Atzo eta gaurko bertsoak oraingo argazkiekin
Atzo eta gaurko bertsoak oraingo argazkiekin –
Gai-jartzailearen gaia entzundakoan bertsolariak hausnarketari ekingo dio, zor zaion isiltasunean, iritzia egituratuz, luzerak neurtuz, oinak berdinduz, hitzak doinura egokituz… eta bat-batean abesten hasiko da, begirada urrun, burua xehetasunetan. Batzuetan, binaka aritzean, berehala erantzun beharko dio alboko bertsolariari. Aurrean duen bertsozaleari gozatzea besterik ez dagokio, hitzek mezua emateaz gain hunkipena, poza, negarra edo hausnarketa ere sorraraziko diotelako maiz. Eragin horretaz jabetzea izango da bertsolariaren saria, txalo zaparradarekin batera.
Horrela, mendez mende, plazaz plaza, aisialdia gure hizkuntza gorenean eskainiz.
Bertsoak Argazkitan liburuko bertsoak lehendik ezagunak izango dira zale askorentzat, baina bada bigarren lerroko bertsozale ugari, horiek ezagutzerakoan gozatuko duena eta hori da liburuaren asmoa, bildumako bertsoei bigarren bizitza bat ematea gure etxeetako apaletara helduz.
Asko gara besteen hitz trebeekin gozatu eta mundua kolore eta argazkitan ikusten dugunak. Gainera, azkenaldian irudiaren indarra areagotu egin da, gazteen artean bereziki, eta kulturaren arloan joera diziplinak uztartzea da, orkestrak eta dantza, antzerkia eta musika, esaterako. Aurreko liburuetan bezala, honetan ere nire ekarpena hitzei egokitutako argazkiak egitea izan da, bertsoa-irudia bikoteak sortuz, hitzetan murgiltzen laguntzeko, janzteko, giroan barneratzeko, baita irudiarekin berarekin gozatzeko ere, beste edozein orritara joan aurretik.
Erraza izan da Aintzane Irazusta gai-jartzailearekin lan egitea. eta bertso asko berak zuzenean entzundakoak aukeratu ditu, uneko bizipenak gogoratuz. Berri batzuk gehitu ditut nik. Erraza izan ez dena 75 bertsotara mugatzea izan da. Barkamena bilduman egoteko arrazoi sobera duten guztiei.
Bilduma eskuetan, Bertsozale Elkartearengana jo genuen laguntza eske eta eskertzekoa da bertsolariekin harremanetan jartzeko bitartekaritza egin izana. Beren bdb.bertsozale.eus datu basea ere baliagarria da oso. Poz handia izan zen bertsolari gehienen berehalako erantzun zaparrada beren bertsoak argitaratzeko baimena eskatzeko emailak bidali ahala, baiezkoarekin batera animoak emanez. Freskotasuna, eskuzabaltasuna eta gizartearekin konexioa erakutsiz.
Ondoren, etxetik maitatzen ikasitako gure hizkuntza nire bigarren zaletasunarekin, argazkigintzarekin, uztartzeko unea. Bertsoak azken mendeetakoak izanik, eta gizarteko arlo guztietan eman diren aldaketen ondorioz, arreta handiagoa eskatzen du aspaldikoei argazkiak egiteak. Amaieran bertso-irudiak liburuan hurrenez hurrenez jartzerakoan hasi zaigu liburua bera guri mintzatzen, euskal gizartearen aldaketa begi aurrean laburbiltzen. Asko da aldatu dena, ez dena ordea.
Euskara. Euskalkiek batuari utzi diote lekua hau orain dela 50 urte inguru sortu zenetik. Euskararen osasunak, berriz, Txirrita bere bertsoan kezkatzen zuen bezala kezkatzen gaitu gaur ere. Alaia Martinek liburuaren hitzaurrean dioen bezala, hizkuntzaren esparru guztiek egon behar dute indartsu. Gaur egun hezkuntzan jarri dira indarrak hizkuntza zabaltzeko, baina, gune eta etxe erdaldunetan euskaldunak sortu badira ere, asko ez dira behar besteko mailarekin irteten ikasketak amaitutakoan. Gainera, kalean euskara aurkituko ez badute, hizkuntza artifiziala izango zaie.
Aisialdiak hizkuntzaren osasunean berebiziko garrantzia du, bihotzera iristen baita, loturarik sendoena lortuz, mendeetan kantagintzak herri honi eman dion plazera adibide. Azken urteetan, ordea, teknologiaren bidez mundua eskuetan dugun honetan, denbora librea murriztu egin zaigu eta, kanpora begira, sustraiak ahuldu zaizkigu. Euskaraz sor dezagun.
Bestalde, lanpostu publikoetan euskarak derrigorrezkoa behar luke. Ez da zilegi herriak ordaindutako norbaitek bertako hizkuntza ez jakitea. Beste ikasketak egiten diren bezala hau ere ikasi beharko litzateke.
Janzkera. Bertso zaharretarako arropa bila ibili gara kutxetan, altzari eta ontziez gain. Gaur egungo argazkietan, jantziak ia mundu erdiko edozein herritakoak izan daitezke, dekorazioa bezalaxe. Polita da, edonora iristen zarela, non zauden esaten dizun zerbait aurkitzea.
Ingurunea. Etxahun Iruriren 1945eko bertsorako paisaiaren argazkia egitea ez da guztiz erraza izan. Mendian dena pago, haritz, lizar… orduan. Pinu ugari gaur egun, eta hauek gaixotasunak hartu dituelarik, are okerrago, eukaliptoa ari baitira landatzen erruz, nahiz eta lurrak aberastasuna galdu eta lehorteak, uholdeak eta suteak areagotzen dituen espezie inbaditzailea izan.
Emakumea. Urrun da Lasturko Miliaren bertsoan erditzerakoan hildako emakumearen garaiko egoera. Xabier Amurizak liburuaren hitzaurrean dio orain dela 30 urte “Emakumea bertsotan?” galdetzen ziotela beren buruei bertso eskolen sorreran. Ugaritu egin dira, ordea, Bizenta Mogel bezalako bertsolariaren urratsak jarraitu dituzten bertsolari andreak plazetan eta baita unibertsitateetako aulkietan eta gizarteko esparru guztietan ere.
Teknologia. Bakoitzak bizpahiru pantaila izatera iritsi gara 30 urtean, zerotik hasita, eta irudigintza eta informazioaren partekatzea edonon denon eskura egotea pozgarria bada ere, denbora xahutzen diguten tresnak dira, eta aurrez aurreko gizatasuna eta sormenerako patxada gutxitu dizkigute.
Bada aldatu ez denik ere. Bilintxen hitz gozoak gaurko amodiozko abesti batenak izan zitezkeen. Uztapidek amari esandakoa oraingo umeen begietan irakur daiteke. Lizasok abestutako laguntasunak elkartzen ditu gaur ere kuadrillak mahaiaren bueltan. Eta Antonio Urbietaren herrimin berdina aipatu zidan ilobak atzerrira hemengo mendietako argazki bat bidali nionean.
Aditu bati entzun berri diot, gizakiaren burmuinak aldaketa gutxi jasan dituela sentimenduen atalean azken garaietan. Eutsi diezaiegun, zeren eta zer da bizitza maitasunaren edertasunik gabe?