Kazetari beteranoen begirada: Joxean Agirre

Argazkiak: Conny Beyreuther

Joxean Agirre –

Kazetari beteranoaren begiradak ziento bat istorio gordetzen ditu, garai batean biharamunean kontatzeko jaso eta inoiz ahaztu gabekoak. Baita kontatu gabekoak ere, bidean egindako zauriren batekin batera. Kazetari beteranoaren begiradak asko ikusi duenaren zorroztasuna izan ohi du, eta beste norbaiti oharkabean pasatu zaizkionak argitara ekartzeko berezko sena.

Joxe Mari Iriondori, Nikolas Aldairi, Joxean Agirreri eta Joxerra Garziari egindako elkarrizketa bana[1] jasotzen dira jarraian, irizpidetzat beterania hartzen duen hurrenkeran. Bertsolaritzari buruzko kazetaritza da aitzakia, baina zeharka bertsolaritzaren azken hamarkadetako historiaz hitz egiten da. Beteranoenetik hasita jarri dugu hurrenkera.

[1] 2017an ‘Bertsolaritzaren historia: hedabideratzea, eragiletza eta proiektua (1823-2018)’  tesirako egindako elkarrizketen bertsio laburtua dira.

Joxean Agirre

 

JOXEAN AGIRRE: “Gaur dudan ikuspegia orduan izan banu, mirespenez eta kariñoz irakurriko nituen Zavalaren edo Basarriren lanak. Orduan gure lan egiteko moduaren antitesi gisa ikusten nituen”

 

Egin eta Gara egunkarietan 30 urtetik gora bertsolaritzaren inguruko informazioaren arduraduna. Bertsolari aldizkariaren sortzaile eta lehen zuzendaria (1991-2007). Hainbat bertsolariren biografiaren egilea, Bertsolari Liburuak sailean. Rikardo Arregi Kazetaritza Sari bat eta bi Argia Sari irabazitakoa bertsolaritzari buruzko kazetaritza lanengatik. Prentsa idatzian bertsolaritzaz aritzeko estilo berri bat garatu zuen kazetaria.

Emailez erantzun nahi izan ditu Joxeanek galderak. Erantzunak ematera baino idaztera ohituago dagoen kazetariaren deformazio profesionala. Elkarrizketa atxikirik dakarren emailean ‘joño, badirudi zerbait interesgarria esaten ari naizela, egon daiteke hor zerbait’ idatzi du sarrera lotsati gisa. Bada bai, esango nuke gauza interesgarri eta mamitsuak kontatzen dituela.

 

80ko hamarkada, Egin

 

Gogoratzen duzu nola hasi zinen bertsolaritzarekin Egin-en? Aurretik jarraitzen zenuen?

Umetatik izan dut harremana bertsolaritzarekin. Aita, Joxe Mari Agirre Kostite, bertsolaria zen. Egin-en Kultura sailean sartu nintzenean, ez zegoen gaia jorratzen zuen inor eta neuk heldu nion. Aurretik, herrietako berrien sailean aritu nintzen, eta, beste hilabete batzuk, sailez sail euskarazko lanak egiten. Orain erredakzioetako egoera guztiz aldatuta badago ere, orduan, Egin sortu zenean, erredakzioak erabat erdaldunak ziren. Kazetari multzo bat, gainera, Zaragozako egunkari itxi berri batetik etorriak ziren. Eta ‘euskarazkoen talde’ txiki bat, hamar bat lagun, sartu zuten erredakzio barruan. Filologiatik edo Filosofiatik zetorren jendea zen. Ni Historia ikasten ari nintzen orduan, ikastolan Gizarte ematen nuelako. Ondoren hasi nintzen Kazetaritza ikasten.

Hamarkada hasieran Deia-k bertsolaritzari buruzko testu gehiago eskaintzen zuen. Azalpenen bat topatzen diozu?

Irudipena dut Deia-k ere ez zuela modu normalizatu batean ematen bertsolaritzaren berri, eta gehiago zirela iritzi generotik oso gertu zeuden ‘artikuluak’. Uste dut hala deitzen zitzaiola orduan gisa horretako lanei, pixka bat Basarrik Diario-n egiten zuena imitatuz edo. Mikel Atxagaren edo Aranaldaren lanek gehiago zuten iritzi artikulutik tratamendu normalizatu batetik baino… Bestalde, zergatik decalage hori? Egin-eko Kultura saila erdaldunen esku zegoelako, seguru asko. Oso kazetari onak zeuden, baina euskaraz fitsik ez zekitenak.

82tik aurrera Egin-en arreta informatiboa asko hazten da. Baduzu gogoan prozesu hori nola eman zen? Zuzendaritzatik egindako apustu bat izan zen ala naturalki eman zen prozesua? Zerikusirik izan dezake bertsolaritzak bizi zuen berrikuntzarekin?

Pentsatzen dut bertsolaritzak ezagutu zuen berrikuntzarekin zerikusi zuzena izango zuela. Kontuan izan Xabier Amurizak Bizkaiko ordezkaritzan lan egiten zuela, edo egindakoa zela, eta sail finkoak zituen egunkarian, Semaforo gorria horien artean. Txapelduna bera nominan edukitzea bada aski motibo gaiari beste tratamendu bat ematen hasteko. Baina ni neu Kultura sailean sartzeak ere izango du eraginik. Gogoan dut Amurizak lehen txapela atera zueneko kronika neuk egin nuela. Zuzendaritzatik bultzatu al zuten? Ordurako, Mariano Ferrerek dimisioa eman eta Juan Ramon Martinezek hartua zuen zuzendaritza, eta ez batak eta ez besteak zuten sentiberatasunik bertsolaritzarekiko.

Egin izan zen finalerako gehigarri berri bat eskaini zuen lehen egunkaria, 86an. Gogoan duzu hura? Nolatan hartu zen erabakia, nola landu zen…

86rako, Kulturako sailburu Jon Basterra zegoen, kazetari euskaldun eta euskaltzale bat. Beraz, harekin hitzartuko nituen gehigarri hori egiteko beharko nituen egunak. Gehigarriak egunkarietan ordu libreetan egiten ziren, gainera.

Normalean, horrelako gehigarri bat egin behar zenean, gutxi gorabeherako proiektu bat zirriborratu eta aurkeztu egiten zenuen, eta onartu egiten zizuten. Finaleko eszena eta bertsoaldi batzuk ditut gogoan, baina gehigarriari buruzko zertzeladarik ez.

Bazeneukaten Egin-ek bertso-kazetaritzan lidergoa hartu zuenaren kontzientziarik?

Bertso-kazetaritzan lidergoa hartu genuen kontzientziarik batere ez, baina bertsolaritzaren inguruan kazetaritza beste modu batera egiten genuela bagenekien. Oso sinplea da kontua: Estatu mailako egunkari batzuetan, El Pais-en bereziki,  ‘kazetaritza berria’ deitzen zitzaion moldea jarri zen indarrean. Guk debozio handiz irakurtzen genituen Rosa Montero eta abarren erreportaje, elkarrizketa eta zutabeak. Zutabegintza bera izugarri aldatu zen urte horietan, eta erreportajeetan ikuspuntu ezberdinak erabiltzen ikasi genuen, lekukoen esanekin jokatzen, testuak ireki eta aberasten. Ordura arte egindakoa monokordea iruditzen zitzaigun.

86ko gehigarrian bertan estilo berri baten zantzuak topa daitezke, baina 89ko gehigarrian nabarmenagoa da: Lopategi West-eko heroea; Euzkitze, gramatiko bat bertsotan; Murua, txapelketak haurra ekarri dion mutila; Mikel Mendizabal, barruko bakearen bila burrukan… Finalista bakoitzaren elkarrizketa bere bikotekide edo amaren elkarrizketarekin osatzen delarik. Bertsolariaren eremu pertsonaleneko sartu-irten horiek, bertsolariaren izaeraren erretratu hain garatuak, titular ezohikoa bilatzea… ez ziren batere ohikoak ordu arte.

Nik bertsolari bati elkarrizketa bat egiten nionean, Oteizari edo Txillidari elkarrizketa bat egiteko erabiltzen nuen grina bertsua jartzen nuen. Gogoratzen dut Txillidari lehen elkarrizketa egin nionean, bere Igeldoko etxean hartu ninduela, eta hain harrigarria egin zitzaidala gizonaren jarduna, hain jakintsua iruditu zitzaidala, eta aldi berean hain xumea eta gertukoa Un sabio con Adidas(Jakintsua Adidasekin) izenburua jarri niola. Erreportajeen eta zeharkako elkarrizketen izenburuak jartzen espezializatu nintzen, gustatu egiten zitzaidan eta, gogoan dut, norbait ezinean ikusten banuen, izenburua jartzen laguntzera joaten nintzaiola. Izenburuarena arte bat da.

Bestalde, uste dut bertsolariek ere gustuko zutela estilo hau, eta lasai asko uzten zidaten eremu pertsonaleko galdera horiek egiten.

Nola irekitzen da ate hori? Bertsolariaren konplizitatea eta nolabaiteko bertsolaritzaren ulerkera berri bat ezinbestekoak izango ziren. Bide bat ibili izanak ekarri zuen berrikuntza aukera, ezta?

Uste dut bertsolaritza tratatzeko modu modernoago horrek bertsolaritzaren ulerkera berri batekin kointziditu zuela. Lehen aipatu duzun bezala, bakoitzaren amarekin elkarrizketa labur bat egitea, ez zen posible izango hogei urte lehenago. Egin genuen garaian ez zen inolako arazorik izan.

80ko hamarkadaren erditik aurrera El Diario Vasco izango da Egin-en konpetentzia nagusia. Urte horietan hasten da Zavala egunkari horretan bertsolari zaharrak idazten jartzen, eta Basarrik ere bazeukan bere zutabea. Testu horietaz zer iritzi duzu?

Gaur dudan ikuspegia orduan izan banu, mirespenez eta kariñoz irakurriko nituen Zavalaren edo Basarriren lanak. Orduan, gure lan egiteko moduaren antitesi gisa ikusten nituen. Beren idazteko moldea oso zaharkitua iruditzen zitzaidan, eta, irudipena nuen, iraganeko bertsolaritza moldearen babestoki bilakatu nahi zutela egunkari hori. Hain zuzen ere molde zaharreko bertsolariak izan ziren Zavalaren eskutik idazten hasi zirenak.

80ko hamarkadaren bukaeran jende berri baten sinadurak hasiko dira agertzen El Diario Vasco-n. Rufino Iraola eta Pello Esnal aditu gisa, Felix Ibargutxik gaiari jarraipena egingo dion kazetari gisa. Horien bidez El Diario Vasco ere bertsolaritzaren parametro modernoetara ekartzen da, ezta?

Bai, bai, erabat, baina egunkariaren testuingurua ere kontuan izan behar da. Ibargutxik gurearen antzeko ikuspegia zuen bertsolaritzaz, baina muga handiak zituen bere lanean; alde batetik, egunkari hori Gipuzkoara mugatzen zelako, eta txapelketa nagusi baten jarraipena egiteko eta, areago, beste lurraldeetako txapelketena egiteko inolako intereserik ez zegoelako zuzendaritza aldetik; eta, bestetik, kolaborazioen orrialdeek zahar kutsu hori ere bazutelako edukiengatik eta idazteko moldeengatik. Kolaboratzaile gisa haize freskoagoa ekarri zutenak Iraola eta Esnal izan ziren.

Ibargutxi izan da zurekin batera lan hauetan ibilbide luzeena egin duen kazetaria.  Nolako kazetaria iruditzen zaizu? Nola konpondu izan zarete?

Kultura arloko prentsaurreko, aurkezpen eta ekitaldietan elkarrekin tokatu izan gara urte askoan. Lagunak izan gara. Berak eskuineko belarria du hondatuta eta nik ezkerrekoa, eta elkarren ondoan modu desegokian parejatuta esertzen ginenean, lepoa luzatuta ibili behar izaten genuen belarri onaren bila, ahapeka komentarioak egin ahal izateko. Ezagutzen ez gintuzten kazetariak harrituta eta intrigatuta edukitzen genituen gure maniobra horiek ikusita.

 

1990-2000ko hamarkadak, Bertsolari

 

91n ateratzen da Bertsolari. Kazetaritza ikuspegitik, jada 89ko gehigarrian ageri den berritasun horretan sakontzea izan daiteke funtsezko ideietariko bat?

Ez dut ezer berririk esango. 90eko hamarkada hasierko boomaren ondorioetako bat izan zen aldizkaria. Telebista izango zen, seguru asko, olatu handi horren eragileetako bat, baina telebistak eta irratiak landu ezin zuten esparru batean sartu ginen gu: erreportaje eta elkarrizketa luzeen esparruan. Bertsolariek eurek esan ohi dute ez direla divoak, ez direla saioa bukatu ondoren kamerinoetan ezkutatu zaleak. Baina, inguruan dituzten lagunez gain, oso bertsozale gutxik dute haiengana gerturatzeko aukera, eta horretan saiatu zen, hasieran bederen, aldizkaria: gertutasun horren bila, beren eguneroko bizimodua, beren baitako kezka eta ametsak, ofizioari buruzko zertzeladak agertzen.

Oso gutxitan ikusiko da lehen zenbakietan eta gero ere bertsolari bat kantuan, prentsa idatzian aurreko hamarkadetan ia beti mikrofonoaren aurrean kantuan agertzen ziren bitartean.

Zein zen Bertsolari-ren errezeta?

Aldizkari espezializatua dela entzun izan dut, tarteka, Bertsolari-ri buruz. Neuk ere esango nuen hori beharbada, baina aldizkari tematikoa dela esatea zuzenagoa dela uste dut, espezializatuak konnotazio akademikoak baititu. Aldizkari tematikoa zen eta da, baina nire irudipena da gero eta espezializatuagoa dela, ikerketak eta gogoetak gero eta leku gehiago dutelako bere orrialdeetan. Zer errezeta? Aldizkari tematikoen arintasuna eta espezializatuen sakontasuna konbinatzen saiatu ginela esan daiteke, pitin bat handinahia gelditzen bada ere, oso tonu ezberdinetako erreportaje eta elkarrizketak sartzen baikenituen.

Mañu bizarra mozten, Peña Uliako sorginarekin, bertsolari kuadrilla kulot eta guzti Tourmaleta igotzen… Bertsolarien inplikazioa handia izan zen, ezta? Inplikazio hori Egin-en egindako lanarekin lortutako konplizitatearen fruitu izango zen…

Ez dakit seguru. Uste dut bertsolari belaunaldi berezi samarra egokitu zitzaigula parean, irekia, esperientzia berriak probatu zalea, eta ez zutela asko xaxatu beharrik izaten aldizkariko azalean edozein egoeratan agertzeko. Geure aldetik, batzuetan, behartu ere egin genituen egoerak, eta kontrakarrak ere jaso genituen, normala den bezala. Aldizkariaren gainean, sektore batzuetan, sentsazionalismoren mamua ikusi zen.

Elkarteak hasiera batean ez zion argi berderik eman proiektuari.

Bilera asko egin genituen ezezkoa jaso aurretik, eta nik behintzat garbi daukat ez zegoela proiektuaren kontrako arrazoi sendorik. Elkarteak mila proiektu zituen une hartan esku artean eta ez zuen beste bat bere gain hartzeko gogorik. Ez hori bakarrik, gizarte segmentu berari Elkartearen zerbitzu zenbait eta buletinaren truke harpidetza eskatu behar zizkion, eta jende bertsuari aldizkari bat eskaini nahi izatea, beharbada, gehiegizko zama izan zitekeela pentsatuko zuten edo saturazio bat ekar zezakeela… ez dakit.

Zein dira lehen garai hartatik gehien asebete zintuzten lanak?

Zaila da esatea. Lazkao Txikiren azken argazkia gurea da. Biharamunean elkarrizketa bat egitekotan gelditu ginen, baina ingresatu egin zuten eta berehala hil zen. Oso denbora gutxian ale berezi  bat prestatzeko gaitasuna izan genuen.

Bestalde, Uliako Sorginari egin genion bisitatik oso oroitzapen onak ditut, bidenabar neuri ere etorkizun nahiko oparoa iragarri baitzidan. Uste dut emakume baikorregia zela…

Zenbakirik bitxienetako bat Bertsolariak mantalarekin izenekoa izan zen. Amaren semeak izeneko erreportajea. Bitxia izan zen geroago Josu Martinezek eta Antton Olariagak elkarrekin egin zuten Bertsolaritzaren historia berrogeiko txikian hura edota garai bertsuko Bertsolariak eta gatazka politikoa izenekoa. Gauza bitxi asko egin genuen. Lehen zenbakiak izan zuen harrera, Durangoko Azokan egin genituen harpidetza mordoa, lehen urtean mila harpidetara iritsi izana… horiek dira gogoan gelditu zaizkidanak.

Argia Saria ere eman zioten aldizkariari lehen urte hartan. Baduzu gogoan nola arrazoitu zuten?

Uste dut Josu Landak lehen zenbakia ikusi eta berehala deitu zigula zorionak emateko… Azalpenak ez ditut gogoan.

Hitzetik Hortzera-k, Hitza Jolas-ek edota Bertsoa.eus-ek bertsoaldien emisioa dute ardatz. Aldizkarian, ordea, elkarrizketak, erreportajeak eta iritzia dira oinarria. Zer da bestelako lan hauek egiten duten ekarpena? Bertsoaz aparte eskaintzen denak zertarako balio du?

Esan ohi da zaleari gehien gustatzen zaiona bertso soila dela, baina ez daukat nik hain argi.  Zalea mitomanoa izan ohi da eta iruditzen zait bertsolariaren inguruko edozein zertzelada eskertu ohi duela bertsoa bezainbeste.

Bertsolariren batek komentatu izan dit bere gaiaz (bertsogintzaz eta bertsolaritzaz) hitz egitea interesatzen zaiola, ez duela pertsonaia bihurtzeko (bertsolariaren atzean dagoenaz hitz egiteko) inolako interesik. Arrazoizkoa iruditzen zaizu kritika?

Beharbada, intimitatearen mugan ibili ginen, baina marrarik pasatu gabe. Dena den, prentsak ez ditu bertsolariak pertsonaia bilakatu, ez du horretarako indarrik. Bertsolariek eurek eraikitzen dituzte pertsonaiak, horrek bertsotarako jokoa ematen dielako. Artean eta literaturan mitoak ahulagoak izaten dira, baina ez dute izaten arazorik beren baitako bizitzaz, eguneroko bizimoduaz, dituzten maniez hitz egiteko. Ez dut uste hortik aurrera gehiegi pasatu ginetik.

Garziak testu batean dio Bertsolari funtsezkoa izan zela 90eko hasieran bertsolariak izar bihurtzeko. Egañak, medioen estereotipazioak bertsolariari komunikaziorako plus bat ematen diola zaletuen artean…

Ez dut uste Joxerrak dioena egia denik. Egañarena zuzenagoa iruditzen zait: komunikaziorako plusa erantsiko genien estereotipoei. Guk ez genuen Mañuren pertsonaia eraiki, berak ondo eraikita zuen saioen rankinean buru egon zen garaian. Guk, izatekotan ere, irudi hori zabaldu egin genion publiko zabalago bati.

Egañak eta Sarasuak idatzi izan dute hedabidetzearen belaunaldia izan dela eurena, hedabideetan ateratzeko ia eskaintza denei baietz esan izan dietela. Hurrengo belaunaldietan, ordea, iruditu izan zait medioekiko jarrera zuhurragoa dela. Nabaritu izan duzu belaunaldi arteko ezberdintasun hori?

Erabatekoa izan da aldaketa hori, baina ez nuke horrela, bat-batean, zergatik eman zen esaten asmatuko… Izan daiteke Egañaren belaunaldiak, bertsolaritzari eta bertsoari buruzko ikuspegi berri bat kaleratu behar zuen neurrian, hedabideen behar handiago bat sentitzea.

Aldizkariaren hasierako etapa horrek noiz arte iraun zuela esango zenuke? Eliteko bertsolari belaunaldi berriaren jarrera aldaketa horrekin izan dezake zerikusirik?

Seguru asko bai. Hala izan daiteke.

Zein izan dira zure ustez aldizkariaren indargune eta ahulgune garrantzitsuenak?

Indargune nagusia azpiegituran, pertsonalean eta gainontzeko funtzionamendu gastuetan eraman duen jarrera ajustatua izan daiteke: presupostuaren zati nagusia aldizkariaren kalitate materialean inbertitu da, eta hori irakurleak ikusi egiten du. Irudimen handiko kazetariak ibili ditu inguruan. Horrek eragin negatiboa izan du argitalpena bere orduan kaleratzeko orduan, baina inoiz ez da aspergarritasunean erori, beti jakin izan du sorpresatxoak ematen.

Ahulguneak, mila: ez du asmatu harpidetzari behar bezala erantzuten, eta ez du asmatu inguruan talde sendo samar bat antolatzen ere. Aldizkariak ez du, bestalde, komunitate bat osatu beharrik sentitu. Nahikoa komunitate da, berez, bertsozaleen mundua, eta horrek bakartzeko arriskuan jarri du etengabe.

 

1990-2000ko hamarkadak, EginGara

 

90eko hamarkadatik aurrera Egunkaria/Berria-k lidertza eztabaidatuko dio Egin/Gara-ri. Izan duzue inoiz Egunkaria/Berria-rekin lehia sentsaziorik?

Lehia sentsazioa ez da bertsolaritzaren arloan bakarrik izan, euskarazko kulturaren jarraipenean oro har baizik. Kultura saileko arduradunen obsesioetako bat izan da.

Eredu ezberdinak eskaintzen dituzte: Egunkaria/Berria-k, egunkari euskalduna izanik, egunkari osoan zehar dihardu txapelketaz. Iritzi sailean, testu gehiago ditu, kolaboratzaile denak euskaldunak eta asko bertsozaleak direlako, baina burtsako adituak ere bertsolaritza erabiliko du metafora gisa ekonomia sailean. Egin/Gara erdalduna da, gainerako sailetan ez dago bertsozaletasun handirik, eta egunkariak indar gehiena gehigarri berezietan jarriz, kazetaritza berrikuntzak eskainiz (goizeko eta arratsaldeko kronikak bereiztea, esaterako) eutsi nahi izan dio bere posizioari.

Bai, gehigarri berezietan egiten genuen ahalegin handiena.

Kuriosoa da Egunkaria/Berria-k, horrelako arreta eskaini arren, urte hauetan guztietan bertsolaritzarako Ibargutxi edo zeure gisako kazetari erreferentzialik ez izatea. Apenas dagoen txapelketa artean errepikatzen den sinadurarik. Deia-n, beste hainbeste. Zergatik izan daiteke? Zertan lagundu izan dizu zuri esperientziak?

Esperientziak laguntzen du, noski. Agenda on bat edukitzeak eta batez ere bertsolari askorekin adiskidetasun harreman bat izateak. Ibargutxi batek eta nik neuk harreman hori landu dugu. Hala ere, lotura gehiegizko horrek baditu bere desabantailak, adibidez, bertso-saioen kritikak egiteko orduan.

Gara-n Amagoia Mujikak hartu dizu erreleboa. Nola ikusten duzu bere lana? Egin/Gara-tik kanpo ona edo deigarria suertatu zaizun sinadura edo kolaboratzaileren bat?

Gara-tik kanpo Beñat Zamalloa nabarmenduko nuke, kronikak egiteko moduagatik eta baita kritikarako zuen zorroztasunagatik. Amagoia Mujikari buruz bere zaletasuna eta are pasioa azpimarratuko nituzke. Gaia tratatzeko modu edo bertsolariengana hurbiltzeko modu, nolabait esateko, femeninoago bat ekarri zuen, hori esatea bera matxismokeria bat ez bada.

Zein dira urte hauetan lan egiteko moduan topatu dituzun aldaketa nabarmenenak?

Aldaketak handiak izan dira. 80ko eta 90eko hamarkadetan, Txapelketako kronikak egiteko orduan, bertsoen transkribatzea eskuz egiten genuen. Orain, Xenpelar Dokumentazio Zentrotik pasatzen dizute berehala. Bestelako materiala ere jartzen du eskuragarri… Elkartearen komunikazioaren profesionalizazioa izango zen, ziurrenik, aldaketa garrantzitsuena. Eta, gero, lehen bizpahiru kazetari ginela eta orain dozena bat.

 

Bertso-kazetariaren lana

 

Zer da zure ustez bertsolaritzari buruzko kazetari on bat bereizten duena?

Hori kazetari on batek erantzun beharko luke. Horretara jarrita, esango nuke ez dela nahikoa bertsozale amorratua izatea bertso-kazetari ona izateko. Lagundu egingo du, baina beste hainbat gairi buruz ondo idazten duen edozein kazetarik ikasiko du bertsolaritzaz idazten. Beste kontu bat da bertso kritikaria izateko zer behar den. Horretarako, zinema kritika egiteko edo musika kritikaria izateko bezala, ezagutza sakona behar da.

Pixkanaka, gero eta bertsolari gehiago dabil kazetari lanetan. Zer plus izan dezake bertsolari batek bertsolaritzari buruzko kazetaritza egiteko?

Terrenoaren ezagutzak ematen duen abantailaz aparte, ez dut uste beste plusik emango dionik. Zutabegile ikusten ditut bertsolari asko, eta hor bai suma daitekeela halako parekotasun bat, bertsoak bezalaxe zutabeak ere egitura jakin bat behar baitu: hasiera, bukaera eta betelana.

Bertsolaritzaren jarraipena egiten duen kazetaria sentitzen da bertso mugimenduaren parte? Badago militantzia elementu bat kontu honetan guztian?

Bai eta ez. Beti sentitu izan naiz bertsozale eta, bertsolaritza maite nuenez, mugimenduaren parte sentitzen nintzen, baina kazetaritza ere maite nuen, eta edozer gauza egiteko prest nengoen kronika eder bat atera ahal izateko. Bi pasio horien arteko oreka bat beharko da, seguru asko, ondo funtzionatu ahal izateko.

90eko hamarkadatik aurrera ikusten da bertsolariak ikasi egin duela bere buruaz, bere prestakuntzaz, bere bertsokeraz, bere momentuaz hitz egiten. Izan dezake zerikusirik bertsolaritzak gogoetarako eta autoanalisirako erakutsitako prozesuarekin? Zein suertatu zaizkizu elkarrizketa baterako bertsolari onenak?

Nire garaikoen artean Sarasua eta Egaña uste dut zirela jokorik gehien ematen zutenak. Baina gogoan dut garai bateko Lizaso ere, monosilaboekin erantzuten zuen Lizaso hura, asko gustatzen zitzaidala. Kazetariak Sebastianen garunean sartu eta asmatzen ibili behar zuen, baina garuna beteta zuen honek… Gerora, Lizasok ikasi egin zuen galderei dotore samar erantzuten.

Zaharragoen artean, Joxe Agirre izugarria iruditzen zitzaidan elkarrizketa baterako. Joxe Lizaso eta Imanol Lazkano, zer esanik ez. Amurizak ere asko ematen zuen eta, gazteagoen artean, Jon Maia asko ematen dakien bertsolaria da.

Zein dira bertsolari batekin egindako elkarrizketa on baten osagaiak?

Bertsolariak bere bizitzari buruzko kontakizun ongi prestatu bat izateak asko laguntzen du. Tarteka pasadizo on batzuk sartzen baditu, hobeto. Elkarrizketak beti behar du gaurkotasunarekin loturaren bat, dela txapel bat, ezbeharren bat, berriren bat, ematen zaion espazioa justifikatuko duena. Esparru publikoaren eta intimoaren arteko oreka batek ere laguntzen du…

Bertsolari zenbaitek komentatzen du bertso saioei buruzko kronika gehienek kasik berdina eskaintzen dutela joan diren urte mordo batean, aspergarriak direla.

Guk egindako kronikak seguru aspergarriak izango zirela irakurle askorentzat. Zer esanik ez saioan kantatu duen bertsolari batentzat. Kronika horiek, bestalde, futbol partidetako kronikak bezala, saioan entzuten egon diren irakurleentzat idazten dira, bezperan bizi izan zituzten bizipenak biharamunean berritzeko edo. Horiek izan ohi dira irakurle finenak, eta horiei begira idatzi ohi dira kronikak; eta, zeharka, bakarrik informazio bila doan irakurlearentzat. Normala da, beraz, bertsolariari ezer ez aportatzea.

Zein dira bertso kronika on baten osagaiak? Puntuazioei begiratuta idatzi behar da edo begiratu gabe? Norberak jaso duen sentimendua sentimendu orokorra ote den izango da kezketariko bat…

Saio baten kronika egin nahi duenak hautaketa bat egitetik hasi behar du. Ezin da kronika txukun bat idatzi bertsoaldiz bertsoaldi kontaketa bat eginez. Saioko protagonista bat edo bi aukeratu behar dira, saioko alderdi deigarri batzuk, eta haien inguruan egin behar da kontaketa, kolore pixka bat izan dezan. Saioko alderdi batzuk nabarmentzen jakitea da gakoa. Kronika guztietan bezala, ikuspegi eta plano aldaketak, publikoari buruzko zertzeladak… tartekatu behar dira.

Gauza horiek modu intuitiboan egiten dira edo praktikaren poderioz ikasi. Gero, lan egiteko moduan, kazetari bakoitzak bere trikimailuak erabili ohi ditu. Badaude kronika bat saioa entzun ahala idazten joaten direnak. Ni neu aldian aldiko komentarioak idatziz joaten nintzen. Erredakziora bidean asmatzen nuen gidoi moduko bat eta izenburua, eta ordenagailuaren aurrean oso denbora gutxian idatzi behar izaten genuen orrialdea. Presakako lan hori beti gustatu izan zait.

Bertsolaritzari buruzko kazetaritzaren inguruko gogoetetan, urte askoan, mantra bat bezala errepikatu izan den kontu bat da fundamentuzko bertso kritika baten gabezia. Zergatik eman izan da gabezia hori zure ustez?

Euskal literaturaren kritikak duen arazo bertsua dauka bertso kritikak. Zinema kritikari bat, Asiako zinegile baten azken lanaren aurka sekulakoak idatzi ondoren, lasai atera daiteke ostiral iluntzean gaupasa egitera. Literatura kritika egiten duenak, eta bertso kritika egiten duenak berdin, kalean aurki dezake kritikatu duena. Bestalde, bertso kritika akademikoago batek ez du tradiziorik gure artean, eta, kolaborazioak nola ordaintzen diren ikusita, ez dakit zein anima daitekeen ahalegin izugarri eta esker txarreko hori egitera.

 

Eskutik egindako bide bat

 

Bertsolaritza euskal kulturaren sisteman beti nolabaiteko zentraltasun bat izan duen elementua da.

Hala dirudi, eta hori ulertzeko arrazoi gehiago ere aipa daitezke: bertsoa norgehiagoka da, eta herri kulturan sekulako garrantzia du erronkak eta apustuak. Bertsoa inprobisazioa da, eta ikuslearen edo entzulearen bihotza kilikatzen duen ariketa da hori. Bertsoa biren arteko kontua da eta horrek badu zerikusirik antzerkiarekin ere, elkarrizketa den neurrian. Badirudi garatu ez genituen beste kultura-adierazpideen ordezko-edo dela gurean bertsoa. Eta gezurra badirudi ere, hain adierazpen kultural zaharra izanik, egungo gustuetara egoki moldatzen da.

Zer azalpen izan dezake gisako fenomenoek beste herrialdeetan dutena baino askoz ere presentzia handiagoa izateak gurean?

Transmisioa eten den lekuetan desagertuko ziren, seguru asko, antzeko fenomenoak. Hemen, transmisioa segurtatzea lortu da, baina irudika genezake bertsolaritza hondamendira eramango zuen eszenatoki bat ere: ez dut oso zaila ikusten ariketa hori, eta oso argigarria izango zatekeen.

Duela mende eskas herri kultura aurremodernoaren praktika bat izatetik, modernitatean sartu eta masa kulturan sartu-irtenak egitera pasatu da bertsolaritza.

Harrigarria, ia-ia mirari bat, herri kulturaren beste hainbat adierazpen bidean galdu direnean.

Hedabideratzeak berak zein puntutarainoko garrantzia izan du bertsolaritzaren garapen honetan guztian?

Instituzionalizatzeak eta hedabidetzeak ekarri du bertsolaritza gaur eguneraino, baina kontrako ariketa egitea ere ez dago gaizki, bidean zer galdu duen galdetzea alegia. Adierazpide kultural bazterreko, irreberente eta traketsa izatetik kultu samar, garbi eta errespetagarri bilakatu da, eta hor galera ikustea ez dago gaizki, justizia pixka bat egiteko.

Azken hamarkadetako arreta mediatikoaren eklosioan mugimenduaren estrategiak izan dezake zerikusirik. Zertan asmatu du alor horretan Elkarteak zure ustez?

Elkartearen merituak asko dira. Lan boluntarioa eta profesionala elkartzeak sekulako indarra eman dio helburuak lortzeko orduan; transmisioa aipatu dugu lehen, hedabidetzea gero, txapelketen antolaketa gaurkotuago bat… Gizarteari, bertsozaleei partaidetza bat eskaini die lan egiteko, eta oinarria zabaltzen jakin dute.

Joxean Agirre Joxean Agirre Joxean Agirre Joxean Agirre Joxean Agirre Joxean Agirre Joxean Agirre Joxean Agirre Joxean Agirre Joxean Agirre Joxean Agirre Joxean Agirre Joxean Agirre