Arnasestutik irribarrera

Andoni Rekondo-(r)en argazkia Andoni Rekondo 2024-04-29
Argazkiak: Andoni Rekondo

Arnasestutik irribarrera –

2023/07/31
Santa Barbara, Hernani

 

Sargoria izan zen uztailaren 31, hilabete goibel batek eskatutako amaiera distiratsua. Santutegia festaz festa ikasi duten horiek ongi dakite San Inazio eguna berezia izaten dela Euskal Herriko txoko askotan, eta horietako bat da Hernani. Santa Barbara gotorlekupean elkartu ohi da jendea, irakurraldi bakarrean ikasten den egitarauaz gozatzeko. Herritik aparte xamar geratzen da Santa Barbara, aparteegi alferrentzat, eta aparkalekutik jai eremurako aldapa nahikoa izaten da askoren kamiseta blaitzeko.

Urteroko legez, trikitilariena izan zen bisitariei harrera egiteko ardura, herri kiroletan aritu behar zuten gazteek beroketa lanak egiten zituzten bitartean. Bisitari gehienek iritsiera aprobetxatu zuten bidean galdutakoa sagardo trago batekin berreskuratzeko, bi ere edan zituen bakarren batek, eta segituan hartu zuten herri kirolak gustura ikusteko tokia. Eguerdiko ordu batean hasi zen bailarako gazteen arteko apustua. Kirolarien inguruan ehun lagunetik gora bildu ziren, itxituraren beste aldetik animoak emateko; guztiak momentuko protagonistei begira, baina, denean bezala, begirada guztiek ez dute balio bera.

Arnasestutik irribarrera

Sagardo tragoek lausotu gabeko bi begirada zorrotz antzeman zitezkeen gerizpean, gertatzen zen orori, keinu eta ñabardura bakoitzari, erreparatuz. Bertsolariek, normalean, ez dute langile fama izaten, baina topikoa guztiz xehatu zuten Aitor Mendiluzek eta Jexux Mari Irazuk Santa Barbaran. Izan ere, batzuek egun osoan festa giroaz gozatzeko aukera izan dezaten, galtzak bete lan ibiltzen dira beste batzuek.

A. Mendiluze

Lanak ederki bete dituzte

erdiak eta erdiak

Korrika askoz azkarro eztu

igual egingo erbiak

Begira hemen egondu gera

Jexux Mari eta biak

Beti du gustu gozoagoa

bestearen izerdiak

JM. Irazu

Plaza aurrean sasoi ederra

uniforme ta giharrak

Gorputz eder ta atletikoak

zailduak eta meharrak

Denetarako behartzen baitu

hola ibili beharrak

Oraindik ere lehen bezela

ahalmena badu indarrak

13:30. Lehenengo saioxka.

Herri kirolen amaierak ekarri zuen, beraz, Mendiluzeren eta Irazuren radarrek ordura arte ikusitakoa aletzen hasteko momentua. ‘Bestearen izerdia’ aipatzetik norberarena sentitzera pasa ziren biak, bertsokideari arnasa hartzeko tarterik utzi gabe. Xarma berezia izaten dute libreko saioek; ingurua izan ohi da abiapuntua, eta egunean zehar gertatutakoaren baitan toki batean edo bestean kokatzen da helmuga. Finean, egunaren erritmora egokitu behar du bertsolariak, edozein momentutan abestea tokatu dakioke eta.

Hasierako saioxkan mugitzen zen pertsona orok zeukan bertso bidezko zirika jasotzeko arriskua. Orokortasunetik eraikitako mezuek ez zuten gehiegi iraun, eta segituan hasi ziren radarrean gordetako informazioa plazaratzen. Urrutira joan gabe, harri-jasotzaile lanetan aritutako infiltratua izan zen lehenengo biktima:

JM. Irazu

Ordu honetan indar gehiago

ez da izango akaso

Baino halare grina dan tokin

ez zaio egiten paso

Andoni ‘Anatx’ zaharra ere hortxe

aritu da gozo-gozo

Bertsoa errex botatzen dezu

ta harriya nekez jaso!

A. Mendiluze

Azken finean bi kirol dira

ta bi jarduera mota

Bietan ere erabiltzen da

sarri indarra borborka

Baina aldrebes izaterikan

Irazu ez diot opa

Harria errex jaso dezanik

ta bertsoa nekez bota

 

Bazkalostean eskainiko zutenaren lagin modura balio izan zuen hasierako saioxkak. Hamar minutu inguruko bertsoaldia osatu zuten eguerdian, eta gehienbat begi bistako kontuak aipatu zituzten arren, ikusi ordez sentitu egiten den aldagai bat ere izan zuten hizpide: gosea. Ia tontorreko gotorlekuraino iristen zen Elutxeta sagardotegiko sukaldeko lurruna, egun berezirako ondutako menuko jakiak prestatzen ari ziren bitartean. Gai arina ematen du, baina egunean zehar askotan aipatu zituzten janari kontuak, eta segituan ulertu zuen jendeak sagardotegira joateko momentua iristear zela. Behin bertara iritsita, ondorio argia eratorri zuen Mendiluzek ordura arteko jardunetik:

 

  1. Mendiluze

Jo dute ordubi t’erdiak eta

arrebatu ta anaitu

Mahai ingurura etorri gera

zer bazkaldu ta zer aitu

pentsatu egin behar genuke

gorputzak alde bat baitu

hanka gainean gabiltza baina

sabelak mugitzen gaitu

 

Arnasestutik irribarrera

 

16:00. Bazkalostea.

Festa egun luzeek behar-beharrezkoa izaten dute otordu on bat. Bapo bazkaltzeko aukera izan zuten Elutxetara joan ziren 80 lagunek, eta zintzurrak ederki freskatu zituzten bertako sagardoarekin. Txapelketa Nagusiko finalean bezalaxe, bazkalosterako utzi zituzten bertsolariek alerik onenak. Indarberritzeko tartearen ondoren, kafea hartu berritan, bigarren saioari ekin zioten upeltegian, beste mila konturi punta ateratzeko asmoz.

Hasiera orokor batetik abiatuta, bakoitzaren tenperatura neurtzen hasi ziren Mendiluze eta Irazu. Zaila zen hurrengo bertsoak zer gehituko zuen aurreikustea, eta azkar mugitu ziren gai batetik bestera; San Inazio jaia, lan kontuak, kamerak, adina… Pixkanaka aurrean zuten jendearengana gerturatu zituzten hitzak, goxoak zein pozoidunak, eta txalo zaparrada oparoak jaso zituzten zenbait irtenaldirekin. 

Sormenaren hariak gidatzen zuen bien arteko elkarrizketa, eta, hasiera batean ez bazirudien ere, elkarri kolpetxoak emateko aprobetxatzen zuten aukera bakoitza. Estu-estu zebiltzan unean, Mendiluzeren aipamen bat baliatu zuen Irazuk bidea urratzeko:

A. Mendiluze

1.

Ariko gera beraz defentsan

eta ari atakean

Mahai inguruan guri begira

norbait dagoen artean

Nik aitorpen bat egin beharra

ere badet bitartean

Lehenengo aldiz sartu naiz aurten

sagardotegi batean

JM. Irazu

2.

Hogeita hamar izango dira

nere kontu laburrean

Geyo re iual izan leizkela

ezagun du muturrean

Baino lehenengo bat izan leike

horra nere agurrean

Lehenengo aldiz gaur kantatu dezu

kupel hutsaren aurrean

3.

Ederra bota didazu gero

jai giroan izenean

Pentsa bertsoa ta sagardoa

nik biak ditut senean

Kupel hutsaren aurrean lehendik

aritu naiz zuzenean

Nahiz ta igual ez zen hutsa egongo

inguratu naizenan

4.

Betea nola hustu liteken

badezu nahiko metodo

Aurrean jarri basoa eta

edateko zenbat gogo

Ai Mendiluzek ondo egiten

ditu iya gauza oro

Lehenbizikoa bertsolari da

bigarrena enologo

 

Izan bertsolari edo enologo, deskantsua estimatu ohi du langileak. Bazkalosteko saioaren erdialdean trikitilariek hartu zuten lekukoa, bertsolariek aspaldiko partez arnasa har zezaten. Ez zen ikerketa sakonegirik egin behar jendea parrandarako pronto zegoela jakiteko, eta, halako batean, dantzara ere animatu ziren batzuk. Kalejirak, fandangoak, arin-arinak… Gogotik dantzatu zituzten ordutik aurrerako pieza guztiak. Giro ona kutsakorra dela ere argi geratu zen Elutxetako dantzaldian, inbidia puntu bat sentitu eta rantxera bat dantzatzera animatu baitzen bertsolarietako bat. Irakurle bakoitzaren esku geratzen da bietatik nor izan zen imajinatzea. 

Dantzaldiak dantzaldi, patxada uneak gehiegi luzatzea komeni ez denez, bertsolarien eskuetara iritsi zen berriro mikrofonoa. Saioko giroak ezin zuen behera egin, eta doinu biziak hautatu zituzten amaierako zatia osatzeko. Elkarren arteko pikean gordeta geratu zitzaizkien arantzatxo batzuk, eta janariaren gaiari heldu zion berriro Mendiluzek, sagardoari erreparatu beharrean Irazuren otorduetako ohiturei abestuta:

A. Mendiluze

1.

Neri adarra jotzen

zabiltza jo ta su

Baina egin ezkero

zureari kasu

Ura, deskafeinatu

ze kristo, Irazu!

Laster haize hutsetik

biziko zera zu

JM. Irazu

2.

Laster haize hutsetik

nabil ni aukeran

Ur ta deskafeinatu

biekin primeran

On egiten dit eta

jarraitu nahieran

Ta ezpainak gozatzeko

sardo pixkat edan

3.

Ezpainak bustitzera

ezta heldu kasi

Ogitan hogei gramo

ez du irabazi

Esnetan azukrerik

baizpare ez nahasi

Horregatik ez zinen

bat larogei hazi

4.

Zu asko hazi zinen

ta atera paparra

Horregatikan zera

Aitor bat bakarra

Hoitabatgarren menden

ez da ba earra

Ura eateagatik

lotsatu beharra!

 

18:00. Agurrak.

 

Bat gustura dagoenean azkar igarotzen da denbora. Halako zerbait gertatu zitzaien egun osoan Santa Barbaran izan zirenei. Ahaztua zuten ordurako goizean igotako aldapak sortutako arnasestua, eta irribarreak ezaugarritzen zuen pertsona guztien aurpegia. Zaila da eremu bati hainbesteko zukua ateratzea egun bakarrean; sagardotegi, dantzaleku eta bertso plaza bihurtu baitzen denbora tarte laburrean.

Bertsotan goia jo ondoren, ingurua baretzeari ekin zioten Mendiluzek eta Irazuk, eta azken bertsoaldia osatu zuten agur modura. Bazkaltzera joateko mezua erraz ulertu zen bezala, zailagoa izan zen saioa amaitu zela ulertaraztea. Jendeak ez zuen Elutxetatik irteteko gogo handirik, ez behintzat bertsolarien azken proposamena entzun zuten arte:

 

A. Mendiluze

Guk egin nahi genuen

nolabait agurra

Baina bidaltzea ez da

lantegi xamurra

Eman beharko degu

zirika egurra

Erronka bat jartzen det

erronka ziurra

Azkena irtetzen denak

fregatzen du lurra

JM. Irazu

Orduan segitzea

denentzako kalte

Fregonak harrapatu

nazala aparte

Holako festa egunek

bizitza dakarte

Eskertzen da izatea

egunaren parte

Eskerrik asko eta

nahi dezuten arte

 

Txalo egiteari utzi gabe, eta fregonaren beldurrez, azkar batean hustu zen sagardotegia. 

Arnasestutik irribarrera  Arnasestutik irribarrera  Arnasestutik irribarrera  Arnasestutik irribarrera  Arnasestutik irribarrera  Arnasestutik irribarrera  Arnasestutik irribarrera