Jakub Szafranski, bertsolaritza objektiboan duen poloniarra
Jakub Szafranski, bertsolaritza objektiboan duen poloniarra –
Iritsi eta klik. Zirrara bat sentitu zuen barrutik. Tak-tik, tak-tik… berriz itzuli eta klik. Bertako bat gehiago dirudi ordutik. Begiratu eta klik, gurea bere egin du bere objektibotik. Eta, klik. Esperientzia kontatzen dihardu bere subjektibotasunetik.
Saguesko leiho batetik begira Euskal Herriaz maitemindu zen Jakub Szafranski. Aktibismo politikoan buru-belarri dihardu Polonian. Urpean bizi diren ugaztunen gisan, tarteka, Euskal Herrira itzultzen da arnasa hartzera; eta energiaz beterik murgiltzen da gero bere egunerokotasunean. Nola liluratu daiteke pertsona bat ulertzen ez duen hizkuntza batean diharduten pilako abeslariekin? Bere begietan dago sekretua.
Zerk erakartzen zaitu hainbeste Euskal Herrira?
Duela hamar urte bisitatu zintuztedan lehen aldiz. Apirila zen. Bi aste pasa nituen Saguesko etxe batean. Bertako leihotik Zurriola ikusten nuen. Eguraldi txarra egiten zuen eta ez zen aparteko ezer gertatu hirian. Hala ere, hura nire lekua zela sentitu nuen iritsi orduko. Alde Zaharreko eta Groseko kaleek inpresio handia egin zidaten. Nekeza izan zitzaidan bertako jendea ezagutzea lehen aldi hartan. Orain, berriz, jendea da Euskal Herritik gehien erakartzen nauena.
Zenbatetan izan zara hemen?
Lehen aldi hartaz geroztik sei aldiz itzuli naiz. Tartean, urtebeteko egonaldia ere egin dut Donostian. Finean, edozein aitzakia bilatzen dut itzultzeko… Maitasunaren antzeko zerbait sentitzen dut herri honekiko: oso ondo azaldu ezin dudan sentimendu atsegin bat.
Zeintzuk dira Polonia eta Euskal Herriaren arteko ezberdintasunak?
Polonian ez gara komunitatetan bizi. Ez dakit hemen, Euskal Herrian, jabetzen ote zareten zein garrantzitsua den jaio zareten ingurua. Jaio zineten kalea, auzoa, hiria… Polonian daukagun bakarra familia da. Askotan, ez dugu ondoko ateko bizilaguna ere ezagutzen. Horrela esanda tristea dirudi; baina ez da tristea, ezberdina baizik. Izateko modu horrek eragin zuzena du kulturan. Horrek ahalbidetzen dizue kultura besteekin banatzea, besteekin garatzea eta gozatzea, eta hori Polonian ez da ohikoa. Poloniako Estatuak gaizki kudeatu du kultura, duela 50 urtetik hona, eta jatorrizko kultura erabat suntsituta dago. Azken hamar urteetan jendea hasi da gaiari heltzen, eta kultura berreskuratzen ari gara, baina beldur naiz ez ote duen luzeegi joko. Kultura modernoa purian dago Polonian; antzezlanak, dantza, zinea, musika eta halakoak oso birizik daude. Badakit Euskal Herritik begiratuta, zenbait emaitza errorik gabekoak liratekeela, globalizazioaren ondorio, baina poloniarrok ez dugu beste aukerarik izan. Ziur naiz egunen batean lortuko dugula ikusgarriak bakarrik ez, garrantzitsuak eta erabilgarriak diren ikuskizunak garatzea.
Zein izan da bertsolaritzarekin duzun harremanaren oinarria?
Amasan entzun nuen lehen aldiz bertsolari bat. Sanmartinak ziren eta Gazte eguna ospatzen zuten. Elkarte baten barruan aditu nuen kantari Oihana Iguaran, eta txunditu egin ninduen jendeak zein errespetuz entzuten zuen hautemateak. Handik hilabetera hasi zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Amasan, zegoeneko banuen informazio pixka bat eta galderak egiten hasi nintzen. Hantxe erabaki nuen bertsolariei buruzko erreportaje bat egin behar nuela. Erabakia bat-batekoa izan zen.
Beraz, huraxe izan zen zure lehen esperientzia…
Ez. Maialen Lujanbio izan zen lehen aldiz kantari entzun nuena. Konstituzio plazan izan zen, baina orduko hartan ez nekien Lujanbio zertan zebilen. Gogoratzen dut melodiek gerarazi nindutela, baina ez zen esperientzia osoa izan. Lehen esperientzia hura ez nuen guztiz ulertu. Gerora konturatu nintzen zertan ari zen. Amasako esperientziaz geroztik hasi nintzen bertsoaz gozatzen. Gogoan dut nola 2015ean Putzuzulo gaztetxeko Kopla lehiaketan argazkilari jardun nuen, eta harritu egin ninduen hango giroak. Loiolako Hontza elkarteko bertso afari bat ere harrapatu nuen argazkitan. Harritu egin ninduen ikusteak nola ezertaz ezagutzen ez zuten pertsona bat izanda, hain goxo hartu ninduten gonbidatu moduan.
Zer du bertsolaritzak poloniar bat hainbeste harrapatzeko?
Euskaldunak kantari entzun zintuztedan lehen aldian pentsatu nuen zuen kantaerak oso kutsu tradizionala eta etnikoa zeukala. Txoria txori kanta izan zen entzun nuen lehena, eta zirrara eragin zidan. Jakin-minak jota, kanta hura itzultzeko eskatu nion lagun bati. Orduan ulertu nuen zergatik zen kanta hura hain garrantzitsua euskaldunentzat. Bertso bat entzuten nuenean sentitzen nuen niri ari zitzaizkidala kantatzen, modu naturalean, melodia sinpleekin, zuzenean bihotzera. Kantuaren hotsak berak poza eragiten zidan. Gero jakin nuen letrak bat-batekoak zirela. Hasieran, –onartzen dut– ez nuen sinesten…
Euskaldunek kantatzeko joera handia dugula uste duzu?
Polonian, abeslaria ez bazara, ez duzu abesten. Gabonak dira salbuespenak, edo nazionalismoarekin lotutako urtemugak. Jendeak barre egingo lizuke bestela. Euskaldunak askoz toleranteagoak zarete kantuari dagokionez.
Hiriburutza kulturalari eskerrak izan zara Donostian azkeneko aldiz. Nolakoa izan da esperientzia?
Egonaldi artistiko bat egin nuen Donostian, 2016ko urritik abendura. Polonian proiektuak aurkezteko epea ireki zen eta nik, aurrez Euskal Herriari buruzko ezagutza neukanez, proiektu errealista eta doitua egin nuen. Bertsolaritzari buruzko bideo bat egitea zen nire helburua. Bai Poloniako eta bai Donostiako hiriburutzek kritika zorrotzak jaso dituzte, eta horri buruz idatzi izan dut nire blogean. Kultura sistema kapitalistaren mesedetan jartzea arriskutsua iruditzen zait. Hala ere, nik uste, egindako lana ondo doitzen zaiola Hiriburutza hauek izan beharko luketenari.
Nolakoa izan da bideoa osatzeko esperientzia?
Bertsolaritzaren munduan sartzea oso erraza izan da niretzat, jendea oso irekita egon da. Gogoratzen dut nola inongo arazorik gabe bidaiatu nuen Hitzetik Hortzerako kideekin, edo nola Xenpelar Dokumentazio Zentroa erakutsi zidaten, eskatu orduko. Ahalik eta ondoen azaldu diet bertsolariei nor naizen eta zer egiten ari nintzen. Bideoa egiten ari nintzela konturatu nintzen bertsolariak pentsalariak direla, eta ia edozertaz hitz egin daitekeela beraiekin. Horrez gain, sumatu dut bertsolari gehienak lotsatiak eta umilak direla. Konturatu naiz euskaldunek jakin-min handia duzuela, besteen nondik norakoak jakiteko gosea, eta sinesten duzuela besteen intentzio onetan.
Zer ekipo erabiltzen duzu argazkiak ateratzeko?
Nikon D7100 kamera erabiltzen dut; 35 milimetroko objektiboa, eszenatarako, eta 75 milimetrokoa, erretratuetarako.
Zer sentitzen duzu argazki bat hartzen duzuenean?
Sentipen aldakorra da, argazkiaren araberakoa. Argazkia egiten dudanean, argazki hori zertarako erabiliko dudan jakitea gustatzen zait. Batzuetan, argazkia bera ez da hain garrantzitsua, kazetaritza lan bat soilik burutzen du, lekukotasunaren ebidentzia da. Beste batzuetan, kamera aitzakia da leku batean momentu zehatz batean egon ahal izateko. Argazkilaria naiz ni, eta, nire lanaren zati garrantzitsua da gertatzen ari dena bizitzea, gero islatu ahal izateko. Niretzat istorioa garrantzitsuagoa da argazkia baino. Ez naiz munduko argazkilari trebatuena. Argazkia hartzeko botoia sakatzear nagoenean, ez nago ziur argazkia nola aterako den, baina badakit zer esan nahi dudan argazki horren bidez. Argazki baten edertasuna bilatu dezaket, bai; baina, kasu horretan, jakin beharko nuke zergatik bilatzen dudan edertasun hori. Seriotasuna bilatu nahi badut, jakin behar dut zertarako, eta orduan sortuko dut atmosfera serio bat. Niretzat, argazki bat ona den jakiteko, aski da behatzea ikusle batek zenbat denbora pasatzen duen hari begira. Badira denbora luzean harrapatzen gaituzten argazkiak, horiek dira onak. Argazki on batek galderak sorrarazi behar dizkio ikusleari.
Zer ikusten duzu bertsolari baten aurpegian?
Ikusten nauela. Unai Mendizabalek erakutsi zidan nola eraikitzen den bertso bat. Horrek ahalbidetu zidan jakitea zein unetan zegoen bertsolaria kontzentratuen, noiz inspirazio bila, eta zein unetan erlaxatzen zen, ordurako bukaera bazeukala jakinda. Bertsolarien aurpegiak apartekoak dira kantatzen ari direnean: aldi berean, hor daude eta ez daude. Gertatzen ari denarekiko arreta mantentzen dute, baina beren buruaren barruan daude.
Asmatzen al duzu noiz hurbildu eta noiz desagertu hautatzerakoan?
Ez naiz ezkutatzen. Gustatzen zait edonork jakitea argazkiak egiten ari natzaiola. Bertsolariekin horrek eragin berehalakoa du: agian, kontzentrazioa etengo diozu edo, agian, zuri buruzkoa botako du hurrengo bertsoa… biktima erraza naiz horrelakoetan. Eta entzuleriari argazkiak ateratzea ere ikaragarri gustatzen zait. Ikuskizunaren parte dira. Bertsolariak bere ikusleriaren ahotsaren funtzioa egiten du. Nik uste, horrek egiten duela onagoa edo txarragoa bertsolaria; zenbat eta hobeto plazaratu entzuleen iritzia, bertsolaria hobea dela iruditzen zait. Eta ez naiz ari populismoaz edo oportunismoaz hizketan. Enpatiaz ari naiz, une berean gauza bera sentitzeko gaitasunaz, balio berak konpartitzeaz. Jendeak bere pentsamenduak entzuten ditu beste baten ahotan, formalki ponpoxo jarriak, eta hunkitu egiten da, jakina.
Polonian ba al dago antzeko zerbait?
Badira zenbait antzerki inprobisatu, baina, nagusiki, Interneteko show estatubatuarretan oinarrituta daude, eta bertsolaritzarekin zerikusi handik ez dutela esango nuke.
Zer da Euskal Herria filosofo baten begietatik?
Mundu post-moderno honetan, globalizazioaren zapalkuntza etengabearen ondorioz, gauza asko desagertzen ari dira. Dokumentalgileon betebeharra da agerpen hauek guztiak jasotzea. Euskal Herrian, berriz, logikoki desagertzera zihoazen agerpenak berreskuratu, garatu eta aurrera doazela ikusi ahal izan dut. Iruditzen zait Euskal Herria bezalako leku gutxi egongo direla munduan, zentzu horretan, eta gizateriarengan itxaropen pixka bat izateko balio dit hau ikusteak. Beren izatea hain benetako mantendu duten leku gutxi daude.
Aktibista zaitugu Polonian. Arrisku handiak ditu han aktibismoak?
Arriskurik handiena etsitzea da, itxaropenik ez dagoela pentsatzea. Edozein modutako aktibismoak oinarrien alde egin behar du lan, eta jakina da porrot asko jasan behar direla gauzak aldatzeko. Edozein borrokatan gertatzen da hori. Garaipen txikiak ere harriduraz jasotzen ditugu. Erakunde handi eta esperientziadun batean dihardut, ezkerreko ideia aurrerakoien alde borrokan, Erdialdeko Europan (www.politicalcritique.org). Euskal Herrian bestelako arriskuak izan dituzue. Frankoren osteko jazarpen poliziala sekulakoa izan da. Guk ez dugu inoiz erakunde armaturik izan, eta elkarren aurka indarra erabiltzearen ideia ez zaigu burutik pasatu ere egiten. Hiritarrak ideologikoki elkarren aurka badaude ere, hori ez da borrokatan hezur-mamitzen. Dena den, gero eta indar handiagoa ari dira hartzen zenbait talde falangista, eta batzuetan eraso egiten badute ere, oraingoz, ez dago muturreko indarkeriarik. Kuriosoa da, baina Polonian aktibismoa zerbait inozotzat edo naif-tzat hartzen da. Arlo horretan, Euskal Herriak asko inspiratu nau eta ideia asko jaso ditut.
Adibidez?
Herri honek badaki jazarpenari aurre egiten. Komunitate izaerak eta jendearen ontasunean sinesteak sekulako abantaila dakar herri batentzat. Politikari buruzko kezka handia du hemen jendeak. Polonian ere hala izatea gustatuko litzaidake. Hori gabe, gizarteak ez du sentitzen autoritateari kargu hartzeko gai denik, eta boteredunek botere gehiago lortzeko baliatzen dute aurkaritzarik eza. Euskaldunon kontzientzia politikoak, gainera, zenbait gaitan gogoeta egitera eraman zaituzte: emakumeen eskubideak, errefuxatuak, gutxiengoak… justiziaren sena zeuenganatu duzue. Norbera bere patuaren jabe dela jakitea handia da gaur egun. Ez dago legerik horren gainetik jarriko denik. Bertsolariaren aktibismo maila eta pontentziala harrigarriak iruditzen zaizkit: jendearen arreta eurenganatzeko gai dira, low cost-a den emanaldi baten bidez, baliorik onenetan oinarriturik.
Euskal Herria leku erromantikoa dela uste duzu, beraz.
Uste dut hemen dena dela erromantikoa. William Turnerren eta Caspar David Friedrichen bi margolan uztartzea bezalakoa da. Denbora asko pasatu dut hemen, buruari buelta asko emateko aukera asko izan dut. Politikoki ere erromantikoa iruditzen zait herri hau. Eta ez gaizki ulertu, ez dut esan nahi hemengo arazoak benetakoak ez direnik, serioak ez direnik. Baina oraindik ere helburu erromantikoak daude hemen. Eta uste dut erromantikotasun hori ona dela politikarien zinismoari aurre egiteko. Itxaropena sentimendu erromantikoa dela uste dut, eta bihotzari entzuten jarraitzea, oso sanoa.