Agurrik ez, Jon
Agurrik ez, Jon –
Hasieran Lopategi zen. Edo Bizkaiko Bertsogintzaren Big-Bang-a. Bertsozale Elkartea sortu aurretik, 1980ko hamarkada hasieran, helduentzako bertso eskola bakan batzuk eta bertsolari gazterik ia ez zegoen galaxia urrun batean…
Azalekoa ez den gizon batek Jaurlaritza jaioberriko Sailburuari proposamena helarazi zion. Bazegoen Bizkaiko Ikastoletan euskal arte bat, bertsolaritza, irakasteko bere burua eskaintzen zuen pertsona bat: filosofia ikasketaduna, bertsolari txapelduna, bokazioduna, kulturaz jantzia, euskaltzalea, kirolzalea, gazteekin konektatzen zekiena… Bertsolaritza eta euskarazko ahozkotasunaren transmisiorako Navy Seal bat, alegia. Jon Lopategi.
Jaun Sailburuak, Lopa oso Ezker Abertzalekoa zen jakitun, hala galdetu zion mezulariari: “Ez al da kolore nabarmenekoa?”, eta besteak erantzun: “Bai, Beltza”. Erantzuna gustatu zitzaion Sailburuari, eta Bizkaian bertsolaritza zein euskararentzat pizgarri estrategikoa izan den hautua egin zuen: Jon Baltzari mundu berria sortzeko gutxieneko baliabideak eskaintzea.
Jon Lopategik bertsolariak sortzea iparrorratz bihurtu zuen (euskal kantak, dantza, musa (singularrean), eskupilota, milaka bertso entrenamendu ordu eta inposaketen aurkako jarrera despistatu bezain tinko batean oinarritutako ahozko metodoaren bidez). Zelan egongo zen bertsozalerik bertsolaririk ez bazegoen? Bertsolarigile emankor bihurtu zen. Bertsolarion lanbide heziketa zikloa asmatu zuen. Bertsolari izatea testuinguru zabalago baten bidez ulertzen irakatsi zigun. Pentsamendu indibidual kritikoa sustatu zuen gugan; bertsolariaren oinarrizko baldintza eta kode deontologiko legez ulertuta. Taldearen garrantzia eta indarraren onurak erakutsi zizkigun; baina baita elkartzea (aho-batekotasunak norbere burua itzali eta belarriekin txalo jotzea eskatzen duenean) artaldekeria bihur litekeela eta ondoriozko ahultasun arriskua ere. Taldean jarduteko baldintza egokiak betetzen ez direnean, norbere kabuz ere lan ugari eta ona egin litekeela demostratu zigun. Arima, burua eta bihotza egunean 24 orduz eta urtean 365 egunez inplikatu zituen. Pasioak eta lanak bat egiten dutenean, oporretan bizi gara. Hori ere, Joni ikasi genion.
Txirulari.
Lopak eskumako eskuarekin bolanteari eutsi eta ezkerrekoarekin euskal txirula joz gidatzen zuen noizean behin. Halakoetan, autoko biztanleriak arreta bikoitza ipintzen zuen errepidean. Nik ez, ni Jonen ezkerreko eskuari begira geratzen nintzen. Horrela jakin zuen Jonek ni ere txirularia nintzena, eta txirula bat oparitu zidan.
Jonen azken urtebetetze egunean zoriontzeko deitu nion. Astebeteko aldearekin egiten genituen urteak. Marti-zozoak gara gu esan ohi zidan berak. Orduan aipatu zidan txirularik gabe zebilela, eta nik esan nion bat nuela soberan eta eramango niola. Baina bilatu arren, ez nuen aurkitu aspalditik kutxa batean gorderik nuela uste nuen txirula hura. Eta berria enkargatu nizun Jon. Pour quand? Galdetu zidan txirulagileak. Martirako esan nion nik; zozoa. Batzuetan abestia partitura baino lehenago amaitzen da. Eta zure errepertorioa irakatsi beharko diodan txirula umezurtza helduko zait laster.
Lopapostrea.
Jonen gurekiko eragin kulturala gastronomikoa ere bada. Berak postrearen bere kontzeptua zuen, nigan, pertsonalki, akolito sutsua aurkitu duena. Ideia sinplea da, egitea da zailena. Menuan dauden postre gehienak plater bakarrean elkartu (arroz esnea, natila, flana, izozkia…) eta gozatzean datza. Jende guztiari gomendatu ohi diot Lopapostrea.
Bertsolaritza klandestinoa.
Liluratuta entzuten nizkion Joni bere 60ko hamarkadako ibilerak. Gipuzkoako Goierri maite zuen, garai hartan handik zebilen sarri. Bertso saio klandestinoak, karteletan beste izen batzuk ipinita Azpillagarekin abestea, saio batetik bestera ihesean joatea… Txibatoak egoten ei ziren herri guztietan, eta Gora Euskadi! abestu ahala abisua ematen zieten txapelokerrei. (Garai hartan Gora Euskal Herria(k)! esateak ez zekarren isunik; karlistentzat EH espainiar lurralde kristaua zelako, baina Euzkadi ez; erlatibitatearen legearen ondorioak gurean). Baina bertsolariek ere euren begiraleak zituzten. Polizia heldu aurretik seinalea jaso eta hurrengo herrira alde egiten zuten, harrapatuak izan aurretik.
Azkenean, Idiazabalen atzeman zituzten eta isuna ezarri. Jonek ez zuen ordaindu gura izan eta kartzelara eroan zuten, Basaurira. Espetxean jasango zituenekin beldurtu nahi zuten txapelokerrek; Hay negros y maricones esaten zioten isuna ordain zezan. Baina Lopak tinko eutsi zien bere ideiei, erosotasunaren ikuspegitik (batzuek bake santua deitzen diote) aukerarik okerrena aukeratuz. Eredu bihurtu zitzaigun askori. Gure ideia eta erabakiei erosotasunen gainetik eusteko indarra emango digu beti.
Ahozko sistema oso bat.
Gure anaia Xabierrek Berrian adierazi zuen gisan, Jon Lopategi sistema osoa zen bere baitan. Gure etxeko ertaina zitatuz: “Ostegunetako entrenamenduetan bermatzen zuen artearen transmisioa; ostiraletan, Bizkaiko edozein eskolatara gu kantura eramanda, bultzatzen zuen bertsoaren hedapena; eta ikasarazten zizkigun bertsoek eta kantuek dokumentazioan oinarritutako ikerketa-gosea piztu zuten nigan”.
Nik gehituko nioke, gainera, ahozko sistema zela. Idatzizko material didaktikorik erabili gabe; ahoz irakatsi zidan Jon Lopategik irakatsi zidan guztia. Bidea helburu, eta helburua bide.
Zelan uztartu zituen ahozko sistema oso bat osatzeko ezaugarriak? Lantzen zuen arloari zegokion goi mailako jakintza teoriko eta praktikoa, pasioa, konstantzia, enpatia eta karisma. Zoritxarrez, tarteko gaitasunak gutxi sustatzen dira egungo gizartean. Lehenengoa eta azkena, ostera, sokekin lotu ohi dira; ezinbestean autonomia eta erabakimena behar baitituzte eraginkorrak izateko. Baina Jonen mailako jokalariak zelairatu behar ditu euskal kulturak; euskal hiztun komunitate eleanitzak bere aldeko hautua, geroz eta gehiago hautu kontua baita, egin dezan.
Sano Maitatua.
Jon edozein bertso saio edo euskal kulturarekin lotutako ekitalditara agertzen zenean, laster batzen zen bere albora agurtu nahi zuen jende multzoa. Gazteak, euretariko asko. Maisu gutxi egongo da jubilatu eta 16. urtegarrenera bazkaritarako bere 40 ikasle inguru elkartzeko gai dena.
Jonen heriotzaren osteko egunei erreparatu besterik ez dago; egunkari, irrati, telebista, sare sozialetan… izan diren maitasun mezuen ugaritasunaz jabetzeko. Unaik gogoratu digu zelan eskatzen zigun, maisu onek bezala, unea helduta bakarrik hegan egiten ikasteko. Lopategik irakatsi zigun bertsotan soilik puntu bateraino irakatsi lekiokeela jendeari. Ordutik aurrera autokonfiantza eta norbere estiloa landu behar dira, norbere kabuz. Eta nerabezaroa 30 urterekin amaitzen den jendarte honetan, gurasoen itzalaren babesa infinitura luzatu nahi den garaiotan, norbere buruarekiko konfiantzarik eza taldean ezkutatzen duen gizartean… mezu iraultzailea da Jonena. Igorrek balioan ipini zuen Argi Baltza, Bizkaiko bertsogintzaren itzalak uxatu zituena. Iratxek Jonen lanarekiko konsagrazioa azpimarratu zigun. Egañak azken unean maitasuna adierazteak eman zion lasaitasuna. Gure anaiak Bertso-Aita deitu zion, gure etxean sentitzen dugun legetxe. Etxahunen bertsoak ikasle guztiak ordezkatu gintuen hiletan. Ander Elortegik irudi gogoangarria utzi zigun Facebooken, Jonen herentzia artistiko eta humanoa iraunarazteko konpromiso tinkoa. Kepa Intxaustik begietan daroa bere maitasuna… bakoitzak dauzkagu gure adierazpen moduak, eta tempusak.
Azken Plana
Elkarrekin egin genuen azken plana gordeko dut betiko. Etxera joan nintzaizun bila, gurera arratsalde-iluntze pasa ekartzeko. Bertso-plan ederra geneukan. Orain ikusita, pentsatzen dut horrela izan behar zuela. 12 urte nituenean gure amari Berak etorri ezin badu Gernikara, ni joango naiz Algortara esanda hasi ziren gure urteetako joan-etorriak. Beraz, soilik patuak duen edertasun poetikoa ikusten diot gure azken plana zu gurera etorri ezinik eta ni zure bila joanda burutzeari. Batez ere, bidean ari zuen euriaren harira heriotzari buruz izan genuen elkarrizketa ederragatik. Hain zuzen ere horregatik; agurrik ez, Jon.
Fredi Paia Ruiz
Jon Lopategiren ikasle eta laguna