta bat jarri zuen. Pello Errotaren anaia Juan Kruzek ekin zion segidan. Eta une horretatik aurrera kontrola erabat galdu zen: Udarregiren alde idatzi zuten Errikotxiak, Arzakek, antiguotar batek eta beste ezezagun batek –Gazteluk, ziur asko–. Bertsozaleak bataren edo bestearen alde posizionatu ziren, ezinbestean. Aferarekin lotutako 180 bertsotik gora idatzi ziren, ia denak bederatzi puntukoak, Udarregiren heriotza arte iraun zuen liskarrean.
Ohatzean gaixo zela, azken desio bat eskatu zuen Udarregik: deitzeko mesedez Pello Errotari, harekin hitz egin nahi zuela hil aurretik. Abisatu zioten, baina hura iristerako hila zen. Aretoan sartu zen errotaria, eta gorpua inguratzen zuten hiru gizonei begira, txapela erantzi, eta ondorengo bertsoa kantatu zuen:
Ojala ikusi banu
onen eriyua,
alkarri eskatzeko
barkaziyua,
animak irabazi
dezan premiyua,
eindako gaitz guztiyen
erremediyua;
utzi jeniyua
ta inkurriyua,
gure salbaziyua
da oraziyua,
erreza dezaiogun
errosayua,
au da katolikuen
relijiyua.
7.- Neskazaharraren beefa: Joxepa Antoni Aranberri vs Enrike Elizetxea (1902)
Bilboko Ibaizabal aldizkariak bertsopaper lehiaketa antolatu zuen 1902an, espresuki bertsogile ezezagunentzat. Hala zioen oharrean: “Bertso alai edo alegreak egin eizuez. Barre egin daigun, negar geuk gura eztogula egin bear izaten dogu, gura dogun baiño sarriago-ta”. Astez aste gai berria proposatzen zuten, parte hartzaileek sorkuntzarako denbora tarte mugatua izan zezaten. “Taberneruen bizimodua” jarri zuten gaitzat lehendabizi, “Aguazillaren bizimodua” bigarren, “Neskazarrak” gero, “Mutilzarrak” segidan. Apirilaren 13ko agerkarian atera ziren neskazaharrei buruzko bertso irabazleak, Errenteriako Enrike Elizetxea delako batenak. Neskazaharrak jende maliziatsu eta gorrotagarritzat irudikatzen zituen, bide zuzenetik aldendutako jendaila modura. Konparazio baterako:
“Mutillen batek kalean neri
itza egingo balira,
kopeta illundu ta alde egingo
nuke beste alderdira”.
Bañan alperrik orlako ametsak
egiten aritzen dira,
oiek kalean ikusi eta
nork begiratu arpegira?
Sorta hark oihartzun handi samarra izan zuen, laster iritsi baitzen berria Elizetxearen herrira. Joxepa Antoni Aranberri –Xenpelarren iloba, garaitsu hartan 30 urteren bueltan zebilena– erabat ernegatu zen, eta tamainako erantzuna idatzi zion. Itxuraz, Elizetxea hiltzeko zorian egona zen, eta orduan lagundu zioten asko iraintzea leporatzen zion bertso sorta berri horretan:
Ibaizabal-en sari txiki bat
irabazteagatikan,
gogora etorri zaizun guztiya
esan dezu gugatikan;
nik esan bear banu munduban
zaude gaur guregatikan,
zu sendatzeko sendagarririk
etzan iñungo botikan.
Bere baitarako “harrapa ezak hori!” esanez, bertso jarriak gutunazalean sartu eta Elizetxearen buzoian sartu zituen, gonbidapen batekin: bidaltzeko haiek ere Ibaizabal aldizkarian argitaratzera, eta kasualitatez berriro saririk ematen bazioten gogoratzeko berarekin. Ez zen inoren sinadurarik ageri, baina Elizetxea azkar ohartu zen hura Aranberriren lana zela, eta bizarrak zutik jarri zitzaizkion. Kikilduta, mesedez barkatzeko eskatu zion, ez zuela sekula pentsatuko bertso haiek halako oihartzunik izango zutenik, Ibaizabal aldizkariaren errua zela gai hori jartzeagatik, berak liburu polit bat besterik ez zuela irabazi nahi, baina neskazaharren gorrotorik ez zuela merezi. Aranberrik eskatu bezala, haren sorta Ibaizabalera bidali zuen, excusatio non petitaz jositako hitzaurre luzea eta guzti. Han ere, tankeratsu, bere burua desenkusatzen zuen: ezin jan, edan eta lo egin omen zebilen. “Beti neskazarrak dakazkit gogoan. Edaten edo jaten asitzean, iduritzen zait edontzian eta erretilluan daudela, eta ori bera gertatzen zait oeratzekoan gelan sartzen naizenean”. Barkamena eskatuz amaitzen du, eta badirudi Aranberrik barkatu ziola azkenean. Behin harekikoak egindakoan, Ibaizabal aldizkariko kajistaren aurka ekin zion, hona ekartzeko luzeegia den beste beef batean.
8.- Traje berriaren beefa: Fermin Imaz vs Txirrita (1927)
Ez da Bilintx izan Donostiako kale bertsolari ezagun bakarra. Fermin Imaz izeneko bat ere ospetsu samar egin zen XX. mende hasiera aldera. Arrantzalea zen berez, kaiko zamaketari lanetan aritu zen gero, eta, azkenaldian, arrain saltzaile. Garai hartan, San Tomas egunez bertso saioa ospatzen zen urtero Antzoki Zaharrean, eta Txirrita arduratzen zen kantari nor arituko zen erabakitzeaz. Urteroko kuadrillaren parte izaten zen Fermin Imaz. 1927ko saioa prestatzeko bilerara berandu iritsi zen, ordea. Txirritak arratsaldeko seietarako jakinarazi beharra zeukan erabakia, eta beste batzuen izenak eman zituen. Imaz ziur zegoen berari deituko ziola, traje berria eginarazi baitzuen, saio hartako irabaziekin ordaintzeko asmoz. Easoko Bar Manolon zegoela jakinarazi zioten Txirritaren erabakiaren berri. Amorratuta, txaketa berria airean bota zuen: “Zerekin pagatu behar dut nik orain hau?”. Igande goiz batez, Errenterian azaldu zen Txirritaren aurkako bertsopaperak salduz. Bertsotan emandako beef handienetako baten hasiera izan zen. Bederatzi puntuko hamalau aleetako bat, hau:
Arrazoi aundiyakin
egiten naiz mintza,
nere entendimentuak
ala deritza,
teatrora juateko
eman ziran itza,
bera ori nola dan
bertsolarin giltza,
nik biar nun agintza
nor izan banitza,
egin diran gaitza
aziyo murritza,
lagunak engañatzen
zertan zabiltza?
Azkar erantzun zion Txirritak, bederatzi puntuko beste hamabi bertsorekin. Azalpen handirik ez du ematen: Fermin bilerara berandu iritsi zela bitartean edanean zebilelako, eta berak erabakia azkar hartu beharra zeukanez, inguratu zirenekin egin zuela tratua. Ez du okasioa galtzen Imazen zurrutero fama puzteko:
Ankak zabaldu eta
balantzaka asi,
kopeta illunduta
begiyak itxi,
aurrian zein daguen
ezin du ikusi,
txandarikan eztiyo
iñori nai utzi,
oju eta irrintzi,
iñork ezetz autsi,
orrek nai du bizi
guziyen nagusi,
iñon ametitzerik
eztu merezi.
Imazek erantzun zion berriro, Txirritari “errespetu gutxiko bertsolariya”, “kristau faltsua” eta “alper danen diretoria” deituz, eta epaitegietara joateko mehatxua eginez. Txirritak berriro kontraerasoa: mozkor hutsa zela, andrearekin bananduta zebilela, eta gisakoak. Itxura denez, bosgarren roundean amaitu zen beefa, Imazen azken sorta batekin. Basarrik sarri aipatzen zuen garai bateko bertsolariak behe mailako jendea zirela, eta auzolotsa eragiten zutela beren norgehiagoka negargarriekin, nor zen mozkorren kapitaina, noren andrea ikusi zuten norekin, eta abar. Baliteke, besteren artean, Txirritaren eta Imazen arteko beefa gogoan zuela esan izana.
9.- Azken beefa: Basarri vs Inaxi Etxabe (1955)
Basarriren zenbait sortak ez zuten hark ahotan hainbestetan hartutako ukuilu-girokoek baino goi-arnas askoz gehiagorik. Imanol Lazkanok esana dauka oso kontserbadorea zela, beheko sua baino zaharragoa: “lehengoa dena ona, gaurkoa dena txarra, eta etorkizunari izu izugarria”. Zarauzko frantziskotarren Anaitasuna agerkarira bidali zuen bertso sorta erabat kabitzen da koordenatu horietan. Kutsu moralizante agerikoz, emakume gazteen akatsak zerrendatu zituen sei bertsotan. Horietako bat da ondorengoa:
Nobelak ondo irakurrita
gabez zinetara irten.
Guraso zarrak negar egiñez
sutondoan itxogiten.
Beren izkuntza bajutzat bota,
ta beste bat itzegiten.
Noizbait ezkondu, ta asitakoan
etxeko lanak egiten,
sua nolatan pizten dan ere
askok ez dute jakiten.
Oikiako Inaxi Etxaberen eskuetara iritsi ziren bertso haiek. Gertutik jarraitzen zuen Basarri: bere bertsolari gustukoena zen –gutxiri bezala, Uztapide baino gehiago gustatzen zitzaion, bere kantatzeko modu patxadatsuagatik–. Ez zion sekula aitortu, kalean maiz gurutzatzen zuen arren. Basarrik aio, eta berak ere aio. Besterik ez. Baina emakumeen kontrako sorta hura irakurtzean, zeharo minduta, erantzun egingo ziola erabaki zuen. Hilabete batzuetara, sei bertso bidali zituen Anaitasunara, “Oikinako neska” goitizenez sinatuta. Basarriri erantzuten zion, gizonezkoen akatsak zerrendatuz. Esaterako:
Bizio txarrik asko badago
gizasemien artian
begiratzia naikoa dezu
auzo-taberna atian
egunero an ikusten dira
pozik asko zurrutian
jakiñagatik ori dutela
bere buruen kaltean.
Ez dira ala ere geldituko
patrikak ustu artian.
Bertsoak argitaratu ondotik, Etxabek ez zuen Basarriren berri izan denboraldi batez. Jakingo ote zuen bera zela izengoiti haren atzean ezkutatzen zena? Handik puska batera jakin zuen erantzuna, bere anaia bizarginarenera joan zenean Basarri. Ispilu aurrean eserita, bizar xaflaren zorrotzak kikilduta agian, hala aitortu zion: “Zure arrebak oso ondo erantzun dit”. Eta pentsatzekoa da zinez gustatu egingo zitzaizkiola bertso haiek Basarriri, bere ohiko diskurtsoarekin bat egiten baitzuten: emakumeak bezainbat, gizon gehienak ere bide zuzenetik kanpo ibili ohi ziren harentzat. Ez zion, ordea, Etxaberi zuzenean halakorik aitortu. Berriz ere Zarauzko kaleetan gurutzatu zirenean, elkarri begiratu eta, aio, eta aio.
Anakronismo baten une gorenak Anakronismo baten une gorenak Anakronismo baten une gorenak Anakronismo baten une gorenakAnakronismo baten une gorenak Anakronismo baten une gorenak Anakronismo baten une gorenak Anakronismo baten une gorenak Anakronismo baten une gorenak Anakronismo baten une gorenak Anakronismo baten une gorenak Anakronismo baten une gorenak Anakronismo baten une gorenak Anakronismo baten une gorenak Anakronismo baten une gorenak Anakronismo baten une gorenak Anakronismo baten une gorenak Anakronismo baten une gorenak Anakronismo baten une gorenak Anakronismo baten une gorenak Anakronismo baten une gorenak Anakronismo baten une gorenak Anakronismo baten une