Arri eta Botx

Arri eta Botx-(r)en argazkia Arri eta Botx 2023-11-24

Arri eta Botx –

Ume-umetatik izan dugu bertsotarako eta kanturako zaletasuna, gurasoengandik hartu genuen grina hori, beti zegoen edozer arrazoi kantuan aritzeko.

Hamabi urte genuela, Don Segundo Egaña apaizak sortu zuen koro batean ginen biok partaide.

Gaztetan hamazazpi urte genuela egin ginen kuadrillako lagun, denok ginen kantuzale eta, lagun artean jan-edan ondoren, ez zen faltatzen kantu eta bertsorik. Gu biok ginen puntu eta bertso txikiak kantatzen gehien ausartzen ginenak.

1980.urte inguruan, lehen aldiz, Jose Luis Basterretxea Altzaleirekin egin genuen ezagutza, parranda giroko bertso saio batean edo. Altzalei bera, ordurako bertso munduan sakonago sartuta zebilen eta berak animatu gintuen bertsolaritzan aritzeko. Bertsolagun talde bat sortu genuen Liburio, Olaetxea, Artetxe, Arri, Botx eta Altzalei bera buru zela, eta berak eman zizkigun bertsotarako lehenengo ezagutzak.

Hasieran udaletxe zaharreko gela batean eta gero Kresala kultur elkartearen areto batean batzen ginen. Astean behin batuz, bertsotarako gure trebezia, pixkanaka, osatzen joan zen, jendaurrera irteteko aukera iritsi zen arte.

Liborio Urrutia Liburio, Arri eta Botx ausartu ginen. Liburio lehen ere zerbait ibilia zen; gu biok, berriz, lehen aldia zen oholtza gainera irteten ginela.

 

Arri eta Botx

 

Saioa, herriko Plaza Berduran izan zen. Kantulagunak Amuriza, Peñagarikano, Kristina Mardaras eta Justo Alberdi ziren, gurekin batera. Han aritu ginen, urduritasun eta guzti —ahalegin faltarik ez zegoen—, guk genekien apurra erakutsi nahian. Saio amaiera aldera, Botxek, bertsoa bukatzen estu xamar egonagatik, hau esanez bukatu zuen bertsoa: “bertso hau amaitzen badot/ eingo dot azaña”. Eta, berehala, Amurizak esan zion albotik: “Segi holako azañak egiten”. Eta bai segi ere! Berrogeitaka urtean hemen jarraitu dugu, herriko bertso ekitaldi guztietan bertso kantari, antolatzaile edo gai jartzaile. Ez genekien ezetz esaten.

Gehienetan biok ginen bertsotan, baina beste askotan hirukotea ere izan gara. Aipatu gabe ezin dugu utzi Liborio Urrutia Liburio, bertsozale aparta, gizon apala eta gure kantulagun bikaina; makina bat une eder pasa izan dugu elkarrekin.

Francisco Maria Etxaburu Fraixko Mari ere, gure lagun min eta bertsozalea, beti han zegoen laguntzeko prest, gu non bera han, beti bere umore puntu berezia jarriz.

Beste ezinbesteko kantulagun bat Jose Artetxe Arrizabalaga Artetxe izan da, lan asko egina bertso taldean; egia esan, “ekipo” berezia osatzen genuen.

Guregana hurbiltzen ziren bertsozale gazteak. Adibidez, Leire Bilbao eta bere anaia Urki ere gurekin aritu izan dira bertso taldean.

2003an erabaki genuen Udaleko kultura batzordean sartu eta bertso taldeari ofizialtasuna emantea, Bertsozale Taldea izenez. Talde honek euskara, kultura eta bertsolaritza sustatzea zuen helburu. Lehen aipatutako, Fraixko Mari, Artetxe, Liburio, Botx eta Arri izan gara, urteetan, taldeko ardura eraman dugunak.

2013an Ondarroako Udalak bertsolaritza sustatzeko ikastaro bat atolatu zuen, eta gu biok, noski, han ginen, beste sei lagunekin batera: Ander Badiola, Gotzon Iparragirre, Iñaki Lersundi, Bikain Urkiri, Eñaut Lertxundi eta Alexander Idoate. Ordutik aurrera, ikastaro horretako partaideak izan ginenek jarraitu genuen Bertsozale Taldean lanean. Zoritxarrez, beste kasu askotan bezala, pandemia garaiak baldintzatuta, utzi beharrean izan gara. Badabiltza jarraipena emateko ahaleginetan. Ea laster baino lehen belaunaldi berriek guk utzitako testigua hartzen duten.

 

Arri eta Botx

 

1986an Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen faseko partaide izan ginen. Guretzat ohore bat izan zen oholtzara igo eta Xenpelarren irudia zuen oroigarria hartzea Anoetako finaleko egunean.

1987an Araba-Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen fasean ere parte hartu genuen.

Ez dakigu zer urtetan izango zen, bertso txapelketa bat antolatu zen Markina, Lekeitio, Berriatua eta Ondarroaren artean. Herri bakoitzetik hiru bertsolari ginen. Ondarroatik, noski, Liburio, Botx eta Arri. Herri bakoitzean saio politak egin ondoren, Mendexan, txapelketa agurtzeko, partaide guztiak oholtza gainera igota geundela, bat-batean oholtza erori eta denak hankaz gora han joan ginen, minik ez baina susto ederra hartuz.

Lehen saioak Lea Artibai inguruan ziren. Mutriku aldean ere egin genuen lagunarteko desafio polit bat, berriz ere gu hirurok bertan ginela.

Amallon, hiru-lau urtean parte hartu genuen goizaldean egiten zen txapelketa berezi batean. Gure taldeko Arri eta Artetxe izan ginen 1988an eta 1991n txapeldunak.

Jakina, gure saio gehienak Ondarroan izan dira. Batzuk aipatzearren: Zapato Azulean, Alai tabernako balkoitik hogeitaka urtean falta barik egin izan duguna, baita hainbat urtetan zehar, Jaietako amnistia egunean, Jon Maiarekin egindakoak ere. Omenaldiren bat bazegoen, gu han ginen, baita kirol edo kultur ekitaldietan ere; noski, inauterietan eta Santa Ageda egunean, kopla kantari, tarteka Jon Azpillaga lagun. Jai girorik bazen, gu han ginen. Momentu ez hain gozoetan ere egokitu zaigu kantatzea, hildakoen oroimen agurretan edo omenaldietan.

Gure bertso ibilbidean, hamaika lagun egin ditugu bidean. Zenbat bertsolarirekin egingo genuen kantuan! Tarteka, txapeldun handiekin ere tokatu zaigu; Lopategi, Amuriza, Lizaso edo Peñagarikanorekin, esaterako, baina baita belaunaldi berriko Unai Iturriaga edota Amets Arzalluzekin ere.

Ez bakarrik kantuan, era guztietako bertso ekitaldiak ere antolatu izan ditugu. Batzuk esatearren, eta urte askotan hutsunerik gabe egin izan direnak, abuztuaren 17an arrantzale egunez kalez kalez egiten den saioa eta urtarrilaren 6an errege egunekoak dira, biak ere punta-puntako bertsolariz osatuak; izugarrizko jendetza batu eta giro bikaina sortzen baita, guretzat oso bereziak. Ea aurrerantzean, bai saio hauek eta beste hainbatek jarraipena izaten duten.

Urte batzuk badira, Ondarroako Udaletxea babesle zelarik, bertso saio bat edo beste antolatu genituela urtean zehar. Ordaintzeko garaia heldu zenean, dirua falta. Udaletxetik, ordainduko zigutela esanez beti. Azkenean, gure patrikatik ordaindu behar izan genien parte hartu zuten bertsolariei. Denbora aurrera eta, halako batean, hitzordua lortu genuen alkatearekin eta alkateordearekin. Hizketaldi baten ondoren horrela erantzun ziguten: batek, “Lasai, ordainduko dizuegu”, eta besteak, “Bueno orduan, listo!”. Gure erantzuna: “Listo ez, tonto! Zor diguzuena kobratu arte ez gara hemendik irtengo”. Bat-batean, alkateak taloia atera, firmatu eta han eman zigun, eta guk orduan: “Orain bai, listo!”.

 

Ondarroako Kresala kultura elkarteak, orain dela urte batzuk, omenaldi xume bat egin zigun, hainbat urtetan zehar haiekin izandako hartu-eman berezia eskertzeko.

2017ko Antxoa Egunean, Ondarroako Udalak zilarrezko antxoarekin saritu gintuen, bertsolaritzan herrian egindako lana eskertzeko.

2015ean, Ondarroako Bertsozale Taldeak, Ondarroako Udalarekin eta Bizkaiko Bertsozale Elkartearekin batera, Arri Botx gaztetxoentzako bertsopaper lehiaketa jarri zuen martxan, guk urtetan egindako lanari eskerrak eman eta utzitako ondarearen jarraipena izateko asmotan.

Guretzat ohore bat da horrelako esker onak eta ekimenak jasotzea.

“Herriko bertsolariak” deitzen digute eta herrian maitatuak sentitu izan gara beti. Esker ona besterik ez dugu jaso, eta hori barruan gelditzen zaigun sentimendurik ederrena da.

 

         Eskerrik asko denoi.

 

         Arri Botx.

Arri eta Botx Arri eta Botx Arri eta Botx Arri eta Botx Arri eta Botx Arri eta Botx