Aitor Sarasua gogoan

Xanti Iparragirre-(r)en argazkia Xanti Iparragirre 2019-09-04
Argazkiak: Xenpelar Dokumentazio Zentroa eta Bertsolari Aldizkaria

AITOR SARASUA GOGOAN –

Aitor Sarasuaz zerbait idatzi nahirik hasi naizenean zailtasunak hartu dit gogoa, ditudan sentimenduak idatzi ezinak direlako. Almen ikastetxean bertsolaritzaz zerbait irakatsi nahirik hasi ginenean talde eder bat inguratu zitzaigun, tartean hiru Sarasua anaiak.

Aitor, gazteena (zortzi urte zituen orduan), izaera maitagarriko artista bat zen. Bertso zaharrak kantatuz doinuak ikasi eta gero, jolasean hasten ginen: jendaurrean non kantatu behar zuten, harako bertsoak prestatu eta antzerki moduan kantatuz, Aitorren ikasteko erraztasuna, sinestezina. Nolako trebetasuna!

Berriatuako plazan, lehen bertsoaren amaieran:

“…ttikiak izan arren
neurri ta pixura,
azaldu nahi genduke
gizonen modura”.

Aitorri begira, argazki hura zoragarria zen. Bertsoa nik idatzia zen, baina Aitorren plazako jarrera bere-berea.

Lanean jarraituz, bakoitzari bere berezitasunak ikusten zaizkio. Jon eta Iñaki Sarasua bertsoaren mamia sakontzen arinagoak ziren, baina Aitorrek, gatza eta piperraz osatuta, txispa berezia eta ezusteko ateraldiak gehitzen zituen.

Iritsi zen eguna denak utzita alde egin behar izan nuena, baina loturak jarraitu zuen. Bertsoak idazten nizkien eta zortzi-bederatzik erantzuten zidaten (gero nik denei erantzun behar). Aitorrekin bertsoak gurutzatuz jarraitu nuen, bere irakasle txapel handia ahaztu gabe.

Durangoko Azokan aurkeztu zuten Fauna Ttikian ere sartu ninduten. Aitorrek idatzi eta kantatu zituen bertsoak Jonek gitarrarekin lagunduta. Gautxoritzat hartu ninduen, zuloan gordeta zegoen hontza. Geroztik, entzuten ditudan bakoitzean, ileak zutik jartzen zaizkit. Erantzuten ahalegindu nintzen, baina egoerak ez zidan laguntzen.

Geroago eskuratu nuen Aitorren bertso sorta batean zioen bertso eskolako lagun Jon Iñaki Izazelaik Iparraldean zeukala neskalaguna, eta ibilgailurik ez zeukanez, “… hura eramatera joaten naiz, aspertuta nago txoriei edo izarrei begira…”. Ez Aitor, ez iezadak esan beti zerura begira hengoenik. Beste gutun batean zioen lehen txoriak zebiltzan lekuan urtxintxa (kattagorria) azaldu zitzaiola, eta orain orduak laburragoak zirela. Jarraituz, “Jon Iñakik hautsi zituen neskarekiko harremanak, baina nik urtxintxarekin jarraitzen dut gaztainak janez”.

Urteak joan eta zulotik sudurra atera nuenerako, Aitorrek bertso irakaskuntza bere esku zeukan Iparraldean, baina ez gure denboran bezala; orain dabilenak orduko eta kilometroko honenbeste jasotzen du. Pentsatzen egon nintzen nik zenbat ordu eta ibilera egin ote nituen hego eta batez ere iparraldean inoiz eskerrik ere jaso gabe.

Kitto ordurako Aitor, eritasunak mendean hartua zeukan, ordu luzeetako ebakuntzak egiten zizkioten. Harremanak jarraitu zuen beti bezala.

Kanboko Xalbador ikastegian egin nituen lanengatik eta erretiroko adina nuelako eskaintza bat egin zidaten. Ezustean hartu ninduten, baina Aitorrek bazekien; ongi prestatutako bertsoak kantatu zizkidaten…

Geroago, Hegoaldera sartuta ere, idatzi zizkidan bertsoak, baina laster asmatu zuen elkartzeko modua. “Xanti, etorri behar duzu, betiko lagunak datoz eta: Aitor Renteria Txato, Zabaleta, Murua, Ellande, Barroso, Idoate…”, eta ez dakit nor. Beharko joan. Horrela zenbait arratsalde Aitorren etxean.

Gero, aldika gure etxera etortzen ziren ahal zutenak. Aitorren ahalak aldiko maila bat behera egiten zuen, baita nireak ere, adinaren pisurekin. Horrela ibili ginen, ni hara eta haiek niregana.

Behin erori eta lepo-hezurra hautsi nuen, eta Aitorren deiari ezezkoa eman behar izan nion, ezin nintzela joan: “Ongi pasa eta ea hurrengoan ahal dudan”. Berriz ere antolatu zuen bilkura, baina ezin nintzen kotxez ibili. “Eta zuek, etortzeko modurik?”, galdetu nion: “Ez, ez dut uste…”. Segituan ulertu nion ezertarako ez zela gai, ikusi zutenak esanda banekien. Norbait ikusteko ere ordu jakin eta une laburrez baino ezin zuen.

Halako batean bere lagun estimatuena zen Ellandek deitu zidan: “Xanti, atzo egon nintzen Aitor ikusten. Saiatzen da lehengoa izaten, baina ezin du. Esan dit: “Deitu iezaiozu Xantiri eta kanta iezaiozu bertso hau”. Azken egunak ez ziren urrun…

Aitorren eritasunaren gainetik gorde ditut bere bizipoza, umorea, lagunen egarria eta maitasun mugagabea. Zurekin eraman dituzu sentimendu isilak, adiskidetasuna eta niretzako moldatutako azken bertsoa… eta ez noa gehiago esatera.

Agur Aitor, laster arte.

AITOR SARASUA GOGOAN
AITOR SARASUA GOGOAN