Argentina III: Otañoren kimu berriak
Otañoren kimu berriak –
Bertsozale batentzat zaila da Argentina entzun eta Pello Mari Otaño ez gogoratzea. Rosario ezagutuko genuela ikustean, ezin genuen han haren ‘zerbait’ aurkitzeko ideia alboratu; bere hezurrak “Euskal Herriko arbolpe” honetan utzi nahi zituenak han amaitu zuelako bizialdia, onbuen lurrean.
Bertsolariak Argentinako euskal komunitateari egindako ekarpena ezagutu genuen hasieran. Buenos Airesen bizi ziren boladan (1904) Laurak Bat euskal etxeak Euskara Katedra sortu zuen eta Pello Mari izendatu zuten lehen irakasle. Baliabiderik ezean, metodologia berria sortu zuen eta oraindik artxibategian zein biloben esku daude orduko zirriborroak. Euskal etxeak gastuak bere gain hartu arren (edo agian horregatik), bertan behera utzi zuen lan hori bertsolariak, ikasleen fundamentu faltarekin etsita.
Laurak Bat bisitatzean ez genuen dena ikusteko aukerarik izan eta, beharbada horren ondorioz, ez genuen Otañori egindako keinurik aurkitu. Rosarion presenteago egongo ote zen pentsatu genuen eta hara bidean ginela, ustekabean, Lapridako horma batek egin zigun keinua: “Magdalena Mouján Otaño liburutegia”, zioen. Lapridako euskal etxean geunden eta segituan jo genuen azalpen eske, Pello Mariren ondorengoa behar zuela konbentzituta.
Gure usteak baieztatu zituen euskal etxeko zuzendariak, baina txundituta utzi gintuen emakume haren ezagutzeak. Zientzialari ospetsua izan zen Magdalena Mouján, emakumeak etxeko lanetara bideratzen ziren garaian; ipuin kontalaria eta idazlea zen, andreak isilpean fantaseatzera bultzatzen ziren garaian. Matematika irakasle izan zen, hainbat herrialdetako unibertsitateetan (Argentinan, Perun…). Harrituta entzun genuen bere berri, eta Pello Mari Otañoren familia edonolakoa ez zela aurrez jakin arren, ondorengoena ere kasualitatea ez zela pentsa zitekeen. Apur bat arakatuta egiaztatu genuen Magdalena Moujánen ama ere, Pello Mariren alaba, irakasle-eskolan titulatua zela 1910. urtearen aurretik. Ahizpa guztiek egin zituzten unibertsitate ikasketak, XX. mendeko lehen hamarkadan.
Pello Mari Otañoren biloba zen Magdalena Mouján, kultura eta euskal nazionalismoa ikertzen dituen Arturo Campión elkarteko kide zen eta bere ekarpenagatik jarri zioten liburutegiari haren izena. Euskal etxeko helduek intelektualki zuen maila azpimarratzen zuten, baina bereziki haren ipuinak gogoratzen zituzten. Aitonaren moduan, oso ahots ahula omen zuen (ez dakigu bertsolariaren moduan asma ote zuen) eta ipuinak oso ahots apalez kontatzen omen zituen; akaso, aurrez lortu zuelako belarri guztiak adi izatea. \ ‘Gu ta gutarrak’ ipuinagatik egin zen ezagun, frankismoak zentsuratu egin baitzion; eta horrelakoetan gertatzen den moduan, lana hauspotzea baino ez zuen lortu.
Bizitako, ikusitako, sentitutako gauzak kontatzeko ohitura bazetorkion nonbaitetik, bistan da. Aitonak bertso asko sortu zituen, baina baita ‘Artzai mutila’ opera ere. Magdalena Moujánek euskalduntzat zuen bere burua, bere idatzi eta ipuinetan aitortzen duen moduan. Euskaraz, ordea, ez dute gogoratzen euskal etxean; ipuinetan hitz bakan batzuk ageri dira eta ez dakigu etxean hitz horietatik harago hizkuntza jaso ote zuen. Bere aitonak ez zioen alferrik: “… denek naidute/ lege zaharrak dakarrena/ eta ez dute ezagututzen/ izkuntza dala aurrena”.
Ez dakigu lege zaharra transmititu zien ondorengoei, ez eta euskara zenbateraino eta noiz galdu zen ere. Zuhaitz bakoitzak bere erara luzatzen baititu adarrak, sustraiak non sartu erabakitzen zaion arren. Onbu edo intxaurrondo, argi dagoena da Pello Mari Otaño bertsolariaz gain, nabarmentzeko moduko beste Otaño batzuk ere sortu zirela geroztik.