#Bertxiolariak: Josu Goikoetxea

#Bertxiolariak: Josu Goikoetxea –

 

Josu Goikoetxea

 

#Bertxiolariak: Josu Goikoetxea

1) Twitterreko zure deskribapenak zera dio: “Gernika-Bilbo 34 km”. Zer da Josu Goiko txiolaria: peajedun bidea? Obra deserosoa? 

Hori zen umetan Gernikako bidegurutze batean ikusten nuen seinalea, urruneko Bilborantz seinalatzen. Twitterreko bioan zer jarri ez nekiela bururatu zitzaidan eta horrela utzi dut gustatzen zaidalako. Gernikan jaio nintzen eta Bilbon bizi naiz orain. Tartean gauza asko gertatu dira (edo gutxi). Esan dezagun 34 kilometro horietan biltzen direla nire bizipen guztiak. 

2) Bertsolariak ohituta daude neurrira egokitzen, zuk arnasa luzeko gaiak jarri izan dituzu. Zer moduz daramazu karaktere muga?

Gustatzen zait txioak neurrira ekartzea. Sintesi lan handia eskatzen du batzuetan. Makina bat txio berridatzi behar izan dut neurrira ekartzeko. Beste askotan, eta aritu ahala gero eta gehiago, karakterearen mugak berak eraman nau pentsamendu sintetikora; behin tresnara ohituta, ideiak ere mugatuta datozkizu. Baina orain bikoiztu egin dute karaktere kopurua, eta batzuetan seguidillaren tentazioan erori naiz, daitort.

3) Jende mordoa jarraitzen duzu eta artikulu, elkarrizketa, gomendioak zabaltzen dituzu sarean. Baita iritzi eta txisteak ere. Zein da zure sareko irizpidea? Zer zabaldu eta zer ez?

Orokorrean, niri interesatzen zaizkidan gauzak zabaltzen ditut, nahi dituenak har ditzan. Izan daiteke literatura, bertsoa, zinema, politika, zientzia… Irizpide bakarra interesarena da. Gero, bai, gustatzen zait bultzadatxoa behar duten ekimenei laguntzea, baina neurrian, bestela jendea gogaitu dezakezulako. Ez dut alderdi politikoen segidismorik egiten (edo saiatzen naiz behintzat). Politikari baten jarraitzailea egiteko, nik estimatzen dudana da hark politikatik harago botatzen duena, pertsona ezagutzen laguntzen didalako, baina oso gutxi dira horrelakoak (agian ulertzekoa da, ez dakit). 

Iritzi eta txisteei buruz: jarraitzaile gutxi nituenean Twitter dibertigarriagoa zen; oso libre sentitzen nintzen edozein tontakeria idazteko. Batzuetan kale, bestetan bale. Orain onartu behar dut zenbat eta jarraitzaile gehiago eduki bi sentsazio nagusitu zaizkidala: bata da pudorea, eta bestea da kezka. Saiatzen naiz bi sentimendu horiek gainditzen, baina ez dut beti lortzen.

4) Gaiak jartzeko baliogarri al da trending topic-en mundua? Bertso saioetarako elikatzen al zara Twitterretik? 

Orain plaza utzita nago, baina bai, erabili ditut Twitterreko kontuak plazarako; izan ere, nire informazio iturri nagusia da. Trending topicak ez ditut erabili, hori zaborra iruditzen zait. 

5) 23.000 txiotik gora idatzi dituzu dagoeneko. Adikziotik gertu xamar? Zer du sareak horrela harrapatzeko?

Behin tresna bat probatu nuen eta 8.000 txio ezabatu nituen, beraz atera kontuak. Bai, apur bat lotsagarria da. Bai, adikzioa dut. Hala ere, esan behar dut niri Twitterrek eta Twitterreko erabiltzaileek asko eman didatela. Hura gabe egingo ez nituen gauzak egin ditut, nire pentsamoldea garatzen lagundu dit (feminismoaren kontuan, adibidez), plazer handia eman dit eta ezagutzen ez nituen hainbat pertsona eta lan ezagutzeko aukera eman dit. Egia da denbora asko eman diodala, haserre bat baino gehiago sorraraziz, baina merezi izan du, dudarik gabe.

6) Zer dira 140 karaktere?

280 karaktereren erdia, libre aritzeko itxitura, hizkuntzaren markoa, gainerako karaktere guztietarako abiapuntua.

 

#Bertxiolariak: Josu Goikoetxea
#Bertxiolariak: Josu Goikoetxea
#Bertxiolariak: Josu Goikoetxea