Aitzol, antolatzailea
Aitzol antolatzailea –
Tolosan Gipuzkoako EAJren baitan erreferentziala bilakatu zen koadroa osatu zen urte haietan: Emeterio Arrese, Isaac Lopez de Mendizabal, Jon Andoni Irazusta, Antonio Maria Labaien, Jose Mari Agirre Lizardi eta abar. Tolosarra izanik, Aitzolen eragin garrantzitsuenetako bat izan zen talde hori.
Hamahiru urterekin Comillaseko seminariora aldatu zen, eta han ere bere bizitzan erabakigarria izango zen euskaltzale taldearekin egin zuen topo: Orixe, Nemesio Etxaniz eta Pio Montoya, besteak beste.
Bere jarrera euskaltzaleengatik arazoak izan zituen Comillasen, eta, aipatu den gisan, Gasteizko Seminariora jo zuen ikasketak amaitzera, bertan berriro ere garaiko euskal kulturgintzako figura garrantzitsu gehiagorekin (Lekuona eta Barandiaran) topo eginaz.
Apaiztu eta berehala misiolari ardurak eman zizkioten: “Orduko Apezpikuak bidali omen zuen misioetara, apaiz berriak euskal kontuei buruz zeukan interesa ikusita. Baina egoskorra zen ‘Aitzol’, eta garai hartan ere euskal kutsuko ekintzetan aritu zen. Gure Mixiolari aldizkaria sortu zuen misiolari euskaldunekin” (Urkaregi, 1987: 138). 1925ean Erromara bidali zuten, 1927an Lovainara eta 1928an Bartzelonara. Haren antolatzaile sena nabarmenduko zen ordurako, zeren Kleroaren Misiolari Batasunaren idazkari nagusi izendatu zuten, eta 1929an Bartzelonan egin zen kongresuan hainbat ardura hartu zituen.
Ardura horiek guztiak gaixotzera eraman zuten, ordea. Bronkioetako eritasun bat zuen nonbait, eta larria behar zuen, misiolaritzaren nahiz apaizgoaren arduretatik libratzera eraman baitzuten. Donostiara itzuli zen eta orduan murgildu zen buru-belarri euskalgintza lanetan. 1930ean Jose Mari Agirre Lizardik ordura arte berak zuzendu zuen Euskaltzaleak Elkartearen zuzendaritza eskaini zion. Elkartea abiarazteko ideia Aitzolek planteatua zen, izatez, Primo de Riveraren diktaduraren jazarpena salatzeko idazle gazteen talde batek Arrasaten antolatutako Euskararen Egunean: “Literatura eta gainerako expresabide kulturalak euskara erabiltzen has zitezen, beste herrialdeetako pizkunde-mugimenduetan izan ziren talde eragileen antzeko bat sortzea proposatu zuen Aitzolek 1927ko Arrasateko Euskal Egunean, Euskaltzaleak taldea, hainbat ekintza kultural eta literarioren antolatzaile izateko” (Otaegi, 1993: 20-21). Lizardiren zuzendaritzapean Euskararen Egunak ospatu ziren Zumarragan (1928), Andoainen (1929) eta Bergaran (1930), eta Euskel Umearen Eguna Seguran (1930). Euskara hutsezko egunkari baten proiektua ere zirriborratu zen (1929-1930), besteak beste. Aitzolen zuzendaritzapean ez zuen martxa horrek behera egin: bi Bertsolari-Guduez gain 1930etik 1936ra zazpi Olerti Egun, hiru Euzko Antzerti Egun (1934tik urtero), Euzko Eleberri Egun bat, Euskal Idazleen Kongresu bat, Kirikiño literatura sariak edo euskarazko literatura tailerrak antolatu zituen Euskaltzaleak Elkarteak. Bi mila bazkide lortu zituen.
1930ean, baita, El Día egunkariaren sorreran funtsezkoa izan zen Aitzol, Comillasen ikaskide izan zuen Pio Montoyak finantzatu baitzuen egitasmoa. Hurrengo urteetan ere paper garrantzitsua beteko zuen bertan: “[…] erredakzio kontseilukoa izan zen, editoriala erabakitzen zen bilkurara etortzen zen egunero, buruetarik bat zen eta antolatzaile lanetan jardun zuen” (Altzibar, 1996: 471). Zuzendariak ere berak ekarri zituen: “[…] berak ekarri zuen zuzendaria, J. Landaburu, eta gero, hau diputatu izendatzean, Jose Lekaroz, Euzkaditik” (id.: 471). Eta egunkariaren euskal atala berak zuzendu ohi zuen.
El Día Donostian El Pueblo Vascok utzitako hutsunea betetzera zetorren, egunkari kristau eta euskaltzale gisa, eta Gipuzkoako egunkari irakurriena izatera iritsi zen 11.000 aleko salmentarekin. Egunkariak bere posizioari esker euskal kulturari eman zion bultzada garrantzitsua nabarmentzen du Lourdes Otaegik: “El Día-ko orrien bidez ordurarte inoiz izan gabeko oihartzuna izan zuten aktibitate euskaltzaleek […] Sarritan, egunkariko portada edo azalean kokatzen zituen berri euskaltzaleak, apurka-apurka duintasuna, prestigioa eta errekonozimendua eratxeki zielarik euskararen eta euskal kulturaren alde eginiko ekintzei” (1998: 6).
Bigarren proiektu bat ere jarri zuen martxan 1933an, Yakintza aldizkaria, Euskaltzaleak Elkartearen bozeramaile funtzioa betetzen zuena, kasu honetan zuzendari kargua hartuz, eta hainbat argitalpenetan kolaboratu zuen, Euzkadi egunkari jeltzalean ohiko sinadura gisa, esaterako.
Proiektu jeltzalearen baitan aritu zen lanean, eta, egitura politikoan inolako kargurik hartu nahi izan ez bazuen ere, 1931n Madrilen Euskal Estatutua negoziatzen aritu zen taldeko kide izan zen, hezkuntza alorrari zegokion ordezkaritzan. Proiektu politikoaren baitako alderdi kulturala jorratzea izan zen haren lehentasun nagusia. Planteamendu kulturalista horrek garaiko debekuak saihesteko Euskaltzaleak neutraltasun politiko batekin aurkeztera eraman zuen edo hizkuntzalaritza aranistaren garbizalekeriatik urrundu eta Azkueren gipuzkera osatuaren aldeko hautua egitea erraztu zion.
Deigarria suertatzen da tolosarrak bere bizitza laburrean garatu ahal izan zuen aktibitatearen zabala. Urkaregik (1987) egiten duen errepasoan dozena batetik gora dira Aitzolek landutako alderdiak[1]. Medioetan zuen presentzia dela eta proiekzio publiko handia izan zuen gainera bere hiperaktibitate honek guztiak: “Satorraren lana maite ez zuelako, azaldu egiten zen gizona zen” (Urkaregi, 1987: 139). Nortasun indartsua ei zuen gainera: “Aitzolek jite eta jenio handia zuen, ukitu autoritarioa ere bazuen jokaeran […] errespetutik beldurrerako tartea laburra zen Aitzolekin, askorentzat” (Lasa, 2008: 584). Ezaugarri horiekin eta Euskaltzaleak elkarteko zuzendari izanik, ez da harritzekoa tolosarrak ziklo honen gailurra markatuko duten Bertsolari Guduen antolaketaren buruzagitza ere bere gain hartu izana: “Aitzolen aitzindaritza erabateko honen eragina euskal kulturaren eremu zabalera hedatu zen, berak kulturari buruzko projektu oso bat eskaintzen bait zuen […]” (Otaegi, 1983: 18). Eta esku artean hainbeste kontu izanda ez da harritzekoa erabaki hori hartzea kostatu izana ere.
[1] Hauek guztiak aipatzen ditu: Aitzol humanitarista, Aitzol euskaltzale, Aitzol kultur eragile, Aitzol folklorista, Aitzol misiolari, Aitzol literatur kritikari, Aitzol idazle, Aitzol kazetari, Aitzol sermolari, Aitzol hizlari, Aitzol polemista, Aitzol militante, Aitzol abertzale, Aitzol apaiz gorri, Aitzol teorialari, Aitzol azterlari, Aitzol bertsozale eta Aitzol modernista.