A ze pailazo puska!
Imajinatu Legorretako arratsalde bat. Abenduaren 27a da, Gabon gaueko eta Eguberri eguneko afari, bazkari, parranda eta abarrak atzean utzi eta Gabon Zaharrera bidean geratzen den erdibideko egun horietako bat. Nagiak kenduta, eta asteroko dosiaren beharrez, joan zara bertso saio bat entzutera.
A ze pailazo puska! –
Bertso onak entzun nahi dituzu; hori, eta lasai egon. Saioa 19:00etan hasiko zela jartzen zuen kartelean, eta gaur ere berandu. Bat-batean, 19:10ean, atera da gai jartzailea oholtzara. Txaloka hasi zara bera bakarrik datorrela ohartu zaren arte. Ez duzu ondo ulertzen zergatia. Une horretan eten da zure lasaitasuna, oholtzaratu den pertsona oihuka eta saltoka dabilelako eszenatokian, besteak beste. Ez dakizu non sartu, ez dakizu zer egin. Errespetua izan duzu beti gai jartzaileekiko, baina gaurkoan bortizki pentsatu duzu: a ze pailazo puska! Bueno, pailazoa ez; klowna.
Gai jartzaile klowna edo klown gai jartzailea. Halaxe aurkezten du bere burua Bea Egizabalek. Gidaliburu eta guzti eman zituen lehenengo azalpenak, gai jartzaile on baten ardurak gogoraraziz: jaialdiaren ardura izan, publikoaren arreta piztu, bertsolaritza barrutik ezagutu eta bertsolaria trantzean jarri. Eztabaidagarria izan daiteke lehenengo hiru puntuak bete zituen ala ez, baina laugarrenarekin bete-betean asmatu zuen. Azalpenak bukatzerakoan, ohi baino pultsu dardartiagoarekin atera ziren Legorretako antzokian bildutako jendearen aurrera Sustrai Colina, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal.
Zalantzarako tarterik ez zien utzi Egizabalek, hasierako agurra botatzeko ere gai korapilatsu bat jarri baitzien: ‘Esan kaixo jendeari’. Nonbait bertsolariek ez zuten halakorik espero, eta saioa hankaz gora hasi zuen Sustraik:
Dena da libre urte
bukaerara arte
Horrexegatik gatoz
nahastera bi arte
Nahiz bertsoak badauzkan
zenbait estandarte
Klown batek hankaz gora
jarri baditzake
Kaixok ezin du izan
haseraren parte
Beraz millesker eta
nahi duzuen arte!
Horri deitzen zaio, literalki, hasierako agurra.
Kontuak kontu, eta gidaliburuko pausoei jarraiki, bertsolariak trantzean jartzeari ekin zion Egizabalek. Gaiak jartzen hasi orduko eman zuen lehenengo irakaspena: umoretik gai serioak lantzeko aukera dagoela. Etorkizunari erreparatzeko kristalezko bola baten jabe egin zituen Maialen eta Sustrai; lehenengoari begiratzeko gogoa ere eman zion, bigarrenari ez bezala. Material horrekin iragarpen gris xamarra egin zuten bi bertsolariek:
S. Colina
Mundua ez dutenez konpontzen omen bik Faxismo hotsak datoz handik ta hemendik Hori pairatzen dute makina bat sendik Zer gertatu litekeen ondo dakit lehendik Eta etorkizunak beldurra ematen dit |
M. Lujanbio
Beraz orain atzerantz so eingo bagendu Lehen ere nahikoa min ta atarramendu Nahiz gaur eskuinak gora ta aukerak kendu Jendea lotu eta gizonak zekendu Historiak itzulia ere ematen du |
Historia agian ez, baina begiak itzulipurdika utzi zizkioten Egizabali, jarritako gaiari emandako erantzunak sortutako liluraren ondorioz. Hala ere, zirrara handiena beste zerbaitek sortzen zion gai jartzaile klownari, bertsoak binaka edo taldean osatzeko ezinbestekoa den ‘bileratxoak’. Hizketalditxo horietan aipatzen dena jakiteko ez omen du kristalezko bolarik; hortaz, edonork zalantza hori argitu nahi badio, estimatua izango da.
Ofizioaren ondoren, bileratxorik gabeko ariketa jarri zion Egizabalek Sustrairi; bakarkakoa, alegia. ‘Aitatxo guay’ bat gorpuztu behar zuen bertsolariak, ‘haurrarekin parkera ostiral arratsaldeetan bakarrik joaten den horietakoa’. Ariketa neurri eta doinu librean egiteko proposatu zion, abestu beharreko bertso kopurua zehaztu gabe, eta ohiko hiru bertsoetatik zazpira egin zuen salto Sustraik. Zortziko txikian osatu zuen ariketa, ideia eta bertso guztiak etenik gabe kateatuta.
Zein ote da feminismoaren subjektua?
Bistan da hasieratik izan zela saio berezia, baina denborak aurrera egin ahala areagotzen joan ziren bitxikeriak. Gidoitik kanpoko elementuekin jantzi zuen saioa Egizabalek, bertsoaldien artean bakarrizketa laburrak eginez, eta inprobisazioa bertsolari abilenen gisa baliatuta. Bertso saioa bera ere oso hari finez josi zuen. Itxuraz aldrebesak ziruditen gai gehienek, baina guztiek irakurketa sakonagoa zuten; Emakumeen Etxeetako bizipozetik aitatxo guayetara, eta faxismoaren gorakadatik futbol partida baten ondorengo ospakizuneko muxu famatura.
Motorrak ondo berotu ondoren, saioko galdera potoloena mahaigaineratzeari ekin zion Egizabalek. Orri zuri eta guzti, ahoz zein idatziz egin zuen azalpena, feminismoaren subjektua zein den topatu nahian.
Zalantza hori argitzeko, ahalik eta era argienean formulatu zuen gaia: “Zein da feminismoaren subjektua? Ni feminista naiz. Subjektua: ni. Hori argi dago. Orduan, ni subjetktua da, baina klaro, zer gertatzen da feminista izendatzen ez bazara? Ni ez naiz feminista. Ez da izendatzen, baina feminismoaren subjektua da? Zeren, klaro, jada ez da subjektua! Ez naiz; ‘Ni; sujeto de ez naiz’. Gero, zer gertatzen da esaten baduzu: ni feminista naiz, baina beste hori ez da feminismoaren subjektua. Zergatik? Nik esaten dudalako. Orduan, hori. Ni feminista naiz, baina honi ukatzen diot subjektua dela, ez? Hori bada feminismoaren subjektua? Zeren, klaro, zuk esango diozu besteari zer den? Orduan, ni subjektua; ni ez naiz, baina bazara subjektua, zeren ni oso maja naiz eta esaten dut ‘zu bazara subjektua, kariño’; baina honek esaten duela ‘ni banaiz’ eta zuk esaten diozu ezetz, ez dela. Orduan, subjektua zein da?”.
Marrazki/krokis eta guzti, horixe izan zen bertsotan hasteko abiaputua Maialenentzat eta Nerearentzat:
M. Lujanbio
Ze ein behar du ze iten du (bis) Jakingo baldinbagendu Sujetua indartu ta sujetadoreak kendu Feminismoak ze iten du sujetadoreak kendu
Garbi ikusten da dena (bis) Puntu ta marra zuzena Ulertzen ez duena da ulertu nahi ez duena Ulertu nahi ez duena Garbi ikusten da dena |
N. Ibarzabal
Bidea ez da perfektoa (bis) Nor ote da sujetoa? Kontua da hau ikusiz geratzen zaizun jetoa geratzen zaizun jetoa Nor ote da sujetoa?
Ez da zuzena eskema (bis) Norberea zein besteena Guztia da espirala eta bukatzen ez dena Eta bukatzen ez dena ez da zuzena eskema |
Baten batek eskemaren kopia bat nahiko balu, badirudi eskuragarri dituela.
Errimak falta omen zaizkie
Saioa borobiltzeko bertsolari guztiei jarri zien gaia. Etxeko produktu bat baliatu zuen horretarako: Lasarteko bertso eskolako kideek sortutako poltsa. Oraingoan bai, ez zuen buelta handirik eman, ez zuen esaldia gehiegi aldrebestu, nahiz eta aurrean zeuzkan bertsolariekin nekez imajinatu daitekeen horrelako zerbait gertatzea: ‘Errima bat falta zait’. Horixe izan zen gaia.
Nonbait, ematen ez badu ere, errima kontuekin trantze galantak pasatakoak dira hiru bertsolariak…
M. Lujanbio
Almazena betea errima ugariz Bertsoa egiten da jostorratz ta hariz kantatu eiten degu segurtasun haundiz Ene! Makinaria ikusiko balitz
Bertsoa behar baita bat baten erditu Zer esan jakin ez ta halare segitu Jendeak errima onak nahiz ta ez aditu Gero potoak earki harrapatzen ditu |
S. Colina
Izan nahi nuke rimen enterradorea Nahiz rimek sujetatu bertsoen ohorea Lehenago Maialenek esan du ordea Askatu behar dela sujetadorea
Barkatu zaidazue errimen harira Ipintzen baldinbanaiz bi hauei begira Ez omen datozkie errimak argira Baina kasualitatez txapeldunak dira |
N. Ibarzabal
Hauxe da bapatean hasten dan jokoa Batzutan zerua ta bestetan txokoa Rima bat falta bada beti oztopoa Horregatik asmatu genuen potoa
Ta dohai berezi bat da txapeldunean Guztiz gal litekeena biharamunean Errimak beti dauzkat oso urrunean Baina etortzen zaizkit behar den unean |
Legorretan behintzat ez zuten larrialdirik izan. Bikain borobildu zuten saioa puntuka, eta txalo zaparrada handi batekin iritsi ziren bukaerara. Pixkanaka egoerara ohitzen joan ziren bertsolariak, eta Maialenek definitu zuen ondoen bukaerako agurrean saioaren bilakaera:
Hasi aurreko momentua
Ardura eta tentua
Baina Leorreta gertatu zaigu
gustoko lekua
Berea zen talentua
Gurea eskarmentua
Espero degu gozatu izana
esperimentua
Hasierako imajinazio ariketara itzulita… Saioa amaitu da. Gertatutako guztia prozesatzen ari da zure burua, nahiz eta dagoeneko badakizun gustatu zaizula. Hasierako lasaitasun nahia joan egin da, eta ja nekatuta zaude saioak iraun duen ordu t’erdian ez diozulako barre egiteari utzi. Arratsaldea gau bihurtu da. Txalo zaparrada isildu denean aulkitik altxatu zara. Protagonistak berriro oholtzara itzultzeko itxaropenez zaude. Baina ez, ez dira itzuli. Kanpoaldera zoaz, eta antzokitik irten zarenean, oraingoan irribarretsu, berriro pentsatu duzu: a ze pailazo puska!