ARABAKO BERTSOZALE ELKARTEAK 30 URTE

Inor gutxik usteko zuen duela 30 urte, Araba bertsoarentzat basamortua zenean, hiru hamarkada beranduago zenbaterainoko bidea egingo zuen Arabako Bertsozale Elkarteak. Ondoko orrialdetan, historia hori errepasatuko dugu, bere protagonisten lekukotzetatik abiatuz.

Ez da posible, ezin liteke! Jende honekin, hogeita hamar urte bete!

Ruper Ordorikaren kanta parafraseatuz, Arabako bertso eskolen hogeita hamargarren urteurreneko galan gogoratu dute, mirari kutsua duela herrialdeko bertso eskolen iraupenak eta hedapenak. Gainerako euskal lurraldeetan txapelketak, bertsolariak eta lehen bertso eskolak ugaritzen ari ziren garaietan, Araba basamortua zen. Lehengo denboretan, uneren batean, transmisioaren katea apurtu egin zen eta Araba euskalduna, Gipuzkoako eta Bizkaiko mugetako inguru hertsietatik at, desagertu egin zen.

Hego Euskal Herrian frankismoa itzaltzen ari zen heinean, belaunaldi berrien borrokaren grinak haize berria hauspotuz, argiak pizten hasi zen mugimendu euskaltzalea. Zazpigarren alabagan ere, goiz edo berandu, hasi zen eguna argitzen. Ruben Sanchez bertsolari gasteiztarrak bildu zuen jazotakoa, Araba, bertso histori ezberdin bat liburuan: 1981ean Udako Euskal Unibertsitateak bertsolaritza ikastaro bat proposatu zuen eta bertara agertu ziren, besteren artean, hainbat gazte arabar. Bertsotan zipitzik ez jakinarren, badaezpada etxeko lanak eginda, Xabier Amuriza irakaslearen Zu ere bertsolari, bertsolarien Liburu gorria, irakurria zuten.

Etxera itzuli zirenean, Jon Guerrero, Serapio López, Iosu Aldama eta Txaber Errasti beren kabuz hasi ziren bertsotan Aiaran, Aretako Tunel jatetxean. Hurrengo urtean Abel Enbeitaren laguntza izan zuten, eta gero, ostera ere, autodidakta, ostiralero-ostiralero. Han ibiltzen ziren Bizkar, Juanjo Respaldiza, Juan Mari Fernández eta baita beste batzuk ere. Ez ziren falta bertsoak, kantuak eta, jakina, Euskal Herrian politika-kontuak.

Garai hartan, Abel Enbeita muxikar bertsolari ezaguna ere Arabako iparraldean bizi zen, Abornikano herrixkan. 1982an, gasteiztar kuadrilla bat joan zen haren bila eta zeharka ibili barik, bertso eskola bat sortzea proposatu zioten. Honelaxe jaso ziren Arabako bertso historiaren

“Ez nituen inondik ezagutzen, gainera ilundurik zen eguna jada eta, okeri gogoratzen ez badut, norbaitek bizar zahar-antzekoa zuen. Etxera sartu eta aitarekin hizketan aritu ziren. Oraindik gogoan dut aitaren ilusioa. Gasteizen bertso eskola sortu behar zen! Zigor eta ni ume moko bi ginen, baina aitarekin joan ginen Santa Maria kantoiko dantza-eskola batera. Bizardun pila bat zegoen. Ez nuen inor ezagutzen eta hasieran izutu xamar nengoen, nahiz eta geroago konfiantza hartu nuen. Lantzale izeneko lokal hartan hasi zen nire bertso karrera laburra.”

Txusta tabernan, Gasteizko bertso eskola finkatu zen. Hainbeste non1984an, Aiarakoekin batera, Arabako Bertso txapelketa antolatu zen. Hiriburuko bertso eskola egunak Txustan hasten ziren, gero Kutxiran (Aiztogile Kalea), ondoren Zaparan (Zapatari kalea) eta ahal zuenak, azken tragoa ere bertsotan, egun argitan. Kuadrilla bikaina zen (Juan Isasi Txinotxu, Txerren Ormaetxea, Patxi Aizpurua, Rikardo González de Maturana, Amaia Otsoa, Karmele, Xabi Rico, Manu “zaharra” …) eta norbaitek “¡oye, échanos un versolari!” oihu egiten zuenean, kasu egiten zioten.

Bertako bertsolaritzak baditu ezaugarri bereziak. Kontuan izan gasteiztarrek (eta inguruko herri eta eskualdeek) gutxienez orain bi mende inguru galdu zutela euskara, eta harrigarri da bertako bertsolaritzan euskaldunberriak ikustea. Hizkuntza eta kultura hain bereizi ezinezko ditugun herrian, euskaldun-berri batentzat plazerik handienetakoa da bertsoak ulertzea eta are sortzea, Xabi Ricok ondorengo testuan idatzita utzi zuen legez:

“Noiz ohartu ginen Muinohiriko kale-kantoietan, paisaietan, jendeetan, bazela ukatutako mintzo baten aztarna? Agian institutu zaharreko hormetan euskal aditzen eskemak ikusita: “verbo labortano: derau-ku”. Edo mendigoizaleen kaikuetan: “Zazpiak bat”. Beharbada Santa Agedako kanta – guretzat kopla arrastorik ez zuena – entzunez. Edo bi euskaldun berri zaharri, Peli Presari eta Arronizi, kalean hizketan entzunez. Erakarri egin gintuen mintzoak. Ez dakigu oso ondo noiz eta nola, lanbroa ari zuen. Zergatik hartu gintuen bere magalean? Nahi genuelako. Eta astiro, totel-motel, gure mingainak dantzan hasi ziren. Tartean abiatzen ginen aborigenen lurretara, guretzat swahilia zena deszifratu eta gureganatu nahian. Nolabaiteko arrakastaz. Dabilen mingainari goroldiorik ez! (…).

Noiz ohartu ginen mintzaira harekin jolas egin zitekeela? Kantu askoren atzean zegoenaz erabat ezjakinak ginen. Behin irakasle batek esan zigun bazeudela gure aborigenen artean analfabeto eta aldi berean izugarrizko ahozko kultura baten jabe ziren pertsonak. Noizbait harrizko gau luze hartako zirrikituetatik – Radio Nacionaleko euskarazko irratsaio batean – izan genuen bertsolarien berri, Muinhoriko etxeetako balkoietako kako hotzetan izarek gatzatutako bakailaoaren antza hartzen zuten garaian.

Bien bitartean aborigen horietako batzuk iritsiak ziren Muinohirira. Ala Muinohiritzar deituko diogu? Izugarri zabaldua baitzen aurreko urteetan. Aborigen horien eta gure arteko harremana sendotzen hasi zen. Hartu eta eman. Haien mintzo ederra eta aberatsa hartu genuen, ahal bezainbeste (…) Eta horretan ari ginela, bertsoen oihartzuna lanbro artean erdi galdurik, hara non hitzaren jolasaren erauntsi eder gozoak goitik behera busti gintuen”.

Bertso eskolen finkatzeak eta 1984ko txapelketak bidea erein zuten eta fruituak jasotzen hasi ziren XX. mendeko azken hamarraldian. 1990ean bertan antolatu zen Prudentzio Deuna lehen sariketa eta Matxete (Aiotz) plazan bertso saioak programatu ziren jaietako egun guztietan, lehen aldiz. Bertan agertu ziren plazara belaunaldi berriak: Zigor Enbeita, Oihane Perea, Dani Kastaños, Asier Iriondo, Asier Otamendi … eta ez Gasteizen bakarrik. Aiarako bertso eskola, hamarraldi baten ostean bertan behera geratu zena, berreskuratu egin zen eta martxan jarri ziren Aramaion, Kanpezun eta Legution. Orduan eraiki zen herrialdean zehar bertsolaritza sarea eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartea ere antolatu zen bertan.

Gainera, bertakoez gain, ikasle andana iritsi zen Gasteizko Euskal Herriko unibertsitate campusera.. Horiekin batera baita bertsolariak ere, Jon Maia edo Igor Elortza adibidez. Lehenak gogoan du, Ruben Sanchezek eginiko elkarrizketan, nola bihurtu zen Gasteizko kausaren aldeko militante: “Askotan ateratzen nuen gaia izaten zan, niri amorru handia ematen zidan, nire herrira joaten nintzenean edo Gipuzkoan, eta Gasteizen gai honetaz hitz egiten zenean ba “hori Castilla da, hori dena castellanoz beteta dago, hori ez da Euskal Herria”, horrelako gauzak entzuteak, ezta? Eta horrek ematen zidan amorru handia”.

Bigarren mailako euskalduna zarelako sentipen eta aurreiritzi horrek, badirudi mugatu egin dezakeela arabar euskalgintza eta bertsolaritza. Baina, agian, kontrakoa ere gertatzen da. Arabar bat oraindik ezin bada Euskal Herriko bertsolaritza txapelketako izarren artean lehiakor izan, agian bertso kalitatean ez, baina kantitatean irabaziko du. Bertso-eskolen 30. urteurreneko egitaraua da horren froga: “hamaika ordu bertsotan”. Literalki. Jo eta su egun osoan zehar.

Esan bezala, noizbait bertsolaritzaren katea apurtu egin zen bertan. Tradizio faltak, baina, aukera ematen du edozer probatzeko. Ez da inor aterako esanez: “Hori ez da bertsolaritza! Tradizioak puskatzen ari zarete!”.

Horregatik, eguna “bertso berdeen landaketarekin” hasi zen. Alkate-zinegotzien hantusteak eta milaka euro propagandan xahutu beharrak, Gasteiz European Green Capital izendatu izatera eraman du. Goroldiozko eskultura bat herriko plazan eta matraka etengabea tokiko prentsa erdaldunean. Horrez gain fruitu gutxi, behinik behin Gasteiz euskaldunarentzat. Xabi Ricoren bertso berdeak horixe bera hartu zuen ahotan:

Europan zerbait ikusi dute

Gasteiz berde izendatzeko.

Nahiz eta gauden hamaika hiri,

baino askozaz hobeto,

niretzat marketinak, dakarzkigu dominak,

harrotu dira hainbat lepo.

Gasteiz berdeegi ez ote dago

hiri berde izateko?

Ondoren, “bertxorakeriketa” txapelketa egin zen. Hip-hop zaleen oilar borroken antzera, tabernaz taberna bertsolarien arteko aurrez aurrekoak egin ziren eta elkarren aurka ibili ziren belaunaldi ezberdinetako bertsolariak, ea zeinek eman gogorrago ondokoari: Juan Mari Juaristi, Asier Otamendi, Iñaki Viñaspre, Amaia Lasaga, Xabi Igoa, Josu Campo, Paula Amilburu, Zigor Enbeita … Une politak ikusi ziren, ikasleak eta irakasleak elkarren aurka, gaztetxoenak ere burusoilduei aurre eginez. Eta egunak aurrera egin ahala, esperimentu berriak frogatu ziren, hala nola, “bertso dantza plaza” eta “bertso-batukada”.

Bukatzeko, gala egin zen. Abel Enbeita eta Bizkar beteranoak igo ziren oholtzara eta egindako lanaz harro kantatu zuten:

Abel Enbeita:

Kaixo lagunak gabon danori

zeinek esan behar zidan

hiru hamarkada iraun dugula

bertso eskolaren jiran.

Gasteizen eta Aiaran berdin

bakoitza bere segidan

hasera baten gutxi ginan eta

gaur asko sokatik tiran

hurrengo hiru hamarkadatan

ea hirukoizten diran.

Bizkar:

Goizerik gara dantza eta bertso

hamaika ordu jairik jai

bertso zaleak badakizue

edozertako gara gai

lagun zaharren lagun berrien

inguruan lasai-lasai

azken txanpara bertso galara

gatoz gogotsu eta alai

agur bero bat zuei eta

falta direnei ere bai.

Abel Enbeita:

Behin ixilduta berriz hastea

ez da ez horren erraza

burua ilundu, oinak dardarka

nola dabilen arnasa.

Baina ikusirik zein loratsu den

gazteen aurreko baratza

hobe ixildu, eurei utzi

bertso eta kantu-jolasa,

bitartean mila esker danori

eta gau eder bat pasa.

Gazteei paso egin eta urteetan zehar Arabar bertsolaritzan han eta hemen ibili direnak pasatu ostean, azken belaunaldiei iritsi zitzaien ordua. Manex Agirre, Jagoba Apaolaza eta Ander Solozabal igo ziren eszenatokira. Haiekin batera, saxoa, gitarra, banjoa, eskusoinua eta bateria: Bertso-tabern. Irish rover lehen doinua, eta garagardoz blai, fresko eta jai giroan, bertso ikasle, irakasle eta zaleek dantza eta barre egin zuten gogoz irlandar doinu eta bertsoen artean. Urte askotarako energia badago: zorionak Araba!

************

Ekaitz Elorriaga (Arabako Bertsozale Elkarteko lehendakaria): “Bertso eskolak arabar herriak euskalduntzeko ezinbesteko elementu dira”

 

Arratsalde euritsu eta iluna Gasteizko alde zaharrean. Zita egina dugu Kutxi kaleko, nola ez, taberna batean. Negua badator, baina hiritik inoiz alde egiten ez duen hegazti bakarretik etorri da Ekaitz Elorriaga (Abetxuku, 1981). Lehendakari batekin nahikoa ez eta beste bat ere badugu: 2012ko urte hasieraz gero Arabako Bertsozale Elkarteko lehendakaria.Gazte gaztetatik arabar bertsolaritzan murgilduta egonik, urteetako lanaren lekuko pribilegiatua da.

Egun epaile gisa zabiltza, baina bertsolari ere bazara.

Bai, bueno, bertsolari izana. Noizbait behar eta hasi nintzen, oso txikitan egia esan, eta gero, horrelakoak ere eskaintzen baititu bizitzak, utzi egin nuen. Baina bertsolarion mundua ez uztearren, pentsatu nuen: “non eure burua, gainera kristoren panikoz ari naiz.

Epaile eta arabar gainera, kontatuko dizut. Honakoa esan zidaten orain gutxi: “hi motel, Arabako bertsolari txapelketan txapeldun atera nahi baduk, gauza bakarra egin behar duk: potorik ez”:

Larri gabiltza hori horrela dela pentsatzen badugu. Baina, beno, askok diote baita [Leintz] Gatzagatik honantz ere Burgos dela (kar, kar, kar) eta edozer gauza esateak ez ninduke harrituko. Agian gure bertsoera ezberdina da, egia da ez dagoela beste lurralde batzuetan bezain sakondua eta errotua, baina ez dut uste horrenbesterako denik. Gaur egun oso poto gutxi egiten eta entzuten den akatsa da, eta ez ditugu hamar mila txapeldun, bakarra dugu.

Azken bertsolari txapelketa kuadrilla artekoa egin da Araban. Oso arabarra, ezta? [Arabar eskualdeei deritze koadrila]

Bai, hemengo euskararen egoera soziolinguistikoagatik edo dena delakoagatik, egia da, esaten dutenez, behintzat, badugula bertsoera pixka bat bereizia …

Zertan?

Ez dakit kantatzeko eran den ala hitz egiteko eran, edo esamoldeetan; badirudi nahiko estilo propioa dugula. Eta kuadrilla artekoa pentsatu genuen, agian norbanakorako jendea saio gutxirekin, lotsatuta eta pauso hori ematera ausartzen ez zela ikustean. Eta beno, zergatik ez dugu egingo taldekako bat? Beste herrialde batzuetan ere frogatu zen, batzuetan besteetan baino hobeto, eta pentsatu genuen: “zergatik ez dugu guk egingo?”. Gainera, Araban kuadrillek duten nortasunagatik hartu genuen koadrila bi zentzutan. Bai lagun talde baten eta bai eskualdeen esanahiarekin.

Froga egin genuen lehengo urtean eta ondo atera zen. Horrek esan nahi zuelako ez zegoela bertsolariei bakarrik zuzenduta. Ni hasi nintzenean, behintzat, bertso eskoletan edo hezkuntza arauetan, den-dena bertsolariak sortzera edota bertsolaritzan zaletzera zegoen bideratuta. Eta gaur egun gero eta jende gehiago sartzen da: kantatu nahi ez badu, gai jartzaile gisa, edo epaile gisa. Txapelketak zentzu horretan funtzionatu du: talde bakoitzak bere epailea behar zuen, bere gai jartzailea … Hori kontuan izanda sare osoa sortu behar da horren inguruan. Eta funtzionatu zuen: lehen aldian ondo eta bigarrenean hobeto. Uste dugu funtzionatuko duen formula dela.

Txapelketa ulertzeko modu parte-hartzaileagoa da agian, demokratikoagoa. Ez hainbeste norbanakoen lehiara bideratua.

Bai, iruditzen zaigu lehia horretan, hasteko, jendea erre ere egiten dela. Bi edo hiru hilabeteko norbanakoen txapelketa horrek aurretik beste sei hilabeteko prestaera behar du, eta horrek esan nahi du txapelketa bukatu eta balorazioa egiten denerako, berriro gainean dugula txapelketa berria. Horrek jendea sistematikoki erre egiten du. Hori dela eta, pentsatu genuen, formula aldatzea hobe izango zela.

Arabako bertso eskolen urteurrenera etorriz, 1982an sortu ziren Gasteiz eta Laudion lehenengoak. Txusta taberna leku mitikoa da Gasteizko bertsolaritzan.

Hor hasi nintzen ni. Oso gaztetan hasi nintzen, ikastolan nengoela, eta orduan 11-13 urte izango nituen. Txustan hain zuzen ere, ondo gogoratzen zait gainera. Ze, Txusta izan zen, jada ez dago. Udaletxe atzeko kalean zegoen, eta atzeko gela eta goiko pisua genituen. Hor hasi nintzen, eta gero, institutura pasatzean, Koldo Mitxelena zentroan ere ordurako bertso taldea sortuta zegoen, eta hala hasi ginen, eta egun, dagoeneko, hamaika bertso eskola daude.

Hamaika herritan bertso eskolak daude, eta bertan parte hartzen dutenak hogeita bederatzi talde dira, 190 parte-hartzaile inguru orotara.

Zer eskaintzen du bertso eskola batek?

Hasierako garaietan euskal giroa … Ni txikia nintzenean, euskara etxeko hizkuntza genuen eta ikastolan ere hori zen nire nukleoa. Nire lagunak euskaldunak ziren eta giro hartan mugitzen nintzen beti. Baina, egia da, garai hartan ez zen erraza. Jende talde txiki batekin hasi zen dena, gazte batzuk bertan sartzen hasi ginen heinean kontua handitzen joan da eta orain iritsi da eguna, zeinetan bertso eskola horiek baduten autonomia minimo bat. Ez dute zertan eduki [Bertsozale] elkartearen babes zuzen eta osoa, eta dinamika propioak sortzeko bidean dira.

Euren herrien euskalduntzearen eta euskararen normalizazioaren bidean ere oso lagungarri dira eta zentzu horretan oso positiboa da herri askotan euskararen aldeko talde aktibo moduan funtzionatzea. Izan ere, Araba ez da Bizkaia edo Gipuzkoa edo are Nafarroa bezalakoa. Araban Gasteizen bizi da jendea,ehuneko laurogeita hamar eta, gero, milatik gora biztanle dituzten herriak eskuko hatzekin konta daitezke. Herriak oso txikiak dira, eta zaila da nukleo horietan zuzen eragitea. Eta bertso eskolek horrela eragiten dute eta oso eraginkorrak dira funtzio horretan.

Bertso eskoletan ez ezik, hezkuntza arautuan ere, lehen momentuan, bertsolaritza lantzen, Abel Enbeita hasi zen. Zertan da orain proiektu hori?

Gaur egun, nire garaian hasi eta pixka bat geroxeagoko belaunaldia da orain irakasle lanean ari dena. Araban lau irakaslerekin ari gara, eta beroriek mugitzen dute saltsa guztia. Bertsolari direnak edo izan direnak dira, eta zentro aguztiak mugitzen dituzte gora eta behera. Indarra hartzen ari da pixkanaka, eta hezkuntza arautuko irakasleak ere ari dira bertso eskolak sortzen. Etorkizunean bakoitzak bere indar propioa izateko bidean gaude.

Beraz, hogeita hamar urteko lanaren ostean, badago zer ospaturik.

Bai, noski. Esan dizudanez, agian nik txiki-txikitatik bizi izan dudalako eta 19-20 urte mundu horren inguruan egin ditudalako, bidearen zati handia ikusi dut. Hasi nintzenean oso pozik ibiltzen ginen bertso eskoletan, eta, egia esan, lagun gehiago egiteko eta hizkuntzarekin jolas egiteko oso leku egokiak ziren. Zera, saioen harira, kontu bat da bertso eskolak sortzea eta oso beste bat jende kopuru minimoa izatetik plazara salto egitea. Nire hasierako urte haietan oso zaila zen. Gogoan dut lehenengo bizpahiru urteetan, Arabako, orduan San Prudentzioko, txapelketan bakarrik kantatzen nuela, eta niri oso zaila egiten zitzaidan urteko saio bakar hartan publiko aurrean kantatzea. Zentzu horretan, adibidez, urtetako garapen honekin eta pixkanakako lanarekin lortu dugu gu hasi ginen bezala hasten den gazte batek, kantatzeko prest dagoenean, bospasei saio, zortzi, agian, eginak izatea.

Egia da gaur egungo gazteak, agian, gehiago mugitzen direla. Gazte aktibo piloa dago bere kabuz saioak sortu eta lotzen dituztenak, eta hori da gure belaunaldiak egin ez zuena, mea culpa zentzu horretan, iniziatiba hori ez edukitzeagatik. Baina, uste dut, orduan hasi ginenok behartu eta bultza egin behar diogula egoera honi. Sare bat sortu da: bertsolaritza. Araban guztiz normaltzat hartzen eta ikusten da orain. Ez da lehen bezala: jendeak harrituta begiratzen zizun. Orain guztiz normalki hartzen da bertsoa Euskal Herriaren nortasun propioaren zati gisa, eta kuadrilla arteko txapelketekin eta azken txapelketekin egin den lanik handienetakoa izan da erdal guneetara zabaltzea. Euskara gutxitua dagoen leku horietan tailerrak antolatuz eta hitzaldiak emanez jendarteratzen eta hortik aurrera saioak egiten lortzen ari gara.

Askotan bertso eskolak hortik datoz. Egiten den inurri lan horrekin jendearen interesa pizten da. Izan ere, gaur egun gazteek euskaraz badakite. Agian ez dute bere inguruan euskaraz egingo, baina jakin badakite. Eta zentzu horretan, bertso eskolek aukera ematen dute hizkuntzarekin jolas egin, erabili, praktikatu eta beste tresna batzuk bereganatzeko ere.

Ospakizunaren ostean lana ez da amaitzen. Jada martxan dago 2013ko txapelketa.

Bai bai, martxan da eta hori da kuadrilla arteko txapelketaren emaitzetako bat. Orain dela bosten bat urteko txapelketetan, txapelketa bat antolatu eta fase batzuk egin ahal izateko eta jendeak parte-hartzeko, horiek banaka konbentzitu behar zenituen. Kuadrilla artekoek eragiten duten konfiantza eta bultzadari esker, irailean sei aurre-kanporaketa saio egin behar izan genituen txapelketako faseek koadra zezaten. Horrek erakusten du egin den lanaren fruitua.

Egin den lan guztiak asko argitu du Araba euskalduna. Badago oraindik ilungunerik?

Arabako euskararen erabilera-mailaren inguruan, kezka orokorra dugu. Badugu konplexu bat oraindik, dena delako gutxiagotasun sentimendu bat. Jakintza maila etengabe gora doa, baina gero eta euskara gutxiago entzutea da. Uste dut bertsogintzak horretan eragin dezakeela. Euskaldunon komunitateak handituz doaz, ikusi baitugu bertso eskolak dauden herrietan beren ingurura euskal komunitatea erakartzen dela eta egitasmo ezberdinak antolatzen direla. Atera beharreko arantza da, arabarrok dugun estigma hori behingoz kentzea. Badago indarra normaltasunez ikusteko Araban bertsotan egiten dela, ondo gainera, eta, gutxienez beste hogeita hamar urtez aurrera jarraitzeko moduan gaude.

Bertxoko, Arabar bertsolaritzaren bozgorailua

XXI. mende hasieran, jada arabar bertsolaritza ongi errotuta zegoen. Bazen ordua bertso saio eta bertso eskoletatik jauzi kualitatibo bat egiteko. 1983az gero Gasteizen martxan da Hala Bedi irrati librea, eta horren funtzionamenduak asko errazten du proposamen berriak martxan jartzeko orduan. Autogestionatua da, eta erabakiak hartzeko orduan, bertako kolektiboek elkarrekin egiten duten lanak lehentasuna du. Horregatik, Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren inguruko irratsaio bat egiteko aukera aipatu zuenean, beso zabalik hartu zen berri on hori.

Aurretik ibili ziren Igor Elortza eta Jon Maia bertan, Puntu eta koma saioarekin, baina Bertxoko izan zen bertsolaritzari erabat dedikatua egongo zen lehen saioa. Hasieratik argi eduki zuten arabar bertsolaritzaren argazki eta kronikaz gain, umoreak presente egon behar zuela. Konpetentzia gogorra zegoen (Una Hora Tarde Hala Bediko irratsaio mitikoa, kasu) baina ausartu ziren Gasteizen, eta euskaraz umorea sortzeari ekin zioten… eta badirudi jendeari gustatu egin zitzaiola. Orduan ez zegoen internet hain hedatuta eta saioen grabazioak ez zeuden egun batetik bestera eskura. Halere, kronikak berdin-berdin egiten zituzten: hutsune teknologikoak barre algarekin betez.

Hamarraldi batean zehar, lagun asko igaro dira saioko mikrofono eta erredakziotik, baita gaurregun bertsolari ezagun diren banaka batzuk ere. Eta irratsaioaz gain, antolatu dira zuzeneko emanaldiak, txapelketak eta beste. Baina bertso kronikak umorez edertzeak – eta gainera, ez beti umore zuzen eta zuriz – badu kostu bat, eta saioko kolaboratzaileen izenak anonimotasunean gordetzeko eskatu dute. Bidali digute, ordea, gaur egungo esatarien argazki bat.