#Bertxiolariak: Nerea Ibarzabal

#Bertxiolariak: Nerea Ibarzabal –

Nerea Ibarzabal

 

#Bertxiolariak: Nerea Ibarzabal

 

1) Zure aurkezpenean diozu “zentzurik ez daukaten gauza denen zale” zarela. Non uzten du horrek bertsolaritza? Zentzurik ez duenak zer balio du zuretzat? 

Zazpi Eskaleren kantu batetik lapurtu nuen letra zatia da, 7/6an sartzen da; hortxe dago loturarik nabarmenena bertsolaritzarekin, beharbada. Behin hori jarri eta geroztik ez dut aldatu, baina gustatzen zait. Zentzurik ez daukaten gauzen zale izatea da, nire ustez, mundu handiarentzat eta jende inportantearentzat garrantzirik ez duten gauzei erreparatzea, borroka —ustez— txikiei, eta ahalik eta modurik ingeniotsuenean. Horretarako aukera ematen du Twitterrek. 

2) Interneteko natiboa zara adinagatik Nerea, Fotolog edo Tuentirekin koxkortuko zinen… Nola ikusten dituzu sare sozialak, eta Twitter?

Halaxe da. Gure belaunaldiaren eboluzio sozialeko kate-begi ia guztietatik igaro naiz, eta kate-begi bakoitzari dagokion menpekotasuna ere bizi izan dut, zelan ez. Tresna oso interesgarriak iruditzen zaizkit pertsonen izaera aztertzeko; besteei geure bizitzetara zabaltzen diegun ate bat da, eta hor ikusten da nork uzten duen soilik zirrikitu bat, nork daukan itxita, nork zabal zabalik… askotan norberak ere ez du jakiten. Twitter da gehien gustatzen zaidana, hitzek daukatelako pisurik handiena. Bestela inoiz ezagutuko ez nituzkeen pertsonaiak eta ideiak aurkitu ditut horri esker. 

3) Zure kontuan kritikak, hitz jokoak, kontzeptu asmatu Edo #hitzokei-ak aurki ditzakegu. Hitzen jokoa sare sozialera ere ekarri duzu. Ekarri al daiteke Twitterreko ezer bertsotara? (Hitz jokoen adiktu ero bat naizela aitortu behar dut, normala horrelakoak aurkitzea) Batzuk saiatu dira bertsotara ekartzen. “Bertxio-saioak” ezagutu izan ditugu gure inguruan, gaiak Twitter bidez eta pantailatik ematen diren oholtza gaineko bertso saioak. Esperimentu polita iruditzen zait ordu batez gai-jartzailetza edonoren eskuetan uztea; izan daiteke desastre bat, edo ekarpen bat, inoiz bururatuko ez litzaizkigukeen ideia edo planteamendu berriena. Kontrako noranzkoan ere garatzen da Twitter/bertsolaritza harremana, gogoan dut Twitter bidezko “bertxiolari txapelketa” bat egin zutela zale batzuek beraien kontuetatik bertsoak txiokatuz.

4) Zuk zer bilatzen duzu Twitterren? Zer ematen dizu? Eta bertsolaritzaren mugimenduari ekarri al dio ezer?

Batik bat gaurkotasuneko albisteak jarraitzen ditut, eta horiei buruzko iritzi ezberdinak irakurtzen saiatzen naiz dena hobeto ulertzeko. Geroz eta pazientzia —eta denbora— gutxiago dut egunkari oso bat edo bi hartu eta patxadaz irakurtzeko, eta ziurrenik Twitterrek zerikusia du horrekin. Neure hautaketa propioa egitera ohitu naiz, batzuetan mugatzailea ere izango dena, ziur aski. Umorezko orrialde amerikar absurdo asko ere jarraitzen ditut, baina hori sekretua da. 

Bertsolaritza Twitterren ere badago, bertsozale eta bertsolari asko baikaude bertan, eta ez da kasualitatea izango. Bat-bateko erantzunak, labur eta modu interesgarrian eman beharreko iritziak, jarraitzaileak eta feedback-a… plaza mota bat gehiago da. Azkenengo Euskal Herriko Txapelketak, esaterako, Twitterren oihartzun handia izan zuela iruditzen zait: bertsoaldi onenak biralizatu, troll anonimoen presentzia… 

5) Sare sozialetan postureoa omen da nagusi. Eta bertsotan? Bertsotan ere ez al dugu egiaren nahi dugun alderdia ematen?

Bizitzan bezala, ezta? Arrazoi duzu. Kanpora begira idazten/erretratatzen/kantatzen dugun guztiak du besteari gustatzeko asmo bat, nork nahi ditu bueltan kritikak eta txalorik eza? Txioekin zein bertsoekin, konbentzituta bota duzun zerbait zalantzan jartzera eraman zaitzake publikoaren erantzun epelak, edo hasieran hain ona iruditzen ez zitzaizunaz “joder, ba zerbait izango du” pentsa dezakezu 40 bertxio edo ehunka txalo lortu baditu. Askotan zaila da bereizten zein den zure egiaren benetako alderdia ere. Erraza da postureoa kritikatzea —nik Instagrameko jendearena kritikatzen dut oso arinki—, baina norberarena ez dugu ikusten, eta Twitterren ere bagaude sasijakintsu pairakaitz asko. 

6) Zer dira 140 karaktere? 

Orain gehiago dira, 280. Pena hartu nuen aldatu zutenean, gustatzen baitzitzaidan ideiak tolestu behar hori 140an sartzeko, agian hori ere bertsolaritzak eragingo zidan. 

140 karaktere ziren: munduko argiena izateko aski, munduko inuzenteena izateko aski. 

#Bertxiolariak: Nerea Ibarzabal
#Bertxiolariak: Nerea Ibarzabal
#Bertxiolariak: Nerea Ibarzabal