Bertsohop
Bertsoa eta rapa arte lehengusuak dira. Hitzaren bi jolas, arau ezberdinekin. Badira bertsolaritzari begira inprobisatzen duten raperoak, edo rapean oinarrituz kantatzen hasi diren bertsolariak, baita bietan ondo moldatzen direnak ere. Haiekin izan gara.
Testua: Jon Martin
Argazkiak: Galder Izagirre
Mundu mailako arrakasta lortu dute rapak eta hip hop kulturak azken urteotan. Bada adierazpide bat, estilo librea, bertsolaritzarekin aldera daitekeena errimari eta bat-batekotasunari dagozkienetan. Hala ere, mugimendu hau ondo ulertzeko, hurbiltze bat egitea komeni da, zenbait kontzeptu labainkorrak baitira.
Hip, hip… hop
Rapa eta Hip Hopa, askotan gauza bera ez badira ere, nahastu egiten dira. Rapa Hip Hop delakoaren lau zutabeetako bat da. Beste hiru zutabeak breakdance-a (dantza akrobatikoak), grafiti-a (spray-ekin egindako marrazkiak) eta disk jockey-ak dira.
1970eko hamarkadan sortu zen rapa New Yorkeko (AEBko) kaleetan. Musika erlijioso beltzaren, disko musikaren eta funk-aren fusiotik sortu zen, baina berehala hartu zuen nortasun propioa. Sistemaren aurkako jarrera ageria izan zuen hasieran, baina 90ko hamarkadan merkatu propioa sortu zuen eta inor gutxik espero zuen arrakasta eta zabalkundea lortu zuen.
Rap hitzak “esan” esan nahi du eta XX. mendean “elkarrizketa” hitzaren zentzuan erabiltzen hasi zen. Hortik kontuak atera batak besteari entzuten jakiteak nolako garrantzia duen.
MC-en flow-a
Raperoek Disk Jockeyaren musikaren gainetik edota beatboxaren gainetik kantatu ohi dute, baina a capella ere kanta daiteke.
Rapeko kantariak MC-ak dira (master of ceremony-ak). Hala deitzen zaie, AEBn egiten diren festetan pertsona horiek mikrofonoa hartu eta beroriek bilakatzen baitira festa animatzaile. . dira baina ez dira gauza bera.
Raperoek askotan erabiltzen dute flow hitza. Zuzenean itzulita badirudi “jario” esan nahi duela, baina esanahi zabala du raperoen artean. Baseko soinuaren gainean kantatzeko estiloari deitzen zaio horrela: ahotsaren tinbreari, bolumenari eta kadentziari.
Freestylea eta rapa
Freestyle-a praktikatzen dutenak rap kantariak dira, baina berezitasuna inprobisazioa da. Bertsolaritzaren ikuspuntutik, hauxe da Hip Hopa bereziki interesgarri egiten duen zatia. Rap kantari batzuek errimatuz inprobisatzen dute. Badira sekulako letrak idazten dituzten raperoak, baina, halere, oso inprobisatzaile txarrak direnak; eta badira inprobisatzeko sekulako gaitasuna izan arren, pentsatzeko denbora izan arren, letrak asko hobetzen ez dituzten raperoak.
Oilar borroka
Freestyler batzuek elkarri erronka jotzen diote eta oholtza gainean elkarren aurka lehiatzen dira; bertsolaritzako desafioak lirateke. Denbora bat adosten dute (minutu bat normalean) kanturako eta txandaka kantatzen dute.
Batak lehen minutua rapeatzen du eta besteak erantzun egiten dio. Batzuetan hori aski izaten da borrokaren irabazlea zehazteko; besteetan zenbait erreplika saio egiten da bata bestearen atzetik. Normalean irabazle bat eta galtzaile bat izaten du erronka bakoitzak. Askok ‘8 mile’ filmetik ezagutuko dute erronka klase hori.
Modalitate honetan gai librean jarduten dute eta jorratzen dituzten gaiek oso kontuan hartzen dituzte aurkaria eta testuingurua. Inprobisazio maila, gehienetan, oso altua da. Hala ere, ez da dagoen modalitate bakarra. Oholtza gainean gai bati buruz (objektu bat, hitz bat…) kantatzea ere aukeretako bat da.
Desafio hauek oinarritzat hartu eta txapelketak antolatzen dira. Ezagun egin ziren duela urte batzuk RedBullek antolatutakoak, baina duela pare bat urte antolatzeari utzi zion enpresak.
Adituz osatutako epaile talde bat izaten da txapelketetan eta horiek kantarien orijinaltasuna eta umorea asko estimatzen dituzte. Asko baloratzen dute aurkariari erantzutea. DJek jarritako basearen gainean nola kantatzen den, erritmoari zenbat egokitzen zaion eta ondo kantatzen den ere baloratzen da; behar baino isilune gehiago uztea edo trabatzea, aldiz, zigortu egiten da.
Bertsolariekin konparatuz, asko mugitzen dira raperoak oholtzan, oldarkor eta harrokeria handiz. Publikoari babesa eskatzea ondo ikusia dago, eta publikoaren jarrera errespetuzkoa da (isiltasuna gorde ohi da pentsatzen eta kantatzen ari direnean), baina gustatzen zaiena eta ez zaiena ozen adieraztea ondo ikusita dago.
Raperoek biko errimatuak egiten dituzte gehienetan (segidilletan bertsolariek egin ohi dituztenen modukoak), baina batzuetan egiturak ere erabiltzen dituzte (estructura deitzen diete). ABBA ABAB eta beste zenbait egitura konplexu uztartzeko gai dira, eta baita errima berarekin serie luzeak egiteko ere.
BertsoHop
1986an Euskal Herriko Txapelketa Nagusian izan zen. Historiako ofiziorik famatuenetakoan egin zuten Andoni Egañak eta Anjel Mari Peñagarikanok. Saioak arrakasta handia izan zuen orduan, baita Fermin Muguruzak geroago Negu Gorriak taldearekin, izan ere Bertso Hop izeneko kantua sortu zuen hartan oinarrituta; rap erritmoan kantatu zituen Peñagarikanoren bertsoak. Geroztik behin baino gehiagotan uztartu dira rapa eta bertsolaritza.
MC Txirrita
Xabier Silveirak gidatutako argitalpena da. DVD horretan bertsoari eta rapari buruzko azalpenak ematen dira, zenbait emanalditako irudiak ere badira, eta, baita, Silveirari egindako elkarrizketa bat ere.
Eneko Axpe
Maisha MC
“Nire bizitzan oxigenoa bezain beharrezkoa da musika”
Jaioteguna: 1986/08/02
Herria: Barakaldo
Eraginak: Geronación eta Hablando en Plata Squad.
Gomendatzen digun kanta: Norzzone-ren ‘Biltzen gaituena’ abestia
“Inprobisazioa haizearekin bat badoa, rap kanta onek beti diraute”
“Raperook base musikalaren gainean surf egiten saiatzen gara”
“Zergatik ez gaitu aintzat hartzen Euskadi Gaztea Irratiak?”
Mutil saltseroa da Eneko, hiztuna eta segurua. Gaztea izanagatik, bide luzea egin du rap munduan: 121 krew rap taldeko MC eta musika ekoizlea, Patrol Destroyers taldeko DJ eta musika ekoizlea. Euskadi Irratiko Faktoria saioko DJ kolaboratzailea da, eta Gose eta Esne Beltza bezalako taldeekin kolaboratu izan du.
Nola rapzaletu zinen?
Estiloa, mezua, errimak, baseak, egiturak… alegia rapari aukeratxo bat ematen badiozu, gainazalean bakarrik dauden lerdokeriak gainditzen badituzu, raparen mende geratuko zara ezinbestean.
Ze funtzio betetzen du rapak zure bizitzan?
Nire bizitzan musika, oxigenoa bezain beharrezkoa da, ezinbestekoa dut bizitzeko. Musika entzun, ekoitzi edo pintxatzen dut egunero. Arlo honetan, rapak garrantzi handia du. Lagunik minenak rapari esker ezagutu ditut.
Maisha Mc, Barakaldon jaioa… dena ez al zen errazagoa izango gaztelaniaz kantatzen hasi izan bazina?
Euskararekiko militantzia musikala egiten saiatzen naiz. Nire aitite gudaria zen, eta euskalduna. Kirikiño Batailoian egin zuen fusilarekin borroka. Nik estudioan eta taula gainean egiten dut mikrofonoarekin borroka.
Eneko eta Maisha MC… Denboran zehar, pertsona eta pertsonaia bata besteagandik asko urruntzen al dira?
Batzuetan pertsonaiak nahastu egiten dira, baina oso desberdinak dira: Eneko Axpe serioa da lanean, erantzukizun handikoa, arduratsua. Maisha MC lotsagabea da, animatzailea, baita oso harroa ere. Biak dira, Maisharen ustez, sortzaile eta profesional bikainak.
Zuretzat, bertsolaritza eta rapa zertan dira antzeko?
Erriman, batez ere. Hala ere, errima kontuan era eta arau guztiz ezberdinak ditugu. Bat-batekotasuna da beste antzekotasun nabarmen-nabarmena. Hori, gehienbat, freestyle-arekin identifikatzen dut.
Eta zertan dira guztiz ezberdin?
Bi mundu ezberdin dira. Rapa musika estilo bat da: atzean beatmaker-ak (ekoizle musikalak) daude, raperoak, DJ-ak… Bertsolaritza, zuzeneko arte bat da. Bertsolaritzan inprobisazioak abestu egiten dira. Rapean, aldiz, abestiak egiten dira.
Flow-a gora eta flow-a behera jarduten du rapero askok, baina susmoa dut denek ez diotela definizio bera ematen. Zer da zuretzat flow-a?
Raperook base musikalaren gainean surf egiten saiatzen gara; hori da flow-a. Rapero bakoitzak duen estilo pertsonala, estrukturak, ahotsa, entonazioa, rolloa…
Zure kantengatik ezagutzen zaitugu, baina inprobisatzen al duzu? Freestyle-a ala rapa, zer duzu nahiago?
Lehen garai batean inprobisatzea maite nuen. Urteen poderioz, ordea, energia guztia kantuetan uztea erabaki dut. Inprobisazioa haizearekin bat badoa; rap kanta, betiko da.
Freestyler-ek ba al dute entrenatzeko eskolarik?
Freestyle-a kalean edo estudioan entrenatzen da, korroak egiten dira eta bakoitzak bere letra zati bat edo inprobisazio bat botatzen du. Ez dago eskola egituraturik.
Ikusiko ote dugu egunen batean ‘Batalla de gallos’ txapelketa bat, euskara hutsean?
Baietz uste dut.
Zer irizten diezu oilar-joko horiei?
Batalla de los gallos ez da rapa, freestyle-a baizik. Freestylea raparen inprobisazioa da. Eta inprobisazioak ez du bi tiporen arteko borroka izan beharrik. Orain 6 urte dema horietan parte hartu nuen, baina mundu hori barrutik ezagutu nuenean, ohartu nintzen hura ez zela niretzat. Gudu hauetan, matxismoa, homofobia eta errespetu faltak nabariak dira askotan. Mundu horrek nire jarrerarekin talka egiten du.
Bertsolaritzak bide berriak urratu ditu gure herrian. Rapa ari da bide berriak egin nahiz, baina kosta egiten zaio, ezta?
Jendea ez da oraindik jabetu gaur egun zein maila duen euskarazko rapak. Eta izugarri ona da: Norzzone, 2zio, Norte Apache, 121 Krew… Euskal Herriko musikari askok aintzat hartzen gaitu: Esne Beltzak, Aritz Sound Systemek, Makala DJ-ek, Fermin Muguruzak, Siroka taldeak… Bertsolariek, partidu politikoek, plataforma sozialek, sindikatuek, gazteek, baita Udalek ere, kontuan hartzen gaituzte; beraz, zergatik ez gaitu aintzat hartzen Euskadi Gaztea Irratiak?
Zergatik?
Mondosonoro-k, espainiar estatu mailako musika alternatiboari buruzko aldizkaririk irakurrienak, gure maila altua azpimarratzen du. Euskadi Gaztean, ordea, ez gara existitzen. Nola liteke? Oso nabarmena da toparen topean beti AEB-etako raperoren bat aurkitzea, Pitbull edo dena delakoa; baina gure musikari entzungor egitea zer da? Gaztea Irratia pizten duten 150.000 gazte euskaldunek noiz entzungo dute Norzzone, hots, Donostian eta euskaraz egindako maila altuko rapa? Euskal Herria ez da bakarrik pop-rock eta deribatuak; espektroa zabalagoa da.
Eta, hala ere, lortu duzue zuen oihartzuntxoa…
Bai, “Gora Baraka, behera Neguri” abestia hit bilakatu da Euskal Herriko underground-ean. Euskal Herriko gazteontzat euskara erakargarri eta moderno izatea gure eskuetan dago, bultzada txiki bat bakarrik behar dugu. Geroak arrazoi emango digu.
Nola ikusten du bertsolaritza zu bezalako rapero batek?
Errespetua handia diot bertsolaritzari. Bitxia iruditzen zait, xelebrea. Horrenbeste urtez zutik iraun duen fenomeno kultural honi eusteko lan handia egin behar da.
Zein esparrutan du rapak bertsoak bete ezin duen zerbait?
Erakargarriagoa izatea komeni da. Bertsolaritza erakargarri bihurtzeko buruhausten aritu behar duzue etengabe. Jakina, 500 urte dituen zerbaiti bizirik eustea zaila da, baita saltzea ere. Rapa berria da, 30 urte baino ez ditu. Gazteriak erraz ulertzen du rapa, bertsolaritza ulertzea kosta egiten zaio.
Zer gehituko zenioke bertsolaritzari gazteriarekiko distantzia hori gutxitzeko?
Nik bertsolaritza musika teknika eta ikusentzunezko teknologia berriekin nahastuko nuke. Bertsolaritza eta beatbox-a, talkbox-a, bertsolariari ahotsa aldatu filtro desberdinekin, Akai AP40 batekin baseak jarri eta aldatzen saiatu bertsoarekin batera. Edo bertsolaria hartu eta kinetic duen mapping bat eginez edozer bihurtu: erraldoi, dragoi… imajina dezakezuen edozer.
Errimak erruten dituen altzairuzko oilarra
Invert
Jaioteguna: 1982/05/07
Herria: Barakaldo
Eraginak: Big L, Big Pun, Notorius big, 2 Pac, 213, Wiz Khalifa, Swollen Members, Nas, 50 Cent, Mad Chill Dope Sick diskoa batez ere.
Lerro bati erantzutea erraza dela dio; baina minutu batean bost gauzari erantzutea ez hainbeste
2009ko txapelketan egitura konplexuagoekin saiatu ziren ia parte-hartzaile guztiak. ABBA edo ABAB formatukoak gehienak
Freestyle-aren munduan ezaguna da Invert, sekulako gaitasuna du inprobisaziorako. Espainiar Estatuko inprobisatzailerik onenetakoa da. Oilar joko batean inor gutxik garaitu dezake.
Hip Hop kulturak txikitatik harrapatu zuen. Hip Hoparen lau elementuak probatu ditu eta denetan gozatu du. Gazte hasi zen bere lehen lerroak idazten eta kantatzen. Gero, breakdance-ari ekin zion, baina, 2006an, bere lehen abestia kaleratu zuenean, letren munduak liluratu zuen. Orain badaki hori dela berari dagokion lekua.
Txapeldun izan zen 2007ko Hipnotik festival-ean eta txapeldunorde 2008ko Red Bull Batalla de gallos-ean. Berak rapa egin nahi du, baina badaki freestyle-ak eman diola sona, eta aparteko gaitasunak ere alor horretan dituela.
2008ak bere bizitza markatu zuen. Red Bullek antolatutako oilar jokoetan txapeldunorde gelditzea sekulako balentria izan zen. Bilboko Kafe Antzokian jokatu zen finalerdia eta bertan irabazle izan zen. Invertek berak bazekien aukerak zituela irabazteko, baina edozein errondatan erortzeko aukera ere ikusten zuen. Izan ere, dema hauetan irabazleak aurrera egiten du eta galtzailea kanporatu egiten dute. Behin Bilbokoa irabazi ondoren, presioa apur bat gehiago sumatu zuela onartu zuen. “Jendeak gehiago espero” zuen harengandik, baina 2.000 pertsonaren aurrean jarri, inprobisatzen hasi, eta hazi egin zen. Plazagizon guztiek bezala, hobeto funtzionatzen omen du presiopean.
Kritiko mintzo da oilar jokoek lortu duten arrakastarekiko: “raparen irudiari kalte egiten
dio”. Bertsolaritzan baino egur gehiago ematen diote elkarri desafio horietan, baina azpimarratu nahi du rapa ez dela irainka eta lehian jardutea bakarrik. Berak istorioak kontatu nahi ditu, gustatzen ez zaiona salatu, gustatzen zaiona goretsi; eta hori oso urruti dago oilar jokoetako mokokadetatik.
Inprobisazio dematarako nola entrenatzen diren galdetu eta, “jarduten” dutela erantzun du. 121crew-koekin partekatzen duen estudio batean, arian-arian hobetzen ari zirela dio: “Base instrumental bat jarri eta topera jarduten genuen”. Irakurtzea hiztegia hobetzeko funtsezkotzat du. 24 orduz da freestyler Invert, egun osoan zehar xurgatzen du informazioa bere “buruko almazenean” eta egun osoan zehar dauka buruan rapa, beraz, norbaitek orduaz galdetu eta “rapeatzen” bukatzen duela dio.
Gudu hauetan garrantzitsua da aurkariari entzun eta erantzutea. Invertek ez daki zehazki nola egiten duen hori, automatikoki ateratzen baitzaio. Lerro bati erantzutea erraza dela dio; baina minutu batean bost gauzari erantzutea ez hainbeste. “Bost erantzun horiek pentsatu, memorizatu eta minutu batean zehar dosifikatzea”, hori omen da zaila. Bertsotan ez bezala, errima aldakorra denez, erantzunen hitz gakoak soilik gordetzen ditu buruan eta momentuan erabakitzen du nola errimatu. Hitz gako guztiak gogoratzea ez da samurra, eta pentsatzen ari den bitartean (bestea kantari ari zaion bitartean) behin eta berriz errepikatzen ditu buruan iltzatzeko. Beste teknika bat omen da erantzun guztien arteko lotura tematikoren bat aurkitzea, denak segidan botatzeko.
Bertsolarien eta freestyler-en jardunaren diferentziarik nabarmenena neurria da. Bertsolariek silabak kontatzen dituzte eta freestyler-ek musikaren tempoa. Bertsolariek neurri zehatz bat duen doinua aukeratzen dute eta azken punturako gordetzen dute, ideia nagusia gehenetan; baina inprobisatzaile hauek minutu bat mentalki neurtu behar dute kantatzen ari diren bitartean. Bertsolaritzan adina ez, baina estilo librean ere funtsezkoa da bukaera on bat izatea. Invertek dio saiatzen dela “latigazo” gogorrena azkenerako uzten, eta, horrek, behin baino gehiagotan salbatu duela. Gehienetan freestyler-ek denborak iltzatu egiten dituzte eta horretarako esperientziak emandako kalkulu gaitasuna behar da: “Minutu batean gutxi gorabehera 12 biko errimatu sartzen da, eta aurkezleak 10 segundo falta direla esaten duen momentuan, azken bi errimak erabiltzeko garaia da”, dio.
2008ko Red Bull txapelketako eztiaren ondotik, 2009koaren ozpina dastatu zuen Invertek. Aurreko txapeldunak, ¨Piezas’-ek, txapelketa utzi eta epaileen taldean sartzea erabaki zuen. Beren nagusitasuna, urte batzuetan, erakutsi duten inprobisatzaileek hori egin izan dute askotan, ez baita erraza beti olatuaren aparretan ibiltzea. Txapelduna kanpoan, aurreko urteko txapeldunordea zen irabazteko hautagaietako bat, nahiz eta baziren oso aurkari indartsu batzuk ere. Invertek ez zuen zorte onik izan txanden banaketan eta, lehen errondan, freestyler onenetako baten kontra jarri zuten eta txapelketatik kanpo geratu zen.
Dena den, txapelketa hura ez zen aurrekoak bezalakoa izan. Ordu arte inprobisatzaile gehienek biko errimatuak egiten zituzten, eta, gehienera ere, oin segida batzuk; baina 2009ko txapelketan egitura konplexuagoekin saiatu ziren ia parte-hartzaile guztiak. ABBA edo ABAB formatukoak gehienak. Horretan, maisu, 15 urteko mutiko bat izan zen, eta hark irabazi zuen Red Bullek antolatutako azken txapelketa hura. Invertek dio egitura hauek rapean askotan erabiltzen direla eta azkenean, ezinbestean, bat-batekoan ere ateratzen zaizkiela. Beraz, idatzizkoa bat-batera iristen da rapean ere.
Ez dira epaileen erabakiak, oilar jokoetan, polemikatik salbu. Publikoa oso subjektiboa eta oso zaratatsua da, baina inprobisatzaile gehienek ondo hartzen dituzte erabakiak: “beti ez gaude ados, baina epaileen erabakia errespetatu egin behar da”, dio Barakaldokoak. Epaileek ez dute irizpide bateraturik. Batzuetan flow-a baloratzen dute, eta beste batzuetan freskotasuna, erantzuteko gaitasuna… eta gero gehien gustatu zaien lehiakidea hautatzen dute. Irabazteko ez da derrigor aurkaria zapatapean harrapatu beharrik, baina hori da inprobisatzaile gehienen joera. Batzuetan testuaren kalitate hutsagatik edo kantatzeko moduagatik bakarrik ere argi ikusten da zein den zein baino hobea.
Dema hauetan ematen den eztabaida eternala etxetik prestatutako errimei buruzkoa izaten da. Gai librean egiten denez eta elkarrekiko tirabiran aritzeko joera sortzen denez, aski da parte-hartzaileak nor izango diren jakitea etxean zerbait prestatzeko. Invert-ek, dio, zenbaitek zati inprobisatu bat sartu ohi duela lehenik, ondoren, prestatutako perlatxoa sartzeko. Invertek alabaina nahiago du minutu ahulxeagoa egin eta ahapaldi bakoitza errealagoa eta momentukoa dela frogatu.
Haren ustez, bertsoarekin antzekotasun gehien duen lehiaketa ¿Preparado? No, gracias izenekoa da: “Bertan, gai bat jartzen dute eta bi segundo dituzu gaiari buruz errimatzen hasteko. Oilar jokoetan parte hartzen duten faboritoetako askok ez dute, kasualitatez, parte hartzen”. Berari asko gustatzen zaion modalitatea omen da, ez baita hain oldarkorra.
Gaztelaniaz euskaraz baino dezente hobeto moldatzen da Invert. Euskaltegian ibili da eta baita udako barnetegian ere, eta badaki bere akatsik larriena hori dela. Duen maila hobetu eta EGA ateratzeko asmoa ere badu. Bertsolariekin batera egindako emanaldietan hori maiz leporatzen diote. Gogoratzen du horietako batean euskaraz erantzun ziela bertsolariei eta denak aho zabalik utzi zituela. Dena den, aldi hartan, ez salbuespena izan zen (zer esan nahi du?), asko sufritu omen zuen.
Zorteko daude rapzaleak. Duela oso gutxi: La gota que colma izeneko diskoa plazaratu du Invertek.
Bere azken urteetako bizipenetan oinarrituta dago lana. Freestylean nabarmentzen hasi zenetik gozatu eta sufritu behar izan dituen pasadizoetan oinarrituta dago: “Lan honi esker jendeak Invert ez ezik Endika ere ezagutzea nahi nuke”. Diskoa hutsean, doan jaitsi daiteke saretik eta bideoklipa ere ikus daitezke youtube-n.
Odei Barroso
“Inprobisatzerakoan, bestea egurtzeko dagoen joerak ez dit grazia handirik egiten”
Jaioteguna: 1988ko irailaren 7a
Herria: Urruña
Taldearen izena: 2ZIO
Parte-hartzaileak: Jo, Gorka, Odei
Gomendatutako kanta: Garai berriak
Inprobisatzen dudanean ez naiz rapeatzen oso eroso sentitzen.
Rapean ere pixkanaka askatzen eta natural sentitzen ari naiz, bertsotan bezala.
Nola sortu zen 2ZIO?
Orain lau urte inguru Jo hurbildu zitzaidan kalean M.A.K. taldearekin egin nuen kolaborazioa entzun eta gustatu egin zitzaiola errateko. Entzuna zuela Gorkarekin etxean letra batzuk idazten genituela eta ea nimatuko al ginen elkarrekin zerbait egitera. Hortik hilabete batzuetara base batzuk pasatu zizkigun, eta baseentzako hitzak idazten hasi ginen. Pixkanaka ideiak, hitzak eta musika-forma hartzen hasi ziren, eta musika taldea osatzea erabaki genuen: 2ZIO.
Nola hurbildu zinen raparen mundura?
Txikitatik maitatu izan dut rapa. Selektah Kolektiboa, Violadores del Verso edo Negu Gorriak taldeak entzuten nituen. Erreferentzia handirik ez nuen, halere erakarri egiten ninduen. Beti gogoan izango dut 13 urterekin-edo Negu Gorriak-en Donostiako azken kontzertura joan nintzela. Selektah Kolektiboak ere jo zuen. Igande batean izan zen eta gurasoek lagun batekin joaten utzi zidaten. Esperientzia horrek rapea gehiago hurbildu zidan, eta gustatu egin zitzaidan. Gorka lehengusuak eta biok, tarteka, hitzak idazten genituen eta gure irudimen eta baliabideekin gure saltsan ibiltzen ginen. Hori maite genuen, “abestiak” asmatzen eta berriak sortzen ongi pasatzen baikenuen.
Hegoaldea eta iparraldea desberdinak dira kultur-eskaintza aldetik. Raparen alorrean nola irakurri behar da ezberdintasun hori?
Ezberdina? Guk ez dugu Hegoaren eta Iparraren arteko alderik ikusten… ez gara termino horietan mugitzen, ez baitugu hala sentitzen. Kultur eskaintza ez da bat eta bakarra inposatzen diguten eta gure buruetan sartu duten mugaren alde banatan. Euskaraz egiten den raparen kasuan, gaur egun ia Euskal Herri osoko taldeak daude, Toastibarre (Nafarro Beherea), Goienetxe Anaiak (Nafarroa garaia), Norte Apache eta 121 Krew (Bizkaia), Indarrap (Araba), gu… Ez dago desberdintasunik iparraldean izan ala hegoaldean izan, azken batean iparraldea ez da bat, bakarra eta berdina, eta hegoaldea ere ez, noski. Inguratzen zaituenak bultzatzen zaitu idaztera eta rapa egitera modu jakin batean, eduki batekin, beraz aldatzekotan eremuz eremu aldatzen da. Toastibarre eta 2ZIO ez dira berdinak, 121 Krew eta Norte Apache berdinak ez diren moduan.
Zer moduz moldatzen zara rapean inprobisatzen? Zein dira zuretzat rapak dituen zailtasunik nabarienak?
Gutitan inprobisatu dut rapean, ezin dezaket, beraz, askorik erran. Inprobisatu dudanean ez naiz oso eroso sentitu rapeatzen, bereziki rapean inprobisatzerakoan bestea egurtzeko dagoen joera eta modua ez zaidalako atsegin egiten. Maitatu izan dut ikustea, baina ez egitea. Uste dut euskaraz rapean inprobisatzeko beste modu batzuk ere atzeman daitezkeela. Inprobisatzeari begira, niretzat zailena basearen erritmoan testua sortzen aritzea izan da. Bertsoarekin konparatuz ez da pentsatzeko modu bera, bukaera baino gehiago eta lehenago esaldi solteak pentsatzen dituzu, gero tarteka botako dituzunak.
Zein da zure helburua raparen munduan?
Rapean ez nabil bakarrik, 2ZIO hiru lagunek osatzen dugu eta gure helburua momentu onak pasatzea da, egiten dugunarekin gozatzea. Maite dugulako egiten dugu rapa, hau da, gure kezkak, iritziak eta bizipenak plazaratzeko.
Bertsolariaren eta raperoaren pertsonaiak uztargarri al dira?
Nire kasuan, bertsoa eta rapa maite ditut eta, momentuz, bietan aritzeko aukera dut. Niretzat naturala da, ez dut pertsonaia baten rola jokatzen.
Oholtza gaineko jarrera oso ezberdina da. Nola sentitzen zara bertan?
Egia da oholtza gainekoa biziki ezberdina dela bertsotan eta rapean. Oholtzara bertsotara rapeatzera baino gehiagotan igo naiz eta, hasieran, kosta egiten zitzaidan raparen oholtza gainari egokitzea. Pixkanaka askatzen eta natural sentitzen ari naiz, bertsotan bezala.
Ekaitz Astiz
ZKH
Batzuk kirola egitera joaten dira; nik tentsioa oholtzan askatzen dut
Jaioteguna: 1988/04/02
Eraginak: Tote-King, Doble V, CPV; Xabier Silveira, Fredi Paya eta Jon Maia.
Gomendatutako kanta: Muchas Gracias (Toteking & Shotta, Heroe diskoa)
Rapa ez da berria Euskal Herrian, baina gutxi landu da. Dena dago egiteko eta horrek aukera handiak eskaintzen ditu
Inprobisatzailearen egitekoa eta ardura bere gogortasuna edo goxotasuna testuinguruari egokitzea da
Txapelketak jurisprudentzia sortzen du bertsogintzan eta, gero, askoren bertsoak markatzen ditu
Nortzuk dira Goienetxe anaiak?
Gaztetatik gustatu izan zait rapa niri. Batxillergoan Aritz-ekin (Mr Fru) egin nuen topo, lau irri eta lau hizketaldi egin eta gero, bioi rapa gustatzen zitzaigunez, parranda batean, talde bat sortu behar genuela erabaki genuen … erdi broma zirudienak broma osoaren forma hartu du, eta Goienetxe Anaiok hiru urte daramatzagu dagoeneko.
Ze harrera dauka rapak Euskal Herrian?
Oraindik lan handia dago egiteko. Euskarazko rapean erreferentzia garrantzitsuak falta zaizkigu. Hemendik urte batzuetara etorriko diren taldeek egungo euskal rap taldeak erreferentziatzat izatea espero dut: Norte Apache, 2zio, Norzzone… edo dena delakoak. Rapa ez da berria Euskal Herrian, baina gutxi landu da. Dena dago egiteke eta horrek aukera handiak ematen ditu.
Bertsolaritzak leku egin du gure herrian. Zure ustez gerta ote liteke gauza bera raparekin? Funtzio bera beteko ote du?
Bertsoaren inguruan komunitate bat dago dagoeneko: historikoki gure kulturan ere errotua dago eta, bestetik, esparru zabala du: bertso eskolak eta hezkuntza. Raparen inguruan bilduko den jendearen arabera, funtzio bat edo beste bat izango du gure herrian.
Niri gustatuko litzaidake mezu gordinak bidaltzeko funtzioa izatea, balio ezkertiarretan oinarritutakoa, euskalduna. Mota askotarikoa izatea nahi nuke eta edozein gai landu ahal izatea.
Zer sentitzen duzu rapeatzen ari zarenean?
Kontzertu batean rapeatzen dudanean ongi pasatzen dut; batzuk kirola egitera doazen moduan, nik tentsioa oholtzan askatzen dut. Idazterakoan, aldiz, batzuetan ongi pasatzeko idazten dut eta beste batzuetan barruan dudan korapiloren bat askatzeko. Batzuetan buruarekin idazten dut eta beste batzuetan erraiekin. Emaitzarik onenak, barrutik, tripatik edo bihotzetik idazten dudanean eta ondoren buruarekin forma ematen diodanean izaten ditut.
Zein espresiobidetan dago inprobisazio gehiago, rapean ala bertsolaritzan?
Bietan antzera. Bertsolaria edo raperoa nolakoa, halakoa da erantzuna. Bertsotan egituratua dugu dena. Bertso-eskolak daude, bertsoa osatzeko modu bat, errimak lantzeko petaloak… rapean intuitiboagoa da dena. Gauza berri gehiago probatzen dituztela iruditzen zait, baina alferreko betelan gehiago ere bai.
Prestakuntza aldetik, balio izan al dizu bertsolaritzak rapean? Eta alderantziz?
Bai, dudarik gabe bertsoak lagundu dit rapean, uste dut bertsoari esker euskarazko hiztegi eta errimategi aberatsagoak ditudala. Eta, alderantziz? Ba ez dakit, hor daude txapelketako emaitzak… Nik uste nuen kontzertu dezentetan aritu eta gero, eta rapeatzen lasai ibiltzen naizela ikusita, lasaiago arituko nintzela bertsotan, baina beti larri eta urduri jartzen naiz.
Errimari dagokionez, badirudi rapeko errimak eta bertsotakoak ez direla berdinak. Zuk bata eta bestea uztartzen al dituzu? Bi espresiobide horietan, errimatzeko moduak, zertan dira ezberdinak?
Nik uste dut bertsotan errimatzean oso tradizionalak garela. Txapelketak, adibidez, onak dira; baina berrikuntzarako esango nuke baldintza bat direla, bertsolaria arriskuak hartzeko beldurrez egoten dela. Txapelketak bertsogintzan jurisprudenzia ere sortzen du, eta, gero, askoren urte osoko bertsoak markatzen ditu. Rapean epailea entzulea da; ez dago irizpide hertsirik. Nik gogoan dut Silveirak txabal erabili zuela Nafarroako finalean eta niri oso ongi iruditu zitzaidala, baina askori horrelako errimak onartzea kosta egiten zaio. Esango nuke garbizaleagoa dela bertsoa.
Bertsolaritzan metrika dago, rapean tempo-a. Ezberdintasun handia al dago, inprobisatzerakoan, bata ala bestea izan? Bi horietatik bata zailagoa iruditzen al zaizu? Tempoa segituta, metrikarik sortzen al da ustekabean?
Biak mugak dira, baina bestela dela badirudi ere, mugek batzuetan erraztu egiten dute inprobisatzailearen lana; sarri mugak tresna dira.
Bertsolaritzan ez bezala, ‘freestyle’an oldartzeak du arrakastarik gehiena. Sumatzen al duzu bertsolaritzan elkarri erronka gehiago egiteko beharrik badagoela? Edo rapean goxotasun-premia dagoela?
Hori gustuen araberakoa da: Nik oso gustura entzuten dut freestyle-a, baina gaizki ulertuak sortzeko arriskua dago. Testuingurua, inprobisatzaileen arteko konfiantza eta jolasaren arauak hartu behar dira kontuan. Bertsotan pike handiko bertsoaldi sanoak entzun ditut, broma, adarjotze eta ironiazko bertsoaldiak, baina zera horiek testuingurutik ateratzen badira, oso desegokiak izan daitezke. Inprobisatzaileari dagokio gogortasuna eta goxotasuna testuinguruari egokitzea.
Norte Apache
Euskal Herriko rapean talde guztiek bide beretik eta modu berean egiten dugu boga
Partaideak: Ibon, Aitor eta Rayco
Herriak: Sestao, Berritxu eta Txurdinaga (Bilbo)
Taldearen sorrera-urtea: 2007
Taldearen diskoak:
Hesiaren beste aldean (2009), Zuzenean (2010), Quilombo (2011)
Gomendatutako kanta: Eskaera ta eskaintza
Jazarleok kontzientzia sozial handiagoa izaten dugu eta, horregatik, gure hitzek gai sozialei eusten diete
Egun herrialde guztietan dago euskaraz aritzen den rap talderen bat
Nola sortu zen Norte Apache? Zerk elkartu zintuzten?
Norte Apache Gaizkak eta Raycok sortu zuten, 2007 urtean. Bakoitza bere kabuz ibili zen euskarazko rap musika egiten, euren indarrak batu zituzten arte. 2009. urtean aldaketak izan ziren taldean: Aitor DJ lanetan hasi zen, Gaizkak taldea utzi zuen eta urte bukaeran Ibon batu zen eta gaur egun jarraitzen duen hirukotea osatu zuen. Borrokarako grina eta gure ideiak eta aldarrikapenak kaleratzeko beharrak batu gintuen. Handik gaur egun arte Euskal Herrian barrena ibili gara, baita atzerrian ere.
Rapa beste zerbait izan bazen ere zenbait raperoren jardunean, ez al da harrokeria errimatua soilik sumatzen?
Rap musika AEBtako auzo baztertuetan sortu zen aldarrikapen tresna gisa eta auzoetako banden arteko biolentzia ekiditeko. Sistema kapitalistak, beste gauza asko moduan, benetako mugimendua irentsi zuen bere onurako, gaur egun heltzen zaigun produktua lortu arte, hots, auto garestiak, etxe handiak, emakume eta gizon “ederrak” eta, oro har, sistema horretan gailentzen diren balioak.
Zuen diskoetan mezua eta konpromiso soziala erakusten duzue. Zergatik?
Saltzen dizkiguten balioen kontra gaudelako. Berez ateratzen zaigu barrenean daramaguna askatzeko rapaz baliatzea, rapa tresna gisa erabiltzea. Bizi dugun errealitate sozialak aldarrikapenerako anitz gai ematen du: euskara, AHT, emakumeak, herri zapalduak..
Esaten da gune deprimituetan, sozialki maila baxukoetan edo gatazkatsuetan, sortzen dela rapik onena. Ados zaudete?
Ez dugu maila sozialetan sinesten, ezta gune deprimituetan ere. Segur aski, gune ez gatazkatsu askotan badagoke gatazkarik sortzeko motiboren bat baino gehiago… Maila sozialei dagokienez, aberatsek eta eskuindarrek jarritako ezberdintasun gisa ikusten ditugu. Hala ere, eskubideak eskatu eta behar ditugunon artean, jazarpen politiko-polizial eta instituzionalak pairatzen ditugunon artean, kontzientzia sozial handiagoa izaten dugu. Horregatik, kezkak, gai sozialei lotuta daude, eta, ondorioz, baita gure hitzak ere.
Kanpotik ikusita, nola ikusten duzue bertsolaritza?
Miretsi egiten ditugu bertsolariak. Itzela da inprobisatzeko duten gaitasuna, hiztegia, kontzentrazioa, edukiak… aho zabalik uzten gaituzte beti.
Zer du bertsolaritzak rapatik ikasteko
Oso ezberdinak dira rap musika eta bertsolaritza, nahiz eta muina bera izan: errima. Bertsoak, doinu eta metrika jakin batean kokatu behar dira beti. Rapak, ordea, metrikaz libreki baliatzen da esaldi ezberdinak osatzeko. Flow ezberdina izatea horretan datza, errima, esaldiak eta tonuen arteko jokoan.
Bertsolaritzaz esan ohi da oso “kolektiboa” dela, batasun handia dagoela bertsolarien artean; baina gero saioak egiteko aukeratu behar denean, bertsolariak banaka hautatzen dira. Rapean, berriz, taldeak oso kohesionatuak daudela ematen du, baita taldeon artean konfrontazio dezente dagoela ere. Egia al da?
Baliteke hori izatea Euskal Herritik kanpoko errealitatea, baina gure herrian, Euskal Raparen inguruan, normalean, bide berean egiten dugu boga. Batasunean oinarrituriko eszena dugu gurea, horregatik ez dugu inorekin arazorik.
Rapean, ‘crew’-aren kontzeptua dago. Azal dezakezu zer den?
Kuadrilla kontzeptuaren antzeko zerbait izan daiteke. Lehen esan bezala, taldeen arteko harremanetatik sortutako lagunen taldetxoa da.
Zein da, zuen ustez, raparen helburua?
Komunikatzea, salatzea, elkartasuna adieraztea… askotarikoak dira gure helburuak, abesti bakoitzarekin helburu ezberdinak ditugu: batzuetan burmuinak astintzea, beste batzuetan metaforen bidez bakoitzaren adimenera heltzea, esperantza, maitasuna… eta, azken batean, gure mezuak adieraztea.
Gero eta rap talde gehiago sortzen ari da Euskal Herrian, ezta?
Bai. Gero eta talde gehiago dira euskaraz ari direnak. Horrek argi uzten du euskara aro berriei egokitu dakiekeela. Egun herrialde guztietan dago euskaraz aritzen den rap talderen bat.
Rapa modan dago?
Oraindik ere, rapa, gutxi batzuk entzuten dugun musika da. Batez ere hiriguneetan ematen den joera da. Irrati kate nagusietan ez du kabidarik, haien balioak eta gureak ez datoz-eta bat. Baina beste alde batetik, jai herrikoietan gero eta gehiagotan deitzen zaie rap taldeei. Hala ere, esan gabe ezin dugu utzi, kontzertuak antolatzerakoan gutxieneko baldintza batzuk behar direla. Azken batean, bertsotan bezala, hitzak du garrantzia, eta egoki entzuten ez bada, guk ezin dugu gozatu eta jendeak ere ez.