1960 eta 1962ko Txapelketa Nagusiak

Bertsolaritzaren historian, leku berezia dute txapelketek. Halako ondorioak izan dituzte. Idazlan honetan, Euskaltzaindiak eratutako lehen bi Txapelketa Nagusiak ditugu gai; eranskin gisa aipatzen ditut 1965 eta 1967koak. Honekin amaitzen ditut, oraingoz, Bat-bateko bertsoa, jolas galduaren bila izenburu orokorra daramaten lanak.

Pello Esnal-(r)en argazkia Pello Esnal 2024-04-26

1960 eta 1962ko Txapelketa Nagusiak –

1960: “Campeonato mundial de bertsolaris

1960 eta 1962ko Txapelketa Nagusiak
www.kutxateka.eus

Hogeita lau urteko tarte luzea dago 1936tik 1960ra, azken bertsolari-gudutik Euskaltzaindiaren lehen Txapelketa Nagusira. Tarte luzea bezain traumatikoa: gerra alde banatan –Hegoaldean, 1936tik 1939ra; Iparraldean, 1939tik 1945era– eta gerraondo luzea, batik bat Hegoaldean.

Giro gaizto hark gogor eragin zion bertsolaritzari. Hala ere, antolatu zen zenbait bertsolari sariketa eta txapelketa (Etxezarreta, 1993: 123-167. or.); batez ere, Iparraldean. Hegoaldean ere izan zen mugimendurik. Esaterako, Tolosan 1945ean jokatutako txapelketa, Gipuzkoako zazpi bertsolari onenekin.

Iparraldean ugaldu ziren sariketak eta txapelketak, Teodoro Hernandorenaren eskutik, hango bertsolariak suspertzea xede: 1946an, Donibane Lohizunen eta Hazparnen izan ziren; 1947an, Ezpeletan eta Donibane Garazin; 1948an, Saran; 1949an, Luhuson eta Saran.

Horiek guztiak Iparraldeko bertsolarientzat izan ziren. Baina 1949an, Hegoaldeko bertsolariei ere deitu zieten, eta Euskal Herri osoko txapelketatzat jo daitezke ondorengo laurak: Urruñan izandakoa, 1949an; Donibane Lohizunekoa, 1950ean; Baigorrikoa, 1951n; eta Sarakoa, 1952an. Horietan, Basarri izan zen sarituena; Xalbadorrek eta Mattinek ere jantzi zituzten txapelak.

Azkenean, Euskaltzaindiaren ordua etorri zen. Euskaltzaleak elkarteak 1935ean eta 1936an bertsolari guduak bezala, Euskaltzaindiak 1960an antolatu zuen lehen Bertsolari Txapelketa Nagusia. Arranditsu iragarri zuen karteletan, “Campeonato mundial de bertsolaris deituraz. Donostian izan zen finala, abenduaren 18an, Victoria Eugenia Antzokian.

Euskaltzaindiak ondo gogoan hartu zituen gerraurreko bertsolari gudu haien bi ezaugarri nagusiak, bai lurraldetasuna, bai lehiaketa izaera ere. Lurraldez lurralde jokatutako txapelketetatik aukeratu zituen zortzi bertsolari finalerako:  bi nafar –Perurena eta Narbarte–, bi gipuzkoar –Uztapide eta Mitxelena–, bi bizkaitar –Azpillaga eta Mugartegi– eta bi Iparraldeko: Xalbador eta Mattin. Zortzi horietako bat izango zuen buruz buru lehiakide azken saioan Basarrik, gerraurreko txapeldunak.

Lurralde horietako ordezkariz osatu zuen finaleko epaimahaia ere, prestigiozko gizonak aukeratuz. Garaiz itxi nahi izan zien atea  mingaingaiztoen esamesei. Maiz sortzen baitira halakoak txapelketetan eta. Lehen txapelketan behintzat lortu zuen helburua.

1960 eta 1962ko Txapelketa Nagusiak

Euskaltzaindiak intentzio osoz eman zion txapelketari lehiaketa izaera. Hala idatzi zuen Antonio Zavalak, txapelketako bertsoak bilduz ateratako Bertsolarien txapelketa – 1960 liburuaren hitzaurrean (Zavala, 1961: 10):

Joku edo deporte bat degun ezkero, bertsolaritzak bereganatu bear lituzke, oraingo deporteak txapelduna izendatzeko dituzten bide ta lege guziak. Nik beintzat ori eskatuko nuke arren ta arren.

“Euskaltzaindia” asi da ori egiten. Erdaraz esaten danez, eliminatorias deritzayon bidea autatu izan da, egokiena iritzita.

Are gehiago, finala bera ere kanporaketa moduan antolatu zuten, lau ekitalditan, goiz eta arratsalde. Goizeko lehenengoan, zortzi bertsolarietatik lau aukeratuko zituzten; eta bigarrenean, lautik bi. Arratsaldean, hirugarren ekitaldian, bitik bat bereiziko zuten. Eta azkenik horrek lehiatuko zuen buruz burukoa Basarrirekin.

Horrela aurreikusi zuten Euskaltzaindikoek. Saioak berak, ordea, lehiaketa areagotzeko aukera eman zien. Lehen ekitaldian, aukeratu dituzte hiru bertsolari –Uztapide, Xalbador eta Mattin–, baina laugarrena bereizten lanak, Zavalak dioenez (1961, 57). «Mitxelena, Azpillaga eta Narbarte berriz probatzea erabaki da. Bakarka kantatu bear dute. Lendabizikoa asten danean beste biak kanpora eraman bear dira entzun eztezaten zer kantatzen duen aurrekoak. Irurak gai beraren gaiñean kantatu bear dute».

Oker ez banabil, hona hemen, lehenengo aldiz, “kartzelako lanak” –gaur “ganbarakoak” direnak–. Fernando Artola Bordarik asmatu omen zuen izena. Berez, arratsaldeko buruz buruko saiorako pentsatua izango zuten, baina goizean estreinatu zuten, beharrak eraginda. Azpillagak egin zuen aurrera.

Ondoren, lau bertsolarietatik bi aukeratu behar zituzten arratsalderako. Bi horien artean erabakiko zuten zeinek jokatu buruz burukoa Basarrirekin. Baina Zavalak dioenez (Zavala, 1961, 79), «Juraduak erabakia artu du: Duda aundiak izan dira eta astirik ez berriz probatzeko. Orregatik arratsalderako iru geratu dira bi bearrean: Uztapide, Xalbador eta Azpillaga». Apenas eraman daitezkeen urrunago lehia eta suspensea.

Arratsaldean, lehenik Uztapide, Xalbador eta Azpillaga neurtu zituzten. Eta, horiekin ere kartzelako formula erabiliz, Uztapidek eta Azpillagak egin zuten aurrera. Berdin egin zuten gero Uztapide eta Azpillagarekin. Eta, azkenik, Uztapidek jokatu zuen buruz burukoa Basarrirekin. Basarrik irabazi zuen txapela, 1935eko gudu hartan bezala.

1960 eta 1962ko Txapelketa Nagusiak

Konpontzen hasia zen gerrak eragindako etena. Eta finkatuak geratu ziren Euskaltzaindiaren txapelketa nagusien bi ezaugarri nagusiak: lehiaketa izaera eta Euskal Herri osokoak izatea.

Lehiaketa izaerak ez zien eragin bakarrik txapelketaren eta finaleko saioaren egiturari; ariketetan ere izan zuen eragina. Hasteko, bakarkako ariketa dago, gaia emanda bertsolariak bakarka kantari jartzen dituena. Kartzelako saioetan erabili zen. Erraztu egiten ditu epaimahaiaren lanak.

Eta, horrekin batera, indar hartzen hasten dira beste bi ariketa ere. Bata, puntua emanda bertsoa osatzekoa. Finaleko saio guztietan erabili zen. Tartean, izan ziren bihurri askoak; hara nola, «Nafarroatik ere/ bertsolariak gaur» edo «Gaur ere egin al dezu/ goizetikan txurrut?», edo «Bildu al dituzute/ aurtengo mizpirak?», edota «Donostian badira/ itxusi ta polit». Halakoetan, ataka estuetan jarri ohi da bertsolaria. Berez zaila bada puntuari erantzutea, halako errimek ez dituzte lanak errazten.

Bigarren ariketa ere izan daiteke gaiztoa, propio lanak zailtzeko asmotan erabiliz gero. Lau oin emanda bertsoa osatzea eskatzen du. Final horretan, azken buruz burukoan bakarrik jarri zitzaien bertsolariei. Uztapideri, «batela, txapela, kandela, berdela» eta «zelaia, alaia, artzaia, galaia». Basarriri, «elurra, zintzurra, bildurra, egurra» eta «nagusi, itxusi, ikusi, erosi». Ez zuten askorik luzitu ez batak eta ez besteak. Jolas, gai jartzaileak egin zuen jolas bertsolariekin.

1960 eta 1962ko Txapelketa Nagusiak
www.kutxateka.eus

1962: Uztapide txapeldun, sesianteak eta Basarriren erabakia

Bi urte geroago jokatu zen Euskaltzaindiaren bigarren Txapelketa Nagusia. Erakunde horrek berriro ere ondo zaindu zituen bai lehiaketa izaera eta bai lurraldetasuna.

Guztira, sei kanporaketa jokatu ziren Bizkaian (Urkiola, Mungia, Markina, Igorre, Gernika eta Bilbon), hiru Nafarroan (Erratzu, Goizueta eta Beran) eta zortzi Gipuzkoan (Bergara, Deba, Azpeitia, Oiartzun, Beasain, Tolosa, Eibar eta Hernanin). Eta ehun bertsolari inguruk parte hartu zuten horietan. Azken batean, bertsolaritza suspertzea zen helburua.

Finalerako, zortzi bertsolari aukeratu zituzten: ehun horietako sei, gehi Xalbador eta Mattin. Finalean (1962ko abenduaren 30ean jokatu zen, igandez), 1960an bezalatsu egin zituzten kanporaketak. Goizean bi saio eta arratsaldean beste bi. Goizeko lehen saioan, lau aukeratu zituzten aurrerako: Mitxelena, Lazkao Txiki, Xalbador eta Arozamena (Arozamena eta Mattin berdin geratu zirenez, bien artean jokatu behar izan zuten nork aurrera egin).

Lau horiei 1960ko bi lehenak gehituta –Basarri eta Uztapide–, jokatu zuten goizeko bigarren saioa, lau uzteko arratsalderako: Xalbador, Uztapide, Lazkao Txiki eta Basarri. Arratsaldeko lehen saioan, Uztapidek eta Basarrik egin zuten aurrera. Eta bien artean jokatu zuten buruz burukoa, eta Uztapidek jantzi zuen txapela.

Ariketak direla eta, bi ariketari egin behar izan zieten aurre bertsolari guztiek hasiera-hasieratik. Aurreko finalean, kartzelako lanetan bakarrik erabili ziren. Oraingoan, ordea, ohiko saioetako ariketak izan ziren biak, bai bakarka hiru bertso kantatzea gai bati eta bai lau oinak emanda bertsoa osatzea. Beraz, beste koska bat gehiago, lanak estutze aldera, lehiaren mesedetan eta bertsolarien arteko jolasaren kaltetan.

Baina bada besterik ere, nire ustez larriagoa. Argi ageri da goizeko lehen saioan. Bederatzina bertso kantatu behar izan zituzten zortzi bertsolariek: bina puntua emanda, hiruna binaka teman, bana lau oinak emanda eta hiruna bakarka gai bati buruz. Beraz, bederatzi bertsoetako sei bakarka eta hiru besterik ez binaka, teman.

Bestela esanda, ariketa bakarrean aritu ziren bertsolariak kirolean bezala; bi pilotari bezala, esaterako, zeinek zein mendean hartu. Proben antza dute beste hiru ariketek. Banan-banan probatzen ditu gai jartzaileak; batzuetan, oso estu hartuta, ea gauza diren bertsoa osatzeko; aldeak alde, harri-jasotzailearen proba dakargu gogora, harria bizkarreratuko ote duen ala ez. Alegia, horra hor kirola proba bihurtua.

Proba guztiak gaindituta, azkenean Uztapidek jantzi zuen txapela.

Baina ez ziren horretan amaitu kontuak eta komediak. Handik astebetera, ustekabeko eztanda batek astindu zuen bertsolaritzaren eremua. Basarrik, Errege egunez, La Voz de España egunkarian, bere ohiko sailean erantzun zion Ayalderi, honek bezperan El Diario Vasco-n idatzitakoaren harira. Eta bat-batean, aldarria: ez zuela txapelketetan gehiago parte hartuko (Etxezarreta, 1993: 209):

Caros lectores míos, Basarri ha finalizado su obra. No sé los años que me tendrá reservados el bondadoso Dios, pero he tomado la radical determinación de no participar nunca más en un certamen o en un campeonato de bersolaris.

Zerk eraman zuen halako erabakia hartzera? Badugu Basarriren beraren testigantza, eta hori da fidagarriena. Bi idatzitan dago: aipatutako idatzian eta handik hamar egunera idatzi zuenean, berriro ere egunkari berean, eta berriro Ayalderi erantzunez (Etxezarreta, 1993: 212-213).

Bi idatzi horiez aparte, herriaren oroimenean gelditu den bertsio makurra dago. Alegia, epaimahaiak aldez aurretik zeukala erabakia Uztapideri txapela ematea. Bertsio makurra baina erraz itsasten den horietakoa. Hori baino sinesgarriagoa da –eta Basarriren idatziek ere hori uste izatera garamatzate– bertsio gaizto horrekin joan zitzaizkiola sesiante batzuk burua berotzera, aurretik herriko bazterrak ondo berotu ondoren. Eta azkenean Basarrik di-da hartu zuela erabakia, sesiante haiekin eta sesio guztiekin ok eginda.

Azken bertsio hori indartuko dute hurrengo bi bertsolari txapelketetako sesioek ere. Baina ez ditzagun kontuak aurreratu.

1960 eta 1962ko Txapelketa Nagusiak
www.kutxateka.eus

Eranskin gisa: 1965 eta 1967ko txapelketak

Euskaltzaindiak antolatutako lehen bi Txapelketen ondoren, finkatuak ageri dira Bertsolari Txapelketa Nagusien bi ezaugarri behinenak: lurraldetasuna eta lehia izaera. Azken batean, gerraurreko bertsolari guduetan ezarritakoak dira. Euskaltzaindiak finkatu eta areagotu besterik ez zituen egin. Eta ildo horretan jarraitu zuen 1965 eta 1967ko Txapelketa Nagusietan ere, harik eta 1967an denak eztanda egin zuen arte. Merezi du haria jarraitzea urratsez urrats, oso gainetik bada ere.

Ariketen zailtasunak 1965eko txapelketan jo zuen goia. Goizeko saioen ondoren, lau bertsolari bereizi zituzten arratsalderako: Xalbador, Lazkao Txiki, Mattin eta Mitxelena. Gero, lau horietako bakarra sailkatuko zen buruz burukoa jokatzeko, 1962ko txapeldun Uztapiderekin.

Lau bertsolariei zer ariketa jarriko gai jartzaileak kartzelako saioan eta (Zavala 1965, 94): «kontatu iguzu iru bertsotan izkirimiri bat, txiste bat. Ez du ajolarik gordin samarra bada ere, baldin txukun kontatzen badezu. Minutu bat dezu txistea aukeratzeko. Beraz minutu batean zai egongo gera». Lazkao Txiki bakarrik asmatu zuen. Galdu samarrak ibili ziren beste hirurak. Ez da harritzekoa. Ba al zegoen ataka estuagoan jartzerik bertsolaria?

Final berean izan zen, bestalde, herri oroimenak jaso ez duen gertaera mingarri bat: entzuleek txistu jo zioten Mattini. «Gure Mattin maitagarriari jo zizkioten txistu-hotsik mingarrienak… Plaza-jende hura, basatien gisa, erotu beharrez txistuka eta oihuka…», idatzi zuen Yon Etxaide-Ithartek suminduraz, bi urte geroago Herria astekarian, Xalbadorri jotako txistuek zauria berrituta (Etxezarreta 1993, 261).

Herri oroimenean, 1967ko Txapelketan Xalbadorri jotako txistuak gelditu dira; hobeto esanda, epaimahaiari jotako txistuak, Xalbador aukeratu zuelako, eta ez Lazkao Txiki, buruz burukoa Uztapiderekin jokatzeko. Bertsio hori gailendu da, azkenean. Baina arrazoi bat baino gehiago egongo ziren jendearen portaera lotsagarri haren eragile. Bi aipatuko ditut hemen.

 Batetik, Xalbadorren euskara –eta Mattinena– ulergaitza egiten zitzaion Hegoaldeko entzuleari. Baina ez da euskalki kontua bakarrik. Iparraldeko kanten tradizioa ere ez zuen ezaguna Hegoaldeko jendeak. Horrek elkarrekin mokoka entzun nahi zituen bertsolariak, arrazoietan zein gaindituko, zeinek arrazoi zorrotzagoa asmatuko. Xalbadorren bertsoa beste eremu batekoa da. Izan ere, Euskaltzaindiak, lurraldetasuna zainduz, ateak zabaldu zizkion Iparraldeko tradizioari ere. Eta tradizio hori arrotz suertatzen Hegoaldekoari eta talka eragin.

Bigarren arrazoia, Juan Mari Lekuonari aditu nion, lagunartean ari zela. Aipatu besterik ez dut egingo. Oiartzuarraren hitzetan, Euskaltzaindiari joak izan ziren 1967ko Bertsolari Txapelketako txistu haiek. Aintzat hartzeko bertsioa da. Handik urtebetera izango zen Arantzazuko Batzarra, euskara batuaren oinarriak jarri zituena. Begitan hartua zuen zenbaitek Euskaltzaindia. Halakok ez du aitzakia handirik behar izaten sua pizteko.

Eta horrela, txapelketaz txapelketa, gero eta ahulago sumatzen dugu bat-bateko bertsoaren jolas izaera, gero eta urrunago eta, okerrena dena, betiko ia galdutzat emateko zorian.   

www.kutxateka.eus

Aipuak

ETXEZARRETA, Jesus M. (1993): Bertsolarien desafioak, guduak eta txapelketak. Oiartzun, Sendoa [Auspoaren Sail nagusia, 10].

ZAVALA, Antonio (1961): Bertsolarien txapelketa – 1960. Zarautz, Itxaropena [liburuak berez, ez dakar egilearen izenik; Antonio Zavalarena du hitzaurrea eta, zalantzarik gabe, Zavalarena berarena da bertsoen transkripzioa ere].

ZAVALA, Antonio (1962): Bertsolarien txapelketa (30-XII-1962). Tolosa, Auspoa [Auspoa, 22]. 

ZAVALA, Antonio (1965): Bertsolari-txapelketa (1-I-1965). Tolosa, Auspoa [Auspoa, 43]. 

ZAVALA, Antonio (1967): Bertsolari-txapelketa (11-VI-1967). Tolosa,      Auspoa [Auspoa, 67]. 

1960 eta 1962ko Txapelketa Nagusiak  1960 eta 1962ko Txapelketa Nagusiak  1960 eta 1962ko Txapelketa Nagusiak  1960 eta 1962ko Txapelketa Nagusiak  1960 eta 1962ko Txapelketa Nagusiak  1960 eta 1962ko Txapelketa Nagusiak  1960 eta 1962ko Txapelketa Nagusiak  1960 eta 1962ko Txapelketa Nagusiak