Aitzol entzuleen artean
Aitzol entzuleen artean –
Bertsolaritzaren historiaz gaurdaino idatzi diren lanetan berebiziko garrantzia aitortu ohi zaio Lekuonaren hitzaldi honi. Garziak, esaterako, honela dio: “Habló de poesía popular, puso ejemplos, sistematizó la mecánica del bertsolarismo, clasificó sus géneros… En una palabra, dio una clase magistral dejando sentadas las bases del estudio científico del bersolarismo” (2000b: 418). Eta bertsolaritzaren arreta garaiak eskatzen zuen maila zientifikoaz hornitzeaz gain, hitzaldi hark Jose Ariztimuño Aitzolengan eragin zuen lilura ere aipatu ohi da, bere garrantzia azpimarratzeko. Izan ere, bertsolaritzaren historiako aldi honetako gailurra izan ziren 1935 eta 1936ko txapelketak antolatzera eramango zuen lilura hark.
Lekuonak berak zabaltzen du kontu hau: “Bergara’ko nere Itzaldia entzun zuan ezkero, ikusten zuan nunbait, Olerkiaz gain —Poesi-Olerkiaz gain— ba genduala Euskalerrian beste palanka bat, Erria esnatzeko, Erria zutikatzeko: BERTSOLARITZA; eta or asten da Bertsolaritzaren palanka manaiatzen, erabiltzen: Kurtsaaleko Txapelketak eratzen” (1985: 12).
Badirudi, ordea, proiektua egosten hasia zela zerbait lehenagotik Aitzolen buruan. Lekuonaren hitzaldia 1931koa da, eta tolosarrak 1930ean bertsolaritzaren inguruko hainbat artikulu argitaratuak zituen prentsan. Bestalde, Donostian entsegu gisa antolatu zuen saioa ere 1930eko San Tomas egunekoa da.
Lekuonak inspirazio gisa Aitzolengan izan zuen itzala ez da zalantzan jartzen, baina prozesua gradualagoa izan zela dirudi. Izatez, 1918an Oñatiko Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresu famatuan ezagutu zuten elkar: “Oñati’ko Batzar Nagusi artan, juxtu-juxtu ezagutuak nituan nik bi apaiz-gai, Gasteitz’en ez baño Komillas’en estudiatzen zebiltzanak; biok Komillas’en, Orixeren ikasle ziranak —ikasle gotor eta azkar—: Nemesio Etxaniz azkoitiarra, eta Jose Ariztimuño tolosarra —gero ‘Aitzol’ famatua izango zana—.” (M. Lekuona, 1985: 10). Eta bere ikasleen artean izan gero: “Nik Oñati’n ezagutu ondoren, biotan bat, Jose Ariztimuño, Comillas’tik ‘dimititua’ or azaltzen da Gasteitz’en, anartean naiko aurreratua zeukan Apaiz-karrera Gasteiz’ko gure Seminarioan bukatzera.” (id.: 10). Jada aipatu den gisan, 1918tik bertsolaritzari buruzkoak txertatu izan zituen Lekuonak bere klaseetan, eta litekeena da Aitzolen interesa klase haietan ernatu izana. Era berean, hitzaldia entzun ondoren ere, aurrerago azalduko den prozesu luze baten ondotik etorriko da 1935eko eta 1936ko Bertsolari Guduak antolatzeko erabakia.
Edonola ere, Lekuona-Aitzol bikoa funtsezkoa suertatuko da bertsolaritzaren ziklo honetan.