[Bat-bateko bertsoa, jolas galduaren bila II] Basarri eta Uztapide
Basarri eta Uztapide –
Jolas-izaera galtzen ari da bat-bateko bertsoa. Neurri batean, galera horren historia da bertsolaritzaren historia. Historia hori zirriborratu nahian, bost flash eskaini nituen aldizkari honen aurreko zenbakian, XIX. mendean hasi eta 1935eko eta 1936ko txapelketen arteko bilakaera azalduz.
Hurrengo zenbakian, Euskaltzaindiak antolatutako bertsolari-txapelketak aztertuko ditut, azaletik bada ere. Halako garrantzia izan dute bertsolaritzaren azken urteetako historian. Txapelketa horien zurrunbiloan sartu aurretik, ordea, geldialdi bat egingo dugu, zenbaki honetan. Urteen joanean bertsolaritzak egindako ibilbidean ez baina, egun bateko bertso-jardun batean jarriko dugu arreta. Hain da esanguratsua!
Ez zen amaitu zaharra 1936-1939ko gerra. Gerraurreko bi txapelketa haietan protagonista izandako bi bertsolari gazte dira orain ere protagonista –Basarri eta Uztapide–, baina txapelketa giroarekin zerikusirik ez duen festa giroan, Gipuzkoako herri txiki eta erabat euskaldun batean –Aian–.
Duela 78 urte izan zen, 1944an, abuztuaren 7an, herriko zaindari san Donatoren egunez, uda bete-betean. Festetako egitarauan, bi bertso saio zeuden iragarrita: bata, goizean, meza nagusiaren ondoren; bestea, arratsalde beranduan. Herriko plazan izango ziren bi bertso saioak, horretarako prestatutako oholtza berezian.
Baina Uztapideren bertso batek hankaz gora jarri zuen egitaraua. Egun osoko bertso-jardun bihurtu zituen aurreikusitako bi bertso saioak. Eta, plazaren muga zehatzak gaindituta, inguru zabalera hedatu zuen bertsoen eszenatokia.
Egun hartan, ez zen argazkilaririk izango Aian; kazetaririk ere ez. Eta orduan gertatua haizeak eramango zuen oso-osorik, zenbait aiarrek gogoan hartu izan ez balute. Haietako batek –Joxe Mari Lertxundik (Aia, 1932 – 2022)– hamabi urte zituen orduan, eta ia hirurogei urte geroago kontatu zituen udako egun gogoangarri hartan gertatuak, Uztapideren Berriz plazara liburuan.
Joxe Mari Lertxundiren testigantza ezin baliotsuago horretan oinarritzen da nire lan hau. Askotan aditu genion kontatzen, oso antzeko beti ere. Urteen joanak ez zituen lausotu haren oroitzapenak. Hemen, euskara batuan ipini ditut haren hitzak.
Era berean, euskara batuan doaz gainerako aipuak ere, baina jatorrizko bertsioan utzita bertsoak.
Bi izen betiko uztartu zituzten 1935eko eta 1936ko bertsolari guduek edo txapelketek: Basarri eta Uztapide.
Basarrik hogeita bat urte zituen, 1935eko Txapelketa irabazi zuenean. Bertsolaritzaren berritzea zekarren. Argi zituen kontuak: ez zen inola ere taberna giroko bertsolaria izango. Nahiago zuen Kepa Enbeita Urretxindorraren bertso jarduera, poesia kutsukoa, hizkera jasokoa. Bertsolaritza hura bat zetorren, gainera, Euskal Pizkundea mugimenduak sustatzen zuenarekin.
Lau urte zaharragoa zen Uztapide. Hogeita sei urte zituen, 1936ko Txapelketan bigarren saria eman ziotenean, nahiz eta epaimahaiko batek aitortu zion lehenbizikoa irabazi zuela.
Txirrita handik bost hilabetera hil zen, 1936ko ekainaren hasieran. Hiru urteko gerra etorri zen ondoren. Ez zen gehiago bertsolari gudurik izan.
Frontearen alde banatan ibili ziren Basarri eta Uztapide. Gerra bukatuta, etxera itzuli zen Uztapide. Basarri ez zen etxeratu 1943a arte, azken hiru urteak batallón de trabajadores delakoetan gatibu igaro eta gero. Baina bertsoak bildu zuen gerrak sakabanatua. Berehala hasi ziren biak elkarrekin bertso kantuan, herriz herri eta plazaz plaza.
Hain zuzen, hasiera hartako saioa da Joxe Mari Lertxundik kontatzen duena. Urrearen balioa du:
Nik dozena bat urte nituela, gutxi gorabehera, Aiako festetan, Donato Deunaren egunez, 1944ko abuztuaren 7an, Basarri eta Uztapide bertsolariak ekarri zituzten.
Nire denboran lehenengo aldiz orduan entzun nien neurri hartako bertsolari batzuei. Nik neurez txikitandik ekarri nuen bertso zaletasuna; eta egun hartan bi bertsolari sonatuenak aurrez aurre ikusi eta haien bertsoak entzunez egotea, gaur Aita Santua ikustea baino handiagoa zen askozaz ere.
Astelehena izanagatik, jai handia zen Aian: San Donato eguna. Festa egarriz zen herria, eta bertso jolaserako prest bai bertsolariak eta bai entzuleak, artean bazkalordua urrun samar. Hamabi urteko mutikoak, berriz, betirako jasoko du, xehe-xehe eta zehatz-mehatz, orduan ikusi eta entzuna:
Meza nagusiaren ondoren, era honetan jarri zuten bertsolariak kantatzeko tokia: plazaren erdi-erdian bi bukoi edo kupel handiren gainean oholtzadura bat; gainera igotzeko eskailera, ertz batean; gainean, alde banatan aulkietan eserita bertsolariak; eta erdian, beste aulki batean jarrita, botileroa, noizik eta behin haiei tragoxka bana emateko.
Garai hartan bertsolarientzat gai-jartzailerik ez zen izaten, eta beti edo gehienetan Basarrik ematen zion hasiera, eta nondik nora joan behar zuten bidea jarri ere bai.
Lehendabizi, Basarrik herriko zaindariari kantatu zion; eta Uztapidek ere berdin. Ez dakit ziur gai hartan bina edo hiruna zenbat bertso kantatuak izango zituzten. Baina Basarrik hurrengo bertsoan herriko agintariengana jo zuen.
Basarrik eta Uztapidek ohiko moduan hasi zuten bertso saioa, Aiara eraman zituen motiboa gogoratuz. Jendeak elizan entzuna izango zuen san Donatoren berri, eta bertsolariek ere hura aipatu eta jai giroan sartu, bide batez ahotsak ere probatuz. Etorriko da jolaserako ordua. Ez dago presarik. Baina gutxien uste denean sor daiteke okasioa.
Joxe Mari Lertxundik ezin hobeto erretratatu du eszenatokia, gaur horren bitxia egiten zaiguna. Badago, ordea, oraindik ere zer zehaztua eta xehetua, ondoren gertatu zena behar bezala ulertuko bada:
Ohartxo bat egin nahi diot irakurleari, gauza nola gertatu zen jakiteko eta Uztapideren ateraldia errazago ulertzeko. Lehenago esan dut nola kupelen gaineko oholtzaduran jarri zituzten bertsolariak. Inguru guztia jendez beteta zegoen, eta aurreko aldean herriko alkate jauna bere zinegotziekin aulkietan eserita. Alkatea ehun eta berrogei kilo izango zen gutxienez, eta horretatik etorri zen Uztapideren bertso gogoangarri hura.
Basarrik, kantatzeko bidea jarri zion, azkeneko bi puntuak honela kantatuz:
Orain urrengo eginkizuna
au degu bertsolariak:
bion artean jaso ditzagun
erriko agintariak.
Hamabi urteko mutikoak, ia hirurogeita urte geroago, Basarriren bertsoaren bigarren erdia bakarrik zuen gogoan. Betirako gelditu zitzaion oroimenean, ordea, Uztapideren hurrengo bertsoa eta hark eragin zuen festa:
Basarri oni burutazio
xelebrek zaizka etortzen,
zer lanbidetan sartutzen geran
ezta kontuan erortzen.
Agintariak goraltze ori
etziok erreza lortzen,
kostako zaiguk alkate jauna
emen goraño jasotzen.
Uztapideren bertsoa entzun zen une hura, Aiako plazan harrigarria izan zen. Hura adierazteko ez dago hitzik. Hango barre algarak eta haiek oihuak! Hura jendearen eromena! Bertsozaleak gozatzeko uneak horiek izaten dira.
Horrelako gauzak, norberak bizitzen ez baditu, ezinezkoa da gertatuaren berri besteri ematea.
Baina festa hasi besterik ez zen egin. Ustekabeko ondorioak izan zituen Uztapideren bertsoak, eta hankaz gora jarri zuen egun hartako jai egitaraua:
Orduan jendeak zeukan bertso gosearekin, eta Uztapideren graziarekin, alkatearen handitasuna adierazteko bat-batean halako bertsoa botatzea, neurriz kanpokoa gertatu zen entzuleentzat.
Baina zeharo alderantziz alkate jaunarentzat. Garai hartan ez baitzegoen ohiturarik bertsolarien ateraldiak bromatzat hartzeko, eta orduko Aiako alkateak ere oso gaizki hartua izango zuen. Iseka edo errespeturik eza iruditua izango zitzaion. Bestela, halako agindurik ez zuen emango bertsolarientzat. Horrekin neurtzen da bekatuaren handitasuna.
Hara nolakoa eman zuen alkateak agindua. Bertso hura zela bide egin zioten irainaren ordainezko zigorra ez zuten txantxetakoa izan: bazkalondoan hasi eta, berriz plazan kantatzeko ordua iritsi arte, taberna bakoitzean, kale barruko bost tabernetan eta Armendiko bentan seigarrena, denetan bertso saioa egin behar zuten. Eta agindu hura betearazteko, alkate jaunak mutil bat jarri zuen, gelditu gabe jardun zitezen.
Bazkalondoan, tabernaz taberna zer gertatu zen ere kontatzen du Joxe Mari Lertxundik, gehienbat besteren testigantzak baliatuz. Dirudienez, Armendiko bentan bakarrik izan zen bera, baina barrura sartu gabe. Tabernaz taberna gertatutakoa kontatzeko, berriz, bestek buruz jasotako bertsoak baliatzen ditu. Zortzi bertso, guztira.
Hona lau bertso aldatuko dituk, dagokien testuinguruan, Joxe Marik eman bezala. Lehenengoa, Portetxaene tabernakoa da. Itxura denez, serio xamar hasi ziren bertsolariak bazkalondoan. Zigorra betetzeak hala eskatzen zuen, noski.
Portetxaene tabernan bertsotan ari zirela, Uztapidek bere gurasoak hil berriak izan nonbait, eta gai hartara sartu zirenean kantatu zuen bertsoa da ondoren datorrena. Nire anaia Patxi zenari ikasi nion:
Zortzi illabeten barruan il
zitzaizkidan bi guraso,
gauza orrekin nere biotza
samindua daukat oso.
Gure Jainkuak aien animak
zituan zerura jaso,
gu ildakoan aien ondora
juango gera akaso.
Basarri ez zen taberna giroko bertsoen zale izango. Baina ez zion muzin handirik egingo Uztapideren bertsoari. Dena den, ahuntzak larrera bezala, berehala jo zuen Uztapidek jolasera. Halako aukera eskaini zion, izan ere, alkate jaunak bi bertsolarien jarduna zaintzeko jarritako mutilaren jokabideak.
Landaene ostatuan ari zirela, Uztapidek botileroari kantatutakoa da ondoren datorren bertso hau. Alkateak bertsolarien gidari jarri zuen mutil hura zurrutero xamarra izan nonbait; eta ostatu hartan ere botila ardoa atera omen zuen, eta bertsolariei tragoxka bana eman eta berak basoa beteta edaten omen zuen, eta orduan honela kantatu zion Uztapidek:
Botilleroak gu zaindutzeko
nola dadukan ordena,
orregatikan ateria du
botill ardorik onena.
Ikusitzen det beronek ere
ardoa maite duena,
guri emateko aitzakian
berak edan du geiena.
Berriro ere, Uztapidek aldatzen du erabat giroa. Nahikoa du bertso bat. Oraingoan, alkateak ez baina, hark jarritako zaindariak eskaintzen dio aukera. Eta baliatu. Goizean handia izan bazen plazako jendearen gozamena, ikustekoa izango zen arratsaldean tabernaz taberna bertsolarien atzetik zebilen lagun mordoarena ere. Hori da zigorrari buelta ematea!
Azkenean, kale barruko bost tabernak alaitu ondoren, Armendi baserriko ostatura edo benta modukora iritsi ziren bertsolariak. Honelaxe dio Joxe Mari Lertxundik:
Bertsolariak, kaleko ostatuak pasa zituztenean, arratsaldeko seiak aldera iritsi ziren benta horretara, beren ondoren jende mordo bat zutela.
Ni ere lagunekin hantxe joan nintzen; baina ostatu barrua berehala bete zen, eta gu kanpoko aldean gelditu ginen, leiho ertzetik bertsolariak ikusten genituela, eta belarriak erne gainera.
Armendiko bentan, hiru bertso saio egin omen zituzten: lehenik, zortziko txikian; gero, zortziko handian; eta azkenik, berriro ere zortziko txikian. Joxe Marik sei bertso jaso zituen bere idatzian. Hauek dira bi lehenengoak:
Uztapidek:
Lenago jardun gera
beko tabernetan,
ordena da kantatzeko
ostatu danetan.
Au ere nola dagon
kaletikan bertan,
oraingo saioa degu
Armendiko bentan.
Basarrik:
Oraintxe arkitzen naiz
oso nekatua,
badetela uste det
zertaz kejatua.
Len ere amaika aldiz
ola gertatua,
ni ari naiz pagatzen
onen pekatua.
Aurreko tabernetatik ekarriko zuten hizpidea bi bertsolariek. Oraingo honetan, Basarrik akuilatzen du Uztapide. Honek ez zuen askorik behar eztena dantzatzeko. Zer beste nahi zuen tabernaz taberna zebilen lagun mordoak?
Armendiko bentan amaitzen da Joxe Mari Lertxundiren testigantza. Ez du aipatzen zer gertatu zen plazako arratsaldeko bertso saioan. Dena den, merezi zuen amaiera emango zioten san Donato egun gogoangarri hari.
Guri, une honetan, aurreko artikuluaren hasieran jasotako Antonio Zavalaren hitzak datozkigu gogora: «Ez da erraza hitz gutxitan laburbiltzen zer izan den bertsolaritza Euskal Herriarentzat. Jolas xalo eta soil bat izan da, baina beste hainbat jolas konplexu, arranditsu eta garesti baino sakonagoa eta benetakoagoa».
Hitz horiek irakurrita, XIX. mendearen hasieraraino eraman gintuen oroiminak, bertso jolasarenak aspaldi urruneko kontuak bailiran. Joxe Mari Lertxundiren testigantzak ere urruneko gizarte eta giro batera garamatza, baina hauek ez zaizkigu horren urruneko egiten. Urrunekoa egiten zaigu 1944ko uda hartako bertso saioa, baina aldi berean ezaguna ere bai. Neurri batean edo bestean guk geuk ere bizi izan bagenu bezala.
Bestela esanda, gure egunetaraino iritsi zaigu bertso jolasaren festa. Ezaguna dugu bertsozaleok, eta are ezagunagoa bertsolariek. Basarrik eta Uztapidek hartu zuten gerraurreko bertsolarien lekukoa, eta gure egunetaraino ekarri zuten, urte askoan makina bat plaza gozatu ondoren, Zepai, Txapel eta abarrekin batera. Horien itzalean hasi ziren Manuel Lasarte, Lazkao Txiki, Joxe Lizaso, Joxe Joakin Mitxelena eta orduko zenbait gazte. Bertsolari txapelketak ere antolatzen hasiak ziren berriro.
Aian bertan, hemeretzi urte geroago, Asentzio ondorengo igandean, 1963ko maiatzaren 26an, arratsaldez, Aiako bertsolarien txapelketa jokatu zen. Ordurako, jokatuak ziren Euskal Herri osoko beste bi bertsolari txapelketa, Euskaltzaindiak antolatuta. Basarrik irabazi zuen 1960koa eta Uztapidek 1962koa.
Bertsolari Txapelketa Nagusi horien eraginez-edo antolatu zuten Aiakoa bertan zeuden lau apaiz gazteek, Jesus Gaztañaga eragile nagusi. Hau erretore zegoen Laurgain auzoko elizan. Honekin batera aritu ziren Altzola auzoko apaiza, Andoni Lekuona; Urdaneta auzokoa, Xabier Azurmendi, eta herrian bertan erretoreorde zegoena, Jesus Iturrazpe.
Bederatzi bertsolari gaztek hartu zuten parte. Lau, herri erdigunean bizi ziren; beste bostak, auzoetan. Gaur, bederatzi haietako biren testigantzak ditugu eskueran: Joxe Mari Lertxundirena, berriro ere, eta Nikolas Zendoiarena. Horiei esker txapelketa berezi haren zenbait ezaugarri atzemateko moduan gaude. Hiru soilik aipatuko ditut.
Hasteko, berriro ere klase kultua dugu bertsolaritzaren eragile, XIX. mendeko Lore Jokoetan eta gerraurreko txapelketetan bezala. Oraingo honetan, lau apaiz gazte dira; horietako hiruk utzia dute beren arrastoa euskal kulturan.
Apaiz haiek ez ziren mugatu txapelketa antolatzera. Auzoz auzo ere ibili ziren gazteak animatzen; eta animatu ez ezik, prestatu ere egin zituzten, herriaren erdigunean bizi zirenak behintzat, Joxe Mari Lertxundik dioenez:
Senar-emazteok biok ere bertsozaleak nola ginen, geure etxean bertan [herriko Galarzelai Txiki etxean] hasi ginen bertso ariketak egiten inguruan bizi ginenak, txapelketarako txukun samar prestatzeko asmoz. Holaxe biltzen ginen Joxe Antonio Arrillaga, Jaime Manterola eta Joan Joxe Errezabal. Gaztañaga jauna gai jartzaile eta zuzendari lanak egiten.
Txapelketaren eguna iritsi zenean, berriz, lau apaizek jardun zuten lanean, nork bere esparruan. Joxe Mari Lertxundiren hitzetan:
Epaile lanetan, Gaztañaga eta Azurmendi ziren lehenengo txapelketa hartan. Gaiak ematen, berriz, Andoni Lekuona jauna; eta Iturrazpe jauna altaboz eta megafonia lanak zuzentzen.
Aiako plazan gaude, 1944ko udan goizeko bertso saioa izan zen eszenatoki berean. Baina oso bestelakoa da bertso saioa. Hemeretzi urte lehenago, Basarrik eta Uztapidek beren ekimenez osatu zuten saioa. Orain, gai-jartzaile bat dute gidari, eta bi epaimahaiko epaile. Bertan da herriko jendea ere, baina gai-jartzailea eta epaimahaikoak bitarteko lanetan, bertsolarien eta entzuleen arteko harreman zuzena lausotzen.
Bertsoetan ere badago alderik. Bakarra dugu eskueran. Hau ere buruz jasoa, oraingo honetan kantatu zuenak berak. Dena den, Nikolas Zendoiak eman digu idatziz bertsoaren berri, testuingurua ere azalduz.
Joxe Mari Lertxundi atera zen txapeldun. Aterako ez zen, ba! Jarri dio Andoni Lekuonak gaia: “Altxerriko kobazuloan, hamalau mila urteko gizona aurkitu duzu, eta euskara nola dagoen galdetu dizu”. Eta Joxe Marik zer kantatuko eta oraindik ere gogoan duen bertso hau:
Amalau milla urte badira
joan ziñala emendik,
eta euskera nola dabillen
jakin nai dezu nigandik.
Egia garbi esatekotan,
zerbait atzendu da leendik.
Zu lasai egon euskera zaarrak
arnasa badu oraindik.
Bertso esanguratsuagorik! Ez du zerikusirik 1944ko harekin. Hau, hitz batean esateko, txapelketako bertsoa da. Gerraurreko txapelketetara garamatza gaiak; 1960 eta 1962ko txapelketetara, gaiaren formulazio jantziak.
Benetan biribila da bertsoa. Ez ziren haserre izango lau apaizak. Erremate ederragorik, herrixka bateko bertsolari txapelketa xume batentzat! Basarri bera ere gustura geldituko zen, bertso haren berri jakin zuenean. Zabaltzen ari zen berak urratutako bidea.
Aiaraino ere iritsia zen bertsolari txapelketen eragina. Baina Uztapideren 1944ko bertso hark jarraituko du agintzen herriaren oroimenean.
Aipuak
- IRIONDO, Joxemari (2002): Iñaki Eizmendi Basarri (1915-1999). Gasteiz, Kultura Saila: Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza [Bidegileak, 26]
- LERTXUNDI, Joxe Mari (2018): Iragana gogoratuz. Donostia, Gipuzkoako Foru Aldundia [Auspoa, 336].
- UZTAPIDE (1975): Lengo egunak gogoan. Tolosa, Auspoa.
- UZTAPIDE (2001): Berriz plazara II. Oiartzun, Sendoa. [Auspoaren sail nagusia, 12].
- ZAVALA, Antonio (1996): Auspoaren auspoa I. Oiartzun, Sendoa [Auspoa, 238].
- ZENDOIA, Nikolas (2017): “Aia, nere leenengo bertso-plaza”. El diario vasco (2017.04.06).