Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea: “Gregorioren komikotasuna berezkoa zen, ez zen ikasia”

Joxean Agirre-(r)en argazkia Joxean Agirre 2023-01-26
Argazkiak: Conny Beyreuther

Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea –

2019ko maiatzean estreinatu zuten Gregorio Larrañaga Mañukortak eta Rebeca Díaz zaintzaileak Markinako Iderraga kalean bertsolariak zuen etxe berria. Bertsolariak artrosiaren familiako patologia batekin zeramatzan urte batzuk bere jaiotetxean. Geroztik  etxea bakarrik ez, Mañuk hain berea zuen bizitzari buruzko filosofia, umorea eta bertsoak ere partekatu ditu zaintzaileak bertsolariarekin. Hain zuzen ere, elkarrizketarako Mañuri eskainitako bertso bat ekarri zigun idatzirik. “Ni izan naiz bere azken ikaslea”, esanez hasi zen kantuan, baina malkoek hartu zioten gaina eta ezin izan zuen jarraitu tarte batez.

 

Iderraga kaleko 15ean jarraitzen du bizitzen Rebeca Diazek, Mañurekin azken lau urteak partekatu dituen zaintzaileak. “Anaia gazteak esan zidan etorkizuna erabakitzen nuen bitartean hemen jarraitzeko”. Rebecaren etorkizuna ez dago batere garbi: beste lan bat aurkitu eta hemen bizitzen jarrai dezake edo bere sabelean daraman haurraren aitarengana joan daiteke Alemaniara. Umearen aita umetako lagun bat da. “Eskolan elkarrekin ibili ginen eta lagunak ginen. Gero Alemaniara joan zen lanera eta ezkondu egin zela jakin nuen. Egun batez sare sozialen bidez berarekin topo egin nuen, dibortziatuta zegoela esan zidan eta hasi genuen harremana”, dio.

Haurdun gelditu zenean larritu egin zen, ez baitzekien Gregoriok berria nola hartuko zuen. “Uste dut ilusioa egin ziola. Lasai egoteko esan zidan, etxe honetan umearentzako adina leku bazegoelako, eta aita batek alabarekin izan ohi duen arretarekin zaintzen ninduen. Pena da. Hilabete batzuk geroago joan izan balitz, umea ezagututa joango zen”, dio bere sabel borobildua ukitzen duela.

Etxetik gertu igarotzen da Artibai ibaia. Ibai horren ertzetik eta Atxondo kiroldegiaren inguruan dagoen parketik paseatzen zuten arratsaldero. “Ez, ez, gurpildun aulkian ez da inoiz ibili. Zangoak ahulduta zituen eta omenaldia egin ziotenean, esate baterako, beharbada horrelako aulki bat erabiliko zuen, baina eguneroko paseoak oinez egiten zituen, poliki baina oinez, bastoiarekin lagunduta. Oso gogor saiatu gara horretan, bere autonomia lantzen. Adiskide asko zituen Gregoriok eta etengabe gerturatzen zitzaizkion animoak ematera, zer moduz zegoen galdetzera. Tarteka eseri eta inguruetako artaldeei eta zaldiei begira egotea gustatzen zitzaion. “Artalde horretan berrogei bat ardi egongo dira”, esaten zidan eta kontatzen aritzen ginen. Astean behin, ostegunetan, hemendik gertu dagoen Ikestei jatetxera joaten ginen bazkaltzera. Berari txuleta asko gustatzen zitzaion eta beti saiatzen zen niri hezurra nola garbitu behar nuen erakusten, horretan bera oso ona baitzen”, jarraitu du zaintzaileak.

 

Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea

 

Nola egin zenuten elkarren ezaupidea?

Nikaraguatik Bilbora etorri eta urtebete eman nuen han. 2018an etorri nintzen Markinara eta gaixo ezberdinekin aritu nintzen lanean. Lanik gabe nengoen tarte horietako batean esan zidaten gizonezko bat zebilela zaintzaile bila eta 2019ko maiatzaren 3an ezagutu nuen Gregorio. Egun horretan jaitsi zen Larruskaingo bere baserritik eta, nolabait esateko, biok estreinatu genuen etxea, hau hutsik baitzegoen. Horrela hasi zen gure abentura. Gregoriok artrosi soriasikoa zuen, bigarren graduko mendekotasunarekin. Artikulazioen deformazio bat dakar horrek eta mugikortasuna gutxitzen joateko joera izaten dute. Eta horren kontra borroka egitea izan da nire egitekoetariko bat. Buruz oso ondo zegoen Gregorio.

Zein izan zen eman zizun lehen inpresioa?

-Begiratu batera, zen baino zaharragoa iruditu zitzaidan. Pisua galduta zegoela esaten zuten denek. Nik ez nuen aurretik ezagutzen. Oso xelebrea izan zen bere berri nola eman zidan. ETB1 ikusten egoten zen egunero, ez zuen beste kanalik ikusten, eta esaten zidan: “Badakizu? Ni tarteka telebista honetan ateratzen naiz”. Tarte bat dago Euskal Telebistan garai bateko programak berreskuratzen dituena eta han ikusi nituen egiten zizkioten imitazioak. Imitazioak egiten dizkion mutil horrek meritua du, oso ondo harrapatzen baitizkio keinuak. Nik ez dakit ezer bertsolaritzaz, baina Gregoriok modu oso komikoan egiten zituen gauzak eta horregatik uste dut gustatzen zitzaiola jendeari. Komikotasun berezkoa zuen, ez zen ikasia. Gerora hasi nintzen Interneten begiratzen eta bere berri gehiago ikasten. Horrela jakin nuen bazegoela bertsotarako “Mañukortaren teknika” bat ere, begiak eta aurpegia mugitzeko era bat alegia. Niri grazia handiko pertsona iruditzen zitzaidan. Umorea zuen eta txisteak egitea gustatzen zitzaion. ”Badakizu gizon batek nola egon behar duen hiltzeko?”, galdetzen zidan eta, nik erantzunik ez nuenez, “bizirik”, esaten zidan.

Kanpotik pixka bat zakarra izango zen, baina barrutik beharbada samurra.

Adibide bat jarriko dizut. Haurdun gelditu nintzenean beldur pixka batekin eman nion nire egoeraren berri eta aita batek alabarekin izan dezakeen erantzuna izan zuen. Poztu egiten zela esan zidan, txiki bat izango genuela horrela etxean. Ilusioa egiten zion nire alaba etxean edukitzeak eta askotan aipatzen zuen kontu hori. Nire egoeraz arduratzen hasi zen eta askotan galdetzen zidan ea zer moduz neraman haurdunaldia. Pena da. Hilabete batzuk geroago joan izan balitz, umea ezagututa joango zen.

Bera ez zen inoiz ezkondu. Hitz egiten al zuen horretaz?

Bera emakumeengandik ihesi ibili zela esaten zidan, soldaduska egin ondoren Estatu Batuetan artzain egin zituen urteetan, esate baterako. Ondoren zergatik ez zen ezkondu galdetzen nionean, berak bere lana eta bertsoekin nahikoa izan zuela erantzuten zidan eta parranda ere asko gustatzen zitzaiola.

Dantzan ere ez zuen izan behar batere txarra.

Saiatzen zen hanka puntetan jarri eta euskal dantzaren bat niri erakusten. Erromerietara joaten zenean emakume asko izaten zituela dantzarako esaten zuen, dantzan ondo moldatzen zelako. Nik berarengandik ikasi dudana da bakoitzak nahi duen bezala bizi behar duela. Berak bertsolari izan nahi zuen, ez zuen familia bat sortzeko beharrik sentitzen, nahi zuen bezala bizi izan zen eta niri ere hori aholkatzen zidan.

 

Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea

 

Batzuek diote AEBetan egin zituen urte horietan ingelesez ikasi zuela.

Ez dakit, baina esaldiak erabiltzea gustatzen zitzaion. Otorduekin oso puntuala zen, bere orduan puntuan etortzen zitzaidan sukaldera eta “I’m hungry, I’m hungry” egiten zidan deiadar, goseturik zegoela adierazteko. AEBetako kontuak askotan aipatzen zituen eta hango emakumeengandik ihesi nola ibiltzen zen. Kontatzen zuen guztia txisteak kontatzen ari balitz bezala kontatzen zuen. Ez zuen dramatismorako joerarik batere eta hori eskertu egiten nion. Gainera, oso memoria ona zuen.

Gauza asko elkarrekin egingo zenituzten.

-Otorduak elkarrekin egiten genituen eta egunean zehar ere asko hitz egiten genuen. Euskaraz zerbait ikas nezan ere saiatzen zen, euskal esaldiak tarteka nitzan saiatzen zen eta gauza batzuk ikasi ditut.

Ordutegi horrekin non gelditzen da zuen bizitza soziala?

-Orduak ditugu libre. Nik bazkalondotan pare ordu hartzen nituen niretzat. Izeba bat daukat hemen, Markinan, eta harengana joaten nintzen edo lagunen batengana edo paseo bat ematera.

Plazaz plaza gelditu gabe ibili zen bertsolari bat izan zen. Garai hori gogoratzen al zuen zurekin?

Bertsolaritza ez dela berarentzat inoiz lana izan esaten zidan, hobby bat izan zela. Bertsoa eta lagunartea zituen gustuko, baina ez zituen diru-iturri gisa ikusten. Oso ondo bereizten zituen lana eta dibertsioa, eta bigarren atal horretan sartzen zuen bertsoa. Bizitza egunez egun bizitzen dakiten horietakoa zen. Ez nuen egundo estresatuta ikusi eta hori asko eskertzen nion, izaeraz oso baikorra zelako. Zerbait txarra egokitzen zitzaionean berehala pasatuko zela esaten zuen.  Gogoratzen dut egun batean sarrerako atea itxi ezinik gelditu ginela. Torloju bat askatuta zuen eta ezin itxi. Saiatu nintzen konpontzeko langileren bat aurkitzen eta ez nuen aurkitu. Ni erabat urduri jarri nintzen, ezin ginelako paseora joan etxea irekita utzita eta gauean atea itxi gabe lo egiteak larritu egiten ninduela, baina bera ez zen batere estutu, “gau bat atea itxi gabe lo egiteagatik ez zaigu ezer gertatuko”, esaten zuen.

Pandemia osoa igaro duzue etxean sartuta.

Bai eta berak ez zuen harrapatu. Nik harrapatu nuen oporretan nengoela eta gaitz erdi. “Kontuz ibili behar dugu Covidarekin”, esaten nion eta “Zein da hori?”, erantzuten zidan.

Bat-bateko kontua izan al zen heriotzarena?

Bai, nahikoa bat-batekoa. Azken egunean ere etxe barruan pauso batzuk eman zituen bere bastoiarekin. Ohetik bainugelaraino joan zen. Igandean bere anaia etorri zitzaion bisitan eta niri alde egiteko agindu zidan, anaiarekin moldatuko zelako. Ordu batzuk kalean ibili eta etorri nintzenean urik ez zuela edan esan zidan. Biharamunean esnatzera joan nintzen eta berehala ohartu nintzen ez zela gauza hitz egiteko, zerbait esan nahi zidan, baina ezin zuen hitz egin. Sukarra hartu, ohetik altxarazi eta sendagileari deitu nion. Garbitu eta zerbait gosaltzeko gauza izan zen eta telebistaren aurrean eseri zen eta erdi lotan gelditu zen eserita zegoen lekuan. Nire lanagatik, trantze horretan asko sufritu duten pertsonak ezagutu ditut eta badakit Gregoriok ez zuela sufritu edo gutxi sufritu zuela behintzat. Lozorroan zegoela hil zen. Geroztik hutsune handi bat sentitzen dut etxe honetan. Urteak eman ditut etxean barrena bere pausoak entzuten. Edo orain eserita gauden bezala egoten ginen askotan elkarri begira. Niri begira tarte luzeak ematen zituen.

Bere kontura bertsotan sumatu al zenuen inoiz?

Niri kantatzen zizkidan bertsoak eta gazteleraz kantatzen zizkidan noski, bestela ez niolako ulertuko. Buruan geratu zaizkit bertso horietako batzuk. Kalean topatzen genituen lagunek ere esaten zioten ea bertsorik kantatzen zidan eta baietz erantzuten zien beti. Eta adarra jotzen zioten gazteleraz kantatzen zidalako.

Zer eratako bertsoak ziren?

Adibide bat jarriko dizut, gutxi gorabehera esanda:

Eres chica fuerte, pero tienes mucha jeta
Y paseas por la cocina con una espumadera
Qué valiente eres, buena cocinera
buena cocinera
.

Eta ni haserretu egiten nintzaion jeta deitzen zidalako eta bromak egiten genituen. Bere azken bertsoak bere iloba baten umeari kantatu zizkion larunbatean bertan, heriotza baino bi egun lehenago. Bisitan etorri ziren umea ezagutu zezan eta bertso batzuk kantatu zizkion.  Niri ere askotan esaten zidan kantatzeko.

Eta ez zenion erantzuten.

Ez. Berak esplikatzen zidan bertsoa nola egin behar zen, baina ez nintzen kantatzera ausartzen. Dena den, zuek etorri behar zenutela jakinda, bat idaztera ausartu naiz eta kantatu egingo dizuet, baina paperetik. Pixka bat hunkituta nago ez dakit gauza izango naizen:

 

Fue un gran bertsolari, respetado por todos
Hoy nos queda un vacío, pero ya no hay modo
Te agradecemos las risas y tus bonitos modos
No sé lo que vale este verso, pero te agradezco por todo.
Te agradezco por todo
.

 

Kantatu zuen esku-zapi batekin malkoak xurgatzen zituen bitartean.

 

Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea

 

Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea 
Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea Rebeca Díaz, Mañukortaren zaintzailea