Bertsolari letra-egileak: Igor Elortza

Jokin Bergara-(r)en argazkia Jokin Bergara 2019-05-17
Argazkiak: Andoni Lubaki

Bertsolari letra-egileak: Igor Elortza –

Bagenuen apur bat abangoardia izatearen kontzientzia, baina naturalki bizi genuen”

 

Kaleko giroan hazi eta bertsoa musika hainbat estilotara zabaldu zuen belaunaldiko kide ezaguna da Igor Elortza (Durango, Bizkaia, 1975). 19 urte gazterekin hasi ziren, Zazpi Eskaleren bidez, bertsoari terreno berriak zabaltzen eta arakatu gabeko lurraldeetan esperimentatzen. Ibilbide horretan, Gu Ta Gutarraken osatu zuten lanik mardulena, “bertsoaren eta musikaren arteko oreka” lortuz. “Kantak baino bertso-kantak egiten genituen”, esan digu Igorrek, kantagintzaz eta bertsogintzaz duen ikuspuntu propio interesgarria solasladira ekarriz. Durangoko Plateruena kafe antzokian egin dugu hitzordua, kultur jarduera aberatsaren lekuko, toki ezin aproposagoa sorkuntza esperientziaren korapiloetan murgiltzeko.

 

Bertsolari letra-egileak: Igor Elortza

 


 

Noiz hasi zinen hurbiltzen kantagintzara? Zein izan ziren zure lehenengo esperientziak kanten munduan?

Lehenengo, nahi eta nahi ez, zaletasuna aipatu behar dut. Bertsozale besteko kantuzale ere banintzen gaztetxotan. Kantuzaletasun hori oso berbari lotua zegoen. Ingelesa ondo jakin gabe ere, beti letrak begiratu eta gustatzen zitzaizkigun kantek zer esaten zuten ulertzen saiatzen nintzen.

Gero, gurera etorrita, Leteren oso zalea nintzen, eta uste dut asko zuela bertsolaritik. Bi mundu elkarren artean oso lotuak daudenak dira bertsolaritza eta kantagintzarena, edo nik hala bizi dut behintzat. Ibili dira beste batzuk ni baino gehiago letragintzan. Nire esperientzia gehiago egon da musikariekin batera ibiltzetik; lehenengo, Zazpi Eskalerekin; eta ondoren, Gu Ta Gutarrakekin.

Esan liteke zuen belaunaldiak, musika estiloekin nahasketak egitean, bertso jarrien forma tradizionalekin hautsi zuela. Bazegoen abangoardia izateko nahirik zuen artean?

Bai eta ez. Neurri batean baginen kontziente hori gerta zitekeela, baina, beste aldetik, naturalki bizi genuen. Bertsoen zaletasuna bizi genuen neurri berean rock zaletasuna eta beste batzuk ere bizi genituen. Baina uste dut gehiago dela bidean topatzen dituzun lagunen eragina. Gure kasuan, musikagintzan murgiltze hori, oso lotua egon da Josu Zabalarekin.

Hasiera batean Zazpi Eskalerekin esperimentazioak egin eta gero, uste dut Gu ta Gutarraken lortu genuela bertsoaren eta musikaren arteko oreka. Bertso kantak zirela esaten genuen. Nolabait ere, bertsoa bera zainduz eta mimatuz, eta esango nuke erdigunean jarriz, horri begirako lanketa musikal bat egitea zen kontua, horregatik “bertso kantak”. Bai doinua sortzerako orduan, edo zenbat musikari behar ziren kontuan hartzerakoan, bertsoa zaindu nahi izaten genuen. Zazpi Eskalen, adibidez, pasatu egin ginen instrumentistekin, zarata larregi zegoen bertsoaren inguruan. Ondoren, oreka hori oso modu kontzientean landu genuen, baina beharrezkoa izan zen aurreko prozesu guztia.

Moldeak apurtzeari zegokionez, Josu Zabalaren nahia bazen bertsoa ahalik eta musika genero gehienetara eramatea. Hori da, agian, Zazpi Eskale: rapa, kantu poperoak, swinga, bakaladeroa… Bazegoen kontzientzia bat moldeak apurtzekoa, baina ez apurtze hutsagatik. Gehiago zen bertsoa guri gustatzen zitzaizkigun beste eremu batzuetara ere eraman zitekeela demostratzea.

Gu Ta Gutarraken oreka lortu zenutela aipatu duzu. Oreka hori lortzeko bidean, erreferentziarik bilatzen zenuten kanpoan, nazioartean?

Ez bereziki. Gustu konpartituak ziren batez ere, Hertzainaken kontzertu batzuetan bertsotan eginda geunden, Josurekin berba eginda genuen gure gustu musikalez, izan Leonard Cohen, Tom Waits edo Bob Dylan, mundu anglosaxoikoak gehienak ere. Egin genezakeenaren zumeak geure arteko afinitatetik zetozen, ez kanpoko ereduak kopiatzetik. Bazeuden, noski, kanpoan ikusten genituen eta gustatzen zitzaizkigun kontuak: eszenaratze teatralizatua izatea, eskema orokorra opera-rock antzekoa izatea… Erreferentziak kontzientzia gehiagoz edo gutxiagoz hartu genituen. Cirque du soleil zer da? Bai zirku bat bada, baina munduko leku askotatik hartutako elementu eta teknikekin egina, gauza berria sortzen duena. Nik uste gureak asko zuela hortik.

Bertsoa ahalik eta genero musikal gehienetara eramateko borondate horren atzean, bazegoen gaitegi edo tematika jakin batzuk beste publiko batengana eramateko nahia, euskalduntasunaren kontzeptua zabaltzearekin lotura izan zezakeena?

Konturatzen ginen lortzen genuela, eta positiboki baloratu ere. Esan beharra dago, oso gazteak ginen Zazpi Eskaleren garaian, nik 19 urte izango nituen. Josuk esperientzia musikal potenteagoa zuen, bai musikarekiko eta bai euskal eszenarekiko. Baina ez zegoen zuk diozun moduan teorizatua. Gehiago zen Josuren buruan zegoen nahia, bertsoa edozein ildo musikaletara eraman zitekeela demostratzekoa.

Musika estilo zehatz batzuk jarraitzen zituzten euskal herritarrengana jotzea baino bertsoak berak musikalki izan ditzakeen posibilitate estetikoak zabaltzea zen helburua. Horrekin bagenekien beste jende mota batengana iritsiko ginela. Bertso tramak egiten hasi ginenean, adibidez, Josu Goikoetxea eta Jon Maiarekin, zinearen, antzerkiaren eta, oro har, literaturaren munduko beste zaletasun batzuk bertsotara ekarri genituen. Bagenekien horrekin, agian, ohiko bertso plazetara joango ez zen jendea etor zitekeela. Trametan garbi detektatu genuen hasieratik, euskara ikasleentzat oso ate ona zela, adibidez. Hizkuntzaren munduko erreferentzia asko ez izan arren, unibertsalagoak diren generoak ekartzean, western bat, nobela beltza… oso erraz ulertzen zituzten saioak, denek baitzekiten nondik zihoan istorioa. Maizpidetik eta beste euskaltegietatik asko eskatu ziguten.

Gero, gaitegiari dagokionez, Zazpi Eskaleren kasuan, aurrez egindako proposamen batzuk ziren. Gai batzuk interesatu arren, beti behar izaten dira bultzadak. Trintxera Basauriko elkarte batek jardunaldiak egiten zituen urtero, eta lehenengoa pobreziaren inguruan antolatu zuten; hortik izena, Zazpi Eskale. Bigarren urtean droga izan zen gaia, eta horren barruan zer landu nahi genuen erabakitzen zen. Gaupasa drogoso bati buruzko kanta bat, adibidez. Musika bakaladeroa jarri genion, bertsoa edonora eraman daitekeelako ideiari jarraituz.

Bakaladeroa edo beste musika generoekin, bertsoa bera adierazpen artistiko-estetiko bezala eraldatu zenuten. Sortu zuen horrek erresistentziarik bertsogintza klasikoagoan?

Zazpi Eskaleren lehen agerraldia bertso egun batean izan zen, 96an. Baxujolea eta gitarristarekin joan ginen Unai eta biok, eta sustoa izan zen hangoa. Kontrakotasun espliziturik ez genuen topatu, baina ez da oso argia izan behar konturatzeko bazegoela ondoez bat. Bageneukan apur bat abangoardia izatearen kontzientzia eta jendeak bazekien hori, baina naturalki bizi genuen, gustatzen zitzaigun egiten genuena. Ez gindoazen inoren kontra, ez eta diskurtso abangoardista zehatz bat jarraitzera ere, gustura genbiltzan egiten genuen horretan. Baten bati ez bazitzaion gustatzen, berdin zitzaigun, hori ere egia da.

Konturatzen ginen nora heltzen ginen eta nora ez. Mapa geografikoa ere egin daiteke. Arabar Errioxan emanaldia egitera heldu ginen, eta frontoian bertso saio handiak egiten diren herrietan gaztetxeetan jo genuen. Horrek eman ditzake pista batzuk harrera aldetik nola ibili ginen. Nik Gu Ta Gutarraketik daukadan satisfazio handienetako bat, Zuberoan 6-7 emanaldi egin izana da. Bertsotan, hogeitaka urtetan, ez dut hainbeste kantatu han, eta Gu Ta Gutarrakekin bai, epe laburrean. Bertsoaren geografia hegemonikotik aldendu ginen apur bat, bere alde ezkor eta baikorrekin. Nire ustez, baikorrak gehienak.

Kanta bat sortzerako orduan, bertsolari zaren aldetik eta zure esperientziatik, zertan esango zenuke ezberdintzen dela bertsoa sortzeko prozesua eta kanta?

Ba, asko eta ez hainbeste, esango nuke. Nahiko borroka egoten da hor musikariaren doinua eduki edo norbera hutsetik hasi. Hustasuna zaila da denontzat. Bat-batean daukagun heldulekua ere melodia bat da, pentsamendua abiatzeko beharrezkoa duguna. Niretzat errima eta metrika baino doinua da inporta duena, sonoritate bat du, erritmo bat du…

Hortik aurrera, hitzei lotuta, niri doinu bat edukitzeak asko laguntzen dit. Zehazki zer ez dakizu, baina gauzak iradokitzen ditu. Nork kantatuko duen jakiteak ere lagundu dezake. Beste batzuetan, gai bat ere izaten da. Adibidez, Gu Ta Gutarraken nahi izan genuen denbora eman geure buruari, barrutik zer irteten zen ikusteko. Hiru-lau hilabete egon ginen batzen eta berba egiten, oraindik ezer eduki gabe.

Gai zehatzak lantzeko helburuarekin?

Ez zegoen horrela planteaturik. Zazpi Eskalerena zertan hobetu zitekeen, geure momentu bitala, Euskal Herria, mundua… eta genituen kezka diferenteak. Konturatu ginen geure kezka pertsonalak, geure mundutik pentsatuak zirela behin eta berriz ateratzen genituenak, hortik sortu zen izena, Gu Ta Gutarrak.

Hori guztia ondoren idazten eta orrazten hastean, garbi dago askoz ere exijenteagoa zarela bat-batean baino. Bat-batean gai zehatz bat asko landuta ere faktore asko daude kontuan hartu beharrekoak. Idatziz bekatua da bost silaba alferrik galtzen uztea.

Iruditzen zait norbera dagoen boladak ere eragin handia duela sormenean. Egon zaitezke bertsoak metaforaz eta baliabide literarioz janzteko sasoian, edo gauzak ahalik lehorren esatekoan, su artifizial ahalik gutxien ipiniz. Kontatu nahi duzunak ere pisua du. Eguneroko kontua bada, adibidez, sinpletasunetik asko esan daiteke. Goizean, pareko etxean argiak piztu direla kafea egiten ari zaren bitartean eta zain zaudela umeak noiz esnatuko, ea gauez zenbat hazi diren ikusteko… Bere soiltasunean indar handia du horrek, adibide bat jartzeagatik.

Idazketa horrek, bat-bateko jardunerako balio dizu?

Musikarekin ibili zaren aldi horretako langintza bat-batera ekartzen saiatzen zara, noski. Beti ezin da, baina bost silaba hutsak ez botatzen ahaleginduko zara. Letrak idazterakoan bezala, bat-batean su artifizialak sartzeko garaia eduki dezakezu bat-batean ere, edo gauzak ahalik eta modu soilenean esatekoa. Metafora bat sartu behar badut, izan dadila esan nahi dudan hori esateko aurkitu dudan bide hoberena delako, eta ez metaforak egite hutsagatik.

Badakit lan hori egin izan ez banu, bat-batean ez nukeela berdin egingo, eta bat-bateko jardunari ere ez niokeela begiratuko begiratzen diodan moduan. Ondo egiten saiatzetik aparte, egiten ari zaren horren funtzioaren kontzientzia izatea bada beste kontu bat.

Kantuentzako letrak egitea, bere horretan, genero bat gehiago dela esango zenuke?

Bai, dudarik gabe, bada generoa. Bertso jarrietako moldeetatik urruntzen bada, oraindik eta gehiago. Begira poesiarekin zer gertatu den. Zenbat talde saiatu dira Euskal Herrian poesiatik tiratzen kantuak egiteko eta ez dute lortu nahi zuten emaitza? Egia da poema batzuk ezinhobe egokitzen zaizkiola kantuari, ziurrenik genero horretatik asko zeukatelako, alegia, kantatuak izan zitezkeen pieza idatziak zirelako. Hala ere, gehienak ez dira ondo geratzen. Nik uste horrek garbi erakusten duela poesia badela genero bat eta kantua beste bat, bertso jarria eta bat-batekoa ere bi diren bezala.

Esango nuke bertsoa nahastu dugula beste hainbat diziplinarekin, baina oso azalean geratu garela. Bertsoa beste diziplinen ondoan jartzera iritsi gara, baina uztartzea bestelako kontu bat da. Bat esatearren, bertsoak zer ekarri diezaioke antzerkiari? Ba, agian gehien aportatu dezakeenak ez dauka kantuarekin eta errimarekin zerikusirik. Antzerkilari batzuekin lan egin izan dugu eta ahozkotasuna orokorrean interesatzen zitzaien, “esateko” testu bat eduki nahi zuten, ez paperean lo geratuko zena. Errimatua edo kantatua izatea ez zen lehentasuna. Alderantziz ere, bertsoari elementu dramatiko edo eszenografikoek lagundu badiezaiokete, edo ildo horretan sakondu gura bada, beste pauso batzuk emateko garaia dela uste dut.

Badaude konbinazio berriak bilatzen ari diren taldeak ere, hip-hopa edo kultura urbanoagoekin lotura duten estiloetan. Iruditzen zaizu bertsoak konektatu dezakeela estilo horiekin? edo belaunaldi berriek esateko modu eta bide berriak bilatuko dituztela?

Bertsoa, bere ohiko forman, gaztetxoentzat, lantzeko merezi duen adierazpen modua dela uste dut, aberatsa eta asko eman diezaiekeena. Agian derrigorrean ere ez da mantenduko, baina ez zait iruditzen zakarretara botako denik.

Kaleko kultura urbanoekin konektatzearena, geure munduan badago gaitasuna eta garatzeko arte bat, noski, lanketa eskatzen duena. Irabazi behar diren terrenoak dira. Kalera irtetea ere gogorra izan daiteke… Beste zirkuitu eta gertaleku batzuk ere bilatu daitezke, kalea ez direna izango derrigorrean, baina eraginkorrak suerta daitezkeenak. Kezkatu egiten nau horretarako gogo, indar eta egitasmorik ez dagoela ikusteak. Asko poztuko nintzateke 15-19 urte arteko gazteak ikusiko banitu, euskaraz, rap, trap edo antzeko estiloetan zerbait muntatzen. Gaitasuna eta teknika badagoela uste baitut.

Txapelketetara denak apuntatzen dira, baina badakigu bide horretatik ere frustrazioak sortzen direla. Bide egonkortuagoa da, baina beste batzuk badaude topatu beharrekoak. Aldekotasunak eta kontrakotasunak erakarriko ditu, hormaren kontra jo behar da, hanka sartu…

Zuen belaunaldia, berritasuna ekartze horretan eta bertsoa beste arte batzuekin nahastean erreferentzia da. Gaur egun ez da sumatzen gure belaunaldian abangoardia izateko gogo edo giro handirik. Zuek klima sozial eta politiko zehatz bat bizi izanak, nola eragin zuen terreno berri horiek arakatzera salto egiteko orduan?

Guk suertea eduki genuen, hori esan behar da. Lehenengoak ginen bertsolarien belaunaldi arteko hutsune bat betetzen, Bizkaian bereziki. Aurretik zeuden bertsolariekiko desberdintasun estetikoak, izandako bizipenenak edo munduari begiratzeko moduenak argiak ziren, eta gauza berriak ekar genitzakeen. Gaur egun ere, 20 urteko gazteen eta gure artean dagoen adin diferentzia antzekoa da. Agian, geu ere eguneratzen joan gara, bertsoaren funtzio sozial eta artistikoaren kontzientzia izan dugu eta dedikazio, kakotx artean, profesionala izatera ere iritsi gara. Egia da, egunerokotasunean ipintzen joan garela apurka, eta berritasunekin janzten, eta gu iritsi ginenean ez zegoela halako ezer.

Belaunaldi moduan, kaletarrak ziren lehenengoak izan ginen gu. Telebista euskaraz ikusiz hazi ginen, gatazka politiko eta soziala bizi-bizirik zegoen, egunero ikusten genuen geure begien aurrean, horrek kulturalki zekarren guztiagaz. Rock erradikala, gaztetxeak… eferbeszentzia horretan ikastoletan genbiltzan belaunaldia gara. Bertsotan sartu ginenean, hortik urte gutxira, hori guztia ginen eta bertsotara eraman genuen, horrek zekarren berritasun guztiarekin. Derrigorrean bertsozaleak ez ziren tokietara eraman gintuzten: izan gaztetxe, izan aldarrikapen politikorako gune, izan euskara elkarte… Euskal Herrian mugimendu oso aktiboa zegoen. Gaur egun hori askoz amatatuago dago.

Bertsoen arlotik gauza asko egiteke zegoen garai bat da, irakinaldi kolektibo horrekin batera kointziditu zuena denboran, eta hor agertzeko suertea ere izan genuen. Euskal Herriko egoera soziala oso diferentea den arren, uste dut gaur egungo bertsolari gazteei txipa berpizteko motiboak eta heldulekuak badaudela: izan sarean esperimentatuz, kalera bajatuz… Agian ez duzue Woodstock-ik bizi izango, baina bueno, guk geure Woodstock txikiak bizi izan genituen bezala bizi ditzakezue zuek ere.

Bertsolari letra-egileak: Igor Elortza  Bertsolari letra-egileak: Igor Elortza  Bertsolari letra-egileak: Igor Elortza  Bertsolari letra-egileak: Igor Elortza  Bertsolari letra-egileak: Igor Elortza  Bertsolari letra-egileak: Igor Elortza  Bertsolari letra-egileak: Igor Elortza  Bertsolari letra-egileak: Igor Elortza  Bertsolari letra-egileak: Igor Elortza  Bertsolari letra-egileak: Igor Elortza  Bertsolari letra-egileak: Igor Elortza  Bertsolari letra-egileak: Igor Elortza  Bertsolari letra-egileak: Igor Elortza