Lehen plaza parekideaz hizketan, oholtza azpikoekin

Emeki Emakume Elkartea, Hondarribiko elkartea da, duela 30 urte baino gehiago sortu zen, eta egun lanean jarraitzen du. 1992an antolatu zuten bi gizonezkok eta bi emakumezkok kantatuko zuten bertso saioa, ez zuten Euskal Herriko lehen bertso saio parekidea izango zenaren segurantzarik, baina aurrera urratsa egiteko garaia bazela iruditzen zitzaien, eta berek eman zuten.

Iraitz Mateo-(r)en argazkia Iraitz Mateo 2024-09-24
Argazkiak: Conny Beyreuther

Lehen plaza parekideaz hizketan –

Lehen plaza parekideaz hizketan

Data bat eta gertakari bat eman zizkidaten, 1992ko martxoaren 8a, lehen bertso saio parekidea egin zen eguna Hondarribian. Oholtza gainekoei sarritan begiratzen diegu, baina batzuk oholtzan egon daitezen, pauso hori eman eta ikusgarri izan daitezen, norbaitek egin behar ditu bestelako lanak, hori ez da kontu berria. Eta oholtzakoek bezainbesteko ausardia izan zuten kasu honetan antolatzaileek, ausardia eta determinazioa. Kantatu gabekoen berri jakitera hurbildu nintzen Emeki elkartera, eta hiru emakume borrokalarirekin egin nuen topo. “Ezjakinak ginen, baina ausartak, e!”, esan zidaten behin baino gehiagotan, feminismoa zer zen artean ez zekitela, baina bazirela, “gurea intuizioa zen”, errepikatzen zuten. Oholtza gainekoaz pixka bat, baina batez ere oholtza azpikoaz jardun ginen Maria Jesus Berrotaran Etxeberria (Hondarribia, 1949), Miren Legorburu Galaieta (Pasai Donibane, 1964) eta Tzane Carrillo Salaberriarekin (Hondarribia, 1956), astelehen goiz euritsu batean, berogailu bat ondoan hartuta.

Egun hartaz akordatzen ziren galdetuta, Berrotaranek azkar kontatzen du baietz, ia arrapaladan, “Hau izan zen Maialenen (Lujanbioren) lehenengo plaza bertsolari handiekin”. Maialen Lujanbio, Kristina Mardaras, Andoni Egaña eta Anjel Mari Peñagarikano aritu ziren bertsotan. Saioa antolatzen hasterako argi zuten helburua: emakumeek parte hartuko zuten bertso saio baten beharra.  Eta hori nondik bururatu zitzaien edo horretara iristeko zein hausnarketa egin zituzten galdetuta barrez erantzuten dute: “Ideiak bururatzen zitzaizkigun, ezjakinak ginen eta gauzak egiten genituen! A la buena aventura!”.

…gogoratzen baitute nola esan zioten Egaña eta Peñagarikanori “goxo tratatzeko, plazara irten berria zen nerabe lotsati bat” zihoala kantura. Baina Lujanbiok ez zuen bizkartzainik behar, harrituta geratu ziren hiru herritarrak bere ausardia eta talentuarekin

Lehen plaza parekideaz hizketan

Helburua ezarrita zuten: bi emakume behar zituzten. Lehenengoaren baiezkoa bazuten, Kristina Mardarasek eta Berrotaranek aspalditik zuten harremana, eta erraz esan zion hark baiezkoa. Arantzazu Loidiri ere deitu zion, baina okupatuta zuen jada eguna. Bigarrenaren faltan, Eskolartekoetan nabarmentzen zen hernaniar batez gogoratu zen Berrotaran. Lujanbiori deitu zion, saioa antolatzen hasitakoan, baina ez zion erantzun ez ezetz, ezta baietz ere. Igandez zen saioa, eta ostegunean hots egin zion berriro hondarribiarrak hernaniarrari, eta barrez kontatzen du erantzuna: “Ezetz esan zidan, eta orduan nik erantzun nion: igandean da saioa, aurrera egin behar dugu eta zuk ezin gaituzu botata utzi, e, etorri”. Ondoren, bere burua eskusatuz edo, kontatzen du, inoiz Lujanbiok aitortu diola oso ongi pasatu zuela egun hartan.

Zaintzaileen sena ere ateratzen zaio hirukoteari, gogoratzen baitute nola esan zioten Egaña eta Peñagarikanori “goxo tratatzeko, plazara irten berria zen nerabe lotsati bat” zihoala kantura. Baina Lujanbiok ez zuen bizkartzainik behar, harrituta geratu ziren hiru herritarrak bere ausardia eta talentuarekin: “Peña ere lotsatuta utzi zuen bertsotan. Peñak botatzen zuen zerbait eta Maialenek oraindik ere handiagoa!”.

Bidea luzea da

Gutxi gorabehera horrela gogoratzen dute martxoak zortzi hura, baina hainbat faktorek bat egin behar izan zuten bertso saio hori antolatzeko. Eta Legorburuk ere hala esaten du: “Gauza askoren kointzidentzia izan zen”. Batetik, Hondarribiko Mugimendu Feminista geroz eta indar handiagoa ari zen hartzen, Emeki emakumeen elkartea geroz eta erreferenteagoa eta zabalagoa zen herritarrentzat. Eta bestetik, elkarte horretako kide baten, Berrotaranen, bertsozaletasuna elkartu ziren.

Carrillok kontatzen duenez, hasieratik zuten oso argi Emeki Elkarteak gauza ezberdin asko egin behar zituela: pintura lehiaketa, herrian emaginik ez zutela eta hura lortzeko borroka, emakumeak alfabetatzeko eskolak, joskintza, bertso saioak… Batez ere emakumeek egiten zutena publikoki agertzea nahi zuten, eta bertso saioek horretarako bidea ematen zieten.

Batez ere emakumeek egiten zutena publikoki agertzea nahi zuten, eta bertso saioek horretarako bidea ematen zieten.

Berrotaran zen taldeko bertsozaleena, eta berari esker (edo bere erruz) abiatu omen ziren emakumeak presente zeuden bertso saioak Hondarribian. “Aitarekin hasi nintzen bertso saioetara joaten. Gero, Teodoro Hernandorenarekin. Bere etxean egiten nuen lan. Baina gero utzi egin nuen eta udaltzain hasi nintzen. Hala ere, harremanetan jarraitu genuen. Bera zahartu zenean, andreari ez zitzaion gustatzen senarrak bakarrik gidatu eta hemendik Maulera edo ez dakit nora joatea, eta esan zidan: ‘Begira, bazkaria ordainduko dizugu eta eraman ezazu zuk bertso saioetara’. Eta hantxe ibili ginen guztiz zahartu zen arte. Laxoa pilota-jokoa ere berreskuratu zen Baztanen, eta hara ere eramaten nuen. Bera gizon pila batekin egoten zen bitartean nik pintxo bat jaten nuen eta, ondoren, elkarrekin bazkaltzera joaten ginen”, kontatzen du Berrotaranek. Garai horretan hasi zen berriro Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta gertutik jarraitu zuten.

Plazaz plaza zebilen, beraz, Berrotaran. Ordurako ezagutzen zuen bertso mundua, kantatzen zuten emakumeei jartzen zien arreta, eta jada “fitxatuta” zeuzkan Kristina Mardaras, Arantzazu Loidi… ondoren, Estitxu Arozena, Estitxu Fernandez, Amaia Telletxea… Hondarribiko plaza askok probatu dutela geroztik azaltzen dute, hala nola Leire Bilbaok, Enbeitatarrek, Ainhoa Agirreazaldegik, Uxue Alberdik, Alaia Martinek…

Lehen plaza parekideaz hizketan

Elkarrekin aurrera!

Argi zuten emakumeei plazan eta publikoki lekua eman nahi zietela, baina bertsolari emakumeek ere tokia hartzeko beharra sentitzea nahi zuten, eta hori gazteagoek ez zutela berdin pertzibitzen kontatzen du Legorburuk: “Garai horretan emakume bertsolariek emakume izateak garrantzirik ez balu bezala bizi zuten. Gero egin zuten hausnarketa eta baloratu zuten, eurei gustatu edo ez gustatu, Emekik saio parekideak egin nahi zituela, eta emakumeak zirelako deitzen geniela. Badakit berek ez zutela emakume izateagatik deitzerik nahi, baina horrela zen”. “Intuitiboki egiten genuen, baina iruditzen zitzaigun borroka bai edo bai egin behar genuela”, gehitzen dio Carrillok. Eta Berrotaranek bere ohiko bat-batekotasunarekin erantzun: “Esaten genuen: goazen egitera ea konturatzen diren lekua hartu behar dela, guk jada kolpe ederrak hartu ditugu, eta egingo dugu guk!”. Batzuen zein besteen aldetik “kaskatekoak” hartzeko prest omen zeuden beti.

Eta berek nahi zutenetik pixka bat aldenduta, baina horrela sortu zuten “Elkarrekin aurrera!” kanpaina ere. Hasiera batean, emakume bertsolarien topaketak antolatu nahi zituzten, baina kontatzen dute emakumeen erantzuna argia izan zela: “Gizonezkoak ez badoaz, gu ere ez”. Eta antolatzaileei ideia egokiena ez iruditu arren, bertsolari gazteen topaketak antolatu zituzten, neska eta mutilentzat.

“Garai horretan emakume bertsolariek emakume izateak garrantzirik ez balu bezala bizi zuten. Gero egin zuten hausnarketa eta baloratu zuten, eurei gustatu edo ez gustatu, Emekik saio parekideak egin nahi zituela, eta emakumeak zirelako deitzen geniela…”

Emakunden aurkeztu zuten proiektua, eta, handik jasotako dirulaguntzarekin, emakume talde bat elkartu zen. Kanpaina hori zertan zen galdetuta barrezka hasten da Berrotaran: “Izenak dio, mutilak eta neskak elkarrekin jarri eta aurrera egitea zela helburua, hori zen proiektua, eta ya esta! Aitzakia horrekin liatu nituen Arantza Zugasti, Arantzazu Loidi, Kristina Mardaras, Karmen Larrañaga, Mirari Azula, Junkal Ixa, Anamari Aristondo… eta oraintxe izena gogoratzen ez naizen beste bertsozale batzuk”.

Lehen plaza parekideaz hizketan

Topaketa horietarako Mardarasek emakumeak plazan indartzeko proiektu bat sortu zuela azaltzen dute, “berak plazan gaizki pasatzen zuelako”, zehazten dute. Eta diote neska gazteei esaten ziela plazan kantatzera animatu behar zutela, bertso eskola uzteak ez duela zertan bertsoa uztea esan nahi, bera propio joaten zela gonarekin kantura, eta emakumea bertsotan eta plaza publikoan zegoela aldarrikatzeko. “Nik uste dut Kristina ez dela nahiko baloratu. Izan da plazan lehenengoetako emakumea, baina ez da nahikoa baloratu egin zuen hausnarketa guztia”, dio erdi penaz eta erdi amorruz Legorburuk.

Eta garaiko emakume bertsolari gazteak nola ikusten zituzten galdetzeko atrebentziari ere erantzun zioten, ahobizarrik gabe. Legorburuk azaltzen du berak lehen aldiz 1983an ikusi zituela emakumeak kantuan, AEKren kanpaldia Urkiolan izan zelarik, Mardaras eta  Loidi ikusi zituela: “Baina bitxikeria bat ziren, ez zeukaten plaza askorik… Badakizu, oso euskalduna den horretatik: ‘Bai, neskak ere ari dira… baina zertarako sartuko zarete min hartuko duzue eta?! Hori mutilen kontua da’”.

Batzuek aurrerako urratsa egin zuten ordea. Berrotaranek Nafarroako Bertsolari Txapelketan sumatzen zituen emakume asko: Estitxu Arozena eta Fernandez, Amaia Telletxea, Erika Lagoma… Eta kontatzen du Arozenak txapela irabazi zuenean, nolabait “egunkariek erabili” egin zutela iruditzen zitzaiela, guztia parekidea zenaren ikur bihurtu, eta emakumearen figura asko azpimarratu: “Uste dut Maialenek hortik aparte egon nahi zuela, ez zuen nahi bera estandarte bezala erabiltzerik, eta bere bide propioa egin nahi zuen”.

Miren Legorburu: “Nik uste dut Kristina ez dela nahiko baloratu. Izan da plazan lehenengoetako emakumea, baina ez da nahikoa baloratu egin zuen hausnarketa guztia”

“Finalera iritsi zen lehen emakumea izatea zen lehen hernaniarra izatea bezain anekdotikoa eurentzat. Ez zuten gizartearen aurrerapauso bezala azaltzen; eta guk esaten genuen: Nola ezetz? Itzalean egotetik argitara ateratze hutsa bada, baina ez zuten nahi horregatik gogoratzerik”, mahaigaineratzen du Legorburuk, garaian behintzat, eta kanpotik, berek hala bizi zutela feminista gisa.

Lehen plaza parekideaz hizketan

Baina, aldi berean, bertso saioak aldatu ziren garaia izan zen beren akorduan. Lujanbioren eta Loidiren bertsokera ezberdinak gogoratzen dituzte, eta batez ere, beren inguruko bertsolariei Loidiren bertsokera “arraroa” iruditzen zitzaiela: “Goxoa zen, ez zuen ahotsik altxatzen, hori jendearentzat arraroa zen. Orduan bertsolari batengan ez zen poesia edo elkarri laguntzea baloratzen. Jendeari ilea hartzea, zeinek handiagoa bota… hori zen baloratzen zena”. Eta urteetan iraun duen fenomenoa ekartzen dute gogora: Eskolartekoan, paperezkoetan irabazten zuten guztiak neskak ziren, baina EGBko zortzigarren maila bukatzean, neska horietaz ez zen gehiago jakiten.

Bertso eskolaren sorrera

“Beti hasten ginen teilatutik”, baieztatzen du Berrotaranek, eta bertso eskola sortzen ere halaxe hasi ziren. Teilatutik hastea erokeria izan daiteke batzuetantzat, baina determinazioa erakusten du horrek ere, helburu argiak. Eta hala egin zuten berriz ere: Emeki Elkartearen indarra eta Udalean zegoen euskara teknikariak euskara sustatzeko zuen gogoa elkartu zituzten. Aurrez egindako bertso saioek funtzionatzen zutela ikusten zuten eta helduen bertso eskolarako zein gazteen bertso eskolarako laguntza ekonomikoa lortu zuten.

Zailena falta zitzaien ordea, ikasleak eta irakasleak aurkitzea; errazena irakasleak lotzea izan zen, beren esanetan. Txikien irakasle izateko Maddi Izari deitu zioten. Herriko bertsozale gazte bat zen,  bertsopaperetan sariak irabazten zituen eta, plazan sekula kantatu nahi ez zuen arren, irakasle izatera animatuko zela pentsatzen zuten. Helduen talderako, aldiz, Manolo Arozena “engainatu” zuela kontatzen du Berrotaranek. Larunbat goizetan joaten zen Hondarribira bertso eskola ematera. Baina ikasleak falta.

Eskolartekoan, paperezkoetan irabazten zuten guztiak neskak ziren, baina EGBko zortzigarren maila bukatzean, neska horietaz ez zen gehiago jakiten.

Legorburu izan zen helduen bertso eskolako lehen ikasleetako bat: “Ni bertso eskolan hasi nintzenean diskotekera nintzen. 16 urte nituenean, niretzat bertsolariak nire aitak entzuten zituen aitona batzuk ziren, edota nire osaba, bi ardo edan ondoren bertsotan hasten zela. Zaharren kontu bat. Ni Joxerra Garziak irratian egiten zuen Sorginen Laratzarekin zaletu nintzen, Herriarteko Txapelketa egiten zuten orduan”.

Lehen plaza parekideaz hizketan

Bertso eskolara, ordea, Berrotarani ezetz ez esateagatik animatu omen zen, eta orduz geroztik urtean 60 saio baino gehiago entzun izan ditu. Bere alabek ere Euskal Herria saioz saio ezagutu dutela onartzen du. Bertso zaharrak ikasi, elkarrekin kantatu, bertsoa hobeki ulertu… hori zen Berrotaranek bertso eskola sortzeko burutan zuen ideia, eta ondorenera hala izan zen. “Ez genuen bertsolariak izateko intentzio edo kapazitaterik, baina bertsozale eskola oso ona izan zen”, aitortzen du Legorburuk: “Gure bertso eskolatik ez zen bertsolaririk atera, eta oso irakasle onak izan ditugu! Manolo Arozena, Sebastian Lizaso, Karlos Aizpurua, Ainhoa Agirreazaldegi…”. Legorburuk barrez gogoratzen ditu garai hartako klaseak: “Sebastianek haluzinatu egiten zuen. Uste zuen puntua bota eta erantzun egingo geniola. Bazegoen bat pasteleroa, eta berak gazteleraz idazten zuen poesia, baina bera euskaldun zaharra izanik, pentsatu zuen bertso eskolara etortzea. Guztia asonantean errimatzen zuen. Sebastianek lehen aldian ez zuen ulertzen zertan zebilen”.

Eta arrakasta izan zuen bertso eskolak. Helduen taldea sortzeaz gain, ume asko animatu ziren, eta bi talde egin behar izan zituzten. Bigarren taldearentzat irakaslea bilatu behar zuten orduan, eta, azkenerako, Legorburu bera animatu zen, eta halaxe egin zituzten hainbat urte.

Hondarribiko plaza

Eraldaketa ez zen oholtza gainean zeuden gorputz eta ahotsetara mugatzen, “esperimentaziorako plaza” ere izan zen Hondarribikoa, gure hiru protagonisten arabera, bertsozalearentzat ere.

Lehen bertso saioak Udalak antolatzen zituela gogoratzen dute, eta feria tradizionaletan eta auzoetako festetan egiten zirela. Beti berdinak kantuan: Joxe Lizaso eta Lazkao Txiki. Urtean hirutan edo lautan kantatzen omen zuten, baina beti berek. Emeki ere bertso saioak antolatzen hasi zen, ordea, eta Hondarribiko bertso plaza ere aldatzen joan zen.

Eraldaketa ez zen oholtza gainean zeuden gorputz eta ahotsetara mugatzen, “esperimentaziorako plaza” ere izan zen Hondarribikoa, gure hiru protagonisten arabera, bertsozalearentzat ere.

Bertso saio handiagoak hasi ziren antolatzen, lau edo sei bertsolariko jaialdiak, eta lehen gai jartzailerik egoten ez zen plazetan gai jartzailea ere gonbidatzen hasi ziren. Hondarribian horrelako jaialdiak antolatzen Emeki hasi zen, lehenengo saiotik emakumeen presentzia bermatzeko erabakiarekin.

Lehen plaza parekideaz hizketan

Batzuetan haizea alde izaten da eta besteetan kontra. Eta Emekik ere izan zituen oztopoak. Urtean bi saio antolatzen zituzten, martxoan eta jaietan, baina gero alardearen gatazka etorri zela diote: “Elkarte bezala hartu genuen kristoren ostia, ze klaro, feministak ginen, eta orduz geroztik martxokoa beti elkartearen barruan antolatzen dugu, beti ekartzen ditugu emakume bat eta gizon bat”. Jaietakoa, aldiz, Udalak antolatzen du, baina parekideak izan dira saio horiek ere azken urteetan, eta garaipentzat hartzen dute hori.

Auzoetako bertso saioetan ere eragin zuen beren lanak. Horrela kontatzen du Berrotaranek: “Auzoko bertso saioak antolatzearen ardura auzoko aitonek zuten, eta horiek  ez zuten kontuan hartzen ez emakumearen boza, ez presentzia, ez deus… Oso gogorra egiten zitzaien emakume bat ekarri beharra”, baina azkenerako, presio horren ondorioz, emakumeak ere auzoetan kantuan hasi ziren, eta ulertu edo ez, ados egon edo ez, auzoko antolatzaileak ere emakumeei deitzen hasi ziren.

Estiloei edo bertso saio motei dagokionean ere aldaketak egiten saiatu ziren, “esperimentatzen” beren hitzetan. Gauza batzuk mantendu direla kontatzen dute, eta beste batzuek ez dutela funtzionatu, baina hori dela egin beharrekoa beren ustez, ahalegindu eta probatu.

Batzuetan haizea alde izaten da eta besteetan kontra. Eta Emekik ere izan zituen oztopoak. Urtean bi saio antolatzen zituzten, martxoan eta jaietan, baina gero alardearen gatazka etorri zela diote…

Alardeko pertsonaiekin egin zuten bertso saio bat, Maialen Lujanbio mozorrotu zuten kantineraz, Sebastian Lizaso jeneralez, Anjel Mari Peña haiztogilez, Estitxu Arozena ere bai… Momentu horretan bertsolariei kanturako objekturen bat edo mozorroren bat ematea modan jartzen hasi zela gogoratzen dute.

Egañaren eta Lizasoren beste ariketa berezi bat ere aipagai dute, puntuka galdera-erantzunetan kantatzearena. “Batek egiten zion galdera eta besteak hurrengo puntuan erantzun; berriro lehendabizikoak galdera bera baina ezberdin formulatuta, eta erantzun… Hori lehendabizikoz Hondarribian egin zuten”, gaineratzen du Legorburuk, pozik.

Carrillok bereziki musikalki eman zen aldaketa gogoratzen du: “Lehen, musikalki dena zen monotonia. Gero, hasi ziren bertso luzeagoak egin eta soinua aldatzen; horrek ere atentzioa deitzen zuen. Habanera ere garai horretan hasi zen asko kantatzen…”.

 

Egungo pertzepzioa

Emakume eta gizonen arteko parte hartzeari dagokionez, gizartea bezala, aldatzen doala uste dute. Bertsozale Elkartean egindako lana goraipatzen dute eta gazteek erreferentziak izatea garrantzitsua dela iruditzen zaie. Erreferenteen artean Lujanbio du Berrotaranek kuttunena, txapeldunaren agurrarekin etxean koadro bat duela kontatzen du harro: “Bertso batean hizkuntza, gizartea… dena sartu zuen, dena bertso batean, tia”.

Legorbururen aburuz, neskak plazan ez egotetik plazan natural egotera pasatu dira: “Prozesu handi bat izan dute, eta hausnartu dute norbere ahotsetik kantatu behar hori eta ez horrenbeste besteen kontra egon beharra, baizik eta bakoitzak bere iritzia plazaratzea. Gizonezkoei ere horrek ekarpen izugarria egin die. Beharbada batzuek itxurak egiten dituzte, baina asko landu dute beretako batzuek ere”.

Maria Jesus Berrotaran: “Gazteek orain ere uste dute dena lortua dela, baina guk esaten dugu: ‘Karpetarekin ikasten ari zaren bitartean bale, baina lanera joaten zarenean ikusiko duzu ze muturrekoak hartu behar dituzun!’

Carrillok txikitan zuen oroitzapena eta egun bizi duen modua azaldu eta konparatzen ditu: “Oroitzen naiz txikitan jaietan beti kale nagusira joaten ginela bertsoak entzutera, eta haiek botatzen zituzten sakako bertsoak. Zernahi esaten zuten, danba!, eta orain bihurtu da kultura, olerkia… Denak isil-isilik daude bukaera arte, zeren bertsolariaren espresioa borobiltzen da bukaeran, eta beti zaude zain ea nola borobilduko duen. Asko aldatu da. Lehen zen bota, barre egin eta txaloak. Orain, isiltasuna dago”.

Publikoa ere aldatzen joan da azken urteetan. Hirukotearen ustez, “derrigorra” zen eraldaketa: “Lehen bakoitza berean zegoen. Orain, nik uste dut, partekatu dituztela sentimenduak, bizipenak eta iritziak”. Oraindik asko dagoela egiteko ez du inork ukatzen ordea.

Egindako bidea txalotzeaz gain, egin beharrekoan jartzen du arreta Berrotaranek. Beti izan da aurrera begiratzeko joera izan duen andrea: “Gazteek orain ere uste dute dena lortua dela, baina guk esaten dugu: ‘Karpetarekin ikasten ari zaren bitartean bale, baina lanera joaten zarenean ikusiko duzu ze muturrekoak hartu behar dituzun!’. Postu altuetan gehiengoa gizonezkoa da, eta enpresa batean gizon asko dauden leku batean, emakume bat etortzen denean, moldatzen dira, bat bakarra delako. Baina lau edo bost etortzean, beldurtzen hasten dira euren postuak galdu ahal dituztelako eta boterea galduko dutelako, eta orduan hasiko dira gizonak atakatzen. Botere hori hor dute”.

Oztopoz betetako bidea izan dute. Askok erotzat jo dituztela kontatzen dute, irainak ere entzun behar izan dituztela kalean, jendearen begirada txarrak.

EMEKI Elkartea

Boterea iraultzeko lanean jarraitzen du Emeki Elkarteak. Duela 33 urte baino gehiago sortu zen emakumeak biltzeko eta ahalduntzeko asmoarekin, eta, garaiko erronketara egokituz, borrokan jarraitzen dute.

Emakumeak ahalduntzea eta plaza hartzea omen zen beren helburua, baina duela 30 urte “ahalduntze” hitzak emakumeak urrundu egiten omen zituen, eta, pixkanaka, hurbiltzeko asmoz, ekintza askotarikoak antolatzen zituzten. Gaur egun ere, ahalduntzearen kontzeptua erabiliz gero neska gazteak ez direla gehiegi hurbiltzen sumatzen dute, eta horrek kezka sortzen die. Izan ere, neska gazte gehienak joskintza tailerretan parte hartzen ikusten dituzte, “berriro ere ikusezinak diren tailerretan hartzen dute parte” eta gustatuko litzaieke aurrera urrats bat egitea, baina pixkanaka egin behar dela diote.

Tzane Carrillo: “Asko aldatu da. Lehen zen bota, barre egin eta txaloak. Orain, isiltasuna dago”

Aurten ere egitarau zabala dute martxan. Pala txapelketa antolatu dute, azken urteetan arrakasta handia izan duena. Ehun parte hartzaile baino gehiago izan zituen iaz antolatutako lilatoi txikiak, eta aurten ere egiteko asmoa dute. Urtero martxoan eta azaroan egiten diren mobilizazioen antolaketan parte hartzen jarraituko dute. Eta oraindik guztiz itxi gabe dauden beste hamaika ideia ere badituzte, baina nahiago dute gehiegi ez aurreratu. Batean edo bestean erraz topa ditzake irakurleak beren egitarau eta proposamenak. “Emakumeak babestuak sentituko diren ekimenak egingo ditugu”, aurreratu dute.

Alardearekin ere gatazka lehen pertsonan bizi izan dute Elkarteko kideek, baina gure protagonistek nahiago izan dute horren inguruan ez hitz egin: “Gauza oso itsusiak eta gogorrak gertatu ziren. Horiek kontatzen ez gara hasiko”. Baina argi dute bertan ere lanean jarraituko dutela.

Oztopoz betetako bidea izan dute. Askok erotzat jo dituztela kontatzen dute, irainak ere entzun behar izan dituztela kalean, jendearen begirada txarrak. Askoren aitortza falta eta gehienen begietara ikusezinak izatea pairatu dute. Eta hala ere pozik eta harro daude egindako bidearekin: “Jakingo bagenu koste hau izango zuela, akaso ez ginatekeen hasiko, baina jada bidea eginda, bai, merezi izan du”.

Lehen plaza parekideaz hizketan  Lehen plaza parekideaz hizketan  Lehen plaza parekideaz hizketan  Lehen plaza parekideaz hizketan  Lehen plaza parekideaz hizketan  Lehen plaza parekideaz hizketan  Lehen plaza parekideaz hizketan  Lehen plaza parekideaz hizketan  Lehen plaza parekideaz hizketan  Lehen plaza parekideaz hizketan  Lehen plaza parekideaz hizketan  Lehen plaza parekideaz hizketan  Lehen plaza parekideaz hizketan  Lehen plaza parekideaz hizketan  Lehen plaza parekideaz hizketan  Lehen plaza parekideaz hizketan