#Bertxiolariak: Igor Elortza

#Bertxiolariak: Igor Elortza –

Igor Elortza

 

#Bertxiolariak: Igor Elortza

1) Zure burua berbagin bezala definitzen duzu Twitterren. Zer da sare hau berbagin batentzat? Eta, kuriositatez, nolatan aurretik ingelesezko hitza (wordker)?

Azken urteetan aldatuz doan arren, (argazki, gif eta beste), oso berbazkoa eta neurri motzekoa da Twitterren jatorria. Eta gogoko dut hori, noski. Duela dozena erdi bat urte, gainera, ez ginen hainbeste hor jarduten genuen euskal munduko lagunak, ezta aurkariak ere, eta oso ondo pasatu nuen bolada batez. Hitzaren beste jolastoki bat ere bazen, informazio iturri eta iritzi trukerako ez ezik. Wordker horri dagokionez, kontua da ingelesez sortu nuela lehenengo, eta ondoren gehitu nizkion berbagin, palabrador eta parolétarien. 

2) Plaza bat gehiago dela irakurri dizugu, zer irizpide jartzen diozu? Zer elkarbanatu eta zer ez?

Azkenaldian ez nabil horrenbeste, baina bere garaian lau-bost erabilera ikusten nizkion: gai politiko eta sozialen inguruko informazioa jaso eta zabaltzea; kultur gaiei eta edukiei zabalkunde apur bat ematea nire jarraitzaileen artean; intereseko gai eta eduki horiei buruz iritziak eta eztabaidak partekatzea; nik jarraitzen ditudanekin eta nautenekin zuzeneko harremana erraztea; eguneroko bizimoduaren inguruko boutade batzuk jaurtitzea.

3) Neurri txikietan maisu zarela entzun dugu sarri. Horregatik akaso Twitterren ia 7.000 jarraitzaile?

Nik uste dut sare sozialen garaia baino lehenago eta beste plaza batzuetan ezagun izateak baduela horretan eragin handia. Bestetik, euskal txorierrin hasiera samarretik eta garai batean nahiko ekinean jarduteak ere bai. Tarteka eduki biral samarren bat ere sareratu nuen, Boulevardeko askegunea eta nahiko laster Ondarroakoa puri-purian zenean Beatlesen Imagine kantaren bertsio bat, adibidez, eta polemikaren bat ere bai. Horrek guztiak ez ezik, itxaroten dut baietz, neurri motzeko berbagintzan interes apur bat sortzeko gaitasuna ere badudala.

4) Bertsolari bezala zure jardunaren berri ematen duzu, baina sare sozialetan txapelketako prestaketaren berri eman duzun bakarretakoa zara. Ez dakit inor ausartu den aurrez… erabakita egin duzu edo ohiko erabileraren barruan?

Ez nuen lar ere egin. Kontua da nik sare sozial bakoitzerako badudala irizpide argi samarra. Twitter lehenago esandako ikuspegiarekin darabilt, nire interes orokorreko gaien gaineko edukiak eta iritziak partekatzeko. Instagram sorkuntzarako erabili izan dut, han-hemen gogoak emanda egin ditudan argazkiei koplak jarriz. Eta Facebook orrialdea darabilt bertso kontuetarako, nire plazaz plazako ibiliaz ez ezik bertsolaritzari loturiko edukiak zabaltzeko, eta, horren baitan, joan zen udazkenean, txapelketaz ere jardun nuen apur bat.

5) Zure lanaren erakusleiho bihurtu duzu Twitter neurri batean, zer funtzio ematen diozu?

Aurretik esanak osatuz, esango nuke, Igor Elortza bertsolaria dela, baina horretaz gainera beste arlo batzuetan ere badiharduela, antzerki gidoigintzan edo markagintza eta publizitate arloan, batez ere, eta, hori guztia baino lehenago ere, herritar kritikoa, hainbat erakunde, elkarte eta mugimendurekin bat egiten duena modu jarraitu edo esporadikoagoan, eta hori guztia islatzen dela nire Twitter kontuan.

6) Zer dira 140 karaktere?

orain 280 erabili daitezke, eta, ezin esan barik utzi: txorierrik gogorrago zemolan hasieran!

#Bertxiolariak: Igor Elortza
#Bertxiolariak: Igor Elortza