Jone Makazaga: “Publiko zabalagoaren eta latinezko poema klasikoen artean zubiak eraikitzea lortu dugula uste dut”
Latindar autoreen poemak gaur egungo bertsolaritzako eta pastoraletako moldeetara egokitu, eta horri buruzko gogoeta egin du Jone Makazagak izenburutzat Latinezko poesia bertsotan euskaratzeaz: itzulpen musikatua eta gogoeta duen gradu amaierako lanean. EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Bertsozale Elkarteak emandako GrAL sariaren laguntza izan du horretarako.
Jone Makazaga –
Izenburutzat Latinezko poesia bertsotan euskaratzeaz: itzulpen musikatua eta gogoeta duen gradu amaierako lanean, gaur egungo bertsolaritzako eta pastoraletako moldeetara egokitu ditu latindar autoreen poemak Jone Makazaga Irurtia Itzulpengintzako eta Interpretazioko Graduko ikasleak, Gidor Bilabo Telletxearen tutoretzapean. Virgilioren, Ovidioren, Martzialen eta Senekaren idazlan hautatuek osatu dute Makazagak landu duen corpusa, eta askotariko doinu eta neurriak erabili ditu itzulpenetan.
Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedrak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatutako GrAL Saria irabazi zuen Jone Makazagak, eta horri esker 600 euroko dirulaguntza eskuratu zuen gradu amaierako lana sustatzeko.
“Gure lanaren mamia bertsotan egindako poesia itzulpenek osatu dute, eta ondoren xehatu ditugu zubi-testu bidezko saio praktiko horretan izan ditugun zailtasunak eta topatu ditugun irtenbideak”, adierazi du Makazagak, egin duen ikerketaren berri emateko. Horrez gain, baliatu dituen itzulpen estrategiak aurkeztu ditu itzulpen teorietako kontzeptuekin batera, eta poemak zehazki bertso edo bertsetetan itzultzearen mugei buruz hausnartu du.
Makazaga jabetu da poesia neurtua literatur tradizioko neurrietan euskaratzeari buruz orain arte egin diren hausnarketetan ez dituztela, aurreko ikerketek, bertso doinuak aztergaitzat hartu. “Lan honetan, aldiz, xede-testuei esleitutako doinuek itzulpen prozesuan izan duten eragina aztertu dugu eta, horren harira, musikaturik ere aurkeztu ditugu bertso neurrietara egokitutako itzulpenak”.
Xede-testuak musikaturik aurkeztea bide bat izan daiteke, Makazagaren ustez, euskal irakurle edo entzulearengan literatura unibertsaleko poesia neurtuarekiko interesa pizteko.
Gaur egungo bertsolaritzako eta pastoraletako moldeetara egokitu dituzu latindar autoreen poemak. Zehazki, Virgilioren, Ovidioren, Martzialen eta Senekaren idazlan hautatuek osatzen dute corpusa. Zergatik autore horiek eta zergatik molde horiek? Zer aztertu nahi zenuen hastapenean?
Gure lanaren helburua ez zen latindar literaturari buruzko informazio xehea eskaintzea, ezta poesia neurtua nola euskaratu behar den azaltzea ere. Hasieratik izan genuen buruan gradu amaierako lanaren erdigunean gaur egungo bertsolaritzako moldeetan egindako poesia itzulpenak egongo zirela eta, saio praktiko horretatik abiatuta, latinezko poesia bertsotan euskaratzeari buruz hausnartuko genuela. Pastoralaren ideia beranduxeago etorri zen, ikusi baikenuen itzulpenetan doinu eta neurri guztiz ezberdinak erabiltzeak bide emango zigula itzulpen prozesuan zehar efektu ezberdinak identifikatu, aztertu eta alderatzeko.
Miren Ibarluzeari irakurri genion Juan Garziak argitaratutako Uda-gau bateko ametsa itzulpenaren laginak bertsotara ekartzean doinu biziak hautatu zituela izaki miragarriek abestutako pasarteak itzultzeko, eta, aldiz, balada erako doinuak jauntxoen hizkera imitatzeko. Halaber, Xabier Payák aipatu zuen melodia minorrak baliagarri izan daitezkeela mezu tristeak indartzeko, eta melodia maiorrak entzuleari pieza alaiak iragartzeko. Ideia horri tiraka, tonu eta estilo ezberdinetako itzulgaiak hautatzea erabaki genuen, ondoren gure itzulpen estrategiak aurkezteko eta gure jarduna itzulpen teorietako kontzeptuekin uztartzeko.
Poesia neurtua itzultzeko hainbat molde bereizten dira. Honako hauek bereizten ditu James Stratton Holmes ikerlariak: erreprodukzio mimetikoa, analogikoa, organikoa eta bestelakotua. Zuk azken hori hautatu duzu, bestelakotua. Zergatik? Zer abantaila eta zer desabantaila ditu?
Gure xedea latindar autoreen lan klasikoak bertsotan euskaratzeari buruz gogoeta egitea zen. Alegia, edukia ahalik eta fidelen itzultzea, esaterako, ez genuen lehentasuntzat jo; latinezko poesia zehazki bertso eta bertsetetan euskaratzean zer gertatzen zen ikusi nahi genuen. Beraz, salbuespenak salbuespen, ez diogu sorburu testuaren metrikari erreparatu xede testuaren moldea hautatzerako garaian.
Zalantzarik gabe, hautatu dugun itzulbidearen eragozpen nagusia jatorrizko poemen edukia fideltasunez erreproduzitzeko zailtasuna izan da. Baina, ordain gisa, gure ustez, lortu dugu itzulpen libre eta sortzaileago baten bidez publiko zabalagoaren eta latinezko poema klasikoen artean zubiak eraikitzea.
Halaber, gure hautuak aukera eman digu itzulpen prozesuari buruz luze hitz egiteko. Hain zuzen, horixe zen gure lanaren xede nagusia: bidean izan ditugun zailtasunak identifikatzea eta irtenbide posibleak proposatzea, itzulgai bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta.
“Edukia ahalik eta fidelen itzultzea, esaterako, ez genuen lehentasuntzat jo; latinezko poesia zehazki bertso eta bertsetetan euskaratzean zer gertatzen zen ikusi nahi genuen”
Xede testuei esleitutako doinuek itzulpen prozesuan izan duten eragina da zure lanaren aztergaietako bat. Zer ondorio nagusi atera dituzu?
Antzinateko poesia latindarra euskaratzeko gure saio praktikoan, edukiak eta neurriak bezainbeste kezkatu eta baldintzatu gaitu doinuak. Poemak pastoralaren moldera eta bertso neurrietara egokitzeko, itzulgaiei forma aldatzen ibili gara etengabe, eta sortu ditugun itzulpenak libreak izan dira, hain libreak ezen, gure ustez, batzuetan, sormen lanaren mugara iritsi baitira.
Gure itzulpen prozesuan doinuek izan duten eragina azpimarratzeko, musikatuta ere aurkeztu ditugu bertso eta bertsetetara egokitutako itzulpenak. Irene Ruiz de Austri, Hur Sarasua, Ixak Sarasua eta Maddi Zabalo izan dira abeslariak, eta uste dut beren ekarpenak gure lanaren mezu nagusia indartzen duela, alegia, itzulpenei esleitutako doinu alai, goibel, iradokitzaile edo malenkoniatsuak tresna ezin hobea izan daitezkeela itzulpena bera girotzeko eta testuinguruan jartzeko.
Bada poesia neurtua hitz lauz itzultzearen aldekorik, hau da, esanahia ahalik eta fidelen itzultzeari garrantzia ematen diona, ondorioz neurria eta errima sakrifikatuz. Blanco ikertzaileak dioenez, euskal itzultzaileen artean ez da izan hori joerarik zabalduena, eta zeuk ere ez duzu bide hori hautatu lan honetan. Zer iritzi duzu bide horretaz?
Itzultzailearen helburuaren eta testuinguruaren araberakoa dela esango nuke. Gure xedea jatorrizko poemen literalitateari eustea izan balitz, ziur aski prosan idatziko genukeen gure itzulpena, modu horretan aukera izango baikenukeen, xede testuaren formak horrenbeste baldintzatu gabe, edukiari lehentasuna eman eta itzulpen fidelagoa sortzeko. Esan bezala, poemak zehazki bertso edo bertsetetan itzultzearen mugei buruz hausnartu nahi genuen guk, eta bide horretan erabilgarri izan zaizkigun estrategiak mahai gainean jarri.
Jakina, garai historikoaren eta ideologiaren araberakoa ere bada erabaki hori. Batzuentzat, agian, latindar autoreen lanak “zikintzea” izango da beren poemekin horrela jolastea. Horretaz jardun genuen, hain zuzen, gradu amaierako lana epaimahaiaren aurrean aurkeztu nuenean. Adibidez, euskal kulturgileen artean badago joera tradizioa berritasunarekin nahasteko, gazteen artean batez ere. Eta batzuek ez dute gogoko. Niri gustatzen zaizkit nahasketa horiek; garai berrietara egokituz hizkuntza bizirik mantentzeko bide bat izan daitezkeela uste dut. Baina ulertzen ditut kontrako erreakzioak ere. Latinezko poesiaren birmoldaketara itzulita, galdera antzekoa dela uste dut. Jatorrizko lana “garbi” mantentzea da gure xedea, edo molde berrietara egokituta, lan horiek bizirik mantentzea?
“…sortu ditugun itzulpenak libreak izan dira, hain libreak ezen, gure ustez, batzuetan, sormen lanaren mugara iritsi baitira”
Bertso neurrietan itzultzeak dakartzan galerak aitortuta ere, edukiarekiko fideltasunari dagokiona batik bat, honako hau diozu, ondorio moduan, zure lanaren amaieran: “Gure iritziz, bertsotan itzultzea doinu batekin itzultzea ere bada, eta bertso neurriak ezinbestean itzulpena baldintzatzen duen arren, ekarpena ere egiten dio”. Azaldu dezakezu zer motatako ekarpena izan daitekeen hori?
Esango nuke bertsolariek, oro har, doinua buruan izaten dutela bertsoak osatu artean. Eta bertsopaperak ere geure baitan abestuz irakurtzen ditugu, ezta? Nik bai behintzat! Bertso neurrietara egokitutako itzulpenei dagokienez, lan hau osatzeko aztertu ditugun hausnarketetan ez dugu halako iruzkinik topatu. Eta garrantzitsua iruditu zaigu xehetasun hori aipatzea, gure iritziz itzultzailearen jarduna baldintzatu (edo are ardaztu) baitezake doinuak. Lan honetan aurkezturiko itzulpen guzti-guztiak doinua buruan izanda eginak dira.
Azken ondorioan aipatutako ekarpenak doinuak itzulpenari ematen dion bizitasunarekin du lotura. Sorburu poemen edukia zehaztasun osoz berreraiki ez badugu ere, uste dugu xede testuak musikaturik aurkeztea bide bat izan daitekeela euskal irakurle edo entzulearengan literatura unibertsaleko poesia neurtuarekiko interesa pizteko.
Neurtuta itzultzeko joera nagusi
Poesia neurtua euskaratu duten itzultzaileen artean bertso neurriak erabiltzeko joera nagusitu da eta, horrez gain, errima ere poesia itzulpenetan gorde beharreko elementutzat hartu izan da. Hori da Aitor Blanco Leozek 2015ean egindako master amaierako lanak, Lazarragaren poesia-itzulpenetatik Juan Garziaren soneto itzulietara: poesia neurtuaren euskal itzulpenen azterketa, agerian uzten duten ondorioetako bat. Argitaratu gabe dago Blanco Leozen lana, baina Jone Makazagak haren aipamena egin du gradu amaierako bere lanean.
“Blancoren arabera, euskal itzultzaileek poesiaren itzulgarritasunaren alde egin dute oro har, eta gainera, poesia neurtua euskaratu duten itzultzaileen artean bertso neurriak erabiltzeko joera nagusitu da”, idatzi du Makazagak. “Horrez gain, badirudi errima ere poesia itzulpenetan gorde beharreko elementutzat hartu izan dutela. Blancoren euskal itzulpenen azterketan, besteak beste, Xabier Payák euskaratutako Calderón de la Barcaren Bizitza amets lana eta Juan Garziak itzulitako Shakespeareren sonetoak aipatzen dira horren erakusgarri”.
Euskal literatur tradizioko moldeetara egokitutako itzulpenek ere izan dute tokirik euskal letretan, Makazagak aipatutako Blancoren azterketak dioenez. “Adibidez, Shakespeareren Uda-gau bateko ametsa lanaren itzulpenean, jatorrizko bertsioan hitz neurtu bidez emandako pasarteak euskal tradizioko neurrietara ekarri zituen Juan Garziak, errima jolasei eutsita”, ekarri du gogora Makazagak.
Poesia neurtua itzultzeko molde metrikoak[1]
* erreprodukzio mimetikoa: jatorrizkoaren metroa errespetatzen duen itzulpena
* erreprodukzio analogikoa: jatorrizko metroaren baliokide gisa xede hizkuntzako tradizioko metroa darabilen itzulpena
* erreprodukzio organikoa: jatorrizkoaren zentzua jasotzeko erosoen suertatuko den metroaren bidezko itzulpena
* erreprodukzio bestelakotua: jatorrizko metroa edozein delarik ere, itzultzailearen gustuko metrora egokitutako itzulpena
[1] James Stratton Holmes ikerlariaren arabera. Holmes, James Stratton (1969). Forms of Verse Translation and the Translation of Verse Form. Babel, 15(4), 195-201. Beste aukera bat, sailkapen honetatik kanpokoa, da prosazko itzulpen librea.
Virgilioren Eneida-ren hainbat zatiren itzulpena
Virgilioren Eneida poema ezagunaren IV. liburukiko hainbat pasarte itzuli ditu, besteak beste, Jone Makazagak bere lanean, jatorrizko hexametro daktilikoak zortziko handietara errendituta eta Goizean goizik jaiki ninduzun doinuetara moldatuta kantagai utzita. Hona hemen itzulpen horren zati bazuk eta horiei buruzko azalpenak:
Eneida, IV, 15-19 lerroak:
si mihi non animo fixum immotumque sederet
ne cui me vinclo vellem sociare iugali,
postquam primus amor deceptam morte fefellit;
si non pertaesum thalami taedaeque fuisset,
huic uni forsan potui succumbere culpae.
Itzultzailearen azalpena: “Garbi dago bertso hau, itzulpena baino gehiago, jatorrizko poemaren euskarazko bertsio libre bat dela. Jakina, horren atzean ez daude sintaxi kontuak bakarrik, baita olerkia zortziko handiaren mugetara bortxatu beharra ere. Horrek esan nahi du, alde batetik, itzulpeneko bertso lerro bikoitiak zortzi silabara egokitu behar izan ditugula eta bakoitiak hamar silabara (bost silabako bi hitz multzora, zehazki) eta, bestetik, bertso lerro bikoitiei errima gehitu behar izan diegula. Esan daiteke, beraz, itzulpen honetan formari eman diogula garrantzia edukiari baino gehiago, eta ondorioz itzulpen oso librea sortu dugula, ideia nagusiak birmoldatuta”:
Senarra galdu ninan unea
ederki dinat gomuta,
eta ordutik zintzotasunez
plazer oro dinat uka.
Baina oraintsu burutapen hau
hasi zaidan mehatxuka:
hil arte iraun behar al dinat
ilunpean haztamuka?
Eneida, IV, 23-27 lerroak:
(…) agnosco veteris vestigia flammae.
sed mihi vel tellus optem prius ima dehiscat
vel pater omnipotens adigat me fulmine ad umbras,
pallentis umbras Erebo noctemque profundam,
ante, pudor, quam te violo aut tua iura resolvo.
Itzultzailearen azalpena: “Zati honekin ere gauza bera gertatu zaigu: bertso bakarrean eman nahi genuen esaldi osoa eta, horretarako, ideia hori zortziko handiaren metrikara egokitzeaz gainera, sintesi lana egin behar izan dugu, bestela ezinezko baitzitzaigun jatorrizko poemako informazio guztia bertso bakarrean biltzea”:
Su bero-bero baten aztarna
piztuta zagon oraindik,
baina behinola prometatua
zintzo bete nahi dinat nik.
Leialtasuna traizionatzeko,
ja ez zeukanat indarrik,
beraz, betiko geldituko naun
alargun eta bakarrik.
Eneida, IV, 50-55 lerroak:
tu modo posce deos veniam, sacrisque litatis
indulge hospitio causasque innecte morandi,
dum pelago desaevit hiems et aquosus Orion,
quassataeque rates, dum non tractabile caelum’.
His dictis impenso animum flammavit amore
spemque dedit dubiae menti solvitque pudorem.
Itzultzailearen azalpena: “Kasu honetan arazoa ez da sintaxia izan; kontua da bertso hau sortako azkena dela, eta azken bi lerroak, aiputik kanpo dauden bakarrak, ez direla aski zortziko handi bat osatzeko (gure iritziz, betelan gehiegi egin beharko litzateke horretarako). Ondorioz, gure irtenbidea aurreko lau lerroak sintetizatzea izan da, hurrengo biekin elkartuta bertso bat osatzeko”:
Giroa zakar dagoenean
eta Orion negarti,
gelditu dadin arrazoi bana
eman jainkoei, temati».
Hitz goxo eta maitekor haiek
hain emankorrak izaki,
segurtasuna eman zioten
bihotz zalantzati bati.
Oharra: Laneko itzulpen guztiak musikatuta eta kantatuta entzun daitezke, Irene Ruiz de Austri, Hur Sarasua, Ixak Sarasua eta Maddi Zabaloren ahotsetan, Ixak Sarasuaren gitarrak lagunduta, Jone Makazagaren soundcloudean, helbide honetan.