Joseba Otaegi: Bertsoa eta aizkora

Argazkiak: Conny Beyreuther

Elkarrizketa: Joseba Otaegi. Bertsoa eta aizkora –

Aizkora zorroztu daiteke, baina mingaina berez behar da zorrotza

 

Natural egiten du bertsotan Joseba Otaegik. Iturriari ura nola, halaxe dario bertsoa nola eta nondik jakin gabe. Egurra da, ez zura.

Eskolarteko txapelketatan nabarmendu zen haur bat baino ez zenean, baina bertsolaritza utzi zuen gaztetan. Gipuzkoako Herriarteko txapelketako finalean kantari entzun ahal izan dugu, bizitza guztia plazan daramanaren ziurtasunez. Aizkoran herriz herri ibiltzeak jendaurrerako tenplea eman dio, antza, eta silabak zehaztasunez ebakitzen jarraitzen du.

 

Zer zorrozten da aiseago mingaina edo aizkora?

Aizkora zorroztu daiteke, baina mingaina berez behar da zorrotza, zorroztea zaila da. Hemen inguruan errimatzen ez dakien jende asko dago mingaina aski zorrotza daukana. Askotan pentsatzen dut, horrek “talentu hori bertsotara errenditzen baleki…”.

Nolatan apuntatu zinen Herriarteko txapelketara?

Unai Mendizabalek aipatu zidan 2013an Herriarteko txapelketa antolatzeko asmotan zebiltzala. Akaso apuntatuko nintzela esan nien. Garai hartan oraindik asmo bat baino ez zen txapelketa hura, baina iaz, Iturriondon, afaltzen ari ginela, esan zidaten aurrera zihoala. Harituz bertso eskolen sareak antolatutako taldekako txapelketan parte hartua nintzen ordurako, eta pentsatu nuen “zergatik ez honetan ere?”.

Herriartekoan ez zaizkizue aurkari samurrak egokitu.

Bai, lehen multzoan Zarautz tokatu zitzaigun, eta oso zaila zen Nahikari Gabilondo, Felix Zubia eta Mantxi bezalako bertsolariak gainditzea. Hori jakin genuenean gure aurreikuspena bi saio egitea zen, baina aurrera egin genuen gure multzoan. Ondoren etorri ziren Ereñozu eta Azpeitia. Nire ustez Alegian egin genuen saiorik onena. Taldekako ariketa asko zeuden eta horrek ere balantza gure aldera mugitzen zuen. Nik uste gure arteko giro ona igerri egiten zela kopla kantari.

Ilusioa egingo zizun txapelketan aurrera egiteak, ezta?

Bai, baina pena punttu bat ere banuen… Ni lanpetuta nenbilen aizkora eta lanarekin, eta taldekideak ilusioz beteta sumatzen nituen. Pena ematen zidan nire irristada batengatik kanpora geratzeak.

Pena da hitza? Ez zuen gehiago beldurretik edo lotsatik?

Txapelketa honetan ez dut inoiz lotsarik sentitu, nik uste inork ez zidala exijitzen lotsa sentitzeko adina. Beldurra denik ere ez dut uste. Penatik gehiago zuen. Finalean, adibidez, ez nuen sentitzen pena hori. Azken finean, finalera iristeko ilusioa zuten taldekideek eta hura beteta zuten.

Ez dituzu taldekide makalak izan alboan…

Ez. Sekulako mailan jardun dira. Agurrak prestatzen sekulako lanak hartzen zituzten. Gauerdian idazten zidaten, hau eta hori egin zutela esanez. Zorte handia izan dut Unai eta Haritz gertu izanda.

Aspalditik ezagutzen al duzue elkar Unai Mendizabal eta biek?

Bai, hau herri txikia da eta denek elkar ezagutzen dugu. Maiz jardun dugu kantari barra ertzean. Mendizabal beti izan da graziosoa, jendearengana iristeko sekulako ahalmena du. Herrian bertan egiten ditugun mozorro festetan ere bera aski da giroa jartzeko. Pregoia irakurri ohi du, bere showa muntatzen badaki. Hala ere, ez da barrea eragiten bakarrik dakien bertsolaria, orain bertsotan ikaragarri ondo egiten du. Gainera, badaki bere mugak non dauden eta ez da Ametsen moduan kantatzen tematuko, berak bere estiloa eraiki du. Ereñozuren aurkako lehian Mendik egin zuen bakarkakoa ikaragarria izan zen. Nik sekula ez diot horrelakorik entzun. Itsuaren paperean jarri zuen gai-jartzaileak eta 15 urtean bere lagun izan zuen txakurra hil dela eta bazeramatela esan zioten, eta berak horrelako zer edo zer bota zuen: “Argi izena jarri nion nik / zelako lagun argia / zuk orain arte argitu duzu / nagusiaren bidia / herioren oparia / iritsi zaio ordia / kamila baten ipini dute / ta gainean maindiria / hau da bizitzan ikusi nahi ez / dedan lehenengo aldia”.

Eta Haritz Mujika?

Haritzekin bertsotako entrenamenduaren bidez eraiki dut harremana. Bertsotan xorrotxa eta zuzena da Haritz. Azkeneko urte eta erdian asko hobetu duela uste dut. Puntua erantzuten, adibidez, berme bat da. Nik ez nituen asko jarraitzen Mendi eta Haritz. Banekien gazte txapelketak irabazten ari zirela, baina bertsotan apenas entzuten nituen. Txapelketa honetan harrituta utzi naute. Modu apartekoan egiten dute bertsotan.

Jendeak akaso ez du jakingo, baina Eskolarteko txapeldun izan zinen taldeka 1996an. Nola hasi zinen bertsotan?

Eskolarteako txapelketara joango ginela esan ziguten eskolan. Ni artean sekula bertso eskola bat zapaldu gabea nintzen, baina bertso idatzien atalean txapela atera nuen. Gerora Eskolartekoan nire taldekide izango zen Jon Ormazabalek ere aipamen berezia irabazi zuen. Oso irakasle bertsozalea genuen, altzotar bat, eta hark Amaia Agirrerekin hitz egin zuen. Handik atera zen dozena erdi haur zituen bertso eskola. 1996an Eskolartekoa irabazi genuen bat-batean taldeka, baina hurrengo urteetan banaka ateratzea tokatzen zen, eta beste bi taldekideek uko egin zioten. Nik 19 urte bete arte segi nuen bertsotan, baina karrera motza eta antzua izan zen gurea.

Eta zuk, nola mantendu duzu bertsotako maila?

Ez dakit. Ni neroni harritzen naiz askotan. Bertsoa segitzen dut, baina ez naiz bertsozale amorratua. Kantatzea gehiago gustatzen zait aditzea baino. Oso natural egiten dut bertsotan. Ez dakit nola. Bertsotan erakusteko ere ez nintzateke kapaz izango.

Bertso-eskolara urtetan joan ez den pertsona batek nolatan erabakitzen du txapelketan aurkeztea?

Batetik, ez dakit ezetz esaten. Bestetik, lanak errazak izan dira niretzat. Zortziko handian aise egiten dut, lekua dut nahi dudana esateko. Gainera, babes handia ematen zidan puntuatzeko formatuak. Ofizioa zeinek egin zuen hobeto baloratzen zen, ez zen puntuaziorik ematen bertsorik bertso. Zulorik egiteko arriskurik ez dago formatu honekin, eta alde handia da hori gu bezalako bertsolarientzat.

 Erraza izan al da txapelketa eta aizkora uztartzea?

Herriarteko finalaren biharamunean Urrezko Aizkorako finalerdia neukan. Aurreko asteburuan aizkorak prestatzen egon nintzen. Berez, ez zen egoerarik onena ez batean ez bestean zentratzeko. Horregatik, erabaki nuen txandaka joango nintzela: larunbata, bertsotarako; igandea, aizkorarako. Onartu behar dut finalaren bezperatan ilusio handiagoa egiten zidala Gipuzkoako Herriarteko Txapela janzteak Urrezko Aizkora irabazteak baino. Azken finean, aizkoran izango dut aukera hurrengo urteetan akaso, baina bertsotan hauxe nuen bakarra.

Zergatik uste duzu irabazi duzuela?

Gure herriak, Zizurkil eta Asteasu, izan dira txapeldun. Oñatira joan ginenean berrogei laguneko kuadrillarekin joan ginen, eta oñatiarrak hogei inguru ziren. Pentsa, kanpoan ere etxean jokatu dugu. Herriko jendeari eskertu behar diogu hainbeste jarraitu izana. Gainera gu, talde moduan, bat izan gara. Jon Ormazabal epaile moduan jardun da gogotsu. Igotz Alkortak gai-jartzaile moduan lan mordoa egin du bai saioetarako eta bai entrenamenduetarako. Beste zenbait, otorduez arduratu dira. Herriarteko honetan, txapelketa berean jardun arren, denek ez dugu txapelketa bera izan, eta zortekoak izan gara gu.

Eta, halako lorpenaren ondoren saiorik irten zaizu? Prest zeundeke bertsotan jarduteko?

Bertsoa asko gustatzen zait, baina plazaz plaza ibiltzeko ez zait goserik sortzen. Nik gustura sentitu behar dut gozatzeko. Txapelketan, batzuetan kosta egin zait erosotasun hori topatzea.

Ikusten dut pena asko ez dizula ematen bertsoa utzi izanak…

Ez, uste dut utzi egingo nuela edonola. Bertso afaritara joanda ere ez daukat oroitzapen onik. Lagunartean gustura jarduten naiz.. Baina leku batera joan, eta “kanta hezak” entzuteak atzeraka eragiten dit. Arraroa naiz horretan. Norbait zirikatzen hasten bazait festa giroan, ez naiz erantzun gabe geratuko. Besterik da, norabait joatea jakinda bertsotan egin behar dudala. Ez badut ondo pasatzen ez naiz hasiko sufritzen… Horretarako aizkora daukat.

Aizkorarako deitzen badizute ordea…

Aizkorarako deitzen banaute, joango naiz. Aizkoran ere sufritzen da. Egun onak eta txarrak izaten dira. Txarrak gehiago, akaso, baina onak hain dira onak…! Lehia kutsu hori gustatu egiten zait. Bezperan tentsioa izaten dut, eta momentu txarra pasa ere bai, baina bukatu orduko gustura geratzen naiz, eta berriz egiteko gogoa sartzen zait.

Zer gozamen dago sufrimenduan?

Entrenatzen hainbeste lan hartu ondoren, hainbeste sufritu ondoren, eguna borobil irteten denean, sinestezina da barruan sentitzen dena. Aizkorakada eman, eta ezpal hori libratzen denean sentitzen den satisfazioa… Aizkoran maiz hitz egiten da “tongoaz”. Dirua ederra izango da, baina zezen plazatik apustua irabazita irtetea… Kanpokoak ez du sufritzen, apustuak iraun duen artean egon da begira… baina edozein apusturen aurretik, sufritzen pasa dituzun bost hilabete daude.

Apustuzalea al zara?

Ni ez naiz jokatzailea, besteak ikustera joanda ez dut jokatuko. Apustua ezberdin ikusten dugu guk eta kanpoko jendeak. Badira apustua apustuarengatik gustuko duten pertsonak, eta badira apustua gustatzen zaienak bi kirolariren onena emateko aukera moduan bizi dutelako. Nik uste bigarren hau dela gehiengoa. Niri ere zati hori interesatzen zait.

Jendaurrean hazi egiten denetakoa zara?

Plazan ibili naiz, eta frontoira sartu eta 500 pertsona ikusteak ez dit beldurrik ematen batere. Jendaurrean, ordea, ezberdin sentitzen naiz aizkoran egin behar badut edo bertsotan. Aizkoran badakit zehazki zer egin behar dudan. Oso mekanikoa da. Egur bakoitzera moldatu egin behar dugu, baina bertsotan sentitzen dudan intzertidunbrea handiagoa da askoz. Zerotik abiatzen gara aldiro. Dena den, Herriarteakoan egur xamurrak jarri dizkidate.

Beti ez zenituen egur samurrak izango apustuetan…

Apustua gogorra da. Zezen-plazan sartu eta “hi edo ni” hori konbatea da. Aizkoran bizi daitekeen momentu biolentoena da. Ni aizkoran exijituta sentitzen naiz, bertsotan ez dut sentitu hori. Norberak jartzen dio presio hori bere buruari, eta nik handiagoa jartzen diot aizkoran. Bertso txapelketaren aurretik lasai asko egiten dut lo nik eta aizkora apustuen aurretik ezin izaten naiz lokartu.

Eta, hala ere, nahiago duzu apustua txapelketa baino?

Gurea oso kirol bakartia da, lan askokoa. Egurra erosi, jarri, preparatu… lan handia du. Urte guztian zehar jarduten gara entrenatzen bakar-bakarrik. Apustu bat egiten dugunean, ordea, hiru-lau hilabetean zehar talde baten babesa izaten dugu, egurra jartzen digute, babestu egiten gaituzte, eta nire lan bakarra egurra moztea da. Plazan ere, laguntzaileak ondoan; egurra uste baino gogorragoa bada aizkora bila doaz. Ehuneko ehuna emateko aukera daukazu. Txapelketan oso gutxitan gozatu dut, eta apustuetan, ia beti. Asko ikasten dugu apustu bakoitzean. Hobetzen segitzeko oso lagungarriak dira apustuak, ni bezalako batentzat bereziki. Asko aizkolarien familiakoak dira, baina nik ez daukat aizkoran gidatuko nauen senitartekorik. Gehienera ere prestatzaile bat kontratatu dezaket. Material aldetik ere baditu abantailak apustu batek: aizkorak eskatu diezazkiekegu beste aizkolariei. Apustuengatik ez balitz sekula ez nintzen jardungo zenbait aizkorarekin; txapelketarako ez baitira uzten.

Aizkoren artean halako aldeak daude?

Ikaragarriak. Aizkora onak ezagutzen ditugu, aizkolari bakoitzak izaten du bat edo beste. Dudan aizkora onenetik txarrenera, bi minutuko lan batean, hogei segundoko aldea egon liteke. Pentsa

fisikoki zer zaila den hogei segundo horiek mejoratzea…

Zer du aizkora on batek?

Aizkorak estandarrak dira eta norberak egokitzen ditu bere eskuerara. Baina berria erosten duzun aldiro irten daiteke ona, erdipurdikoa edo txarra. Fundiziotik etortzen dira eta gero mekanizatzen dira, baina nahiz eta forma bera eman denei, material bat edo besteren arteko ezberdintasunak egoten dira, eta prozesua bukatzean, bat gehiago sartzen da egurrean eta bestea gutxiago. Batzuk egurrean sartu eta berehala libre geratzen dira, eta besteak, kateatuta.

Material asko ari zara zerrendatzen. Kirol garestia al da aizkora?

Enborrek eta aizkorek diru asko balio dute. Pentsatu urtean hiru kamioikada behar ditugula entrenatzeko. Aizkolari izan nahi duen haur bat badago, nondik hasi? Motozerra behar da, egurra behar da, tokia, aizkorak erosi… Guk baserria genuen eta toki faltarik ez dut izan zorionez, baina gainontzeko guztia erosi egin behar izan dut. Diru hori nolabait par egiteko kate bat sortu behar da. Exibiziotan diru apur bat lortu eta harekin kamioikada enbor eskatu, haiekin entrenatu, gero sutarako egurra saldu… Ez da dirurik ateratzen, baina gurpil horri jarraitzeko modu bakarra da. Bertsotan ere, puntan ibili nahi duen bertsolariak plazak egin beharra dauka.

Plaza egituraturik baduzue?

Ez, antolatu nahian gabiltza. Badago kudeatzen duen enpresa bat, baina aizkolariok ados jarri behar dugu gure artean nolako zirkuitua nahi dugun. Aizkora da herri kiroletan dirua uzten duen bakarra. Jende asko etortzen da ikustera. Federazioak aizkoratik ateratako diruarekin sustatzen ditu beste Herri Kirolak.

Eta zein zailtasun duzue antolaketan? Mundu ikuskera zaharra eta berria aurrez aurre dauzkazue?

Bai, adineko jendeak “Hau horrela duk” esaten digu. Askok gurasoak aizkolariak dituzte eta haiek ikuskera zaharragoa dute. Poliki egiten dugu aurrera.

Jende asko joaten zaizuela diozu, baina nik jende zaharra irudikatzen dut batez ere.

Aizkorak ez du jakin jende gaztea engantxatzen. Zergatik? Lanik ez delako egin horretarako. Gainera, apustuen munduak izen zikina izan du azken urteetan. Agian, merezita, denek ez zutelako txukun jokatu. Egur asko eman digute. Bi munduren artean gaude. Gazteak ez dira engantxatzen, baina gure publikoaren idoloak duela 60 urteko aizkolariak dira. Lehengo denborak dituzte aipagai beti. Bere garaian mina ematen zidan, baina ohitu naiz. Gainera, orain gazte gehiago gabiltza lehian eta horrek zaletuak erakarri ditzake.

Zaletuez ari garela, ikusi zintudan azkeneko aldian Boisen (AEBetan) zeunden eta sei mila lagun zenituen begira.

Bizitzeko ederra izan zen hura. Hemen denak kritikatzeko daude eta han denak, gozatzera. Zenbat buila. Ondo legoke hemen ere horretara iritsiko bagina, baina lan asko dago atzean. Eta guk egiten ez badugu ez du inork egingo. Orain sinestezina badirudi ere, 1950. urtearen inguruan 18.000 pertsona joaten ziren apustu bat ikustera; jendea kanpoan gelditzen zen. Jendea bildu izan du, kirol asko ez daude hori lortu dezaketenak. Aizkorak gantxoa du, baina ez dugu asmatzen.

Potentziala ikusten diozu orduan aizkorari?

Aizkorak engantxatu egiten du. Konprobatua dago % 100. Fitxa gehien aizkoran daude. Inoiz etorri izan zait pertsonaren bat lagunarteko apustua egin duela esanez, eta probatu egin nahiko lukeela… Jende hori normalean, gero, plazetara joaten da. Aitzol Atutxak beti esaten du jendeari probatzen uztea komeni dela. Zenbat eta jende gehiagok praktikatu, jende gehiago joango baita plazetara. Gainera, egiten dugunari ere balioa ematen dio; kanpotik begiratuta erraza baitirudi eta jendeak ez baitaki zein zaila den enbor bat azkar moztea.

Zer harreman izan duzu egurrarekin?

Beti izan dut egurrarekin harreman berezia. Umetatik jardun naiz egurrarekin jolasten, tailak egiten eta… Trintxak eskatzen nituen tailatzeko. Handitan arotza izan nahi nuela esaten nuen. Akaso horregatik iritsi nintzen aizkorara. Herri Kirolean harri-jasotzaile izateko aukera gehiago nuen, osaba harri-jasotzailea baitzen; baina harriak ez dit gehiegi tira izan.

Joseba Otaegi Joseba Otaegi  Joseba Otaegi  Joseba Otaegi  Joseba Otaegi Joseba Otaegi  Joseba Otaegi Joseba Otaegi Joseba Otaegi Joseba Otaegi Joseba Otaegi Joseba Otaegi Joseba Otaegi Joseba Otaegi Joseba Otaegi Joseba Otaegi Joseba Otaegi