Bautista Madariaga: Bertsolari zirikatzailearen agurra

Patxi Larretxea-(r)en argazkia Patxi Larretxea 2019-02-01
Argazkiak: Madariaga familia eta Xenpelar Dokumentazio Zentroa

Bautista Madariaga –

1926. urtean Arantzan sortua, aurtengo ekainaren 28an zendu zen Bautista Madariaga Elizondo, Arantzako bertsolaria, 92 urte zituela.

Pertsona batek bizitzan zehar egin duenaren muina ezagutzeko, izan dituen ofizio eta afizioetan erreparatu behar dela iruditu izan zait beti. Ofizioak bizitza aurrera ateratzeko baliabideak ematen dituelako, eta afizioak, berriz, denbora libreaz gozatzeko era adierazten duelako.

Arantzako Mutikonborda baserrian jaioa, zazpi senideko familia batean bigarrena izan zen Madariaga. Garai hartan baserrietan ohikoa zen bizimodua egin zuen. Ttiki-ttikitatik baserriko lanei gogor ekin eta, ahal zen neurrian, eskolara joan zen, 13-14 urte bete eta eskola utzi zuen arte. Tartean, gainera, 10 urte zituela lehertu zen 1936ko gerra, eta larrutik ezagutu zituen gerraren ondorio basatiak.

Ondotik, mendi lanetan hasi zen, inguruko mendietan lehenik eta Pirinioetan ondoren, Irati inguruan gehienbat. Handik urte batzuetara, Olajorenborda baserrira ezkondu zen, eta, Joakina emaztearekin, lau seme izan zituen: Jabier, Agustin, Juan Anjel eta Xalbador.

1965. urtean, Laminaciones de Lesaka lantegian hasi zen lanean, eta bertan jubilatu zen 60 urte zituela. Baserriko lanak maite zituen Bautistak, eta natura eta lurraren inguruan bizi eta gozatu zuen luzaroan, osasuna lagun izan zuen arte.

Bautista, bertze bertsolari anitz bezala, bertso eskolarik ez zen garaian hasi zen bertsotan. Familiak eta lagun giroak egin zuten bertsolari. Familian, atautxi zuen bereziki bertsozalea eta, berak kontatzen zuenez, haur ttikia zela atautxik kantatutako bertsoek sortu zioten bertsozaletasunerako grina.

Herriak ere lagundu zuen, nola ez. Arantzan beti izan da zaletasun handia bertsoaren inguruan, bai lehen eta baita orain ere.

Telebista, telefono, Internet eta antzekorik ez, irakurtzeko deus gutti eta ahoz ahoko kulturan eman zuen murgilduta gaztaroa Madariagak. Asteko sei egun lanean eman ondoren, igande arratsaldea izaten zuten bestarako eta bertsotan aritzeko. Herriko plazan soinuaren harira dantza egin eta, gero, ostatu giroan kantu zaharrak, bertso jarriak eta, lotsa galdutakoan, bat-batean bertsotan aritzeko aprobetxatzen zuen arratsaldea.

Igandeaz gain baziren, hala ere, bertsotan egiteko egun seinalatuak: “Santakta” deiturikoa izaten zen horietako bat, duela berriki arte bizirik jarraitu duen ohitura. Urtezahar arratsean eta Errege bezperan gazte kuadrilla bildu eta, soinujole eta bertsolari batekin, auzoz auzo ibili ohi ziren diru eske, kantuan eta bertsotan, baserritarrak alaituz. Luzaroan hartu zuen parte ohitura horretan Madariagak. Mahai ingurua ere aprobetxatzen zuen Bautistak bertsotan aritzeko. Inauteriak, zerri-hiltzeak eta auzolan egunak aitzakia perfektua ziren mahai ingurua alaitu eta kantuan aritzeko.

Bertsozaletasunaren punturik gorena, ordea, herriko bestetan kanpotik etortzen ziren bertsolari ospetsuak aditzea izaten zen. Urtean pare bat aldiz, garaiko bertsolaririk entzutetsuenak pasatzen ziren Arantzatik. Giro horretan ikasi eta trebatu zen Bautista bertsotan. Gero, bertso munduan ezagutzera eman zenean, Arantzako plazan, bertsolari handi horiekin, Uztapide, Basarri, Xalbador, Mattin, Lazkao Txiki eta bertze anitzekin kantuan aritu ere bai.

Bautista MadariagaLehen plaza ofiziala 1948an egin zuen, Arantzako lagunek horrela eskatuta, herrian bertan, soldaduskan ezagutu zuen Ostolaitz laguna kantukide zuela. Hala ere, bertsotako garairik oparoena, dudarik gabe, 60ko hamarkada izan zen. Nafarroako Bertso Txapelketako bigarren aroko final guztietan parte hartzea lortu zuen. Gainera, 1961ean txapela irabazi zuen aranztarrak.

Urte horietan, ordea, txapelketa ez zen izan bertsoarekin zuen harreman bakarra. Nafarroako herri anitzetan ibili zen kantuan Andres Narbarte Xalto goizuetarra zuela lagun ohikoena.

Xaltoz gain, bertzelako bertso lagunak ere izan zituen Madariagak. 1960. urtean egin zuen Xalbador anaiak bere lehen plaza Zugarramurdin, bertako andramari bestetan. Bertso Saioa egiteko, Xalto eta Bautista Madariaga omen ziren deituak, eta Xalto, ezbehar bat tarteko, ez omen zen azaldu. Egun horretan, Ameriketatik etorritako hiru artzain euskaldun zeuden bertan bertso gosez, eta eskatu omen zioten Bautistari bertze bertsolariren bat bilatzeko, beraiek joanen zirela eske. Gizonak bertze aukera handirik ez eta anaia Xalbadorrengan pentsatu zuen. Garaia hartan, Arantzako herrian telefono bakar bat omen zegoen, Bolinea izeneko dendan, bertara deitu eta agindua eman ondotik, bilatu, ados jarri eta han Joan omen ziren artzain amerikarrak haren eske. Arratsaldean Zugarramurdiko plazan bertsotan aritu, gaua ongi luzatu arte bertsotan jarraitu eta berriro artzain amerikarrek eraman omen zituzten bueltan Arantzara Xalbador eta Bautista. Horrelakoak ziren garai haietako bertsolarien ibilerak.

Nafarroan ez ezik Euskal Herri osoan ere aritu zen bertsotan; 1967. urtean Donostian jokatu zen Txapelketa Nagusiaren finalean parte hartu zuen, Xalbadorri lehenik txistu eta gero txalo egin zioten txapelketa ospetsu hartan. Ondoren, garai zailak etorri ziren bertsolaritzara, bereziki Nafarroan. Bertsolari txapelketak geldialdia izan zuen, baita Nafarroako bertso zaletasunak ere.

Urte batzuk geroago, 1979. urtean ekin zitzaion berriro Paulo Iantzi Saria izenarekin. Zazpi bertsolarik hartu zuten parte Lesakan egindako finalean: 60ko hamarkadan aritutako bi, Bautista Madariagak eta Juan Perurenak, Jesus Goñi Estatu Batuetako bertsolari txapeldunak eta lehendik plazaratu gabeko lau bertsolari gaztek, Argiñarena anaiek, Euxebio Fagoagak eta Bittor Elizagoienek.

Ondorengo Paulo Iantzi sariketetan ez zuen parte hartu Bautistak, baina 1983. urtean hasi eta 1992. urtea arteko Nafarroako Txapelketa guztietan hartu zuen parte. 1983ko eta 1984ko finaletan sartu zen.

1960. urtean Nafarroako txapelketetan Andres Narbarte Xalto, Juan Perurena, Felix Iriarte eta bertzerekin kantuan hasi zenak, 32 urte geroago Xabier Silveira, Estitxu Arotzena, Bittor Elizagoien, Manolo Arotzena, Mixel Xalbador, Mikel Taberna, Lontxo Aburuza, Felix Iñurrategi eta abarrekin kantuan bukatu zuen. 1992an, agurreko bertsoan, txapelketei agurra eman zien honako bertsoarekin:

 

Nere aurrian ikusitzen det
hau da bikote gaztea,
eta neroni denetan zaharren
hauxe da izen tristea.
Aurtengoan pentsatutzen det
beti betiko uztea
igualian nahiago det nik gaur
Estitxuk irabaztea.

 

Izan ere, Bautistari egokitu zitzaion irrati, telefono eta telebistarik gabeko gizartean sortu, etxean eta tabernetan bertsotan ikasi eta bertso eskoletan eta unibertsitatean ikasitako bertsolari gazteekin aritzea. Eta horrek ematen die garrantzi handiagoa Bautista bezalako bertsolariei, hain luzaroan eta hain egoera desberdinetan kantuan jarraitzeko gogoa, indarra eta borondatea eduki izanagatik.

Bautistaren bizitza eta bertsolaritza kalifikatzeko orduan, arnas luzeko gizon ibiltaria izan zela erranen nuke. ‘Jarraitu eta iraun’ leloa izan zuen gizona. Bertsotan, ordea, neurri motzak zituen gogoko, zortziko ttiki nahiz handian moldatzen zen gustura. Ofiziotan, ziria sartzen ematen zuen maila gorena.

Bere bertsoaldi bat datorkit orain burura, neronek zuzenean ikusi eta entzun ahal izan nuena. 1988ko Nafarroako Txapelketan, Ortzaizen, Jean Perre Irieder gai-emaile zela. Bakarkako kartzelako lana zen eta hauxe gaia: ‘Chirac eta Miterrand entzun dituzu elgarri espantuka, kartzelan edo presondegian ezarri dituzten presoez. Zuk haien balentriari zer diozu?’.

Gaia entzunda, Bautistak harritu aurpegia jarri zuen, ez da harritzekoa, ordea, garai hartako Frantziako agintari gorenak izanda ere seguruenik ez zuelako jakinen nortzuk ziren ere.

Gai-jartzaileak ahopeka azalpenen bat eman zion, eta Bautistak, di-da batean, ondorengo hiru bertsoak osatu zituen, eta txalo zaparrada handia jaso.

 

Chirac eta Miterrand
ditugu nagusi,
euskaldunak kartzelan
sartzen dira hasi.
Baina berek hainbertze
lukete merezi,
nere partetik sartuko
nituzke le(he)nbizi.

 

Gizon horiek zein diren
nahi du(e)nak aditu,
gure zeruko jaunak
Nola egin ditu.
Euskaldunak hoiekin
kastigatu gaitu,
hobea biak infernun
kiskali balitu.

 

Gizon gaiztogorikan
inon bai ote da,
sortu ziran euskaldun
guztion kaltera.
Jaunak botzen baditu
infernu batera,
neroni joango naiz
sua ematera.

 

Gizon maitatua izan zen Bautista. Horren seinale, bi omenaldi jaso zituela. Herritarrek egin zioten Arantzan bertan lehenengoa 1985. urtean. Hiru urte geroago, Donostian, Bertso Egunaren karietara Bertsozale Elkarteak ere omendu zituen hura eta anaia Xalbador.

Agur eta ohore Bautista Madariaga Elizondo, Arantzako bertsolari xume eta zirikatzaileari.

Bautista Madariaga  Bautista Madariaga  Bautista Madariaga  Bautista Madariaga  Bautista Madariaga  Bautista Madariaga  Bautista Madariaga  Bautista Madariaga  Bautista Madariaga