HIRU ALDIZ AMETS

Hirugarrenez, Amets Arzallus Iparraldeko txapeldun izendatu zuten, azaroaren 10ean, Baionan jokatutako Xilaba txapelketako finalean. Ipar Euskal Herriko beste bertsolari bati, Joanes Etxebarriari, hendaiarra elkarrizketatzeko eskatu diogu. Txapelketako kontuez gain, Ametsen sentsazioez eta Bidasoatik gora bertsolaritzak dituen erronkez ere mintzatu dira.

Hirugarren txapela irabazi berri duzu. Usaia bilakatzen da?

Ez, ez dut uste. Aldi oro, txapelketa bakoitzak sortzen du tentsio bat zure barnean, ilusioaren eta beldurraren arteko oreka bat, aldi oro ezberdina. Gainera nola bertsoak berezkoa duen zure buruaren zalantza eta ezezagutza eta helduko denaren misterio bat… hori ohitzearen kontra ari da beti. Beharbada txapelketa bakoitzak ondorio berdintsuak uzten dizkidala pentsa lezake norbaitek so eginez gero egunkarietan, baina ene barneko irakurketak, egia erran, aldi oro desberdinak gertatzen ari dira. Aldi oro badira argi-ilun desberdinak, beraz ohitzen ez naizen egoera bat da. Eta sentituko banu ohitzen ari nintzatekeela txapelketaren inguruko tentsiora eta txapelketaren ondorioetara, beharbada ez nuke segituko.

Final honek, justuki, berezitasun bat bazuen tentsio aldetik ; pixka bat goizago manifestaldi bat egin zen preso eta iheslarien eskubideen alde. Bertsolariek nola sentitu duzue hori ?

Sentitu dugu bereziki, egunean berean baino gehiago, aitzineko aste edo egunetan. Guretzat bazen hilabete batzuk azaroak 10eko data present zela gure egutegi mentaletan, eta baita gure bertso mugimenduko egutegi kolektiboan ere. Baina gero azaroak 10 hori, beste zerbait ere bilakatzen joan da. Zoritxarreko albiste batzuek, gainera, hats gehiago eman diote aitzineko manifa horri, espazio gehiago komunikabideetan, egun berezi bilakatu dute. Eta horrek zuri ere eragiten dizu, nahiz ene egutegi mentalean azaroak 10 finalari zegokion, ez naiz ene inguruan gertatzen direnetarik kanpo bizi. Egunak aitzinatu arau eta gauzak gertatu diren bezala manifak gero eta itzal handiagoa hartu du, eta horrek itzal pixka bat egin dio finalari. Orain pasatu da eta erranen dut : uste dut huts bat izan dela, eta onena izanen zela bakoitzak bere egun propioa atxikitzea. Hobe zatekeen Baionak bi egun ukan zitzan, eta ez egun bat erdizka. Bai komunikabideetan eta bai jendeen gogoetan uste dut sanoago izan zitekeela; bertso txapelketarentzat, hasteko, dudarik gabe. Bakoitzak bere espazioa atxiki behar zuen, eta gauzak gertatu diren bezala, nahasi dira, eta ene ustez pena izan da.

Final honetan, beharbada, bere burua kokatzen lan gehiena zuena Maddi Sarasua zen, lehen finala zuelako. Sustrai Colinak eta zuk, txapelketetan esperientzia gehien duzuelako, ardura gisa hartzen ote duzue laguntza ematea holakoetan ?

Nik uste dut txapelketa osoki baina bereziki finala bakoitzak bi planotan bizi duela : bata da pertsonala, bestea da kolektiboa, edo taldearen dimentsioa. Talde dimentsio horretatik bistan dena, uste dut, naturalki edo esperientziaren logikaz Sustraik eta nik genuela beharbada erresponsabilitate gehien; hasteko nik sentitzen nuen. Maddiren kasuan pertsonalizatuz, ilusio baten zentzuan bizi izan dut. Uste dut txapelketarentzat berri zoragarria zela Maddi bezalako bat hor izatea, bere belaunaldiko bat; Maddi Ane ere ez da urrun gelditu, eta berri ona zen ez bakarrik hor izatea, hor izan eta egin duena egitea. Ilusio bat gorpuzten duen pertsona delako, belaunaldi berri baten esperantza zabaltzen duelako. Eta zuk ahal duzun heinean Maddiri eta ondokoei laguntzea plazerrez hartzen den errespontsabilitate bat da, ohartuki, edo oharkabean, egiten duzun zerbait da. Baina ez zara horregatik munduko altruistena, ez da ere zerutik heldu. Gu ere Maddiren kasuan izanak gara eta badakit nolako laguntzak eta esku ukaldiak ukan ditugun… maiz hitz bat aski da, edo behako bat aski da, edo animo bat edo eupada bat aski da… Nik badakit nolako harrera ukan dugun, nola zaindu duten gugan transmisio hori, eta esaldia beharbada sobera potoloa da, baina transmititu digutelako gara gu ere transmititzeko gai. Hori sentiarazi digute. Euskal Herrikoetan, adibidez, finala bereziki, biziki talde giroan bizi duzu eta hori da egun horrek duen ederrenetarik. Pertsonalki, humanoki ditudan bizipenik politenetakoak pertsonalak baino gehiago dira taldekoak, harreman horretan, elkarren arteko laguntza horretan, dena da reziprokoa, elkarrekikoa… sentimentu horietan bizi dut eguna.

Hain zuzen ikuspegi kolektibo hori, ipar Euskal Herriko txapelketa hasi zenetik anitz aipatzen da, bertsolarien ahotik bereziki. Nafarroako eta Euskal Herriko txapelketen esperientzia ere baduzulako, zer gertatzen da zure ustez, hemen gehiago aipatzen dela ala zinez garrantzi gehiago ematen zaiola ?

Uste dut baduela bietarik. Erran gabe doa Gipuzkoako edo Bizkaiko txapelketa batek dituen funtzioak eta iparraldeko txapelketa batek dituen funtzioak, hein batean, ezberdinak direla. Badira funtzio batzuk berdintsuak, erran dezagun horietarik bat dela maiztasun baten baitan holako inarrosaldi bat ematea bertsolaritzari, bai bertsolariei, bai bertsozaleei, bai bertsolaritzaren zabalbideei, txapelketa heltzen baita bertso saio arrunt bat heltzen ez den eremu mediatiko batzuetara. Beharbada bertsorako zaletasunaren zirkulorik trinkoenaz haragoko periferia batzuk harrapatzen ditu txapelketak eta hori bertso mugimendu gisa uste dut interesgarria dela, betiere ez bagara bidean galtzen. Eta ez dut uste hala denik. Txapelketetan, beharbada beste itxura batekin, batzuetan desitxuratuago, baina bertsoa da agertzen. Beraz, alde horretarik interesgarria da txapelketa. Eta hori berdin da iparraldean edo bertsolaritza aski errotua eta indarrean den eremuetan.

Baina iparraldearen kasuan bertsolaritzaz harago funtzio batzuk ere baditu txapelketak. Hemen euskalgintza zabalagoaren lur bat egunero goldatu beharra bada, eta txapelketak funtzio sozial, linguistiko, kasik politiko -politika hartu gabe partiduen zentzu itxian- horiek baditu. Horregatik da kolektibo hori beharrezkoagoa iparraldeko txapelketan, eta horregatik du gure diskurtsoan ere hainbesteko presentzia. Txapelketak berak dituen funtzio horiek, bakoitzak bere gisara barneratuak ditu. Funtzio horiek helburu pertsonalez harago doaz. Nik uste dut txapelketara aurkezteko, txapelketan kantatzeko energiaren input onak direla eta kolektibo horrek zure ahalegin pertsonala ez duela itzaltzen baizik eta beharbada are urrunago eramaten.

Hemengo testuinguru berezi horretan, behin baino gehiagotan entzun da bertsozaleen artean Sustraik eta zuk militantziaz egiten duzuela txapelketa anbizio pertsonalez baino gehiago. Horrek badu egiatik.

Baliatzen diren hitzen baitan da erantzunik egokiena. Adibidez ez dut neure burua txapelketan kantatzean militante gisa sentitzen. Iduri du militante hitz horrek baduela gogo behartu baten oihartzun gisako bat, eta ene kasuan ez da hala. Uste dut militante hitzaren interpretazio zabalean bai, baduela hortik ere zerbait, ez noa horra ene bizibidearen irabaztera, izatekotz ere ene burua nonbait arriskuan jarriz ateratzen naiz txapelketara, baina ene gogoa eta borondatea arrisku horren gainetik doaz, eta hori balitz militante hitzaren zentzua, onar nezake. Dudarik ez da erraxago litzatekeela etxean gelditzea… Nik ez dut ukatuko txapelketak badituela egun eta tentsio batzuk eta pentsatzen duzula zenbait aldiz, Xalbadorrek erraten zuen bezala, «nik ere nahiago nuke ondotik beha egonik». Baina gero barnetik sentitzen duzunean txapelketaren dinamika eta funtzio sozial horien ahalegina plazer kolektibo handi bat da, eta zuk eman duzun gogo hori itzultzen zaizu energia goxo baten gustuarekin. Ez dut uste militante hitza zentzu militarrean harturik, hala goazenik. Gu guhaurren buruari eta talde bati aportazio bat egiteko zentzuan eta erresponsabilitate baten zentzuarekin goaz, baina gure gogorik bihurritu gabe.

Hogeita bederatzi urte bete berriak dituzu. Baduzu ibilbide luze bat egina, halere, bertsolaritzan, txapelketak tartekatua. Aitzinatzeko gogoa ematen dizute ala batzuetan oztopo bilakatzen dira ?

Biak baditu. Maiz estimatzen duzu txapelketaren nerbio hori ez sentitzea hurbil, zeure buruari galderak lasai egiteko, eta bide luzeago baten sosegua ukaiteko, erran dezagun bilakaera artistiko bat sentitzeko; txapelketaren esturak ateratzen zaitu zeure bide horretatik, eta, beharbada, ez dizu aldatzen uzten. Bide artistiko batek pausa bat beharrezkoa du eta txapelketak pausa hori hausten dizu. Baina bada beste alde bat ere: txapelketa batek lanera behartzen zaitu, eta oharkabean ere burua beste intentsitate batean ari zaizu. Eta hori ere on zaizu beharbada gero, zure bide luzeago horretan, uste ez zenituen eremuak edo koloreak atzemateko, edo, bederen, horretarako mekanika beti olioztatua ukaiteko. Erranen nuke txapelketak zure baitako pausa hausten duela eta maiz pausa hori on dela zeure ibilbidean lasaitasun batekin pentsatzeko, erabakiak hartzeko, sakontzeko gauzetan, baina aldi berean pausa sobera delarik nagitzeko eta gelditzeko arriskua bizi duzula. Guk, zoritxarrez ttipitarik ikasi dugun txapelketaren mekanika horretan geure burua estutzen, eta mekanika hori gabe hainbeste estutzeko gaitasunik ez nuke, hori ene akatsa ere bada. Baina hala da. Eta gainera, aitzineko erantzunetan erran bezala, gure kasuan txapelketaren beharra hain da ebidentea eta ari gaitezkeen bertsolari bakoitzaren beharra hain sentitzen dut nik barnetik, ez naiz sobera ematen beste galdera horien aitzinean. Saiatzen naiz pausa hori sobera trabatu gabe txapelketen dinamikari erantzuten.

Larunbateko saiora itzuliz, txapelketak baditu bere alde onak, baita sailkapenaren gazi-gozoak ere. Buruz-burukoa finkatu zelarik, harridura pixka bat izan zen Sustrai ez zelako pasatu. Bi galdera dira: taula gainean sentitu zenuen hori? Hala izan bada, nola jotzen da aitzina horrekin ?

Lehen galderari erantzuteko, han eszenario gainetik ezin dut erdizka baizik segitu saioa, beraz erdi bat nahasten zait edo galtzen zait; bada, hala ere, parte bat jasotzen dudana, hitzak sartzen zaizkit tarteka eta inpresioak sentitzen ditut. Beraz, irakurketa bat egiten dut, ez kontzienteki, dena nahasian heldu baitzait, baina egiten dut. Irakurketa horren baitan jasotzen nituen Sustrairen bertsoaldi batzuk, Odeienak ere bai, eta hala heldu ginen kartzelara. Hortik landa, agerian den arazoa da ni azkena nintzela kartzelan, beraz besteen saioaren laurden bat galdu nuen. Eta Sustrairen kasuan, bere saioko gailurra galdu nuen. Hori dena galdurik, ene kokalekua buruz-burukoaren puntuazioa entzutean guztiz kokaleku partziala zen. Bistan dena: Sustrai erran izan balute pozik hartuko nuen, Odei erran zutelarik hartu nuen bezala. Ttipia zenetik segitu dugu Odeien bidea, biziki hurbil izan dugu. Gainera mutikoa maitagarria da eta horen bertsoen biziki zale naiz. Sustrairi buruz ezin dut gutiago erran : elgarrekin hazi gara bertsotan, bidea egin dugu, Sustrairen bertso on gehienak entzun dituen pertsona izanen naiz seguraski… beraz badakit Sustraik zer heina duen bertsotan. Ni epaiaren balantza neurtzeko hurbilegi sentitzen naiz biengandik.

Beharbada hariari sobera tiratzea da, baina ez da lehen aldia txapelketan epaiak ez duela bat egiten ikuslearen sentsazioarekin. Epaimahaikoen esperientziak egin izan dira; zure ustez balitzatekea beharra oraingo sistemaz gogoetatzeko, galdegiteko?

Nik uste dut epaitu behar duenak behar duela lasaitasuna, diskrezio minimo bat eta konfiantza. Gero epaiak ez du misteriorik eta puntuazioak gaika agertzen dira xerkatu nahi duenarentzat. Egia erran txapelketen historian uste dut konstanteki izanen den debate bat baden. Bertsoaren inpresioa subjektiboa da eta horregatik ematen dira epaile bat baino gehiago: subjektibotasun kontrastatua da epaia. Eta entzule bakoitza ere subjektiboa da. Beraz, epaiaren inguruko eztabaida txapelketaren historian beti izan da eta beti izanen da. Uste dut txapelketetan -eta ez naiz finalez ari- saioaren hastapenetik bukaera arteko bilakaeran entzulearen memoriak baduela logika bat, eta memorian, adibidez bakarkako gaietako lanek, presentzia handiagoa dutela epaiaren ondorioetan baino. Memoriak funtzionatzen baitu hurbilen duen inpresioarekin. Hori erraxki ageri da txapelketa nagusietako finalean; goizetik hasten da eta arratsalde bukaeran finitzen da. Agian goizeko lehen zortziko handian egin duzun poto batez ez da inor oroitzen; zu bakarrik. Alta berdin da konda bukaerako epaian. Uste dut arazorik gabe mintzatu behar dela horretaz, errespetuaren muga batzuen barnean, bakoitza bere iritzia emateko libro dela.

Zure azken agurrean txapela bertso eskoletako haurrei eskaini zenien. Hortik abiatuz eta kontuan hartuz Sustrairekin hasi zineteneko garaia, nola baloratzen duzu egin den bidea ?

Pentsatzen dut gatozen bidean segitzen badugu, ukanen dugularik denboraren distantzia bat lasai begiratzeko, ohartuko garela oraingo bertso eskolen sare honekin esperantza luze baterako hazia ereiten ari garela. Euskarari darion sorkuntzaren muskulua indartzeko on dira bertso eskolak, eta iparraldean, nekez hasi baziren ere, orain zinez indartzen ari dela uste dut. Oroitzen naiz Sustrai eta ni hasi ginenean Maddiren adin bera genuela; diferentzia handi bat bazen, guretzat beharbada bidea erraztu zuena: kasik bakarrak ginen eta gure aitzinetik ez zen nehor. Jende anitzek beso zabalik hartu gintuen, beharra hain zen handia. Orain, bide bat egina bada, bada talde bat, bertso eskolen sare bat… Eta sare horrek du bertsozaletasunaren lurra zabalduko, bertso eskola bakoitza bere herriko mugimendu kulturalean erreferentzia bilakatzen bada, euskararen muskulua, eta bertsoarena, indartuko dira. Plazer bat da errealitate hori hola ikustea, esperantzaz bizi dut, eta hari luze bat lotzen ari dela iduri zait. Beti izan naiz aski ezkorra iparraldeko gure hizkuntzaren errealitateari bisean bis so egitean, baina bertso eskolen egoerari begiratzean ene alde baikorra ateratzen zait. Eskertu behar da momentu honetan ari diren guztien lana. Txapelketak berak, gure bertsoek baino garrantzi handiagoa du lan horrek, horiek baitute bermatzen iparraldean bertsolaritzaren eta, hein batean, euskararen geroratzea.

Finalean baziren hiru txartel jokoan Euskal Herriko txapelketarako. Joanen zareten bost lapurtarrek nolako ordezkaritza osatzen duzuela iduri zaizu ?

Ordezkaritza ona eta duina iduritzen zait. Bistan dena beharbada lurraldetasunaren ikuspegitik ordezkaritzak aberatsagoa iduriko zuen hiru probintzietatik joanen bagina baina errealitateari ezin zaio begirik itxi. Orain arte bertso eskolen dinamika indartsuena Lapurdiko herri batzuetan izan da eta horien ingurutik atera gara orain txapelketarako adinean garen bertsolari gehienak. Gibeletik beste errealitate bat heldu da zorionez eta uste dut aldatuko dela kolore hori. Lapurdin egonik ere erran nezake Maddirekin Lapurdiko mapa hasten dela tiratzen barnekaldera. Hasten da beste kolore bat hartzen. Espero dut zinez heldu den urtean iparraldeko ordezkaritza ongi defenditua izanen dela.

Zer atxikiko duzu gogoan aurtengo txapelketaz ?

Gogoan atxikiko dut jendearen argazki kolektibo bat. Saioz saioko baina bereziki finaleko jendearen argazki bat atxikiko dut. Publikoaren argazkian ikusi nuen lizeoko eta bertso eskoletako ikasle andana bat txapelketa segitzen, eta enetzat plazer bat da bertsolari bezala, Seaskako ikasle bezala, eta bertsolaritza geroratzea nahi dugunon mugimendu honetako kide bezala horiek hor sentitzea. Uste dut ari garela bertsozaletasuna zabaltzen.