Mikel Mendizabal: “Teknologia berriek hizkuntza indartsuak lehenetsiko ditiztek eta hor zaila zaukaagu, baina lehen ere zaila izan diagu eta aurrera atera gaituk
Itsasondoko Iraola baserrian jaio zen 1956eko martxoaren hogeita hamaikan. Amak sarri gogorarazten zion negua gogorra izan zela oso, pinuak gorritu zituenekoa, leku ospel edo laiotzetan izotza kendu gabe hilabetetik gora, ia berrogei egun, egon zenekoa.
Mikel Mendizabal –
Bost senide dira, bera erdikoa. Zaharrena, anaia, Jabier, gazterik Lazkaoko beneditarrekin egon zen, liburu enkoadernatzen ikasi zuen eta Donostiara ezkondu zen. Bigarrena Mª Dolores, azokara-eta joan izan da eta Araman bizi da, eta Mikelen ondoren Mari Karmen eta Arantxa, gazteena. Mikel Irizar autobus fabrikan ibili zen sei urtez lanean eta arreba gazteena ere han hasi zen. Han egindako lagun baten segidan Venezuelara joan eta seme-alabak izan zituzten; haien ama ere bi aldiz joan zen bisitan haurrak jaio zirenean “haiek ere laguntza beharko dute eta”, esanda. “Pentsa zer izango zen gure amarentzat halako bidaia, dozena bat ordukoa gutxienez, hegazkinez sekula ibili gabe egonda!”, dio Mikelek.
Gure protagonistak baserriaren ondoan etxea egin zuen, neska laguna ere bazuen ordurako eta… Venezuelatik arreba gazteena itzuli zenean, haren bi umeak hara eta hona eramanez eta etxea zainduz ibili zen, harik eta 1982an Irizar utzi eta Ikastolen Elkartean lanean hasi zen arte.
Baserritarra izan eta egunero eskolara oinez joan-etorria egiteak kirolerako zaletasuna piztuko zian. Horregatik hainbat kiroletan jarduna eta, nik dakidala, Tourra ikustera joaten zineten behintzat!
Duela 20 bat urte edo, karabana bat joaten gintuan. Lehenik Pirinioak eta gero Alpeak pasatzen ikusten genitian txirrindulariak. Zaldibiarrak, altzotarrak, Lazkano ta… oso oroitzapen polita zaukaat. Txoko bat aukeratu eta etapa pasatzen zenean, sekulako festa egiten genian, eta hurrengo egunean hartu dena eta, goizean goiz, hurrengo kanpalekura: batzuk autoetan, furgonetan, oinez eta ni, gehienetan, bizikletan. Kontrarioak banitian Peña eta…
Aurten ere izan gaituk. Cauteretsen, hain justu. Hiru lehengusuk bizikletan igo behar zutela eta Tourmaleten azken 4 kilometroak igo genitian. Mutikoak bizikletan eta ni oinez bate-batera iritsi gintuan. Egun ederra pasa genian.
Baina hik kirol gehiago ere gustuko izan dituk…
Nik kirol denak izan ditiat gustuko. Denetik egin diat. Behin, gogoratzen diat, Itsasondoko eskolan azterketa batean geundela, Don Agustin deitzen zen maisua, donostiarra, etorri zitzaidaan ondora eta “vamos al fronton a jugar un partido de pelota y si me ganas te apruebo, si pierdes te suspendo”. Irabazi egin nioan, baina oraindik ere ezin diat ulertu, ez zioat esplikaziorik aurkitzen, maisu batek hori nola egin zuen!
Beste maisu batek, Errenterian bizi zuan, ez zian familiarik edo umerik behintzat eta esan zidan, asteburuan Errenteriara bere etxera joan behar genuela biok. Etxera joan eta amari esateko hori. Amak ez zian ezer ulertzen, “Errenteriara? Asteburu pasa?” “Preparatzeko”. “Maisuak esan dit”. “Baina zertara?” “Ez dakit, baina maisuak esan dit…”. Baina han joan ninduan ni maisu zaharrarekin, zapatu eguerdian eskola amaitu zenean, orduan zapatuetan ere eguerdira arte eskola ematen baikenian.
Galarreta pilotalekura joan eta erremonte partidak ikusi. Errenterian maisuaren etxean lo egin eta, astelehenean, eskolara. Horri ere ez zioat azalpenik aurkitzen…
Kirol denak gogoko esan duk eta boxeoa ere probatu huen!?
Ordiziako frontoian pilotan genbiltzala batek esan zian, “hi, hor behera joan behar diagu beso zuztarrak eta giharrak indartzera”, kantxaren azpiko aldean zegoan gimnasioa eta.
Han genbiltzala arduradunak esan zian: “Venga poneos los guantes”. Eta han aritu gintuan zakuari kolpeka. Eta egun batean esan ziguan: “Vamos a Renteria a ver cómo boxean los de allí”. Hamasei urterekin, gu hara ere joan, eta goanteak jantzi eta hasi gaituk jolasean edo, eta batek eman zidaan kristoren bekainekoa eta han etorri ninduan betondoa majo belztuta. Hurrengo goizean txukuna zegoan hura; ama aztoratuta “zer egin duk hor?”. Ez nauk gogoratzen zer esan nioan, erori egin nintzela edo horrelako zerbait. Geroago jakin zian. Han bukatu zuan nire boxeolari ibilbidea.
Lehen, eskolako kontu batzuk kontatu dituk eta Xabier Zeberioren ateraldi bat etzundako errezeloa badiat.
Bai elkarrekin ibili gintuan. Aritmetikako klasean zuan bai. Maisuak: “Ejercicio de aritmética”. Denok kopiatu behar hark diktatu ahala. “Si un hombre gana al día 10 pts. y gasta dos pesetas en comer, una peseta entre amigos y otra peseta en vestir, ¿cuanto dinero le sobrará a la semana?”.
Denok isilik eta, halako batean, Zeberiok eskua altxa eta, “a ver Zeleberio”. Ez zian ondo esaten asmatzen abizena. “Dime cuanto le sobrará a la semana”.
¿Vive lejos ese hombre?
¿Qué pues, Zeberio?
¡Lo mejor será preguntarle a él!
Ondo pasatuko zenuten orduan…
Eskolan gu ikusita gaudek maisuak esku batetik soka lotu, arbelaren atzetik pasa soka eta beste eskuan lotuta, zintzilik eduki zian ikaslea.
Bihurriak ere bai tartean eta, behin han etorri zuan, beheko solairuan zegoan nesken eskola eta mutilena goikoan, maistra eta neskato bat erabat tximu eginda! Orduan komunean kaka egindakoan baldearekin botatzen genian ura eta, norbaitek ikusiko zian beheko komuneko leihotik burua aterata neskato hori eta, baldekada burutik behera…
Egun, Ezkion bizi haiz Aitziberrekin, haren gurasoekin eta zuen bi semeekin.
Bai. 2009ko santalutzitan eman genioan ibilbide honi hasiera, lehenago ere elkar ezagutzen genian, baina egun hori diagu hasierakoa. Ezagutu, Ezkioko alkate ohia Iñaki Idiakez zenaren omenez plaka bat jarri zitean Ezkioko Santa Mañan, eta gu biok joan gintuan bertso pare bana edo kantatzera eta, ondorengo tragoan, Ezkioko Ostatuan ezagutu genian elkar.
Ezkioko Errota-Burun bizi gaituk. Errota baserrikoa duk Aitziber jaiotzez, baina hura abiadura handiko trenbidea egiteko eraitsi zitean eta gaineko aldean etxe berria eraiki behar izan zitean. Han bizi gaituk Aitziberren gurasoak, gu biok eta bi semeak. 2010ean jaio zuan lehen semea Oinatz (Joxean Ormazabal zendu zen urtean) eta 2012an bigarrena, Unai.
Bertsotarako afiziorik ba al zekartek?
Tarteka telebistako saioa ikusten-eta bertsolari batzuk ezagutu ere egiten ditiztek, Sarasuatarrak, Euzkitze, Lazkano ere bisitatu diagu inoiz…
Bertsotarako afizioa ez zakiat zenbat, baina bertso eskolan ibili zuan Oinatz eta orain nahita ere ezin, ez duk talderik osatu eta.
MENDIZABAL BERTSOLARIA
Hastapenak gogoan? Lehen saioa non egin huen gogoratzen al duk?
Familian-eta ez nian bertsotan aritzen zenik, baina bazuan etxean Auspoa saileko liburu bat eta handik ikasten nitian bertsoak, eta bakarrik nengoenean kantatu. Anaiak eman zidaan lehen plaza egiteko aukera. Lazkaon komentuan egon zenean bazian hark lagun matxinbentar bat, bertsozalea nonbait ere eta, Matxinbentara joan nahi al nuen galdetu zidaan eta baietz esan nioan. Iritsi eta Xebastian Lizaso han. Ez zaidak ahazten nola galdetu zidan “zenbat urte dituk?” eta nik, ez zekiat ziur baina, 17 urte inguru nitian, hemezortzi martxoan beteko nitian, eta berak erantzun zidaan “ni baino zaharragoa haiz”. Kriston golpea hartu nian! (dio barre algara artean). Lehen plaza hantxe egingo nian, kiosko txiki bat jarri zitean eta mikrotik hantxe kantatu nian lehen aldiz.
Salto hartatik, sariketa eta txapelketak irabaztera. Eta, behin bederen, entzutera joan eta irabazi. Nola duk hori?
Lizardi sarian, Xabier Zeberiorekin entzutera joan eta kantatu nian behin. Sei izatekoak eta norbait falta zela eta kantatu nian. Eta niri eman zidatean edo irabazi nian. Beste behin ere irabazi nian Lizardi. Zaldibiako Artxanberri Saria ere bai, Durangon beste sariketa bat, 1982an izango zuan. Osinalde eta besteren batzuk ere bai.
Gai jartzaile, epaile, bertso irakasle… zer behar, han Mendizabal!
Gai jartzaile, epaile… ibilia nauk bai, baina gai jartzaile jardutea etorri egin zitzaidaan. Herrian bertsotan nenbilela bazekitean, eta norbaitek egin behar lan hori eta halaxe hasi ninduan. Beste zenbait herritan ere bai. Baina ez zuan nire ezaugarririk indartsuena eta etorri bezala joan zuan.
Epailetzan, berriz, Herri Arteko Txapelketan ibili gintuan. Bertsolari gazteen taldea osatu genian eta ekipoan aritu gintuan, baina ez dituk nire jardun gogokoenak izan.
Txapelketa Nagusian ere bitan finalista eta beste hainbestetan ateetan geratu…
Gero, 1989 eta 97an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian finalista izan ninduan. 97an aritu ninduan ondoena, (han zuan gaia txakurkumeena… “saldu nazazu baina ez nazazu hil…”). 1986koan, Xebastianek irabazi zuenean, zuek sartu zineten baina ni ez.
Han sentsazio fuertea zuan Sarasua eta… gazteak bazetozela tropelean.
Saioak ugari? Finalista izateak gauzak aldatuko zitian?
Saio kopuruaz sentitu diat gustura eta neure neurrian ibili naizela, betekadarik gabe; bestalde, talde polita osatzen genian eta ez zaukaat bertso saioetakoa karga izan denaren sentsaziorik edo aldapa gora, ezinean ibilitakorik… jendea ezagutu, parajeak, geografia, euskalkiak, zenbat lagunarte eder… Ondo konpontzen gintuan, ondo pasa diagu ez duk hala?
Nik zer erantsiko diat hik ez dakianik? Noski gustura ibili garela eta oroitzapen ederrak ditugula, bai horixe, baina zenbait saiotan, aldarte eskasa genuen egunean nahi bezala ezin erantzun gaiari eta larritasunak ere izaten genizkian batzuetan…
Goierritarrak ere gure talde naturala zuan.
Goierritarrak, lehenik elkartu gintuan, 1986. urte inguruan edo. Zaldibian hasi gintuan elkartzen Patxi Iraola zuan buru eta Lazkao Txiki, Florentino Goiburu, Euxebio Igartzabal, Xabier Zeberio, Juan Inazio Begiristain, Nikolas Zeberio, Altzo Txiki eta gu biok gintuan. IZ diskoetxearekin, Fernando Unsainena zela uste diat, disko bat egin genian goierritarrok eta argazkia ateratzen ari gintuan Zaldibiako zubi zaharrean. Argazkilari ezaguna oso (ez gaituk izenaz oroitzen), han ari zuan hi honago, bestea gerturatu e.a., eta Lazkao Txiki afaltzera joateko hitz emanda zegoan eta hala esan zioan: “Etaa zak argazki hori behingoatik. Earra hao hi korredorek esprinean harrapatzeko”…
Bertsolarien omenaldietan, Victoria Eugenian eta… kantatzen genian. Eta, batik bat, saio haiek dituk gogoan gelditu direnak. Eta baita, Joxerra Garziak aurkezten zuenean, Hitzetik Hortzera bertso programak antolatutako saioak ere: Lazkao Txikik ispiluari bota zizkion bertso gogoangarriak Liernin eta Elgoibarko San Pedron, mozorrotuta, kopletan Oesteko pelikula antzeztuz egindakoa ere, Euxebio Igartzabalek… “Bili eta Boloren balaren ihesi” bukatu zuenekoa.
Autobusak egitetik Hezkuntzan bertsoa txertatzera
Ormaiztegin, Irizar kooperatiban lanean ari hintzela jaso huen deia
Xabier Garagorri eta Paulo Agirre… nitian eragile, eta suerte handia izan genian Foru Aldundian Imanol Murua eta Xabier Lete egokitzearekin. Ordurako Xabier Amurizaren bertso eskolen mugimendua martxan jarrita zegoan. 80 eta 82an bere bi Txapelketa Nagusiak irabazi zitian eta bazuan norbait bertsotan ere ikas zitekeela zioena. Gero, talde bat sortu zuan eta irakaskuntzarako onura zekarren ekintza zela irudimena, hizkuntzaren lanketa…
Karmelo Baldan ordurako antolatu zitean Eskolarteko Bertsolari Txapelketa eta kristoren jendetza bildu zuan; han sari emaile zituan Imanol Murua eta X. Lete.
Gero gurasoek eta parte hartu zitean eta beste lurraldeetara ere zabaldu zuan: Abel Enbeita, Araban; J. Lopategi, Bizkaian; Iparraldean Jexux Arzallus eta Kepa Murua mugitu zituan; Nafarroan, Lontxo Aburuza. Horrela eskolartekoa urtero egin behar zela erabaki genian eta Karmelo Baldatik herrialdeetara zabaldu zuan. Izena ere hala zian: EH Eskolarteko Bertsolari Txapelketa.
Ni hasi aurretik Zabalegiko Nekazaritza Eskolan bildu eta bertsoak idatzi eta gero Karmelo Baldan kantatu zituztela bazekiat. Han zeudek Almen eskolakoak Iñurrategi, Joseba Tapia… Sekulako mobida sortu zuan ezer ez zegoen lekuan.
Inolako eskarmenturik gabe, titulua behar…
Batxilerra egin Institutuan eta lanean ari nintzela Magisteritza egin nian Antiguoko eskolan. Egunero ordu pare bat joaten ninduan, eta laguntza handia eman zidaan tolosar ikaskide batek: apunteak eta… ahal zen bezala. Titulua beharrezko, baina ez ezinbesteko. Nik eskolak gutxi ematen nitian, gehiago ibiltzen ninduan neska-mutiko trebeenekin gelaz gela ikasleek eskatutako gaien inguruan kantuan. Goierri, Hernani… leku askotan, baina aipatutakoetan sekulako indarra zian bertsoak eta antolaketak.
Musika, doinuak, Xanti Garmendiarekin belarria landu… Doinu berriak ekarpen…
Xanti Garmendiak (Gaintzakoa) asko lagundu zidak. Berak musika ikasgaia irakasten zian; beraz, doinuak irakasten zizkietean, eta nik bat-batean jardun zitezen antolatzen nitian. Bitan banatuta, taldeak bakoitzak 40 minutu edo.
Oso garrantzitsua izan zuan Juanito Dorronsorok egindako doinu eta bertso bilduma; sekulako lana zeukak eginda hor.
Eskoletara joan eta nola moldatzen zineten?
Ba, Alaitz Sarasola, Ekaitz Goikoetxea, Aitziber Garmendia… eta bertso eskolako ikasle batzuekin joaten ninduan. Arbelean hitz batzuk jarri eta errimatzen zuten hitz mordoa zerrendatu eta, ondoren, “ea, zer kontakizun asmatuko zenukete edo esan nahiko zenukete?”, galdetzen niean. Eta talde osoak parte hartzen zian. Orduan, bat-batean kantatzen zitean, nirekin, joandako gaztetxoek. Eta horrela aritzen gintuan mailaz maila edo eskolak zitian multzoek denek lantzen zuten arte. Asko eskertzeko zieat aipatu bertsolari gaztetxo horiei.
Horrela, eskola eta ikastolek jakiten zitean izan ginela batean eta bestean, ondo pasa zutela eta ea beren eskolara ere joango al ginen. Orduan ez zuan oraingo lehiarik ikastetxeen artean, eta guk ere hezkuntzan bertsoa lantzeko materiala egin genian. Ez zuan gaurko egoerarik.
Kurtso bukaera aldera txangoak antolatzen genitian. Lehena, Balendin Enbeita bisitatzera. Eta Uztapide bisitatu genueneko argazki historikoa ere irteera horietako batean egina duk, Juan Garziak egin zian.
Esperientzia handia eta ederra izan zuan. Nik asko ikasi nian jendetasunean, buru lanean…
Metodologia eta materiala ere egin zenuten: Bertso Trena, Bertso Galaxia…?
Joxerra Garzia, Antton Kazabon, Pake Garzia, Mikel Aizpurua… ekipoa egin genian, eta hamabostero elkartzen gintuan materiala sortzeko. Haien aportazioa, haien ideiak. Nik koordinatu soilik egiten nian.
Irakasleen kezkari erantzunez, esku artean ezer gabe ez zirela ausartzen eta lehen urratsak emateko Bertso Trena metodoa sortu genian, 3. mailatik 6.era arte. LHn behintzat irakasleentzako materiala bazegoan. Gerora etorri zituan Bertso Galaxia eta idatzizko materiala ez ezik doinuak eta bertso grabatuak ere bai. Bertso historikoak eta zein zeinena zen eta abar.
Bilduma horrek onura eta ziurtasuna eman ziean irakasleei. Eskola osorako baliagarri zuan metodoa: hutsuneak bete, hasierako puntua eman eta osatu… Aipatu ekipoak bazian eskarmentua hezkuntzan…
Gero beste material batzuk ere argitaratu genitian Eskolarteko Txapelketetako bertsoekin.
Bertsozale Elkarteak ardura orain… irakasle saila lanean
Hori ametsa egia bihurturik duk. Azken urteotan hartu duen indarraren eta garaian garaiko garatzearen seinale: udalekuak Amaiurren, Zuatza irlan… gazteak euskaraz elkartu, bizi eta proiektu baten partaide izatera iritsi. Zeren ez dituk hausten talde horiek segituan eta egindako ezaupideak bere fruituak ematen jarraitzen dik.
Plazari agur esateko ordua iritsi dela iritzi diok.
Hala duk. Sumatzen nitian plazan ibiltzeko zenbait gabezia: kontzentrazio zailtasuna, ahanzturaren zantzuak… eta bere garaian hartutako erabakia egokia izan zuan, ez nauk damutzen.
Gainera, bertso lagunek egindako agurrak ere lagundu zidak erabakia berresten; hasieran ezusteko galanta hartu arren, bertso lagunek, neuk ezer igarri gabe antolatutako ekitaldiak, isilpeko zenbat lan egin duten ikusita, oso esker oneko nagok guztiekin.
Garaia iritsi duk. Lasaitasuna lehenetsi, baserri inguruan segan, sega pikatzen eta horrelako lanetan aritzen nauk. Tarteka puntuak jarri neure buruari eta erantzun eta horrela. Arriskua duk etxe inguruko loreak eta neure munduan nabilela askotan ere… amona Ixabelek esaten zidak: “Hor kontuz, loreak daude eta!”.
Geure artean elkartu eta hamabostean behin egiten ditugun bertso jardun horiek ere on egiten zidatek; buru lanean aritzen nauk aurreko egunetan, eta horrek lagundu egiten zidak erreflexuak lantzen eta entretenitzen ere bai.
Eta orain, lehen bertsoak hartzen zuen tokia nola bete?
Aisialdiko gustuetan. Zinera gutxitan joaten nauk. Pelikularen bat telebistan badago, interesgarria edo, ikusten diat, baina gutxi. Hori bai, ni kanpoan ibiltzen nauk asko. Inguruan baso sailak baditiagu, eta 350 bat landare edo landatu ditiat. Beraz, haiei ere kasu egiten zieat… Iraolan, jaiotetxean ere sasiak-eta indarra baditek… Lanik eta entretenigarririk ez zaidak falta. Dena den, irakurketa gustuko diat. Egunero zerbait irakurri, libururen bat afalondoan. Eta harpidedun gaituk aldizkari zenbaitetan Argian, Berrian, Hitzan esaterako, horiei ere irakurri bat eman eta…
Etorkizuna nola irudikatzen duk?, ez hirea bakarrik: Herria, Euskal Herria, Bertsolaritza, Euskara…
Nik uste diat bide onetik goazela, antolaketa on bat eginda dagoela, oinarri ona daukagula; gazteak elkarrekin mugitzen dituk, ondo zabiltzak, ekimena ditek…
Hala ere, hainbat ekintza egin ezinik gabiltzak, jarraipena falta dela eta…
Baina hori ziklikoa izango duk, gorabeherak izango dituk. Bertso mundua, giroa, ingurua… behintzat ondo bideratuta zagok.
Baina euskara atzera zoak, ezta?
Bai egoera aurka diagu aspaldi-aspalditik, baina erreakzionatzeko gai bagarela erakutsi diagu. Lasaialdiak izango dituk, baina ni baikor nauk. Une batzuetan ahulduko duk agian, baina ekimenak urritzen ez dituk ariko, eta gero eta jende gehiagok zakik euskaraz. Teknologia berriek hizkuntza indartsuak lehenetsiko ditiztek eta hor zaila zaukaagu, baina lehen ere zaila izan diagu eta aurrera atera gaituk.
Irakaskuntza izango duk gakoa, komunikabideekin batera, eta aisialdia euskalduntzea. Horrela, eguneroko bizikidetza euskalduna lortuko diagu. Euskaraz normal eta egunerokoan bizitzea duk gakoa!