BERTSOLAMINTZA IV: Miren Artetxe
Bertsolamintza Miren Artetxe –
“Bertso munduak segitzen badu hiztun zaharren
mundu izaten, hemendik 50 urtera ez dakit
bideragarria izango den”.
“Hiztun berriak eta bertso mundua. Legitimatu (ah)ala auzitan jarri?” izeneko hitzaldia eman zuen aurtengo Bertsolamintza jardunaldien barruan Miren Artetxe Sarasolak (Hendaia, 1985). Bertsotan trebatzeak eta bertso-munduan sozializatzeak hiztun berrien legitimazio prozesuan izan dezakeen eragina aztertu zuen besteak beste hitzaldian. Bertan kontatutakoak xehetzeko asmoz harrapatu dugu bertsolari hendaiarra tesia egiten ari den Leioako campusean.
Nola erabaki zenuen ikerketa lerro hau zabaltzea?
Ez nuen erabaki. Elkarrizketak egiten ari nintzen eta konturatu nintzen elkarrizketatuen artean zeuden bi hiztun berriek kontatu zidatela bertso munduan sozializatzerakoan batzuetan oso kontziente zirela —edo eginarazten zituztela— haien hiztun berritasunaz. Nik galdera irekiak egiten nituen hizkuntza-ibilbideari eta bertso-ibilbideari buruz. Eta bi hiztun horien kasuan bi ibilbideak gurutzatzen ziren hor. Horrela ohartu nintzen gai horretan sakondu behar nuela.
Oinarri-oinarrian agertzen da hizkuntza ideologia kontzeptua.
Bai. Hizkuntza ideologia beti aztertu izan da zeharka, baina 90eko hamarkadan egituratu zen ikerketa-ildo bezala eta badago autore bat,Kathryn Woolard, aitzindaria horretan, esaten duena badaudela hitz egiteko modu pila bat eta fenomeno linguistiko pila bat ezin direnak ulertu ez bada ideologia batetik. Hizkuntza ideologia hizkuntzei buruz pentsatzen den edozer bezala defini daiteke: zer den hizkuntza bat —eta zer dialekto bat—, hasteko. Baina, hizkuntza ideologiak azter dezake, baita ere, zein hizkera jakin lotzen den ezaugarri sozial jakin batzuekin, eta zergatik. Hizkuntzarekin gertatzen diren fenomeno sozialak ulertzeko inportantea da hizkuntza ideologia.
Hizkuntza ideologia diogunean hau ere esan nahi dugu: hiztunari legitimitatea zerk ematen dion.
Hiztun ideologia bat eduki edo bestea eduki gure hiztun legitimoaren irudia ere aldatu egingo da. Hizkuntza nagusietan gailentzen den ideologia anonimotasunaren ideologia da, eta hizkuntza gutxituen kasuan, autentikotasunaren ideologia. Hizkuntza nagusietan hiztun ona da azenturik nabaritzen ez zaiona, erregistro jasoan eta formalean aritzen dena, ahalik eta hitz ponposoenak eta literaturarekin lotuenak erabiliko dituena, ahalik eta estandarren aritzen dena. Horri egotziko zaio hiztun onaren kategoria. Hizkuntza gutxituen kasuan, aldiz, hiztun ona da modu lokalenean hitz egiten duena, zenbat eta espezifikoago, zenbat eta komunitate jakin batetik hurbilago; horri ematen zaio hiztun onaren kategoria. Zergatik hizkuntza gutxituetan estandarrean ari dena ez da hartzen hiztun ontzat? Horrekin ez dut esan nahi bataren edo bestearen alde egin behar denik, baizik eta hiztun ona kontsideratzen duguna desberdina dela hiztun ideologiaren arabera. Hizkuntza gutxituetan askotan funtzionatzen da autentikotasunaren ideologiarekin, eta kontziente izan behar dugu horrela jokatzen dugula eta agian ez dela estrategikoa aurrera begira. Hizkuntza biziberritzearen ikuspegitik proportzionalki gero eta urriagoa den hiztun mota izatea hiztun on eta legitimotzat onartzen den bakarra agian ez dela estrategikoa.
Hiztun zahar hiztun berri kategoriek definitzen dute hiztunaren balioa.
Anonimotasunaren ideologian agian ez da hain errelebantea. Zuk frantsesa ikasten baduzu azentu paristarrarekin, azentua ez nabaritzeko moduan, passingaizan dezakezu nahiz eta Bordelekoa izan; baina autentikotasunaren balioaren arabera, benetako hiztuna jaiotzez izan behar da. Euskaldun berria bazara nahiz eta euskaraz zuzen eta egoki hitz egin, puntuak kentzen dizkizu. Bueno, ondarrutarrez ari bazara, jariotasuna badaukazu, hizkuntza gaitasun handia eta euskaraz bizi bazara, inork ez dizu legitimitaterik kenduko. Baina batuaz hitz egiten baduzu eta euskaraz ez baduzu etxean ikasi, beste kategoria batean zaude. Kategoria horiek berez ez dute zertan pertinente izan. Ebaluatu ahalko litzateke hiztun bat ikusita zer hizkuntza-gaitasun edo zer erabilera-maila daukan, eta horien arabera kategorizatu, baina gure ideologiaren arabera pertinenteak diren kategoriak dira. Eta batzuetan ez dira estrategikoak, bati legitimitatea ematen diolako eta besteari legitimitate eza. Beraz, hiztun zaharra ez denak legitimitatea irabazi egin behar du, nahiz eta hiztun zaharrek bezain ongi —edo batzuek baino hobeto— hitz egin, nahiz eta euskaraz bizitzeko ahalegin handiagoa egin beste hiztun batzuek baino. Eta batzuetan ez da estrategikoa horrela funtzionatzea.
Zuk hiztun berri hiztun zahar kategoriak markatu dituzu. Baina hiztun zaharren artean ere euskalkidunak eta euskalki gabekoak daude. Kategorizazio horrek ere beste ezaugarri batzuk erantsiko ditu.
Bai. Hiztun bat kategorizatzeko garaian hainbat ezaugarri har daitezke kontuan. Bata da hiztun berria ala hiztun zaharra izatea. Bestea, dialektoduna ala ez dialektoduna. Ikerketek erakusten dute hiztun berriek euren burua legitimatzeko tresnatzat dituztela hizkuntza-gaitasuna, erabilera (erabilera trinkoa eta harreman sarea euskarazkoa) eta dialektoa. Dialektoa ez daukatenek zailtasun gehiago daukate euren burua hiztun legitimotzat hartzeko. Gurutzatzen da hiztun berri / hiztun zahar, dialektodun/ ez dialektodun ezaugarriekin, eta, askotan, dialektodun izateak passinga ematen dizu eta, automatikoki, hiztun zahar bezala kategorizatzen zaitu. Ondarrutar bat ondarrutarrez hizketan entzunda, a priori lehenago pentsatuko duzu hiztun zaharra dela —zuria bada, behintzat—; aldiz, gasteiztar bat euskara batuan, hiztun berritzat hartuko dugu, eta ez du zertan hala izan, ez alde batera eta ez bestera.
Bertsotan hiztun berriak hiztun berri bezala kategorizatuak direla diozu. Ezaugarri markatuagoa da hori bertso munduan, jendartean oro har baino?
Antzeko zerbait. Eta hiztun berriei buruzko problematika ez da aipatu orain arte,ez bada orain dela gutxi Saioa Alkaizaren artikulu bat, Imanol Uriaren agur bat, Xabi Payaren agur hura, edo Jon Maiaren abuelari bertsoa. Ez dut uste gehiago markatzen denik esplizitoki nor den hiztun berria eta nor ez, baina bai bestela. Bertso munduan a prioridenok gara hiztun zaharrak. Eta ez baldin bazara, zuk ikusi zer egiten duzun horrekin. Ongi etorria zara, noski, baina, hau, berez, gure festa da. Hiztun berriei, batez ere erdal gunekoei, gertatzen zaie euren inguruan gehienak direla hiztun berriak, asko ez dira hiztunak ere. Zentzu horretan euren bizitzan ez dira seinalatuak sentitzen hiztun berri izateagatik. Aldiz, bertso munduan galdetzen dietenean: “Baina zure gurasoek ez dakite euskaraz?”. Hor konturatzen dira, “egia, hori inguru honetan arraroa da”.
Bertsolaritzan ari denari suposatzen zaio ezagutza bat eta erabilera bat. Hori kanpo legitimaziorako gako izateaz gain, zama ere izan daiteke.
Zuk bertso munduan sozializatu nahi baduzu, prozesu horrek ezaugarri batzuk esleitzen dizkizu, baina baita eskatu ere. Hori karga bezala bizi daiteke edo ez. Nire elkarrizketatuetako batek kontatzen zidan behin Bertsolari Txiki Egunera joan zirela, autobus oso bat eskolatik bera animatzeko, irabazi ere egin zuela, eta arratsaldean futbolean frantsesez ari zirela irakasle batek esan ziola: “Goizean BertsolariTxikin eta arratsaldean frantsesez?”. Kontraesan bat balego bezala. Edo beste elkarrizketatu baten kasua. Ikaskide batek esan zion: “Nik ez dut EGA gaindituko etxean ez dakitelako euskaraz”. Eta berak: “Nirean ere ez”. Besteak: “Baina zu bertso eskolan zabiltza”. Bertso eskolan ibiltzeak berak hizkuntza gaitasun bat emango balizu bezala, eta, noski, bertso eskolan aritzea bera hizkuntza lantzea da, baina bertsolariaz dugun irudia da hor mediazioan dagoena. Bertsolariaren irudi kanonikoa gaitasun altuko hiztunarena baita, lehenik eta behin, eta euskara modu trinko eta proaktiboan erabiltzen duen hiztunarena ere bai. Suposatzen da bertso eskolan dabilena euskaraz bizi dela edo bizi behar duela. Eta batzuen kasua hori da eta beste batzuena ez; batzuk aktiboago eta beste batzuk ez. Gainera, bertsolariak euskararen aldeko diskurtsoak sortzen eta birsortzen dituzten agenteak dira. Txapelketa ikusi besterik ez dago, agurrak, eskolarteko gaiak. Bertsolariek badakite plazan badabiltza euskararen aldeko diskurtsoak bota beharko dituztela. Beraz, badago halako amalgama bat: bertsolaria bazara, euskara gaitasun altua daukazu, euskaraz bizi zara eta agente bat zara hizkuntzaren biziberritzearen alde. Orduan, bertsolaritzan sozializatzen ari direnei hori guztia egotziko zaie, baita eskatu ere.
Hiztun legitimoa izatea da, hortaz, eskatzen zaiona.
Bertsolari legitimoa da lehenik eta behin hiztun legitimoa. Baina hiztun legitimoa zer ideologiaren arabera? Gure gizartean gehienbat autentikotasunaren ideologiaren arabera. Beraz, autentiko maximoa hiztun zaharra da, dialektoduna eta abar. Eta hortik joango zaizkizu puntuak kentzen. Orduan, bertsolari egiazkoa, nahi gabe, hiztun zaharraren ideiarekin lotzen dugu. Bertsolari legitimoarengan pentsatzean, lehenago pentsatuko dugu gizon batengan, lehenago gipuzkoar batengan arabar batengan baino, zuri batengan beltzarengan baino. Oro har, bertsolari legitimoaren ideia lotua egongo da hiztun zaharra izateari, nahiz eta inork ez dizun esplizituki hori defendatuko.
Benetako bertsolaria eta benetako hiztuna lotzen dituen ideologia aldatzeari estrategikotasuna ematen diozu zuk.
Bai. Nik ez nioke lotura hori kenduko. Bertsolari legitimoa hiztun legitimoa izatearekin lotuta dago, eta uste dut neurri batean lotuta egon behar duela, publikoki hizkuntza maneiatu behar duzun jardun bat den heinean, pentsatzen dudalako ona dela hiztun legitimoa izatea. Kontua da hiztun legitimoa zerk egiten zaituen birnegoziatu beharko litzatekeela.Eta hor karga kentzea berezkotasunari eta autentikotasunari, bai hiztun zaharra izateari dagokionez eta bai dialektoduna izateari begira. Hori birnegoziatu behar da eta, gainera, gurpil zoroa da hori: gizartean gertatzen denak bertso munduari eragiten dio eta horrek definitzen du bertsolari legitimoa izatea zer den; baina, aldi berean, guk (eta uste dut baditugula estrategiak horretarako) bertsolari legitimoa zer den birdefinitzen baldin badugu, bertsolaria hiztun legitimo bezala irakurtzen denez, gizarteari hiztun legitimoa birnegoziatzen ari gatzaizkio. Horrek bertsolaritzaren bideragarritasunari on egiteaz gain, on egingo dio hizkuntzaren biziberritzearen prozesuari.
Gizartean gertatzen dena aipatu duzu. Baina gizartean eta bertso munduan dagoen hiztun berrien proportzioaren arteko aldea oso handia da.
Bai. Bertsozaletasunari buruzko azken ikerketa soziologikoak erakutsi du nola bertso munduan hiztun zaharren proportzioa askoz handiagoa den, gizartean baino. Bertsolarien zerrenda ikusten baduzu, hiztun berriak oso-oso gutxi dira. Plaza gehien egiten dituztenetatik, Jon Maia bakarrik izango da. Baina horrez gain, harrigarria dena da entzuleen artean ere, ikerketa soziologikoko inkestek diotenez, oso baxua dela hiztun berrien proportzioa, bertso-mundutik kanpora, gizarteko euskaldunen arteko proportzioarekin konparatuz gero. Hori ez da kasualitatea, filtroa dago. Ez soilik bertso-munduaren baitako dinamiketan, noski, baina, filtroa badago. Gizonek gizonentzat sortutako espazioa izan den bezalaxe, hiztun zaharrek hiztun zaharrentzat sortutako praktika da bertsolaritza. Hor atzean zer dago? Emakumeei esaten ziguten bezala “etorri eta kantatu, beste edozeinek bezala, ateak zabalik daude”. Hiztun berriei ere esaten zaie “etorri gure mundura”. Nire ustez, beste buelta bat eman beharko litzaioke horri kontuan hartuta gaur egun gazteen artean gehiengoa direla hiztun berriak, eta gero eta gehiago izango direla bai proportzioan bai zenbaki absolutuetan. Arkaitz Zubirik esaten duen moduan generoari dagokionez, hiztun berriekiko ere balio du: ez da bakarrik bertso mundua bidezkoago egiteko, baizik eta bideragarriago. Zeren bertso munduak segitzen badu hiztun zaharren mundu izaten, hemendik 50 urtera ez dakit bideragarria izango den.
Bertsolaritza hiztun zaharrek hiztun zaharrentzat sortutako mundua dela diozu. Hori pixkanaka aldatzen ari dela uste duzu?
Euskal Herriko bertso eskoletan, proportzioan, 70eko hamarkadan baino hiztun berri gehiago dago, eta suposatzen dut jende gehiago ari dela pentsatzen egoera soziolinguistiko desberdinetan nola eta zer irakatsi. Erdalguneetako bertsolaritza ere garatzen ari da urtez urte —edo hamarkadaz hamarkada—, eta kasu askotan, hiztun berriak dira bertsolaritzaren motorra gune horietan. Bestalde, beste berrikuntza bat da aldarrikapen mezu batzuk ari direla ateratzen, ez hainbeste hiztun berriengandik baizik dialekto gabeko hiztun zaharrengandik, tartean zu, Saioa Alkaiza, Jone Uria. Nik uste hori guztia kuestionatzen ari dela.
Hiztun berriak euren izaerari buruzko diskurtsoa garatzen ari dira. Zer norabidetan ari da garatzen diskurtso hori?
Esan bezala, hiztun berriek baino dialekto gabeko hiztun zaharrek esango nuke. Nire ustez, ahalduntze ariketa bat egiten ari dira. “Aski da” esateko modu bat. Badaukate nahikoa gaitasun edozertan hiztun zaharrak bezain ondo maneiatzeko, eta, hala ere, tope bat daukate eta hiztun autentikoei demostratu beharra daukate. Eta esaten dute: “Nik zuri demostratu behar dizut? Zer?”. Uste dut errebindikazio bat dela. Saioa Alkaizaren kasua, adibidez: esatea ni Iruñean bizi naiz, nire errealitatea ez da zurea, ez daukat euskalkirik, nire euskarak bertsotan egiteko balio du, are gehiago, badago jende bat zeina nire euskara bere euskara den. Jende guztiak ez du nahi zure hizkeran egindako bertsolaritza entzun, batzuek nahi dute nirea “prima” errimatuz. Badago aldarrikapen bat ahalduntzetik, esaten duena: “Hau bada legitimatate maximoa ez dut nahi eta, gainera, ez zait hori eskatzea zilegi iruditzen. Maximoa ez da hori, nik beste nonbait kokatuko dut”. Hor badago arrakalatze bat eta ari da zerbait sortzen, nire ustez, feminismoarekin bat egiten duena erabat. Esentziaren ukapenetik, identitateen eraikuntzari indarra ematetik eta kategoria binarioen hausturatik.
Hiztun berrien diskurtsoez gain, haien bizipenak zeintzuk diren aztertu nahi izan duzu. Zer topatu duzu?
Batez ere, hiztun bezala beren legitimititatea baloratzen ari direnean, Iparraldean adibidez, lagun artean hiztun bezala legitimitate oso altua daukate, baina bertso munduan (eurentzat Hegoaldean) sozializatzen direnean jasotzen dutena da: “Zure gurasoek ez dakite euskaraz? Ba, oso ondo hitz egiten duzu”. Eta horrek puntu mingarria izan dezake. Kuestionamendu bat bezala bizi dute hori, nahiz eta adierazpenak admiratiboak izan.
Zuk ipar Euskal Herriko datuak aztertu dituzu. Beste gune batzuetara estrapolagarriak izango dira, noski.
Nik 15 entrebista egin ditut eta horietako 2 dira hiztun berriak. Horiei beste bi entrebista sakon egin nizkien gai horren inguruan. Suposatzen dut beste lekuetan gehiago izango direla. Baina imajinatzen dut legitimazioaren eta hizkuntza ideologiaren gaia antzekoa izango dela leku guztietan, baina, ikusteko dago. Interesgarria litzateke ikustea beste erdal gune batzuetan zer gertatzen den. Adibidez, Araban hiztun berriek zein hiztun zaharrek batuan hitz egiten dute gehienbat, euren legitimitate-arau propioekin eta ikusi beharko litzateke talka hori gertatzen ote den bertso munduan sartzerako orduan.