Kirolean elitekoak, bertsotan ere onak
Testua: Joxean Agirre
Argazkiak: Conny Beireuther / Joxean Agirre
Bi pasio, bi obsesio bizitza bakar batean bateraezinak direla esan ohi da eta hala dirudi. Bertsotan egiten duten hiru kirolari handirekin mintzatu gara: Jagoba Arrasate, Irati Anda eta Mikel Astarlozarekin. Bertsotan zertxobait egiten duten beste bi jokalari sartu ditugu zerrendan, Jon Ansotegi eta Imanol Agirretxe. Eta ondorio garbi bat atera dugu: beren profesioan jarri duten borondatea jarri izan balute bertsotan, etxea txapelez betea zuketen.
Jaboga Arrasate (Realeko entrenatzailea)
“2000. urtean jantzi nuen Amalloko Goizaldeko Bertsolarien txapela”
Sanjoanetan izaten dira Markinako Amallo auzoko jaiak. Urtero lehen mailako rock talde bat ekarri ohi dute kontzertua ematera, eta, hura bukatzean, igotzen dira bertsolariak, edo, Jagoba Arrasatek, Realeko entrenatzaileak, esaten duen moduan, sasi-bertsolariak. Goizaldeko Bertsolarien Txapelketa jokatzen da goizaldeko orduetan, gai-jartzaile, epaimahai eta guzti. Auzo horretan txapela jantzitakoa da Jagoba Arrasate. Bizkaiko Txapelketa batean ere hartu zuen parte.
Noiz irabazi zenuen Amalloko txapela?
2000. urtea izango zen. Nik 22 urte izango nituen. Amallon urtero egiten da festetan Goizaldeko Bertsolarien Txapelketa. Oholtzara igotzen diren sasi-bertsolarien artean beti izaten da bertsolari ezagunen bat. Beste guztiak inguruko herrietako gazteak izaten dira, baina baita urruti samarretik etorritakoak ere; plazarik egiten ez duen jendea gehienak. Afalondoan berandu hasten da saioa, goizeko ordu batak aldean, hirurak edo laurak aldean bukatzeko. Kontuan izan, txapelketaren aurretik kontzertua egoten dela eta hura bukatzen denean igotzen direla bertsolariak oholtzara. Urte horretan animatu nintzen kantatzera eta txapela eman zidaten. Oso sentipen onak izan nituen. Oholtza gainetik kantatzea gustatu egin zitzaidan. Gogoratzen naiz kantatu genuenon artean nafar bat ere bazela eta gipuzkoar bat ere bai, baina ez naiz izenekin gogoratzen.
Non ari zinen jokatzen adin horretan?
Eibarren arituko nintzen seguru asko.
Beraz, giroa informala izaten da Amalloko txapelketa horretan.
Giroa informala eta lasaia izaten da, baina gai-jartzaile bat izaten du eta epaileak ere bai. Iñigo Gojenola, esate baterako, askotan egon da epaimahaian, eta Iratxe Ibarra ere bai.
Amalloko oholtzara igo baino lehen bertsotan jardunda egongo zinen, noski?
Lagunartean kantatzen genuen eta lagunartekoa beste era bateko jarduna izaten da. Ez dut esan nahi horrekin Amallokoa oso formala izaten denik, baina esan dudan bezala, zure lana neurtu egiten dute gutxienez. Kartzelako ariketa egiten da, bakarkako gai bat ere jartzen dute, txapelketa baten egitura osoa du.
Nolako auzoa da Amallo?
Berriatua eta Markina bitartean dagoen auzoa da. Juxtu mendi tontor baten gainean dauka ermita. Agertoki bat jartzen dute bertan, baina euria egiten duenean ermita barruan ere kantatu izan dute bertsolariek.
Zenbat aldiz hartu duzu parte txapelketa horretan?
Hiru urtetan segidan. Lehen urtean igo eta txapela irabazi nuenez, hurrengo bi urteetan derrigorrezkoa izan nuen parte hartzea. Irabazi edo ez, nik oso sentipen onak izan nituen oholtza gainean. Badakit bertsolari askok gaizki pasatzen dutela, baina Amallon nik agertoki gainean beti hobeto pasatu dut behean entzuten baino.
Zer entzule mota egoten da ordu horietan?
Markinako eta Berriatuko jende asko izaten da, asko, jende bertsozalea, eta oso giro polita egoten da. Ez dute asko behar izaten txaloa jotzeko.
Bizkaiko Txapelketan ere parte hartua omen zara.
Bizkaikoak eskualdeka egiten zuen fase bat lehen. Eskualdetik sailkatzen zirenek bigarren fasean kantatu behar zuten, eta Lea-Artibako eskualdeko saioetan hartu nuen parte.
Zure bertsolari ibilbidean badago beste bertso saio bat Elgoibarko udaletxeko balkoitik egindakoa.
Elgoibarko futbol taldea Preferentetik Hirugarren Mailara igo genuenean, bigarren entrenatzailea ere bertsotan zerbait egiten duena zen, Fernando Loiola. Eta kamioiaren gainean herriari buelta eman genionean berak esan zidan ea zergatik ez genuen bertso bana kantatzen udaletxeko balkoitik. Bertso bana kantatu genuen. Bertso bat kantatzea ia beti da ederra, eta horrelako une batean oraindik ederragoa.
Itziarren ere bertso giro ona aurkituko zenuen bizitzen jarri zinenean.
Itziarren ere pare bat aldiz hartu dut parte Kofradixetan, abuztuan, astelehenez antolatzen duten Gautxorien Bertso Txapelketan. Azken urte hauetan uste dut ez dutela antolatu. Hor bertsolari onak egoten dira tartean, Iñigo Eizagirre, esate baterako, edo Uxue Alberdi eta beste hainbat. Hor txapela irabaztea zaila ikusten dut. Itziarkoak maila altuxeagoa du, baina antzekotasun handia dute giroan. Tabernan egiten da txapelketa, eta saioaren buruan bi aukeratzen dira buruz burukoa jokatzeko. Baina gaueko txapelketa hauek formaltasuna galtzen dute eta giro berezia ematen dio horrek saioari, eta kantatzera doanari lagundu egiten dio.
Txapelketa jarraitzen duzu?
Finalera Berriatuko jendearekin egun-pasa joatea gustatzen zitzaidan. Ez dakit aurten aukerarik izango dudan. Edozein modutan ere, ‘Hitzetik hortzera’ programaren bidez jarraituko ditut.
Zer neurritan moldatzen zara ondoen?
Motzean seguruenik, gai sakonekin gutxitan kantatu dudalako. Nik lagun giroan egin dut bertsotan eta giro horretan moldatzen naiz ondoen.
Beti esan ohi duzu izarrak baino gehiago estimatzen dituzula taldean lan egiten dakiten jokalariak. Bertsoak erakusten al du talde lanean?
Taldeko sintoniarik lortu ezean, ezin da bertsotan egin, bertsoa ez baita bakarkako lanketa. Futbolean bezalaxe, unearen arabera inprobisatu egin behar duzu, nahiz eta aurretik prestatutako ideiak daramatzazun. Uste dut badaudela antzekotasunak.
Zure emaztea itziartarra da.
Ihart da bere izena. Andutzene baserrikoa da. Gazta egiten dute. Aitak zeraman artaldea, baina hil egin zen eta, beste baten laguntzarekin, emazteak egiten du lan hori. Baserriaren ondoan daukate gazta egiteko lekua prestatuta eta bertan saltzen dute. Idiazabalgo izendapenarekin egiten dute lan. Publizitate pixka bat egiteko aprobetxatu beharra neukan. Familia hori ere, ni beste ez, baina bertsozalea da, Santa Eskean ibilitakoa.
Zuk futbolaz hitz egiten ordutan jardun ahal izateko fama duzu, baina forofoak gorroto dituzula esan ohi da. Bertsotan ere gerta al liteke halakorik?
Futbolari buruz jende askok hitz egiten du, baina gauza handirik aportatu gabe. Niri hemendik irtendakoan deskonektatzea gustatzen zait eta hitz egin behar bada, zerbait aportatzeko izatea nahi nuke. Bertsotan ere epaimahaikoak, esate baterako, kokoteraino egongo direla pentsatzen dut txapelketaren inguruan, eta seguru nago zale itsu horiek ez dutela ezer aportatuko. Dena den, ulertzen ere jakin behar da eta ondo eramaten.
Pronostikoak egiten ona zara?
Egiten ona naiz, asmatzen txarra. Andoni eta gero Maialenena oso ondo egon zela uste dut, baina gustatuko litzaidake oraingoa Ametsek irabaztea. Niri Amets beti gustatu izan zait eta uste dut aurten ez bada hurrengoan jantziko duela txapela.
Alabak zer denbora du? Eta amaren izen berezia kontuan izanda, zer jarri diozue?
Xuare. Niri izen bat baino gehiago gustatzen zitzaizkidan, baina emazteari izen hori bakarrik, eta ez zen zalantzarik egin. Bi urte oraintxe egingo ditu.
Azken hilabete hauetan aurrean bertsozaleak eduki ordez kazetariak izaten dituzu gaiak jartzen. Oholtza probatua izateak laguntzen al du prentsaren aurrean moldatzen?
Bai oholtza gainean eta bai prentsaurrekoetan burua martxan eduki behar duzu eta gaiaren edo galderaren arabera erantzun bat edo bestea eman behar izaten da. Seguru nago oholtzan izan dudan esperientzia apurrak laguntzen didala.
Zure bi txapelketa gauekoak izan dira. Ez dakit bada ibili horiek kirolari batentzat oso egokiak diren.
Garrantzitsuena niretzat giroa da. Berriatuan, esate baterako, Santa Ageda bezperan egun-pasa egiten genuen etxez etxe. Egunez bada egunez eta gauez bada gauez, lagun giro hori oso atsegina egiten zait eta bertsoak hori ematen du.
Imanol Agirretxe eta Jon Ansotegirekin egon gara. Ba al da bertsozale gehiago Realean?
Lehen Aranburu eta Labaka ere oso bertsozaleak ziren. Eta oraingoen artean Eñaut eta Markel ere oso zaleak dira. Hauek Euskal Herriko finalera behin baino gehiagotan joan dira elkarrekin. Horretaz gainera, Zumaia aldeko lekuren batean elkartzen ziren iaz eta bertsotan egiten zutela esaten zuten. Amets eta Jon Maia joan ohi ziren.
DESPIEZE MODURA
Imanol Agirretxe: “Bere buruaren aurkezpena bertsotan egin zuen”
“Jon Ansotegik hobeto erantzungo du, nik baino afari gehiago egin dituelako berarekin, baina nik ere entzun dut bertsotan eta etorri pixka bat badu. Norbait taldera sartzen denean berak dakien zerbait egin behar izaten du, kantatu edo ahal duena. Montagnierren laguntzaile izateko etorri zenean bere buruaren aurkezpena bertsotan egin zuen eta oso ondo moldatu zen”, kontatu zigun Realeko aurrelariak.
Imanol Agirretxe Udarregi ikastolan hasi zen bertsoa lantzen eta eskola orduetatik kanpo ematen zuten bertso eskolan ibili zen. “Umetatik gustatu zait bertsoa eta urte batzuetan ibili nintzen bertso eskolan. Zerbait geratzen da eta tarteka saiatzen naiz, baina kosta egiten zait bertsoa bukatzea. Azken urte hauetan Jon Maia eta Ametsekin bildu izan gara bazkariak egiteko, baina bertsotan baino gehiago berriketan jardun izan dugu eta haiek jarri izan ditugu bertsotan, entzuten hobeak garelako egiten baino”, jarraitu zuen.
Jon Ansotegi: “Gojenolatarren ondoko baserrikoa da eta harreman estua izan dute”
“Jagoba eta biok kuadrillakoak gara eta gurekin ibili izan dira Gojenolatarrak, Joseba batez ere, baina baita Iñigo ere. Puntakorik ez dago, baina bertsotan egiten dutenak asko dira gure inguruan. Gojenolatarrak Eskolartekoan oso goian ibilitakoak dira eta Bizkaiko Txapelketan askotan parte hartutakoak. Haien aitzakian ere saio askotara joaten ginen”, hasi zitzaigun Jon Ansotegi Realeko atzelaria.
Luis Baraiazarrarekin ere harremana izandakoa da Ansotegi. “Markinan ikasketak egiten ari ginela ere jarraitu genuen bertsoa lantzen. Luis Baraiazarra etortzen zitzaigun talde bati bertsoa erakustera. Gure ondorengoekin hasi zen berehala Lopategi lanean. Jagoba, berriz, Gojenolatarren ondoko baserrikoa da eta harreman oso estua izan dute elkarrekin. Gaztetatik asko gustatu izan zaio”, erantsi zuen.
Orain hamar bat urte bertsotan errazago egiten omen zuen Jon Ansotegik. “Baina orain kostatu egiten zait. Tarteka saiatu izan naiz, baina nagituta nago erabat”, gogoratu zuen.
Txapelketaren jarraipena egiteko Internetetik egiten dute. Faboritorik? “Ametsek edo Jon Maiak irabaztea gustatuko litzaidake, eurekin harremana dugulako. Partidua bukatu eta inguruan saioren bat harrapatzea gustatuko litzaidake, pixka bat gozatzeko, baina oso gaizki ibiliko gara joan ahal izateko”, esan zuen.
IRATI ANDA edo borondatearen miraria
Alde handirik gabe, baina eskaladaren harra bertsoarena baino lehenago sartu zen Irati Andaren odolean eta boladaren batean bihotza erdibiturik izan zuela badio ere, eskalada atera zen irabazle. Dena den, bertsotan egin duen ibilbidea ere ez da baztertzekoa, Arabako Txapelketa San Prudentzio saria zenean hasi eta edizio guztietan hartu baitu parte.
“Hamar urterekin hasi nintzen eskalatzen eta bertsotan hamahirurekin”.
Gasteizko Toki Eder ikastolakoa da, nahiz eta berehala eransten duen: “aspaldian ez da Toki Eder lehen zena. Gure garaian Euskaraz Bizi proiektua jarri zuten martxan eta lan izugarria egin zuten euskararen alde. Euskaraz Bizi mendi taldea sortu zuten eta ‘Pizti’ edo ‘Piztixe’ esaten genion azkoitiar batekin joaten ginen mendira, eta berarekin hasi ginen haitzean eskalatzen. Hamabost edo hogei gaztetxo baginen, baina ni izango naiz jarraitzen duen bakarra”.
Irati Andaren bizitzan badago helburuekiko atxikimendu izugarri bat, badago tema eta egoskorkeria ere, badago borondatearen agerpen etengabe bat. “Motibatu egiten nau helburu bat jarri eta iritsiko naizen edo ez jakiteak. Baina erakartzen nau baita ere eskaladak gorputzarekin daukan harremanak, lor dezakedan gorputzaren kontrolak edo gorputzarekin izan dezakedan elkarrizketak. Kirol honek nire gorputz fisikoa ulertzen laguntzen dit, ez erabat ulertzen, ezustekoak ematen baititu gorputzak eta harritu egiten gaitu. Beste kirol batzuk ere probatu ditut eta eskaladak gehiago ematen dit arlo horretan. Beharbada neu ere sentibera samarra naiz neure gorputza entzuteko orduan, edo horretan lan handia egin dut”, dio.
Finalera ala Amsterdamera
Bertsoa, esan bezala, 13 urterekin iritsi zen. “Oihane Perea izan zen nire lehen irakaslea eta teknika ez ezik beste gauza asko erakutsi zizkigun, bertsoarekiko pasioa transmititu zigun eta beharbada horregatik jarraitu dut urteak joan eta urteak etorri. Bitxia da. Etxean aita oso euskaltzalea eta bertsozalea da eta gogoan dut bertso eskolan hasi aurretik nik gorroto nuela ‘Hitzetik hortzera’ programa, aitak derrigor ikusi behar zuelako eta niri izugarri aspergarria iruditzen zitzaidalako”.
Txusta tabernan izan zuten lehen bertso eskola. Eskolartekoan bizpahiru aldiz hartu zuen parte. “Behin finalera iritsi nintzen, baina ordurako bihotza erdibiturik nuen eskaladaren eta bertsoaren artean eta zalantza batzuen ondoren Amsterdamera joatea erabaki nuen finalaren egunean. Eskaladako Europako Kopa jokatzen zen eta asko tentatzen ninduen hara joateak. Ez zen lehiaketa bakarrik, bidaiak ere asko tiratzen zidan orduan, bidaia gutxi egina nintzelako. Manex Agirrek irabazi zuen eta agurrean eskerrak eman zizkidan agertu ez nintzelako, kontrario gogortzat ninduen nonbait”, gogoratu du.
15-16 urte zituen Iratik orduan eta hamargarren geratu zen. “Beti izan ditut bi zaletasun, baina aldatzen joan da bakoitzarekin izan dudan harremana. Garai batean biak batera eraman nituen, baina 21 urterekin erabaki nuen eguneko 24 orduak eskalatzaile izango nintzela. Zer lortu nezakeen jakin nahi nuen ordu guztiak eskaladari emanda. Eta bertsolaritza, noski, bigarren planoan geratu zen. Jarraitu nuen bertsoak idatzi eta lantzen, baina bat-batekotasuna albo batera utzita eman nituen urte batzuk. Eskalatzaile izatea erabaki banuen, ez zen izan ingurukoek burua berotu zidatelako. Neure gisara hasi nintzen entrenatzen. Orduan entrenatzea ez zegoen hain ondo ikusia. Eskalada lagun arteko jarduna zen gehiago kirol bat baino. Orain asko aldatu da”, gogoratu du.
Ea jardun horretatik bizimodua ateratzeko planteamenduarekin hasi zen galdetuta, bi plan zituela erantzun digu, “A plana bizimodua hortik ateratzea zen, baina garbi nuen eskalada ez dela ez futbola, ez tenisa eta ez golfa. B plana, berriz, ikasketak bukatu eta lan eginez eskalatzen jarraitzea zen. IVEF egiten ari nintzen. Ni goi errendimenduko kirolari moduan sartu nintzen eta arlo horretan espezializatu nintzen, gero jendea entrenatzeko. Ikasketak eginez ikasi nuen, beraz, nola entrenatu eta beste eskalatzaile batzuk, Patxi Usabiaga, Iban Larrion etab. ezagutu nituelako”.
Bere urterik onenak? Bizitzan etapak omen daude eta etapa hori gogorra baina ederra izan zela aitortzen du. “Egia esan behar bada, urte horietan obsesionatzera iritsi nintzen. Niretzat ez zegoen beste ezer eta eskalada hil edo biziko zerbait izatera iritsi zen. Nire prestaketa eta nire errendimendua bilakatu ziren helburu bakar, eta bigarren planoan geratzen ziren lagunak eta beste guztia. Ez dut esan nahi izaera arrarotu zitzaidanik. Ni beti izan naiz neure kontura ibiltzekoa. Etxean ere amari eskalatzera nindoala esaten nionean, eransten nion: ‘ez dizut baimena eskatzeko esaten, informatuta egon zaitezen baizik’. Ni pozik ikusita, pozik zeuden. Ez dut uste arriskuaren kezkarik zutenik edo ez didate behintzat hori transmititu. 15 urterekin Marokora joan nintzen eskalatzera eta ez zidaten inolako arazorik jarri”.
Markarik onenak
2007-2008an egin zituen beharbada Irati Andak bere markarik onenak. “2007an arrokan 8c bat kateatu nuen. Espainia mailan hirugarren emakumea izan nintzen, Euskal Herrian bigarrena eta mundu mailan hamaseigarrena. Munduko Kopan zortzi proba izan ziren, eta horietako batzuetan bigarren egin nuen, eta orokorrean bosgarren geratu nintzen. Une horretan eskumuturra hautsi nuen eta krisialdi batean erori nintzen. Ordurako erabat obsesionatuta nengoen, eskalatzen zergatik hasi nintzen ere ahaztua nuen, disfrutatzeari utzi nion eta gorputza abisuak ematen ari zitzaidan. 26 urte nituen eskumuturreko ebakuntza egin zidatenean.
Oraindik ere dena posible dela uste duten horietakoa da Irati Anda. “Proba egin gabe ez dudala geratu behar pentsatzen dut. Posible al da? galdera ez dut inoiz egiten. Probatu egiten dut oraindik ere, baina beste modu batean ikusten ditut gauzak. Krisialditik irtenda igotzen ari naiz berriro. Eskumuturra ez zait guztiz ondo geratu. Min pixka bat ematen dit, baina badakit horrekin kontatu behar dudala, eta, horrekin, dudan guztia ematen saiatzen naiz”, dio.
Orain B planarekin doa aurrera. Lana eta eskalada uztartzen ditu. Rokodromo batean ari da lanean eta ikasitakoa transmititzen saiatzen da. “Teknifikazio zentro bat badut. Bost urteko umeekin hasi eta helduekin bukatu arte lan egiten dut. Harrigarria da bost urteko umeek horman gora igotzeko duten abilezia. Eskalatzaile perfektuak direla esan daiteke edo eskalatzaile naturalak direla esan beharko genuke. Gero egiten den lana desikastea da gehienbat. Hamabi urterekin kirola egiten hasten garenean helduen ereduak hartzen ditugu eta ume horienak hartu beharko genituzke. Horregatik hasi nahi nuen umeekin lanean, mugimenduan duten naturaltasuna baliatzeko. Haientzat dena da jolasa eta horretan saiatzen naiz”.
Baltzolan 8A+ proiektu batean entrenatzetik etorri da elkarrizketara. Tarteka, nekatuta dagoela dio, baina bizitasun izugarria erakusten du hala ere hizketan.
Arabako txapelketak
San Prudentzio sariketan hartu zuen parte Irati Andak eta ondoren lurralde horretako txapelketa guztietan. “Baina txapelketako gorabeherak gogoratzen hasten naizenean arazoak izaten ditut. Askoz ere gehiago gogoratzen ditut bertso eskolako bizipenak. Aitziber Txibirekin eman genuen bertso eskola eta Irati Lotinarekin ere bai ondoren. Jon Maia eta Igor Elortza ere ibili ziren guri bertso eskolak ematen. Txustan izaten ziren bertso eskola horiek. Pote bat hartu, bertso batzuk idatzi, elkarrekin saio txiki batzuk egin, pasadizoak kontatu eta barre egin… ez zegoen programazio esturik. Silveira ere etorri zen behin. Amuriza beste batean. Bertso eskolei buruz gauza asko konta ditzaket, baina txapelketen inguruan ez dut horrenbeste bizipen. Eta ez da gaizki pasatzen nuelako. Nik disfrutatu egiten dut. Badago urduritasun puntu bat zalantzarik gabe eta beharrezkoa da, baina gustatzen zait. Gorputza eskaladan bezalaxe, bertsotan burua jartzen duzu lehian”, dio.
Halabedi Irratian Manex Agirre, Ruben Sanchez eta hirurak hasi ziren Bertxoko irratsaioa egiten. “Unibertsitate garaian asko ibili ginen elkarrekin eta entrenatzeko geratzen ginen, baina gero bakoitzak bere bizimodua du eta apenas ikusten dugu elkar, eta pena da. Etxean entrena dezaket, baina bertsoarekin ez dut eskaladarekin dudan fanatismo puntu hori. Norbaitekin egiteko jarduera da niretzat bertsoa”, erantsi du. Aurtengo txapelketan, esate baterako, pare bat aldiz geratu da prestatzeko lagunekin, bi obsesio ezin baitira aldi berean landu. “Arriskugarria izango zen”, dio.
MIKEL ASTARLOZA
Bizitzako bigarren etapa handiaren irteeran
Emaztea haurdun dago eta ekografia egiteko Donostian geratuta daudenez, ezin errazagoa izan da ordu eta erdi lehenago berarekin hitzordua egitea. Txirrindularitza uzteko erabakia hartu berri, aldaketa handiko egunak ari da bizitzen. Hogeita hamahiru urte ditu. Hogeita bi urte eman ditu bizikletaren gainean lehian, horietatik hamabi elitean, eta gogoa ere bazuen bizimodu arrunta nolakoa den jakiteko. “Ez dakit zer den asteburuak etxean lasai igarotzea eta, adibide bat jartzearren, txapelketako saio bat bertatik bertara jarraitzea. Beti Internetarekin moldatu behar izan dut”, dio.
Urtero, kuadrillakoek eta jarraitzaile gertukoenek afari bat prestatu ohi diote denboraldia bukatzean eta aurtengoa, badaki, berezia izango dena. “Denek gauza bera galdetzen didate, hutsune handi bat sentitzen ote dudan, baina oraingoz ez daukat hutsunearen beldurrik. Badakit egunen batean nostalgiarekin gogoratuko ditudala urteotako bizipen asko eta asko, baina nekatuta nengoen. Txirrindularitza izugarri gustatzen zait, hori izan da nire mundua, baina nekatu egiten du eta gustatzen zaizkidan gauza asko zain ditudala sentitzen dut. Bizimodu arrunta nolakoa den jakiteko irrikaz nago”, erantsi du.
Mikel Astarloza Pasai San Pedron jaio zen 1979an eta Pasaia-Lezo lizeoan egin zituen ikasketak batxilergoa bukatu arte. Ordurako bizikleta zuen zain. “Ikasketetan ez nintzen oso ona, futbolean txarra nintzen eta horrek markatu zuen nire bizitzako ibilbidea. Nik arraunlaria izan nahi nuen, baina aita arraunean ibilia zen eta, bizkarrezurrean arazoak izan zituenez, ez zidan arraunik hartzen utzi. Lehengusuak nituen txirrindulariak, eta bizikletan hasi nintzen”.
Hamaika urterekin eskuratu zuen errepideko lehen bizikleta. Bi pinoi bakarrik zituen. Baina berehala lortu zuen bost pinoi eta bi platerekoa. Sei urte geroago lasterketak korritzen ari zen. Urte batzuk geroago, 20rekin, hasiko zen bertso eskolan.
Bi bertso eskolatan
Mikel Astarloza ez zen bereziki bertsozalea. “Pasaian ez da egon bertso mugimendu handiegirik. Ikastolan ere ez genuen aukerarik izan urte haietan. Gustatu, beti gustatu izan zait. Igande goizetan Euskadi Irratian bertsoak egoten ziren eta gogoan dut entzuten egoten ginela. Gauza bera ‘Hitzetik hortzera’rekin. Baina gertutik ez nuen jarraitzen bertsolaritza harik eta 18 urterekin ikasketak bukatu eta handik pare bat urtera Xenpelar bertso eskolan izena eman nuen arte. Irudipena dut bertsolaritzak urte horietan bizi izan zuen boomaren eragina izan zela. Txapelketako finala Anoetatik BECera pasatu zuten urteak ziren. Aurrena Oreretako bertso eskolan hasi nintzen Xenpelar bertso eskolan alegia. Bailarako jendea biltzen ginen bertan, Albistur gidari genuela. Bizpahiru urte eman nituen han eta segidan San Pedron bertan beste bertso eskola bat sortzeko aukera izan genuen eta hor ibili nintzen. Hain zuzen ere, Pasaiako herriak dituen hiru barrutietan sortu nahi izan zuten bertso eskola bana. Gu Xamoa irakasle genuela ibili ginen San Pedron eta Kazabal ibili zen irakasle Antxoko bertso eskolan. Bai Xenpelarrera eta bai San Pedroko bertso eskolara gutxi samar joaten nintzen, ordurako bizikletan nenbilelako, baina tarteka kantatzeko adina ikasi nuen, egia esan beharbada, afalosteko jardunean hobeto moldatzen banaiz ere”, gogoratu du.
Zaleak tropelean
Taldean ez du bertsotan egiteko lagunik izan, baina zaleak izan ditu, lehengusuak, ez Chaurreau baizik Izagirre anaiak. “Orain dela bi urte bertso-afaria egin genuen Euskal Herriko txirrindularion artean. Amets Arzallus eta Julio Soto etorri ziren eta Izagirretarrak ibili ziren antolatzen”, dio.
Bederatzi Tour korritu ditu eta egunero kronika bat bidali izan du ‘Berria’ra. Azken eguneko kronika bertsotan egiteko ohitura izan du. “Nik ez dut beste bertsorik argitaratu, Tourra amaitzean egin izan ditudan horiek salbu. Habanerarekin egin nituen hasieran eta azken urteotan segidillak idatzi ditut: segidilla luze bat Tourreko laburpena eginez”, dio.
‘Euskaldunon Egunkaria’n hasi zen, 2002an uste dut, profesionaletara pasatu nintzenean. Gustura egiten dudan lana da. Zailena gaia aukeratzea da eta, gezurra badirudi ere, hori etapan zehar egiten nuen gehienetan. Etapak luzeak izaten dira, bost ordu ingurukoak eta normalean ez gabiltza bost orduak topera. Badago tarte bat non polikiago goazen, zerbait jateko aprobetxatzen dugun, eta une horiek baliatzen nituen eguneko kronikaren nondik norakoak erabakitzeko. Gurea, gainera, nahikoa kirol bakartia da. Ordu asko dira bakarrik, zeure buruarekin hausnarrean. Behin etapa bukatzen denean apenas izaten den pentsatzeko abagunerik, ez lasaitasunik. Une oso aztoratuak izaten dira eta ez da denborarik libre izaten. Telefono deiak ez badira, zuzendaria datorkizu eguna nola joan den galdezka edo taldekideren bat edo masaje-emailea… Hala ere, beti saiatu izan naiz kronika hori txukun egiten”, dio.
Kolaborazio gehiago ere egin izan ditu irrati eta telebistekin lehiaketatik kanpo dagoenean. “Orain bizikleta utzi dudalarik, nire asmoetako bat arlo horretan lan egitea litzateke, komunikazioaren mundua gustatu egiten zaidalako, eta mundu hori ondo ezagutzen dudalako ere bai. Tropeleko norbaitek ihesaldiren bat egiten duenean, berriemaile gehienek dortsalari begiratu behar izaten diote txirrindulariaren izena jakiteko. Guk ez dugu dortsalari begiratu beharrik izaten, besterik gabe, itxuragatik, ibiltzeko moduagatik dakigu nor den. Lan erraza iruditzen zait, norberak dakienari buruz hitz egitea beti baita errazagoa”, jarraitu du.
Hamabi urte eman ditu elitean, baina hogei daramatza bizikletan. “Nik beti izan ditut bi mundu: alde batetik txirrindularitzako lagunak eta mundua nuen eta, bestetik, nire betiko kuadrilla, lagunak eta familia. Ni kuadrillakoekin nagoenean ez dut txirrindularitzaz hitz egiten. Bi mundu horietara egokitzen ikasi dut eta uste dut nahikoa erraz egokituko naizela bizimodu arruntera. 34 urte egingo ditut neguan eta bizitza erdia daukat oraindik aurretik. Urtarrilera arte Euskalteleko langilea naiz, baina urtarriletik aurrera beste zerbait egiten hasi beharko dut, komunikazioaren munduan edo kirolarekin edo txirrindularitzarekin lotutako zerbaitetan ahal bada”.
Txapelketan faboritorik ez
Txapelketan ez du faboritorik. “Berdin samar zait. Niri bertsolaritza osotasunean gustatzen zait. Egia da txapelketa jarraitzen dudala, baina ez naiz honen edo haren zale itsua. Kirolean zale itsuak dauden bezala, bertsolaritzan zaletasuna sanoagoa dela iruditzen zait. Ikusten da, gainera, bigarren geratu dena ere poztu egiten dela bere kideak irabazi duenean”.
Mikel Astarloza Chaurreau da. Amaren aldetik ere baditu, beraz, txirrindulariak, Iñigo Chaurreau, esaterako, Mikelekin batean ibiltakoa. “Bost urte eman genituen elkarrekin Frantziako talde batean, Ag2r-n, eta guztiek abizena frantses erara ahoskatzen zuten. Zuberoako abizena izan behar du. ‘Etxe aurre hau’ omen da, gero abizena frantsestu bada ere. Lehengusuak saiatu ziren abizenaren jatorria aurkitzen eta ‘Etxe aurre hau’ izeneko baserri bat aurkitu zuten”.
Mikel Astarlozaren palmaresa luzea da. 2002an hasi zen profesionaletan Ag2r-n eta talde horrekin Australiako Tour Down Under irabazi zuen. 2007an hasi zen Euskaltelen eta lehen urtean, esate baterako, zazpigarren egin zuen Dauphiné Liberén, bederatzigarren Tourrean eta seigarren Donostiako Klasikoan. Hurrengo urtean, 2008an, seigarren geratu zen Euskal Herriko Itzulian eta zazpigarren Dauphiné Liberén. 2009an Tourreko hamaseigarren etapa irabazi zuen, baina itzulia hasi aurreko kontrol bateko emaitzak positibo eman zuen. Txirrundularitza zaleen eta Mikel Astarlozaren jarraitzaileen memorian geratuko da Donostiako Amara Plazan eman zuen prentsaurrekoaren irudia, jendeari aurrez aurre begiratuz zin egin baitzuen jakinaren gainean behinik behin ez zuela EPOrik hartu. Garaipena ospatzetik bi urteko zigorra jasatera pasatu zen hamar egunen buruan, baina prentsaurreko horretan bildu ziren ehunka lagunek sinestu egin zuten bere hitza.
Orain egun batzuk, Txinako Tourra korrituz, bukatu du bere txirrindulari ibilbidea eta hasi du beste bat.