Terrazako ikusmira

Dagonenekoz nazioarteko aditu eta inprobisatzaileen terraza Txapelketa Nagusiko finalaren paisaiaren ohiko elementu bihurtua da: Munduko puntu ezberdinetatik etorritako dozenaka lagun, denak elkarren ondoan, denak bapateko itzulpena eskaintzen dien kaskoak jarrita, harritu aurpegiaz bertsoaz eta giroaz gozatzen. Goizeko Saioa bukatu berritan Amaia Karrikaburu ikerlari kubatarrari eta Edmilson Ferreira inprobisatzaile brasildarrari galdetu nahi izan diegu terraza horretatik ikusi dutenaz.

Argazkiak: Conny Beyreuther

Zein da zuen herrialdean ahozko inprobisazioaren inguruan egin duzuen ibilbidea?

Edmilson Ferreira. Ni, brasildar repentista guztiak bezala, kantua entzunaz zaletu nintzen. Nire aita oso zaletua zen eta irratian uneoro jartzen zituen repentistak kantuan ematen zituzten saioak. Esango nuke nire lehen oroitzapen musikala hori dela: aitak irratian jarritako repentisten kantua. Gero, familian bagenuen ohitura, Brasilen oso zabaldua dena, repentisten bertsoak jasotzen dituzten liburuxkak erosi eta elkarrekin kantatzekoa. Guzti hau asko gustatzen zitzaidan eta hamabi urterekin repentista izan nahi nuela erabaki nuen. Hogeitamar urtetik gorako ibilibidea egin dut ordutik, azken urte askoan repentista profesional bezala.

Amaia Karrikaburu. Musikologia ikasten ari nintzela punto kubatarrak indar gehien duen probintzietako batean, Pinar del Rion, egonalditxo bat egin nuen ikerlari gisa. Hor konturatu nintzen gutxi aztertutako fenomeno bat zela eta ikerlari gisa ekarpen bat egin nezakeela.

Normalean kantu inprobisatua aztertzen duten ikerlariak edo inprobisatzaileak dira eurak, edo familiatik datorkie zaletasuna. Ez da nire kasua. Ahozko tradizio hau batez ere landa eremuetan ematen da, eta ni kaletarra naiz…  baina ezagutu nuenean harrapatu egin ninduen inprobisazioaren eta ‘controversia’ren magiak.

Ikertzen jarraitzea erabaki nuen eta Europar Batasunak ere finantzatutako proiektu garrantzitsu batean sartzea lortu nuen. Disziplina anitzeko proiektu bat zen, bertako inprobisazioak dituen berezitasun musikalengatik ezaguna den Sancti Spiritus probintzian zentratua. Besteak beste inprobisazio eskolak ireki ziren probintziako herri gehienetan, eta nik ikerketaren alorraren ardura nuen. Doinu ugari transkribatu nituen, inprobisatzaile ugari elkarrizketatu eta hortik puntoari buruzko nire lehen liburua argitaratu ahal izan nuen.

Orain doktore tesiarekin ari naiz. Kubako puntuak XX. mendean izandako historia litzateke gaia. Poesiarako eta kanturako gaitasunak uztartzen direnean sortzen den horrek erabat liluratzen nau eta nire ekarpena egin nahi nuke Kuban merezi duen garrantzia aitortu diezaioten.

 

Nola izan zenuten bertsolaritzaren berri? Nola iritsi zarete gaurko finalean egotera?

E.F. Bertsolaritzarekin izan nuen lehen kontaktua Jon Sarasuaren bidez izan zen. Urte batzuk pasa dira jada. Pernanbucoko Unibertsitate Federalean repentistekin aurkezpen bat egiten ari nintzen eta Euskal Herriko repentista bat zela esanez aurkeztu zitzaidan. Hemen inprobisatzaileei bertsolari deitzen diezuela esan zidan eta bertsolaritzaren inguruan eratu den mugimenduaren inguruko azalpenak eman zizkidan. Oso interesgarria iruditu zitzaidan eta nire kabuz informazioa bilatzen aritu nintzen gero. Geografikoki oso urrun egon arren gertuko zerbait zela ikusi nuen, eta gure artean izan genitzakeen antzekotasun eta ezberdintasunak ezagutzeko jakinmina nuen. Transmisioa nola egiten duzuen, mugimendua nola antolatu den, ze profesionalizazio maila dagoen eta abar. Bigarren topaketa bat izan nuen Sarasuarekin eta txapelketako finalera etortzeko aukera zegoela komentatu zidan. Guk ere egiten ditugu gisako ekitaldi handiak Brasilen eta hemengoa ikustea aukera ederra iruditu zitzaidan alderaketak egin eta agian guretzat baliagarria izan daitekeen zerbait ikasteko.

A.K. Nik Alexis Diaz Pimienta eta Maximiano Traperoren lanen bidez izan nuen lehen aldiz bertsolaritzaren berri. Inprobisazioaren mundua aztertzen hasita ez da hain zaila bertsolaritzarekin topo egitea… Laguna dudan beste ikerlari batek, Patricia Tapanesek, aipatu zidan lehiaketa handienaren finala ikustera etortzeko aukera. Karlosekin (Aizpurua) harremanetan jarri ninduen eta horrela iritsi naiz hona.

 

Terrazako ikusmira

 

Ez du zerikusirik izan zure euskal jatorriarekin?

Ez. Badakit nire abizena eta nire izena euskal jatorrikoak direla, baina nire euskal jatorri horren inguruko informaziorik ez dut izan inoiz. Etxean ez dakigu zein den Kubara emigratu zuen euskaldun horren historia, eta gaurdaino ez diogu garrantzia handirik eman.

Bestela suertatu da, ikerlari bezala egindako ibilbideari esker.

 

Nolako esperientzia iruditu zaizue?

A.K. Banekien jende asko biltzen zela, hori esaten bait dizute ‘jende asko mugitzen du’, baina ikaragarria iruditu zait. Horrelako egitura bat, hainbeste jenderentzako tokia duena, eta goraino beteta ikustea… Aurikularrekin jarraituta gauza dezente galtzen ditugunaren sentsazioa daukat, eta bertsotan esaten dituzten zenbait gauza bertakoek ezagutzen dituzten erreferentzien ingurukoak dira, galdu egiten gara hor ere, baina nabari da inprobisazioaren maila sekulakoa dela. Esperientzia polita izaten ari da.  

E.F. Oso ederra. Niretzat ere esperientzia oso ederra izaten ari da.  

 

Edmilsonek norbere herrialdeko fenomenoarekiko ezberdintasunekiko eta antzekotasunekiko jakinmina aipatzen zuen lehen. Zein iruditu zaizkizue nabarmenenak edo deigarrienak? 

A.K. Ni bertsolaria pentsatzen ari den bitartean jendeak gordetzen duen isitasunak harritu nau gehien. Kuban musika instrumenturen batekin betetzen dira tarte horiek eta horrek nolabait jendearen arreta desbideratu egiten du musikariarengana. Hemen sortzen den tentsioa oso deigarria iruditu zait. Zailagoa iruditzen zait denak horrela zain eta isilik daudela bertsoa osatu beharra, badirudi jendea bertsolariaren pentsamenduak entzuten ari dela…

E.F. Niri gustatu egin zait isiltasun hori. Artistarekiko errespetua erakusten duela iruditzen zait. Errespetu handia zaio hemen bertsolariari. Bertso guztien bukaeran txalo jotzen du jendeak, bertsoa oso ona edo ez hain ona izan, eta hori ere oso polita iruditzen zait.

A.K. Erabiltzen dituzten doinuak ere gustatu zaizkit. Aberatsak iruditu zaizkit eta iruditu zait gaiaren arabera aukeratzen dituztela. Hori han ere egiten da… 

Edo gaiak planteatzeko modua ere deigarria iruditu zait. Egoera zehatzak planteatzen dira etengabe. Kuban ez da horrela, han kontzeptu edo ideia abstraktuagoei kantatzen zaie normalean. Eta gustatu zait hemengoa, bertsolariei bestelako baliabide batzuk eta argudiatzeko bide ezberdin batzuk eskaintzen dizkiela iruditu zait.

E.F. Antzekotasunak ere badaude, noski. Guztia, geurea nahiz hemengoa, inprobisazioa da, eta horrek ahaidetasun bat ematen digu.

A.K. Bai, garrantzitsuena hori da, eta hortan bat datoz. Gero egiteko modua da herrialde bakoitzeko kulturaren arabera aldatzen dena, baina hori aberasgarria da.

Bestalde, hemengo tentsioa, isiltasuna eta abar aipatu ditut, baina badakit hau bertsolaritzak duen formaturik formalena dela. Suposatzen dut saio gehienak bestelako espazio eta giro batzuetan emango direla, festa giroan eta bestelako jarrera batzurekin.  Kuban eremu txiki eta komunitarioetan sortzen da, gehienetan landa eremuan, eta ia beti festa giroan.

E.F. Formatu hau bera, ekitaldia hartu duen egiturak eta ekitaldiak berak duten neurria da ezberdintasun deigarrienetako bat.

 

Brasil munduan metro karratuko inprobisatzaile gehien duen herrialdea dela irakurri izan diogu Jon Sarasuari. Horrela da? Horrela izanik han ere izango dituzue ekitaldi handiak.

Asko gara Brasilen, bai. Ez daukagu datu zehatza kontrastatuta, baina 10.000 inguru izan gaitezkeela esaten da. Gero egia da horietatik erdia baino gehiago ez direla modu profesional batean aritzen, alegia, bigarren ogibide bat dutela, edo repentismoa dutela bigarren ogibide. Baina, bai kopuru handi bat da repentismotik modu profesional batean eta nahikoa modu duinean bizi garenona. Inguruko mugimendua ere nahikoa indartsua da.

 

Egiten dituzuen ekitaldi handienak?

E.F. Ekitaldi handiak egin izan dira, publikoan 5.000, 6.000 edo 10.000 lagun bildu izan dituztenak. Baina falta zaiguna jarraitasuna da. Hemen lau urtean behin egiten da txapelketa hau, eta herrialdeko txapelketak sarriago. Gureak ekitaldi puntualak izaten dira, oso noizean behinekoak.

Handienak bateko edo besteko tokiko gobernuek antolatutakoak izaten dira. Plaza publikoan egiten dira, sarrera ordaindu beharrik gabe. Bai egiten da publizitate kanpaina telebista bidez eta abar eta jende asko biltzea lortzen da. Baina, esandakoa, ez dago jarraitasun bat. Hemen dena elkarteak berak antolatzen du eta jarraitasun batekin egiten du.

 

Hemendik lau urtera itzuliko zinatekete?

E.F. Bai, bai, oso interesgarria iruditu zait. Aukera izango banu gustura itzuliko nintzateke.

A.M. Gaurko hau ikusita pentsatu dut nire jatorri euskaldun honi buelta bat eman beharko diodala. Ederra litzateke hemendik lau urteko finalera etortzea eta euskara apur bat jakitea, bapateko itzulpenarekin beharrean zuzenean entzun eta ulertzeko gai izateko. 

 

 

Terrazako ikusmira Terrazako ikusmira Terrazako ikusmira Terrazako ikusmira Terrazako ikusmira Terrazako ikusmira Terrazako ikusmira 
Terrazako ikusmira 
Terrazako ikusmira 
Terrazako ikusmira