Berrikuntza: bertso-eskolaren eta elkartearen ideien lehen zantzuak

bertso-eskolaren eta elkartearen ideien lehen zantzuak –

Aurrekoaren jarraidura edo garapena ez ezik berrikuntzak ere ekarriko ditu garaian garaiko proiektuak. Kasu honetan, nola ez, Aitzolen testu batean, topatu da ordura arte entzun gabea zen musika:

“Nobilísimo empeño el de ‘Euskeltzaleak’, que para dignificar y ennoblecer al bertsolari se propone fundar una Sociedad para suscitar vocaciones de jovenes improvisadores grabándoles los ideales que engrandezcan su estro, para que esta nuestra poesía popular se desborde sobre la alegre campiña […]” (Euzkadi, 1930/V/6, “¿Desaparecera el bertsolari? (Una inquietud…)”)

Bistakoa da bertsolaritzaren instrumentalizazioak gehiago kezkatzen duela transmisioak baino, baina “fundar una Sociedad para suscitar vocaciones de jovenes improvisadores” hori dezente gerturatzen zaio elkarte/bertso-eskola ideiari. Handik gutxira Lauaxeta zerbait gehiago gerturatzen da:

“Gaur bere bertzolari onak daukoguz, Bizkaikuari bakarrik nagola, ona Uriarte, Enbeita gastia, Zidorra, ‘Eulia’ eta abar. Baña bertsolari guztiokaz bazkun bat egin bihar geunkela uste dot, gure laguntasuneaz barrijak sortu daitazan […] Gazte asko dogu orretarako yayuak diranak, baña baserriko bakartasunian ezin dira umotu. Eurekana eldu gaitezan, eta bertzolari ona ixateko bidiak erakutsi […]” (Euzkadi, 1931/V/26, 1. or., “Azalpenak”)

Bertso-eskolaren eta elkartearen ideien lehen zantzuak
1930eko hamarraldia. Bertsolariak mahai gainean kantuan. Iturria: Sendoa.

 

Badago Lauaxeta baino pauso bat harago iristen denik ere. Horela, Beñat Harrigaitzek Euzkadin “Pertsulari gazter” izenburuarekin 1935/VII/06an argitaraturiko artikuluan Pierre Lafittek kaleratutako “Koblakarien legea” lanaren berri ematen du eta bertsotarako oinarrizko ikasmaterial gisa aurkeztu: “Pertsulari gazteak ikhas ditzala lehenik bere legeak: gerochago bertze liburu gothor batean irakhurriko ditu […] nola aldatu diren legeak mendetik-mendera, ez othe litakeien bertzelako neurthitzik egin […]”. (Euzkadi, 1935/VII/06. ‘Pertsulari gazter’). Bertsogintza, bada, ikasketaren bidetik garatu daiteke, edozein arte edo ofiziorekin gertatzen den gisan: “[…] pertsulariak behar du bere eginbidea ezagutu, bere ofizioa ikhasi. Gostua, jeinua baitezpadako dohainak dira segurki: ez dute ordean kalipurik asko berek ofiziale on baten egiteko. Orok eskola behar, ala bederen aprendizgo pochi bat; hots, erakhuslerik gabe, jakintasun guti”. Eta Lafittek esaten dituenak bertsoen epailetzarako ere baliogarriak izan daitezkeela gaineratzen du, rol hori ere garabidean jarri nahi denaren seinale: “Gure iduriko, sei kapituluño horiek laburzki emaiten dauzkute pertso ontzeko konseilu zuhur guziak, bai eta irakasten nola behar diren bertzen koblak jujatu”.

Pierre Lafitte (1901-1985) luhusoarra, artean aipatzeke genuen arren, bai jitez eta bai harreman sareagatik, aurreko orrialdeetan bueltaka ibili dugun koadrila horretako kidetzat har daiteke. 1924ean apaiztua, ordurako abertzaletasunarekin hausnarrean zebilen eta 1932an Aitzol ezagutu zuenean EAJan militatzeari ekin zion. Antzina aldizkari abertzalea sortu zuen 1934ean eta euskal hedabide errenkada batean kolaboratu zuen bere aldizkaria zuzentzeaz gain. Bertsolaritzarekiko interes bizia zuen eta hurrengo zikloan honen zabalkunderako paper garrantzitsua beteko zuen Herria aldizkariaren sortzaile eta zuzendari izango zen, bertsolaritzari buruzko testu ugari sinatuz eta bertso epaile lanetan ere bere ekarpena eginaz. Euskaltzain ere izango zen 1952tik aurrera.

Bertso-eskolaren eta elkartearen ideien lehen zantzuak
Pierre Lafitte

‘Koblakarien legea’ Gure Herriak argitaratu zuen 1935ean, gehigarri gisa. Bertan, Lafittek bertsolari gazteen harrobia eta «jaio ala egin» dikotomia harremanetan jartzen ditu abiapuntu gisa, dikotomiari 1980ko hamarraldian emango zaion irtenbidea aurreratuz:

“Askotan galdegin daukue zerbait lege bazenetz koblakari berrien gidatzeko, ala zerutikako dohain batek behar zituenentz nolazpait argitu […] Jeinua, jiteak emaiten du, beraz Jainkoarenganik heldu da. Jakitatea, parte jitetik, parte ikhasetatik.” (Lafitte, 1935: 1)

Jarraian, bertsogintzaren mekanismoak azaleratzeko ahalegina egingo du 1980ko hamarraldiaren hasieran bertso eskolen sorrerarako funtsezkoa izan zen Amurizaren ekarpenaren aurrekari xume gisa. Horrela, gaiari nola heldu aholkatzen du: “Hoberena beraz chede edo mugen finkatzea, jakiteko nundik has, zertarik burura, eta nola antola arteko mami balios hura” (id.: 4). Saioari indartsu ekitea garrantzitsua dela azpimarratzen du: “Hastapenak munta handia du: harek emaiten diozkate kobleri beren abiadura, usaina eta ozentasun berezia” (id.: 4). Edo indartsuago amaitu beharra dagoela bistarazi: “Bazkarietan berdin, arno eta jateko bikainenak azkenik” (id.: 5). Eta, besteak beste, gaiaren tonuari ongi egokitzen zaion doinua aukeratu beharra seinalatzen du, neurria doinuak ezartzen duela gaineratu eta neurririk ohikoenen zerrenda eskaintzeko (id.: 6).

Lafitteren lan honetan, baina baita Lauaxetaren, Aitzolen edo Harrigaitzen testuetan ere, bigarren olatu honetan eskolatzeak herri kulturaren modernizazio eta biziraupenerako hartu duen garrantziaren itzala nabari daiteke. Kezka hori berria da XIX. mende bukaerako olatuarekin alderatuz. Ikastolen mugimenduaren lehen agerraldiaren inguruan gorpuztutako bulkada berriak, bada, bertso-eskolaren ideia modernoaren atariraino daramatza eragile horiek, eta bertsolari elkarte baten aipamena ere egiten da honi lotuta.

Bertso-eskolaren eta elkartearen ideien lehen zantzuak  Bertso-eskolaren eta elkartearen ideien lehen zantzuak  Bertso-eskolaren eta elkartearen ideien lehen zantzuak