BERTSOLARITZA GARAIKIDEA: Gure konplexuez jardutetik, gure jarduna konplexutzera

Miren Amuriza-(r)en argazkia Miren Amuriza 2019-10-03
Argazkiak: Ekaitz Zilarmendi

BERTSOLARITZA GARAIKIDEA –

Sarrera

Adiera diferenteak ditu konplexu-ak: norbanakoaren izaera eta jarrera baldintzatzen dituen sentimendu eta irudikapen multzoari lotzen zaio izen moduan; osagai asko edukitzeagatik ulertu edo ebazten zaila den hari izenondo legez. Hain justu nork bere konplexuen irakurketa politiko bat egiteak eta beroriek lantzeak eraman ditu bertsolari emakumeak beren jarduna konplexutzera, sakontzera, ñabartzera… Eta prozesu horren nondik norakoez hausnartzeko elkartu ditugu Oihana Iguaran (Amasa-Villabona, 1991) bertsolari eta ikerlaria, Jone Miren Hernandez (Lasarte-Oria, 1970) antropologoa eta Iratxe Retolaza (Donostia, 1977) literatur kritikaria. Kafesne bana, pastak eta mahai bete paper: genealogiaz eta transmisioaz, ahotsaz eta gorputzez, genero gatazkaz, plaza mediatikoaz eta kultur plazaz, “emakume” edo “gizon” izendatutakoez, arrazoiez, emozioez… Bertsolaritza garaikideaz.

 

BERTSOLARITZA GARAIKIDEA

 

Bazen behin bertsolaritza…

I. Nik unibertsitateko ikasleei esker egin nuen topo berarekin: Beñat Gaztelumendi, Izar Mendiguren, Eneritz Arzallus eta Nekane Zinkunegi, Saioa Alkaiza, Oihana Iguaran ere bai… Horiek zertan zebiltzan jakitearren hasi nintzen segitzen eta azkenean zaletu. Gero, Nerea Ibarzabal, Maialen Akizu eta Jon Gurrutxaga etorri ziren, Miren Artetxe ezagutu nuen Katalunian, Uxue literaturaren bidez… Eta pentsatu nuen: “Bertsolari batzuekin konplizitateak baditut, igual mundu horrekin ere izango ditut!”.

J.M. Ni, berriz, Maizpide barnetegira joan nintzen udara batean, eta Mikel Mendizabal etorri zitzaigun eskola pare bat ematera. Ikuska 18 dokumentala jarri zigun, Xabier Amurizak bertsoa nola eraikitzen den esplikatzen duena, eta pila bat inpaktatu ninduen. Gero, saio bat antolatu zuten herriko antzokian eta akordatzen naiz Lazkao Txikik kantatu zuela. Eta, geroago, ja institutuan, Karmen Larrañagak eman zigun filosofia; nik uste berak ireki zidala atea bertsolaritzara… Bertsolaritzara eta feminismora.

O. Guk Lazkao Txiki marrazki bizidunetan ezagutu genuen, bada! Akordatzen naiz Hitzetik Hortzera ere ikusten nuela, soziedadeetan azaltzen ziren gizon haiek… Etxekoek barre egiten zuten eta nik ez nuen ulertzen zergatik, baina dibertitu egiten ninduten. Gero, engantxatu, gazteek egin ninduten: Amets, Alaia, Uxue, Jokin Uranga, Aitzol eta horiek… Baina kontzienteki bertsolaritza lantzen eskolan hasi nintzen, Amaia Agirrerekin. Nire lehengusu Beñat ere bazebilen, eta halaxe…

Eta hala bazan edo ez bazan… Bertsolari emakumeak 1980ko hamarkadan agertu zirela kontatu izan dugu sarritan.

J.M. Hori esaten dugu, bai… Zergatik? Plazara begira gaudelako. Baina bertsolariek oholtzetan jardutea nahiko gauza berria da. Bertsolaritza praktika kultural zabalago moduan ulertzen badugu, ordea, mendeetako historia aurkituko dugu, eta hor gizonezkoak zein emakumezkoak aritu dira; garai bateko bertsolari askok aipatzen dute, adibidez, bertsotan egiten zuen familia inguruko andreren bat… Bertsolaritzak momentu historiko bakoitzean zein esparru hartzen zituen jakitea ezinbestekoa da, zeren, nik uste hortxe dagoela gakoa: fokua non jartzen dugun.

Oholtzan elkarrekin oraintsu arte egon ez badira ere, gizonezkoek beti kantatu eta idatzi izan dute, ordea, andrazkoei buruz.

O. Hala da, bai. Bat-bateko bertsogintzak, adibidez, rolak banatzera jo izan du elkarrizketak sortzeko, eta, hor, emakumeenak gizonekiko loturaren arabera interpretatu izan dira beti: gizonaren pertsonaia ondo matizatu eta, jarraian, “eta zu emaztea”, “eta zu ama”, “eta zu amona”… Bertso idatzietan ere, oso presente dago betiko dikotomia: alde batetik, emazte edo ama apal, santu, abegikorrak marrazten dituzte; eta, bestetik, atso zarpailak, neskazaharrak… Eta, gero, paternalismo handia: emakumeei zuzendutako sorta gehienetan, nola ezkondu behar duten edo nola jantzi behar duten aholkatzen zaie! Kontua ez da gaur egungo ikuspegitik ordukoa epaitzea, baina uste dut merezi duela kuestionatzea eta horrekin guztiarekin zer egin dezakegun pentsatzea.

I. Bat nator, bai, iraganaren berrirakurketa bat egin behar dugu. Transmisioaren auziaz askotan aritzen gara, baina, iruditzen zait, literaturan eta beste kultur esparru batzuetan garaikideari begira-begira gaudela eta iraganaren irakurketa gutxi egiten dela.

Zu zeu, Iratxe, transmisioa aipatu duzunez gero, kezkatuta agertu izan zara irakasleak kultur eragile kontsideratzen ez ditugulako.

I. Bai. Argi dago hezitzaileen figura hezkuntza politikak definitzen duela eta genero ikuspegiarekin, adibidez, EAEn eta Nafarroan behintzat ari dira lanketa bat egiten. Beste gauza bat da nola… Kulturarekin ez. Administrazioek ez diete inolako baliabiderik eskaintzen irakasleei, eta humanitateei dagozkien ikasgai asko galdu egin dira. Horixe ekarri du hezkuntzaren ikuspegi produktibista honek: sistemak ez du ikusten komunitatea eraikitzeko kulturak zer-nolako balioa duen. Gero, badaude kultur eragileak diren hezitzaileak ere; berek hala erabaki dutelako baliabideak sortu eta abar egiten dutenak… Sekulako esfortzua egiten duen jendea.

Horien artean bertso-eskoletako eragileak. Zuk, Oihana, igerilekura saltatzear dagoen umeari begira bazeunde legez aurkitu izan zarela idatzi zenuen behin.

O. Izan ere askotan ez dakizu tranpolinean bertsoa bota, ez bota, dagoen ume horrek zer behar duen: itxarotea eta animatzea ala bultza egitea? Ni neu, bertso eskolan, isilik ordu asko pasea naiz eta, hala ere, ikasleekin duda hori… Momentu honetan horixe da Elkartearen transmisio saileko erronka nagusietako bat: bertsolaritza ematen duten irakasleek hezitzaile kontzientzia hartzea, klaseetan bertsolaritzaz haragoko balio asko lantzen dituztelako eta kultur transmisore moduan ere eragin bat izan dezaketelako. Ez da kasualitatea euskal kulturgintzan erreferentzia guneetan dabiltzan asko eta asko bertso eskolaren batean ibilitakoak izatea; gero, igual, batek idazle bezala egingo du bidea, beste batek kazetaritzan, beste batek bideogintzan… Esan nahi dut, bertsolaritzak beste esparru asko ere elikatu dituela eta, era berean, horrek guztiak elikatzen duela gaur egun bertsolaritza.

 

Mahainguruaz gozatzen segi eta bertsolari bertsolaritza garaikideari buruz gehiago jakin nahi baduzu, eskuratu gure alea administrazioa@bertsolari.eus helbidera idatzita, harpidetu gure webgunean edo jo Elkarreko dendetara. 

BERTSOLARITZA GARAIKIDEA
BERTSOLARITZA GARAIKIDEA
BERTSOLARITZA GARAIKIDEA