Itziar Navarro: "Hitzak eta gaiak aldatu diren bezala, hotsak eta kantatzeko modua aldatu dira"
Itziar Navarro –
Bertsolarien kantaeraren bilakaera denboran zehar. Oiartzungo kasua izeneko ikerketa egin du Itziar Navarrok Master Amaierako lan gisa. Oiartzungo sei bertsolari hartu eta denboraren joanarekin beren kantaerak izaniko aldaketa aztertu du. Kultura batean murgilduta egoteraren ondorio inkontziente bat dela uste baitu, kultura horretan hazi izanak kantaeran duen eraginari erreparatu dio. Kantaeraren zortzi parametro hartu eta, bakoitza komentatuz, irudi osoa osatzen ahalegindu da.
Bertsoa eta musika elkartu dituzu ikerketan, zer lotura duzu batarekin zein bestearekin?
Musikarekin beti izan dut lotura, txikitan musika eskolan hasi ginen. Ikastolan ere nahiko zaleak ginen, Zurriolan ikasi dut eta pila bat abesten genuen, etxean musikaririk ez izan arren. Gero, musika eskolan hasi nintzen, kontserbatoriorako “engantxatu” ninduten; hala ere, ez nuen musika ikastea pentsatuta, Soziologia edo Historia ikasi nahi nuen. Baina gitarrako irakasle oso ona izan nuen eta Musikenen probatzea proposatu zidan. Bertan hartu ninduten eta bide horri jarraitu nion. Karrera egin ondoren, masterra egiteko, musika tradizionala hautatu eta Alemaniara joan nintzen.
Bertsoarekin dudan lotura kantekiko zaletasunarekin lotuta dagoela uste dut. Txikitan ez nintzen bertso eskolara joan, beranduago zaletu nintzen. Gaztetxean hasi ginen, Kortxoenean egin genuen bertso tailer batean. Nahiko modu infomalean hurbildu nintzen bertsogintzara, beraz. Gero, Egiako bertso eskolatik pasa eta Añorgako bertso eskolan ibili naiz intermitenteki. Zalea naiz.
Bi faktoreek bat egin dute aztertzeko, baina zure buruan banatuta edo elkartuta daude?
Lana egiterakoan bertso asko entzun ditut ikerlari betaurrekoekin. Bukatutakoan, ordea, bertsozale gisa entzuten dut. Azken Txapelketa Nagusia, esaterako, Hanburgotik eta streaming bidez jarraitu nuen.
Musikariak bere deformazio profesionala du eta, izan bertsolaritza edo izan elizako meza, musikariak musikari belarriekin entzuten du. Ez dakit bertsolariak nola biziko duen, baina ni musika mundutik iritsi naiz eta egin dudana sakontze lana izan da: aldaerak analizatu, zein parametrok osatzen duten definitu eta komentatu… Kantaeraren parametroak banatzen hasi nintzen, eta une orotan fijatzen: orain zer ari da egiten erritmoarekin? Orain zer ari da egiten intonazioarekin? Zer ari da egiten…? Orain gehiago fijatzen naiz, baina saioetan ez dit eragiten. Azken batean bertsoaren muina hitza da.
Ikerketa lana bakartia izan al da?
Ikerketa lana ez dut gitarra ikastea baino bakartiagoa sentitu. Gitarra, gehienetan, bakarrik jotzen da, ez orkestra batean. Bere garaian, bakarrik ikasi nuen eta, orain, bakarrik aritu naiz lanean. Hala ere, iruditu zait baneukala norekin kontrastatu. Nire tutoreek ez zuten bertsogintza oso ongi ezagutzen eta urruti daude, baina ahal duten guztian lagundu didate Internet bidez. Lanean Oiartzunen ibili naizenez, Juan Mari Beltranekin komentatzeko aukera nuen, eta Mintzola zein Bertsozale Elkartetik Karlos Aizpurua beti egon da hor edozertarako. Banuen jendea inguruan, ez naiz bakarrik sentitu.
Errutinarik jarraitu al duzu?
Ez nuen errutina berezirik jarraitu, nahiko konstantea naiz, eta astean X ordu eskaintzen banizkion ere, ez nuen errutina berezirik edo. Nire eguneroko lana ikerketarekin osatzen nuen, antolatzen bazara erraz egin daiteke. Azkar pasa zait urtea, gustuko tokian ez dago aldaparik.
Zergatik hautatu zenuen Oiartzungo herria?
Ez da ni oiartzuarra naizelako. Argi nuen euskalki antzekoan edo ingurune berean bizi izan ziren bertsolariak hartu behar nituela. Alde batetik, prosodiarengatik, hau da, hizkeraren aldetik ez delako berdin intonatzen euskalki guztietan; kasu honetan, oiartzuarrek badute euskalki berezitua, eta, denborarekin aldatzen joan den arren, nabaritzen zaie. Adibidez, ez nituen Xalbador eta Fredi Paia hartu nahi oso zaila delako bi bertsolari horiek konparatzea, eta ez dakit ondorioak oso bidezkoak izango liratekeen. Horrez gain, herri batera mugatzeak bertso eskola noiz sortu zen, herria zenbat eta nola aldatu den… aztertzeko aukera ematen zidan. Hobeto deskribatu dezakezu bakoitza eta denek dute komunean bertan bizi izan direla, aldaketak antzeko moduan bizi izan dituztela. Besterik gabe, hanka ez sartzeko, prebentiboki hautatu nuen herria, ni ez naizelako filologoa edo linguista.
Zein bertsolari ikertu dituzu eta zergatik?
Hiru generaziotako bina bertsolari hautatu nituen ikertzeko. Baldintza batzuk jarri nituen bertsolariak aukeratzeko garaian. Eskuragarri zeuden grabazioak izan behar nituen, Txapelketetan ibilitakoak behar zuten, bertsoa landu zutenak… Zaharrenak, Joxe Juakin Mitxelena eta Jose Luis Lekuona Garaiar “Lexoti”; gero, Koxme Lizaso eta Juanito Mitxelena; eta gazteenak, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” eta Alaia Martin. Emakumezko gehiago sartu nahi nituen, baina zerrenda egin nuenean baldintzak betetzen zituzten gehiago ez zeuden. Gazteen artean muga bat ere jarri nahi nuen, adin batetik aurrera gehiago finkatzen delako norberaren bertsokera.
Bakoitzaren bizitzak eragina izan du?
Bai, guztiak eragiten du. Bakoitzaren biografia idaztera sartu ez banaiz ere, atal batean azaltzen dut Oiartzunen nabarmena dela elizara joateko ohiturak behera egin duela. Garai batean astero-astero joaten ziren elizara kantatzera, eta hori kantatzen ikasteko gune bat zen, belarria egitekoa. Oraingo gazteak ez dira elizara joaten eta, beraz, gune hori galdu da. Peñagarikanok eta Dorronsorok, esate baterako, esana dute elizan kantatzen ikasten zela, oraingo gazteek ezin dute hori esan.
Bestetik, baserriko lanetan ibili zirenek dezente kantatzen zuten. Sehaska kantetatik lan kantetaraino, asko kantatu da etxe eta baserrietan; hori ere bizimodua aldatzearekin bat aldatu da.
Garai batean sagardotegi eta tabernetan ez zegoen musikarik, eta astero biltzen ziren tabernetan bertsotarako edo kantatzeko. Orain musika dago tabernetan, eta ezin da kantuan hasi. Elkarteetan, eskoletan, bertso eskoletan, musika eskoletan kantatuko da orain Oiartzunen. Beste gune batzuk irabazi dira, baina lehengoak galdu dira, aldatu da, ez baita berdin kantatzen eskolan edo baserrian.
Zortzi parametro izan dira lanaren bizkarrezur, zergatik horiek?
Zortzi parametro horien baitan aztertzea nik egin dudan proposamena da, ez bainuen kantaera aztertzeko modu jakin bat aurkitu. Hasteko, kantaeraren definizioa ez dut inon aurkitu eta definizioa bera ere asmatu egin behar izan dut. Euskal hiztunok kantaeraren inguruan hitz egiterakoan gauza ezberdinak ulertzen ditugu: batzuk ari dira azkar edo poliki kantatzeaz, besteak hizkeraz, besteak bolumenaz… baina kantaera zer izan daiteke alderdi musikaletik? Hitzak alde batera uztea erabaki nuen.
Eta iturriak kontsultatzen hasi nintzen. Hasteko, Alan Lomax eta Charles Seegerren lanetatik ideiak hartu nituen. Lomaxek parametro asko zituen eskema edo eredu bat osatu zuen, Cantometrics izenekoa, gertakari musikal bat sistematikoki aztertu ahal izateko; horietatik batzuek kantaerarekin zerikusia zuten, eta baliatu nituen. Charles Seegerrek Singing style izeneko artikuluan ere ideia asko eman zizkidan. Joanito Dorronsororen testuek edo Agustin Mendizabalenek ematen zizkidaten arrastoei jarraika, zortzi parametro zehaztu nituen eta nire eskema osatu nuen: intonazioa, azentuazioa, artikulazioa, apaindurak, erritmoa, tenpoa, dinamikak eta tinbrea.
Horiek definitzen saiatu naiz eta, transkripzioak egiterakoan, analisietan horiei erreparatuz, bakoitzarekin zer gertatzen den begiratzen.
Zein parametrotan sumatu duzu aldaketa handiena? Azpimarragarriena?
Ia denak dira aipagarri eta ia denek jasan dituzte aldaketak, baina intonazio, azentuazio eta tinbreak aldatu dira nabarmenen.
Intonazioa mendebaldartu egin da, tenperazioan sartu gara. Lexoti eta Joxe Juakin Mitxelena ateratzen ziren pixka bat horretatik, eta bereziki doinu batzuetan. Bat Lazkao Txikiren ispiluaren doinua da (Komeni zaigun ixtoria bat); sinple azalduta, pianoaren tekletatik kanpo dauden nota edo soinuekin eta oso modu berezian kantatzen zuten.
Hori kantaera zaharra izango litzateke. Ikerlari batzuek Iparraldean aurkitu dute horrelako kantaera, kantaera neutroa deitzen diote, erdibideko soinu horiek daudelako. Eta bereziki doinu horretan eta Laboaren Ihes betea zilegi balitz (Elizan sartu ziradenian) doinuan, erdiko zerbait egiten dute zaharrenek; ezin da esan maiorra edo minorra egiten duten. Koxmek, Juanitok, Xamoak edota Alaiak, oro har nire laginetan, maiorrean edo minorrean kantatzen dute. Garaiarekin batera aldatu da.
Aztertu dudan lehen belaunaldiarentzat musika ez zen entzuten zen zerbait, egiten zena baizik. Azken belaunaldia, berriz, mendebaldean nagusi den sistema, tenperaturaren araberako musikarekin hazi da, eta nahiz eta bertsogintza normalean a capella kantatu, gure belarriek musika hori ezagutu dute, hori entzuten dute, hori gustatzen zaie eta hori erreproduzitzen da.
Azentuazioak azentuak esaldian nola kokatzen diren aztertzen du. Euskarak azentu malgua duela diote, hitz bati leku batean jartzen diogu azentua, baina ondoren hitz jakin bat baldin badator beste era batera azentuatzen da. Nik hori ez dut asko aztertu hitzak alboratu ditudalako, baina azentuazioan sartzen da baita arnasa non hartzen den, pausak non egiten diren… eta hor bereziki ikusi dut Koxmek eta Alaiak leku batzuetan hartzen dutela arnasa, non lehen nekez hartuko zuten. Doinuak azentu batzuk ditu eta, batzuetan, horri erreparatu gabe sartzen dira hitzak; horregatik, agian, kantatzerakoan ez dute hain ongi ematen. Hitzen azentua zenbateraino moldatzen diogun doinuaren azentuari aztertu ez badut ere, interesgarria izan daiteke. Izan ere, bertso eskoletan hasi idatziz hasten gara. Aditu batzuek diote begiz errimatzen ikasten dugula eta ez horrenbeste belarriz. Eta uste dut bertsoak hobeto funtzionatzen duela doinuarekin eta, batik bat, kantaerarekin asmatzen bada. Doinua erabiltzen asmatzea azentua eta errima ere lantzea bada, eta hortan sakonduta ondorio interesgarriak atera daitezke.
Eta tinbrea, berriz, ahots kolorea da, aldatu da eta aldatzen ari da. Mikrofonoaren etorrerak asko aldatu zuen hau. Izan ere, ez da berdin kantatzen jendez beteta dagoen sagardotegi batean atzean dagoenak ere entzuteko moduan, ahots hutsez edo mikrofonoarekin. Medioak ahots kolorea baldintzatzen du. Nahiz eta ezin izan dudan gai horretan gehiegi sakondu, oso interesagarria iruditzen zait.
Zein izan da aztertzeko ezaugarri zailena?
Tenpoa izan da zailena ez dutelako denek doinu beretan egiten; horregatik da zaila abiada aztertzea. Batez bestekoak atera baditut ere, oso zaila da Iparragirreren doinuan ari dena Habaneran ari denarekin konparatzea. Gaur egungo doinuak mantsoagoak dira, tendentzia hori badagoela esan daiteke. Mantsotzea neurria luzatzearekin eta txapelketekin lotuta egon daiteke.
Kantaera maiz doinuarekin lotzen dugu. Benetan lotura estua al dute?
Bai. Maialen Lujanbiok esana da doinu batek, bere izaerarengatik, aldarte jakin batera eraman zaitzakeela eta, era berean, agian zure egoera mentala dela medio aukeratzen duzula doinu jakin bat; bi norabideetakoa izan daiteke hautaketa. Horrez gain, erabilitako doinu kopurua faktore garrantzitsua da: Lexotik erabiltzen zuen doinu kopuruaren bikoitza baino gehiago erabili ohi dituzte gaur egungo bertsolariek. Doinu kopurua izugarri hazi da.
Lekuonak zioen, Oiartzunen sei bat doinurekin kantatzen zela pasa den mendearen lehenengo erdiaren hasieran, eta orain, berriz, sei doinuk ez dute saio baterako ere ematen, jendea aspertu egiten da. Errimaren kasua bera da, beti berdinekin aspertu egiten gara, gaurko bertsolaritzak aldatzea eskatzen du. Doinu berriak sortzearena hortik datorrela uste dut, orain fokua hor baitago.
Hala ere, doinu bat asko alda daiteke kantaera aldatzearekin soilik. Horren adibide da Sastarretik hasita doinua, oso ezberdin abesten dute denek. Zaharrenek, apaindura askorekin, azkarrago abesten dute.
Apaindura parametroak badu zerikusirik doinuarekin, beraz? Zer gertatu da apaindurekin?
Bai, apaindura edo ornamentazioek, estetika kontuak izanagatik, lotura dute doinuarekin. Garai batean estetikoki ohikoa eta gustagarria zena oraingo musikan ez da entzuten, eta, beraz, ez da erabiltzen. Alaiak eta Xamoak ez dituzte grupetoak egiten, gazteak nekez entzungo dira horrela; zaharren kantaerarekin lotzen da.
Vibratoa ere gutxitzen joan da, pixkanaka, eta hori mikrofonoarekin lotuta dago. Vibratoarekin entzungarritasuna irabazten duzu; mikrofonorik ez zutenean, apaindura horrekin urrunago iristen ziren.
Gustuak aldatzearekin bat, kantaeraren ahulgune eta indarguneak aldatu al dira?
Bai, erritmoaren kasuak ondo azaltzen du hori.
Lehen, hankaluzeak edo hankamotzak egin eta kasik ez ziren ohartzen, erritmoarekin jolasten zutelako. Dorronsorori irakurri nion gaur egun doinu anbiguoak albo batera uzten direla, hankaluze eta motzetan ez erortzeko, eta lehen, berriz, erritmoa edo doinua aldatuta egiten zituzten. Lehen abilidadea zena, gaur egun akatsa da.
Guztia izan al da aldaketa?
Ez. Artikulazio eta dinamikei erreparatuz, esate baterako, ez dago aldaketa handirik.
Artikulazioa ez da asko aldatu: legato kantatzen jarraitzen dute. Dinamikak (abiadurarekin edo bolumenarekin jolastea) ere ez dira gehiegi aldatu. Azken puntua azkarrago abesten da, oro har, aurrez pentsatu delako. Joxe Juakin Mitxelenak esaten zuen azken puntua ez zuela pentsatzen, baina Antton Kazabonek gezurtatu egiten du hori; ni ez naiz eztabaidan sartu, baina azeleratzen duela ikusten da. Hori mantendu da eta mantentzen jarraituko da bertsoa horrela egiten delako, prozesua ez bada aldatzen behintzat.
Jendartea aldatu delako aldatu al da kantaera?
Bertsolaritzan jendeak jakintzat ematen duen gauza da: jendartea aldatu da, beraz, gaiak aldatu dira. Gauza bera gertatzen da musikarekin, jendea bezala musika ere aldatu da. Ez gaude jendartetik at, ez gara berdinak orain eta lehen, ez dugu berdin kantatzen lehen eta orain. Aldaketa ikustea da lehen pausoa, eta, hortik abiatuta, bilakaera deskribatzen has gaitezke.
Bertsolariek lantzen al dute kantaera?
Ziur ez dakidan arren —oraindik ez naizelako eurekin bildu—, baiezkoan nago; batez ere txapelketa garaian. Ez dute kantaera berdina izango txapelketatik inoiz pasatu ez den bertsolariak eta txapelketa prestatu eta bizi duenak. Txapelketan aurkezten denak prestatu egiten du, horretara ohitzen da eta, ondoren, nahi edo ez, beti edukiko du landutako horretara itzultzeko joera.
Kantaera aldatu eta lantzearekin, doinua ere aldatuko da apur bat.
Interesgarria da doinua nola lantzen den pentsatzea. Zer da, doinua ikasi eta kito?, modu berean behin eta berriz errepikatuta? Doinu bat aldatuko da emandako errodajearen arabera; adibidez, azentu eta errimen kontua, doinuarekiko. Hau da, Lexotik Komeni zaigun ixtoria bat doinuarekin nahi zuena egin zezakeen. Ez zuen azentu arraroren batekin sartuko hitz bat, doinua ongi menperatzen zuelako. Hitza azentuarekin bat ez bazetorren, doinua aldatzen zuen hitzarekin bat joan zedin. Gaur egun, ordea, 30 doinu baldin badakizkizu eta hurrengo saiorako berria ikasi nahi baduzu, ezin duzu hain ongi barneratu. Aspertzearen muga ere badago, publikoa ere aspertu egiten da denbora luzez doinu berdinekin.
Doinua ikasi duzun moduak eta jatorriak ere eragina dute. Adibidez, Xabier Leteren 200 urtez bertsotan diskotik ikasiz gero, musikak erritmoa eta pianoa du; Lazkao Txikiri entzuten badiozu, berriz, doinua bera izanik, momentu batzuetan azkartu egingo du, gero arnasa hartu, gero moteldu… Bertsolari baten ahotik edo kantari batenetik ikasi ez da berdina. Bertsolariak beti bertsolari bezala kantatzen du, ez du kantari bezala kantatuko. Zein iturritatik jasotzen den, modu batean edo bestean eragingo die kantaera eta doinuei.
Gaia jorratzen jarraitzeko asmorik ba al duzu?
Euskarazko lana udako ikastaroetan aurkeztu nuen, gero Mintzolan egin zen aurkezpen batean eta EHUko mintegi itxi batean ere bai.
Zikloari amaiera forma eman nahi diot, lankarga handia suposatuko lukeen errodajerik gabe. Horregatik ez naiz publikatzen saiatu, aurrerago erabakiko dut. Hala ere, lagun ikertzaile batek idatzi zidan nazioarteko konferentzia bat zegoela esanez, Fifth International Conference on Analytical Approaches to World Musix (AAWM 2018) izenekoa. Hor, herri musika ikuspuntu analitikotik landuko da, lana aurkez nezakeen eta bertan azaltzeko aukera lortu. Eta hartu egin naute! Ekainean joango naiz Greziara. Lehendabizi hitzaldiak egingo dira eta, ondoren, eztabaida. Horretarako, beste forma bat emango diot, ingelesez aurkeztu beharko dut, eta zikloa ixteko balioko du. Amaiera polita.
Kanpotik beti ematen dizute bertsogintzaren inguruko beste bisio bat, beste ikuspegi bat, kanpotik oso ezberdin ikusten baita, eta hori da interesgarriena.