Maialen Lujanbio: “Nire independentzia nahia obsesiboa izan da”

Eider Rodriguez-(r)en argazkia Eider Rodriguez 2019-10-09
Argazkiak: Conny Beyreuther

“Nire independentzia nahia obsesiboa izan da” –

Bitxia da Maialen Lujanbiorekin gertatzen zaiguna: 1976an jaio zela dakigun arren badirudi bertsoa bertso denetik ari dela kantuan, hain da nabarmena bere presentzia ezagutu ditugun kasik une historiko guztietan. Nerabe ginela Hitzetik Hortzeran aditzen genuen bere izena. Bertsolari ironikoa, originala, artista, inplakablea. Hura bertatik bertara entzuteko lehen aldia irrikaz itxaron genuen: eta hantxe zegoen, ilaje ilun bihurria zapi batekin eutsita.

Maialen Lujanbiok kantatzen duenean, ia beti gertatzen da zerbait. Eguraldiaz aparte beste ezer gertatzen ez den egunetan ere bai. Ikusiko duzu frontoi desolatu batean, zarataren eta oihartzunaren artean, haurrak jolasean, erratzak zoko batean paraturik eta, saioa kostata hasi eta aieneka joan arren, aterako du ideia zororen bat, paradoxikoa, jostalaria, edo zer dakit nik: zerbait. Hori dauka bertsolariak, bertsotarako faborea emana zaionean: ezereza zerbait bilakatzeko trebezia, dar-dar batean kabitzen den hori. Berdin BECen edo zerrautsez betetako soziedade batean.

Oholtzako munstroa da, esan nahi duenaren eta ezkutatu nahi duenaren artean funanbulismoa egiten dakiena: diskretua, bere intimotasunarekiko uzkurra, misteriotsua, baina inoiz ez azalekoa. Ez da harritzekoa, ordea, gazte-gaztetatik egokitu baitzaio publikotasuna kudeatu beharra. Ehunka, milaka begi hari so, haren zain. Emakume bat bertsotan. Epaia. Sententzia. Demostratu beharra. Akaso horregatik, edo akaso berezkoa duen zerbaitengatik, jendaurrean aritzean ilea mototsean bildu eta borrokarako prestatzen da.

Hernaniko Txantxilla auzoan egin dugu hitzordua. Han hazi zen eta bizi da, azpian ukuilua zuen etxea itxura modernoko etxebizitza bloke bilakaturiko pisu batean. Atzera begira jarri nahi eta espiralean egiten du aurrera. Ez da erraza hitzaren aztia hitzetan kabituaraztea. Zuhaitz batean presentzia daukan arren, txoria bezain harrapakaitza eta askea da. Grabagailua piztu orduko ordea, txoria adarrean pausatu da eta biek bat egin dute, zuhaitzak eta txoriak.

 

 

Zure auzoan gaude. Nolakoa zen hemen bazter batetik bestera zebilen haurra?

Etxe hauek denak ez zeuden. Hau zelai bat zen, baratzak zeuden, eta behiak; behi horiek gure aitarenak ziren. Hori zen paisaia bisuala eta sonoroa. Herria ikusten zen urrutian, eta futbol zelaia, Txantxilla… Gure etxea herritik aparte samar zegoen, eta nire haurtzaroa etxe bueltan pasatu nuen, lehengusu eta auzoko ume artean. Ez ginen kalera asko jaistekoak. Ikastola eta Tilosetako frontoia dira nire txikitako beste espazio bitala, eta frontoian pasatzen genituen ziren ordu guztiak: eskupilotan, futbolean, palan… Ikastolatik frontoira eta frontoitik etxe bueltara, halaxe pasatu nuen haurtzaroa.

Nerabezarorako saltoa nola oroitzen duzu?

Gogoratzen ditut nerabezaroaren ezaugarri denak, baina nire lekua aurkitu ezin bat bizitu nuen nik. Garai horretan eskubaloian ibiltzen nintzen, eskubaloia zen nire habitata, zaletasuna, nire jendartea ere bai. Nerabezaroan beste kezka eta gogo batzuk sortu ohi dira, eta hor zabiltza, definizio baten bila: estetikoki, ideologikoki, musika, erreferentziak, gustuak… Hor, batez ere, sentitzen nuen inguru falta bat, baneukalako, esate baterako, zaletasuna bertsoekiko, kultur gauzekiko, kontzertuetara joateko gogo bat, beste mundu baten premia bat, ordu arte nire ikastola eta eskubaloi mundu horrek eskaintzen ez zidana. Baneukan interes ideologiko bat euskararekiko, kulturarekiko… Baina testuinguru bat falta izan zitzaidan, azkenean bertso eskolan habitat eder bat bilatu nuen arte. Baina bertso eskolarekin ere gertatzen zitzaidan, oso-oso tradizionala zela, oso bertsozalea, baina ez beste gauza batzuen zalea. Irazu edo Unai Agirre bezalako pertsonek batzen zituzten gehiago nire munduak. Niretzat oso garrantzitsuak izan ziren. Edonola ere, nire difuminazioa definitzen zen. Kale bizitza ezagutzen ere hasi nintzen, institutuko lagunekin ateratzen. Bestalde, Hernanitik oso gazte ateratzen hasi nintzen kantatzera, edo kontzertuak entzutera, gutxi egoten nintzen hemen asteburuetan, eta hori asko gustatzen zitzaidan. 

Aita 21 urte zeneuzkanean hil zitzaizuen.

Adin horretarako nire martxa egina neukan. Baina, noski, markatu egiten zaitu. Oso prozesu potentea izan zen, urtebeteko kontua, berak nola eraman zuen… Niretzat kristoren lezioa izan zen. Nik uste baduela zerikusia lurrarekin lotura oso handia duen jendeak daukan ikuspegiarekin, oso modu animali batean ulertzea bizitza: “Badakigu hil behar garela eta listo, iritsi da”. Espanturik gabe, baretasunez, haluzinantea izan zen. Hil zen irakatsiz nola hil.

Harreman ona al zeneukaten?

Harreman ona neukan, baina ez zen gure etxeko ardatza, hori ama izan da. Lan kontuengatik eta, ba, harreman gutxiago izan genuen aitak eta biok, eta gero asko txokatzen genuen bizi ikuskeran eta, baina harreman ona geneukan.

Ama, jostuna.

Bai, etxekoandre ere, eta bolada batean denda batean egin zuen lan. Etxeko ardatza zen. Alargundu zenerako gu ia helduta geunden; nire ahizpa ni baino bi urte gazteagoa da.

Hernani oso bizia izan den, eta den, herria da. Nola eragin dizu horrek?

Halako maitasun-gorroto harreman bat izan dut Hernanirekin. Alde batetik miretsi izan dut bere bizitasuna, eta, nahi bada, herri borrokalari sena, errebeldia historiko hori. Miretsi dut, urrutitik zerbait miresten den bezala, baina aldi berean gertutik gogorra eta itogarria egin izan zait ñabardurarako eta kritikarako zegoen espazio falta. Bestetik, gustatzen zait herri honen ezkerrekotasuna, buruzabaltasuna… uste dut bakoitzari bizitzeko espazio nahikoa ematen dion herria dela. Baina, berriz kontrara, harreman konfliktiboa bizi izan dut hain ezkerreko, hain ezker abertzaleko, hain borrokalaria izanda, zeinen erdarazalea eta erdalduna izan den herri hau. Horrek izugarrizko haserrea sortu izan dit beti. 

Hemezortzi urterekin Bilbora joan zinen Arte Ederrak ikastera, ordurako bertsolari zinen. Zeren bila joan zinen?

Zalantza asko izan nituen karrera hautatzerako garaian, gero denborak irakasten dizu erabakiak ez direla zertan betirakoak izan. Nire aukerak Kazetaritza, Euskal Filologia eta Arte Ederrak ziren. Erabaki nuen lehenengo biek emango lidaketen mundua, jakintza, emango lidakeen jendartea bertso munduak ematen zidala. Iruditu zitzaidan Arte Ederrek burua eta begirada beste leku batean jartzeko aukera emango zidatela, beste jende klase bat, beste mundu ikuskera batzuk… Garbi nuen etxetik kanpora joan nahi nuela, eta nahiz eta hasieran Bilbora joan nahi ez, gero nire bizitzako urte onenetakoak pasatu ditut bertan.

Zer aurkitu zenuen?

Hiri bat, nahiz eta txikia izan. Elkarbizitza ere, gure etxean 6-7-8 lagun bizi izan ginen, nahiko harrera etxea ere bazen. Karrera, azkenean, arreta handirik jarri gabe egin nuen, nire burua ez zegoen Arte Ederretan, nire burua Bilbon zegoen, eta bertsotan, ordurako. Kafe Antzokia zabaldu zuten urtean bertan nengoen, eta han ere diren ordu guztiak sartu nituen, egunez eta gauez. Irakidura garai bat zen, eta zortea izan zen niretzat han egotea. 

Boladaka joaten zara atzerrira, zeren bila?

Alde batetik, hemendik atera eta inork ezagutzen ez nauen eta ezer ez naizen toki batean nire burua jartzeko, beste “zure buru” bat aurkitzeko, beste funtzionatzeko modu bat, beste jarrera batzuk atera behar izateko… Askotan hizkuntzak ikasteko aitzakian, ingelesa adibidez. Zaletasunengatik ere bai, parajeak ikusi, beste gizarte modu batzuk… Badakit topikoa dela, baina distantzia hartzeko ere bai, nire burua kontestuz kanpo egon dadin, eta horrek zure ibilbidea eta bizimodua ikusteko ematen dizun talaia edo prisma diferente horren bila. Bakarrik egoteko ere bai, nahiko bakartia ere banaiz. Normalean garaiz kanpo joan ohi naiz (otsailean, adibidez), jendeak ezin duenean; baina, era berean, ez dut inor bilatu izan, nahiago izan dut nire erara ibili. Nahiko zomorroa naiz zentzu horretan…

 

BERTSOETATIK BIZI

Noiz hasi zinen bertsoetatik bizitzen?

Beti bizi izan naiz bertsoetatik. 

Baina hamabost urtetik aurrera autonomia ekonomikoa al zeneukan?

Bai. Hamabost urterekin eta gurasoen etxean bizita ez neukan gastu handirik, eta unibertsitatean ia autosufizientea nintzen. 

Nola bizi zara bertsoetatik?

Oso ondo bizi naiz. Bere on eta txarrak balantza batean jartzen ditut, eta une honetan ez dago beste ezer egin nahiko nukeena hau baino. Niretzat luxu bat da horrela bizi ahal izatea, gustatzen zaidana eginez, kalendario oso anarko batekin, momentu batzuetan pisua dena eta beste batzuetan ederra… Txaloak jasoz, kritikak ere bai batzuetan, presio eta ardura handiarekin. Era berean, saioetan eta egiten ditugun aktibitateetan jendetsu, jendea ondo pasatzera datorren leku batean, festa kontestu batean normalean… Gero, agian pretentziosoa den sentimendu batekin, baina herri honen “gintzan” gabiltzala, herri honen izatean zerbait egiten ari garela, gure aletxoa jartzen, mundu sinboliko eta artistiko bat eraikitzen, gure gauzak hor utziz. Kontestu humano ederrean egiten dugu lan, pertsonalki oso harreman ona daukagun talde batean… Bertsozale Elkartea eta bertsolaritza den proiektu horren baitan ikasteko, hazteko, lan egiteko, zure burua ontzeko eta aberasteko kristoren espazio interesgarrian nagoen kontzientziarekin. 

Eta maila praktikoagoan? Fakturak ordaintzeko? Galdetzen dizut azken urteetan zenbait ahots altxa direlako kultur munduan bizi den prekarietateaz…

Fokua jartzen den tokiaren arabera esan daiteke edozein artistaren, edo farandularen munduan dabilen edonoren, edozein egileren baldintzak prekarioak direla. Niri ez zait ateratzen nire buruari prekario deitzea. Agian ideologia falta izango da eta nire burua engainatuta nago, baina dagoen panorama dagoenean ezin diot nire buruari prekario deitu. Hamabost urte neuzkanean denok kobratzen genituen 22.000-25.000 pezeta; orain 42 urte dauzkat eta 200 euro kobratzen ditut, edo 210 euro edo 220 euro. Hogeita hamar urtean mundua aldatu dena eta gure irabaziak aldatu direna… ez da proportzionala. Era berean, uste dut, bertsogintzaren mugimenduaren hautua izan dela “gutxi eta maiz”. Laurogeita hamarreko hamarkadan, garai onetan, mundu guztiak bere irabazia puzten zuenean, bertso munduko hautua (eta hautua izan zen, hori gure aurrekoei aitortzen diet) ez igotzea izan zen, eta horregatik uste dut bertsolaritza badela aktibitate nahiko ekologikoa zentzu horretan. Edozeinen eskura dago antolatzea, eta guretzat irabazia aldiro ez da handia, baina saio asko egiten ditugu. Ez dago bitartekaririk, ez da inor aberasten ari zirku honetan, ekonomia justua da. Beste kontu bat da gu laboralki, autonomo bezala, nola gauden, begiratzen hasten bazara zure baldintzei, bajari, oporrei, jubilazioari… Ni nahiko inkontzientea naiz eta ez diot asko begiratzen… Batetik, zure bizi aspirazioa zein den. Bestetik, zure bizi egoera zein den. Nik ez dauzkat bi edo hiru seme-alaba nerabe, eta etxea ordainduta daukat. 200 eurok ez dute berdina esan nahi mundu guztiarentzat. 

Herri kulturalki bizia ikusten duzu?

Bizia dago, badu antolakuntza, eta ahalmena gauza asko egiteko, talde zein norbanakoetatik. Badago oso interesantea den zirkuitu edo sare alternatibo bat ere; baina herri bezala ez da aski. Herri bezala behar ditu politika batzuk, promozio bat, zabalkunde bat. Plano asko daude: batetik sortzailearen jarrera, ekimena, autoexijentzia; bestetik sare alternatiboa, bestelako sareak eta kultur politika. Hizkuntzaren egoerarekin lotuta ez dakit zenbaterainoko sinesmena dagoen politikoki eta egituren aldetik gure kultura bultzatzeko, sustatzeko. Bada euskarazko kultura ardatza izan dadin garaia. Ez da erraza… Bertsolaritza, alde horretatik, salbuespen moduko bat da, ez baitu homologorik, ez baitago zalantzarik euskarazkoa dela eta funtziona moldez ere nahiko bere baitan ardaztuta dago. Ekonomikoki ere, hein handi batean, autosufizientea da, eta hala izatea bilatzen du. Horregatik diot nahiko ekologikoa dela, bitartekaririk gabea. Ez gara “industria”. Baina, jakina, herri bezala, bakoitzaren ahal bezalako biziraupen hori ez da aski, kultur egitura sendo batzuk behar dituzu, bizitzeko.

AUTORITATEA 

Hamabost urterekin hasi zinen plazaz plaza. Zer momentutan esaten diozu zure buruari: “bertsolaria naiz”?

Ez naiz oroitzen momentuaz, baina bai pentsamenduaz. Oroitzen naiz askotan kanpotik deitzen zidatela, “hara, zu bertsolaria zara”, eta erantzuten nuela “ez, ni bertsotan nabil”. Ez nion nire buruari aitortzen, erreparo handia ematen zidan. Gaztetatik beldur bat izan dut, oso gazte bultzatu gintuzten plazara, eta nolabait gaztearen papera jokatu dugu, zer esanik ez emakume bezala. Garaia baino lehen esposizio handia izan dugu, eta beldurra izan diot sinesteari, zure rol hori sinesteari; nire egoak traizionatu ez nazan asko zaindu dut hori. Freno horren parte da zure burua aitortu ezin hori. Ibilbide dezente nuenean eta eztabaidaezina zenean horretara dedikatzen nintzela, orduan aitortu nion nire buruari bertsolaria nintzela. 

 

Elkarrizketaz gozatzen jarraitu nahi baduzu, eskuratu gure alea administrazioa@bertsolari.eus helbidera idatzita, harpidetu gure webgunean edo jo Elkarreko dendetara. 

“Nire independentzia nahia obsesiboa izan da”  “Nire independentzia nahia obsesiboa izan da”  “Nire independentzia nahia obsesiboa izan da”  “Nire independentzia nahia obsesiboa izan da”  “Nire independentzia nahia obsesiboa izan da”  “Nire independentzia nahia obsesiboa izan da”  “Nire independentzia nahia obsesiboa izan da”  “Nire independentzia nahia obsesiboa izan da”  “Nire independentzia nahia obsesiboa izan da”  “Nire independentzia nahia obsesiboa izan da”